Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Aldaerak: Gipuzkoako dantzen urratsak

oier_a 2004/12/08 19:52

Durangoko azokak dantzaren aldetik ekarri duen nobedadeetako bat Adaerak: Gipuzkoako dantzen urratsak liburu eta DVDa da. Euskal Dantzarien Biltzarrak argitaratu du Ramon Santxez-ek prestatutako Gipuzkoako dantzen sailkapena, eta Jon Maya, Aiert Beobide, Aritz Salamanka eta Nagore Indakoetxea dantzariek egindako urratsak biltzen dituen DVDa.

Ramon Santxez-ek urratsen zerrendatze batetik haratago urrats horien sailkapen bat egin du. muriskak-zorrotzak, albokoak, oin gorakoak, gurpilak, zapateatuak eta sentziloak dira Ramonek prestatu dituen multzoak, eta horietan sartu ditu Gipuzkoako urratsak. Horrelako lanak beharrezkoak eta garrantzitsuak dira, baina nire ustez proposamen bezala hartu beharrekoak dira, eta ez arau bezala. Ramon Santxez-ek garbi agertzen du bere helburua: Gaur egun egiten diren urratsetan, eta Iztuetak deskribatu zituenetan oinarrituta, urratsen sailkapen eta izendapen bat proposatzea da lan honen helburua. Dantza tradizionalean dugun arazo larrienetako bat proposamenak dogma bezala hartzen ditugula da, eta horretan erantzunkizun handia du Euskal Dantzarien Biltzarrak. Ea ideia horren transmisioan asmatzen dugun.

Bai aurkeztutako sailkatze irizpidea, sailkapena bera, eta bai hainbat urrats egiteko proposatzen den modua eztabaidagarriak iruditu zaizkit niri, bai Iztuetaren irakurketan eta baita tradizioan oinarrituta ere. Tarte bat hartzen dudanean saiatuko naiz liburu eta DVDaren irakurketa kritiko bat egiten. Oraingoan adibide bat baino ez dut jarriko.

Har dezagun txingoa, Ramon Santxez-ek ondo dioen bezala Gipuzkoako dantzen oinarrizko osagai dena. Behin baino gehiagotan entzun ditut txingoari buruzko eztabaidak, oina lurretik ez dela altxatu behar eta horrelakoak. Orpoa bakarrik altxatu eta punta beti lurrean mantentzea erabat funtzionala den urrats bat apaingarri gisa erabiltzea iruditzen zait. Ba Ramon Santxez-ek txingoa elementu dekoratibo bezala jarraitzen du aurkezten, nahiz eta salbuespenak aitortzen dituen: Gehienetan txingoa orpoa bakarrik altxatuz egiten da, eta gutxitan (sentziloan esaterako) oin guztia altxatuz da txingoa egiteko.

DVDa hartu, txingoa begiratu eta txingo dekoratiboa erakusten dute. Orpoa baino altxatzen ez duena. Bale, horrela erabaki dute eta aurrera. Baina zer gertatzen da dantzan hasten direnean? Urratsen bideoak begiratzen hasi eta hanka gora altxatzekoa begiratu dut lehenengo (Oin gorakoa izendatzen du Ramonek). Jon Maya ageri da urrats hori egiten, eta txintxo txintxo egiten du "txingo dekoratiboa". Baina dantzak osorik ageri diren atalera joanez gero sorpresa! Desagertu dira txingo apaingarriak. Jon Maya eta Aiert Beobide desafioa dantzatzen ageri diren bideoa ikustea besterik ez dago. Oina aurrera altxatzea tokatzen zaienean biek ere oin osoa altxatu dute lurretik eta urrats eder bat ematen dute aurrerantz oina ahalik eta goren eta indartsuen altxatzeko. Ez dira bakarrak, dantza guztietan berdin gertatzen da. Aritz Salamankak Abarketetan, Aiert Beobidek Agurra egiterakoan, Nagore Indakoetxeak Erribera egiterakoan. Denek oin osoa altxatzen dute lurretik eta urrats bat aurrera emanda indarrez jeisten dute beste hanka gora gora altxatzeko. Ez dago salbuespenik. Eta horiek dira Aurresku txapelketan lehen hiru postuetan sailkatu ohi diren dantzariak. Beraz, dantzari bikain horiek ez badute txingoa orpoa bakarrik altxatuta egiten, nork egin behar du modu horretan? Nik ez behintzat. Nahikoa lan bestela ere hanka altxatzen horretarako lagungarri den urratsari funtzioa kendu eta apaingarri bihurtzeko.

Izan ere, horixe da nire ustez txingoarekin egiten ari garen akats nabarmenena. Erabat funtzionala den urratsa apaingarri bihurtu nahi izatea. Eta erabat funtzionala da txingoa erabili egiten dugulako, batzuetan hanka ahalik eta goren altxatzen laguntzeko, eta oro har, inertzia hausteko.

Uste dut aukera ona zela liburu-dvd hau dantzarioi txingoa funtzionala dela gogorarazteko eta oin osoa lurretik konplexurik gabe altxatu dezakegula esateko. Galdutako aukera nire ustez, eta berriz ere ia inork ere errespetatuko ez duen (errespetatzen duena alper lanean ariko da) proposamena egiteko. Txingoarena adibide bat besterik ez da. Lan horretan proposamen eztabaidagarri asko daudela esateko adibidea. Esan bezala, tartea hartzen dudanean egingo dut liburu-dvd honen irakurketa kritiko bat eta konpartituko dut, denon iritziak jaso eta eztabaidatzeko.

Horregatik azpimarratu dut hasieran honelako lanak proposamen bezala aurkeztearen garrantzia. Dantzari askok arautzat hartuko ditu horko esanak eta beste hainbat urtetan ganorazko txingo bat egin eta gaizki egin duzu bezalako pellokeria talibanak entzuten jarraitu beharko dugu.

Bukatzeko aipatu nahi dut bai liburuaren eta bai dvdaren edizioa nahiko kaskarra dela. Hau da, liburua pobre samarra da formato, paper, maketa eta ilustrazio aldetik, eta DVDa berriz, oso traketsa da erabiltzeko, hasierako sarrera saihesteko modurik ez du eskaintzen (lehenengoan ikusteko ondo dago, baina urrats bakar bat konsultatzera joan nahi duzun bakoitzean beti txapa hori ikusi beharrak ez du zentzurik), nabigazioa nahiko deserosoa da, eta dantzarien irudi batzuk oso kalitate txarra dute (planoak erreta, e.a.). Hala ere, poztekoa horrelako lan bat plazaratu izana eta noski denok erosi beharrekoa, ikusteko, ikasteko, aztertzeko eta kritikoki erabiltzeko.

Argitalpenen azalak eskaneatzen ditudanean (Durangotik poltsak beteta etorri ginen eta denbora beharko dugu dena prozesatzen joateko) jarriko dut fitxa dantzan.com-en argitalepenetan.

Bitartean, hemen duzue argitarapenari buruz DVk ateratakoa: Gipuzkoako dantzen urrats guztiak liburu eta DVD banatan bildu dira lehenengo aldiz

San Andres eguzkitsua

oier_a 2004/11/30 21:40

San Andres eguna eguzkitsua izatea notizia baino gehiago milagroa da azken urteotakoak ikusita. Euria, hotza, haizea eta elur-ura izan ditugu urte mordoska batean. Gaur eguzkia egin du, eguna fresko, baina eguzkitsua, eta herria jendez gainezka izan da. Ikusi Untzaga plaza.

Orain hamar urte abiatutako ohiturari jarraituz Plazara Dantzara erromeria ospatu dugu Kezka Dantza taldekook.

Musika Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eskutik iritsi da.

Eguna eguzkitsua, baina freskoa zenez gustora jardun dugu dantzan, berotuta.

Familiako argazkia eta datorren urterarte.

Kultura Saila eta Athletic

oier_a 2004/11/29 23:24

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Athletic-i eman behar dizkion 360.000 euroen kontua irentsi ezinda nago. Ostiral arratsaldean entzun nuen irratian eta sutu egin nintzen. Ahazten saiatu naiz, baina ezin, larunbatean Oiartzunera, Herri Musikaren txokora iritsi, eta Xabier Etxabe lagunak berehala atera zuen gaia erabat asaldatuta. Guri bosta ajola zaigu Athleticen zaleen polemika, propaganda jarri ala ez. Dantzarentzat direnean xentimoak banan bana kontatzen dituen Kultura Sailak, dantzaren inguruko ekimenak sustatzeko laguntza eskatzen den bakoitzian erantzuntzat aurrekontu murritzak aipatzen dituen erakunde berak, soldata miloietan kobratzen dituzten foballistei bi partidatan paparrean "Euskadi" jarrita eramateagatik 60 miloi pta ematea ez da gure buruan kabitzen.

Ni tonto konpletoa izango naiz, baina ez dut ulertzen zein zerikusi duen horrek Kulturarekin eta zein mesede ekar diezaiokeen euskal kulturari. Euskadiren propaganda egitea bazen asmoa Turismo sailari zegokion kontua ez?

Eibartarrak zerrendan galdetu dut eta albistea ematen duten zenbait iturri eman dizkit Luistxok. Eitb.com-en Miren Azkaraten hitzak jaso dituzte eta bertan dionez lehen Alaves eta Tau-rekin egindako errepikatu dute orain Athletic-kin. Kontsuelo ederra.

Uztarria Azpeitiko ataiye-n bidez Berrian argitaratutako pare bat erreakzioren berri izan dut. Batetik Anjel Lertxundik bere egunerokoa eskaini dio gaiari larunbateko bere zutabean:

Plataforma

Anjel Lertxundi

Ez ote nion gehiegi eman afal garaiko ardoari? Tentsioak eragina ote zen zorabioa? Amesgaiztoren bat ote nuen amarru? Kontua da begiak arranpalo eta belarriak bi talo utzi zizkidala Teleberriko albisteak: Kultura Sailak hirurehun eta hirurogei mila euro (360.000 euro!) emango omen dizkio Athletic futbol taldeari UEFAko ez dakit zenbat partidetan Euskadi izena eramateagatik kamisetetan.

Pako Aristirekin gogoratu nintzen, azken boladan sarritan aipatu baitu politikariak enpresariekin joaten direla kanpora, sekula ez idazleekin. Eta nago egokiera baliatu beharko genukeela idazle eta artisten plataforma bat sortzeko, esanez prest gaudela hemendik kanpoko gure hitzaldi/erakusketetan Euskadi edo Gora gu! edo horrelako zernahi dioen kamisetekin agertzeko.Futbolariena baino askoz ere merkeago aterako litzaioke gainera Kultur Sailari, kontu segurua da.

Bestetik, Amagoia Iban-ek ere hitzegin du horretaz berean:

Hitza, balioa

Amagoia Iban

Zenbat hitz sartzen dira euskarazko informazio orokorreko aldizkari batean? Horrelako zenbat aldizkari betetzen dira euskaraz gurean? Bost lagundu ditu Eusko Jaurlaritzak aurtengo jardunagatik, eta 700.000 euro banatu ditu bosten artean. Zenbat balio du, beraz, paper horietan herritarren eskura utzitako hitz bakoitzak? Xemeiko baten ehunena, milarena, hamarmilarena?

Galdera berak herri aldizkariei egokituz gero, are merkeago ateratzen da hitza, 2004ko lanagatik 392.708 euro banatu baitituzte Gasteiztik. Zientzia eta kultur aldizkarien kasuan, aldiz, garestitu egiten da: 387.152 euro partitu ditu Jaurlaritzak bosten artean.

Euskarazko egunkari nazional bakarrean argitaratutako hitzaren prezioari buruz, hobe zenbakiekin ez erotzea. Aurtengo hitz eskaintzagatik 1.450.191 euro jasoko ditu, atera kontuak.

Datorren urterako, baina, gauzak aldatzekoak dira euskarazko informazio egokia eta lan baldintza duinak uztartu nahi dituzten profesionalentzat. Jaurlaritzak 180.000 euroko prezioa jarri dio hitz bakarrari: Euskadi.Ez dakit Athleticek merezi ote zuen. Guk, behintzat, ez.

Amagoiak egindako konparaketa bera dantzarekin egiten saiatu naiz. Kulturaren Euskal Planean jasotako diru kontuetan begiratu dut, eta han jartzen duenez Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioak, denak batera, urtean 470.000 Euro bideratzen dituzte dantzaren alorrera. Ez dakit zenbat izan daitekeen diputazioetakoa, baina gutxi gora behera bi partida horietan Euskadiren propaganda egiteko emango dutenaren parekoa izan daiteke Jaurlaritzak urte osoan dantzara bideratzen duen diru kopurua.

Harzkumia

oier_a 2004/11/29 11:28

...eta kitto aldizkaritik proposatu ziguten zutabe bat idaztea aldian behin. Enrike, nik edo kezkako norbaitek idatz zezala. Beste bolondresik ez zegoenez, Enrike eta biok batera egitea erabaki genuen. Tratua ona izan da. Lehenengoa argitaratu dugu eta nik momentuz argazkirako aurpegia eta sinadura bakarrik jarri behar izan ditut. Ea horrela jarraitzen duen.

Luzeegia zela eta mozten jardun zuen Enrikek, beraz, nik moztu aurrekoa jarriko dut hemen.

...eta kitto, 2004-11-26

Harzkumia

Oiñ urtetxo gitxi batzuek, itxuria, hantxe, Zuberoko mendialdian, personia hartzaren ondokua dala siñistuta bizi ei ziran ondiokan. Zera, batzuek buztiñ argaletik eta beste batzuek tximiñuen aurrerabidetik sortutakuak garala diñuen moduen, Santa Engrazin mantentzen ei zeben hartza dogula kristauaren —eta gorrixen— aurreko senidia. Egixa esatera, Zuberuan ezeze, hartza inguruan ezagututako beste kultura antxiñako askotan, antzerakua kontau izan dabe: harek fristixak narrua erantzi eban behiñ eta azpixan gizaki ulebakua agertu ei zeban. Horri ipoiñari harixa segiduta, eziñ ukatu harzkume titulua, beste barik, onartu biharrekua gendukiala dan-danok be. Euskal dantzetan be badago Bizar-dantza izeneko parodixa bat, idazleren batek horrekin mudatziorrekin lotu nahi izan dabana.

Aurreko baten bestela, egunkarixan-eta irakorri dogu Pirineuetan libre gelditzen zan bertako hartz eme bakarra, garbitxu ein dabala bere buruari kazari etiketia ipini etsan gizakume gaizto, madarikatu batek. Eta guk kopixatzia eitxen dogu bakarrik, Toribio Etxebarriak diño: Madarikatua izan deilla betiko, gurasua jo dabelako. Ama hill eta hillabetietako kumia kondenau! Harzkumia galdu erain basakuaren aldian bape gizalege bariko beste harzkume batek! Holantxe gabiz mundua mundu danetik, urkuaren eta, behiñ horretara, geure buruaren kontra.

Egunokaz baiña, beste harzkume batzuek jaixoko dira, han eta hamen: Pirineuetan —laga daixuegun jaixo eta euren bidia eitxen— eta Eibarko kanpaipian. Hamengotxiak Eneko, Jon, Olatz, Ainhoa, Ibai, Pablo, Izar…izango dira. Argitxasuna eraingo al deskue etzi baiño bixar hobe!

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Izar jaio da

oier_a 2004/11/10 11:08

Izar jaio da gaur, azaroaren 10ean, goizeko ordubata aldean. Izar primeran dago eta amatxo Ainhoa ere ondo dago, nekatuta baina pozik.

Jaiotzean 3,3 Kg pisatu ditu Izar Araolaza Larrañagak.

Aitatxo ere poz-pozik.

Ordenagailu madarikatuak

oier_a 2004/11/01 22:58

Joan den asteartean ordenagailua piztu, posta programa irekitzera joan, eta krak, disko gogorrak katakrak egin zuen. Ordenagailua itzali egin zen bera bakarrik, eta ezin izan nuen berriz martxan jarri. Hiru egun egin zituen ordenagailuak dendan eta azkenean okerrena erantzun zidaten. Ez zuela arreglorik eta disko gogorreko informazioa galdu egin zela. Galera demasa izan da niretzat. Bueno, den dena ez da galdu, %20 bat edo salbatzea lortu dute azkenean. Baina, gainontzekoa, azken 10-12 urtetan disko gogorretan pilatzen juan zitzaidan informazio guztia desagertu zen segundo bakarrean. Posta elektronikoko milaka mezu tartean. Biba teknologia digitala.

Hauxe da disko gogor madarikatu hori.

Teorian hor barruan dago informazio guztia, baina ateratzen ez du uzten aluak.

Bai, bai, badakit, segurtasun kopiak... Gauza batzuk banituen kopiatuta, baina dena etengabe kopiatuta izateko oso pertsona ordenatua eta sistematikoa izan behar da, eta hori ez naiz ni. Etxean zientoka liburu eta paper ditut, eta noiz edo noiz galdu dut bat edo beste, baina desagertu, horrela magia bailitzan, liburutegi osoa? Ez horrelakorik ez zait egundo gertatu.

Ordenadorea etxera bueltatzean, programa eta sistema guztiak berriz instalatzen denbora behar izan dugu. Eskerrak Ainhoa ni baino bastante azkarragoa den horrelako kontuetan. Nobedade bezala outlook EZ erabiltzea lortu dugu. Explorer nabigatzailearekin batera birusen hedapenaren eragile nagusia den posta kudeatzaileak ez du gure ordenagailuak lan gehiago izango. Utikan. Explorer dagoeneko ordezkatua geneukan Mozilla Firefox nabigatzaile bikainarekin. Orain, Mozilla Thunderbird darabilgu postarako, eta hasi berri banabil ere gustua hartzen hasita nago. Biak ere soft librez eginak dira, eta tresna bikainak. Gainera Spam-aren erasoei saihestea lortzen ari naizela uste dut, horretarako tresna aproposa baitu thunderbird honek. Primeran.

Ordenagailurik gabe izan naizen egun hauetan paperen munduarekin entretenitu naiz, eta gustura ibili naiz egin esan. Aspaldian pilatutako tona pare bat paper antolatu eta sailkatzen jardun dut, eta artikulu oso interesgarriak irakurri eta gogoratzeko bidea eman dit.

Milaka posta mezurekin batera, ehunka lagunen helbideak ere galdu ditut, eta beraz, nire kontaktuen agenda izugarri txikitu da. Ia-ia hutsegik hastea izango da berriz ere. Eskerrak internet-eko guztia Interneten dagoen eta ez dagoen artaburu baten ordenagailu traketskerien menpe.

Joango gara poliki-poliki martxan hartzen.

Telebista folklorikoa

oier_a 2004/10/22 15:19

Telezaborra izeneko blog-ean ETB-ri kritika egiten zaio Ondorioa ondoko hau:

Oso topikoa gertatuko da, baina egia da: kate hori folklorikoa da. Dantza lehiaketak, artzain txakurrak, esku pilota egunero, su artifizialak, Faltzeseko entzierroak... Joder! Pentsatze hutsarekin sutu egiten naiz.

Ni aspertuta nagoenez ETBen kontra egiten den bakoitzean dantza eta folklorea ere nahastu behar horretaz, beste hau erantzun dut: > Oso topikoa gertatuko da, baina egia > da: kate hori folklorikoa da. Dantza > lehiaketak,..

Topikoak batzuetan ez dira egia izaten, eta ni nazkatuta nago topiko faltsu hori entzuteaz. Topiko horren arabera ETB1-en etengabe ari dira dantza lahiaketak ematen eta hori gezurra da. Ni dantzaria naiz, eta interesez jarraitzen ditut dantzari buruzko emanaldiak, eta ni neu naiz lehenengoa ETBrekin haserretzen dena egiten dituzten emankizun horien hautaketa, errealizazio eta errepikapenengatik, baina gezurra da etengabe dantza lehiaketak ematen direnik. Nik dakidanik 2004 osoan bi dantza txapelketa bakarrik eman dira, Segurakoa ekainean eta Donostikoa irailean. Horien errepikapenak ordutegi normalean asko jota beste bi lirateke.

Gauza bat da pentsatzea ez duzula dantza lehiketa baterez ikustea ETBn, eta beste bat ulertzera ematea horixe dela ETBren emaitza nagusia.

Ez dut uste telebista bat txarra dela esateko dantza, folklorea eta kultura tradizionala gutxietsi beharra dagoenik. Telebista horrek egin ditzake ondare horien erabilera okerrak, baina baita beste batzuenak ere.

ETB2ko Esta es mi gente programan ez da folklore, dantza eta kultura tradizionalik batere ageri, denak modelnoak, diseinuko tixertakin jantzita, gimnasiotik atera berri, eta dj onenaren erritmora dantzarako prest izaten dira. Baina programaren edukia zabor hutsa dela iruditzen bazaizu, hori gutxiesteko ez duzu esaten ETB2 Dj dantza modelno eta guayez betetako telebista folklorikoa dela. Eta folkloriko hitzaren tonu gaitzesgarria erabiltzera bagoaz, nire ustez gaur egungo telebistan zerbait folklorikoa baldin badago hori Esta es mi genteko gonbidatu eta gran hermanoko konkursante pepelerdoak dira, aurkezle espitoso txupigauyak eta famatu izan nahi duten kalabaza lerdenak.

Kultura Plana eta dantza (II)

oier_a 2004/09/30 15:14

Kultura planaren liburuska irakurrita lehen iruzkin batzuk egitera nator orain. Behar, hutsune eta arazo batzuk antzeman eta horiek osatzeko eman daitezken urrats batzuk zeintzuk diren zehazteko balio dezakeela iruditu zait. Gero beste kontu bat izango da aurreikuspenak betetzen diren eta egitasmoak gauzatzen diren.

Planak Euskal Kultura bere osotasunean du aztergai, eta erremedio asko orokorrak dira. Baina badira espezifikoak ere, alor bakoitzari dagokionak alegia, eta horien artean dantzakoei erreparatu diet noski.

Dantzari dagozkion proposamen zehatzek ez naute erabat asetu. Nire uste apalean dagoena hain urria izanik alor hau sustatzeko ahalegin handia egin beharko da, eta planean ez dut antzeman horrelako larritasunik. Orain arteko hildoetan sakondu beharra dagoela esateaz gain, egiten diren proposamenak ez dira benetako egitasmoak, aztertu daitezkeen proiektuak baizik. Alegia, ez da esaten dantza jardueretarako espazioak (Dantza Etxeak) sortu behar direla, baizik eta kontu hori aztertu behar dela. Ez da esaten dantza konpainia bat sortu behar dela, baizik eta horretarako aukerak aztertu behar direla. Eta niri egokia iruditzen zait, ez baitut uste planaren prestaketan horrelako kontuak zehatz-mehatz aztertzeko betarik izan dutenik. Baina kontua da, horiez gain apenas proposatu dela beste ezer eta azterketa horiek egiteko presa berezirik ez dela ezarri, 2005rako utzi baita Dantza Etxeak sortzeko aukeraren azterketa eta 2006-07rako dantza konpainiarena.

Bestalde, dantza tradizionalaren kasuan zaila gertatzen zait aurkitzea zein ataletan aipatzen diren alor horri dagozkion beharrak eta proposamenak. Ez Ondare Etnografikoei dagozkienetan eta ez Arte Eszenikoen dagozkienetan, ez ditut aurkitzen dantza tradizionalaren problematikarekin bete betean bat egiten duten diagnostiko eta jarraibideak. Adibidez, niretzat dantza tradizionalean gaur egun hutsune larri bat, gabezia kritiko bat, formazioari dagokiona da. Ez dago dantza tradizionalaren inguruko formazio sistema iraunkorrik, ez dago titulaziorik, ez ikasketa curriculumik, ez irakasle ez ikastetxe homologaturik... Gabezia hori azaleratzen duen aipamen zehatzik ez dut aurkitu eta hurbilena ondokoa da, Ahulguneak atalean datorrena:

  • Akats larriak daude hastapeneko prestakuntza espezifiko, profesional eta jarraituaren eskaintzan eta arte eszenikoetako lanbide-multzoan (sortzaileak, interpreteak, teknikariak, jantzi-diseinugileak, argiztatzaileak, eszenografoak...) eta dantzan.

Baina orokorregia da, eta ez zait iruditzen dantza tradizionaleko dantzari eta irakasleek dituzten formazio hutsuneak hor jasoa geratzen denik.

Ahulguneak

Ahulguneetan aipatzen dira han eta hemen dantza kontu gehiago, adibidez:

  • Sortzaileei (literato gazteei, musikariei, dantzariei...) ematen zaizkien laguntzak edo pizgarriak, edota egiturak, ez dira behar bestekoak. Musika klasikoan, interprete gisa, zinegintzan edota dantzan ari diren gazte askok kanpora jo beharra dute, ezinbestean, bere lanean arituko badira.

Beste ahulgune hau orokorra da, baina pentsatzen dut dantza tradizionala sar daitekeela hor:

  • Ondare etnografikoari, beste ondareekin alderatuz gero, erakundeek balio txikiagoa aitortzen diotela dirudi.

Planean EITBk euskal kulturaren munduan jokatu behar duen (eta jokatzen ez duen) paperaren inguruan hainbat aipamen egiten dira, eta tartean ondoko hau, ETB eta dantza-txapelketak lotzen dituen irudipenarekin bat egiten duena. Gainera, kasu honetan okerra da formulazioa, bakar-bakarrik dantza tradizionala eskaintzen du esaten baita bertan, eta ETBk aretoko dantzen txapelketei (dantzaki...) eskaini ohi dien programazio tarteaa ahazten baitu.

  • ETBn oso oihartzun txikia izaten dute gaztelaniazko zein euskarazko ikusizko arteen zein arte plastikoen edukiek, literaturakoek, edo musika-kritikakoek. Dantzaren kasuan, informazio eskasarekin eta agendarekin batera, bakar-bakarrik dantza tradizionala eskaintzen du, hainbat errepikapenekin eta zeharo muturreko orduetan gainera. On litzateke EITBk edukiontzi erako kultur programazioak zabaltzea, edota espezifikoak bestelako ordutegi egokiagoetan.

Dantza ikuskizun profesionalek dituzten arazoak ere nabarmentzen dira ahulguneen artean jasotako honetan:

  • Dantzari dagokionez, batzuetan pertsona batek berak egin behar izaten ditu sortzaile, produktore eta interprete lanak bere dantza-sorkuntzan. Laguntza eskasegiak daude haur, gazte zein ikusle helduentzako ekitaldiak eta Euskal Herriko zein kanpo alderako banaketa lortzeko. Ez dago dantza edo eszena lengoaia berriei eskainitako feriarik edo lehiaketarik.

Sormenaren hamarkada

Aurrera begira planaren egileek ateratako ondorio nagusietako bat hauxe da: Datorren hamarkadak edukien hamarraldia izan behar du, bai sorkuntzari bai produkzioari dagokienez. Are gehiago, sormenaren hamarkada izango dela diote. Eta horretarako, zenbait urrats proposatzen dituzte:

  • Hirugarrenik, sorkuntzari arreta jartzeak eszena, literatura eta musika arte guztien garapena ziurtatuko du, eta horiexek dira kulturaren produkzio, erreprodukzio eta media eremu guztietarako ezinbesteko oinarria.
  • Laugarrenik, gure ondare preziatuaren adierazpen anitzak gorde eta zaindu beharra dago, desagertu aurretik. Eta zaintzeaz gain kontestua errespetuz emanez eta era sortzaile edota funtzionalean gure garaietara egokituz.

Beraz, lehenenego sorkuntza eta garapena bultzatu, eta gero ondarea gorde eta zaindu. Nik alderantziz ikusten dut ordea, lehenengo bildu eta gorde, eta gero hortik abiatuta sortzen hasi.

Jarduerak

Diagnostikoaren ondoren Jarduerak atalean bildu dituzte planaren egileen iritziz lehentasunezkoak diren egitekoak. Arestian esan bezala, dantzaren kasuan jarduera zehatz gutxi eta balizko jarduerei buruzko azterketak nagusitzen dira. Hona zuzenean dantzari egokitu dakizkion jarduerak (bakoitzaren bukaeran ageri den zenbakiak jarduera hori egiteko epea, urtea, adierazten du):

  • Musika, dantza eta antzerkiaren sektoreen egoera eta lehentasunei buruzko azterlan bat egin. 04-05
  • Lurralde historiko bakoitzean dantzaren arloko profesional eta zaleentzat zentro koreografiko bat «Dantza Etxea» eratzeko kontua aztertu. 05
  • Estilo ezberdinak jasoz dantzako gazte konpainia bat sortzea bideragarri izango litzatekeen edo ez aztertu foru aldundiekin batera. 06-07
  • Honako arlo hauetako sostengu publikoa eta dirulaguntzak areagotu: Eszenarako sorkuntza, produkzioa eta banaketa. 05
  • Dantza-zirkuitu finkoa eratzeko ahaleginak areagotu foru aldundiekin lankidetzan. 05-06

Bost jarduera horietatik hirutan aztertu egin behar dela diote eta beste bietan areagotu. Ez da emozionatzeko modukoa. Baina kontuz, beharrezkoa iruditzen zaizkit, eta gutxitxo iruditu arren, horiek aurrera egiten badute, izango da zerbait!

Lehenengo jarduera, sektoreen egoera eta lehentasunei buruzko azterlan bat egin funtsezkoa iruditzen zait, baina espero dut Plana egiteko dantzari buruz erabili den txostena baino zerbait serioagoa izango dela.

Dantza Etxea eratzeko kontuari buruz, proposamen interesgarria iruditzen zait, eta horren ezaugarriak ondo aztertu beharko badira ere, ea aurrera egiten duen. Dantza konpainiarena ez dut oso argi ikusten, estilo ezberdinak jasoz horrek batez ere zer esan nahi duen jakin nahiko nuke. Baina, horretarako jarritako epea (2006-07) ikusita, idatzi duenak ere oso argi ez zuela dirudi.

Beste biak Areagotu taldekoak dira, eta noski, gutxitu ez den neurrian, poztekoak.

Ondarea

Lehen esan bezala, dantza tradizionalari horietako zeinek eragin diezaioken jakitea ez da gauza erraza. Arte eszenikoen alorrean normalean gutxietsita egoten da dantza tradizionala, eta beraz, ondarearen inguruko jarduerei erreparatuko diegu. Hor bi jarduera proposamen aurkitu ditugu akaso dantzari egokitzeko modukoak:

  • Kultur ondareari dagozkion inbentarioak eta katalogatze-lanak egin. 04-05
  • Aurrekontu partidak eratu ondare etnografikoa kudeatzeko eta babesteko. 04

Benetan dantza tradizionalak hor tokia izango duenik zaila da jakitea baina, erne izan beharko gara.

Ur tanta bat dantzaren basamortuan

Dantzaren alorrean ditugun zenbait hutsune larrirentzat irtenbide garbirik ez dut antzeman planean, baina gerta daiteke ulertu edo ezagutzen ez ditudan jarduera eta egitasmoetan jasota egotea horietako batzuk.

Arestian aipatu dugu formazioaren inguruan dugun arazo larria. Horrez gain nabarmena gertatzen da dantzaren dokumentazio zentro baten beharra, musikaren alorrean Eresbil duten bezalako bat alegia. Ez zait iruditzen aipatzen diren dantzaren etxe horien lehentasunezko egitekoa izango denik dokumentazio zentroarena, beraz, ez dut ikusi hutsune hori betetzeko inolako egitasmorik.

Dantza tradizionaleko emanaldiak, tokian-tokiko jai eta ospakizunetan ziklikoki egiten direnak, ondare bezala katalogatu, eta dagokien laguntza eta zaintza eman beharrekoa iruditzen zait, eta ez dakit ondare etnografikoari dagokion ataletan horrelako asmorik jasoa ote dagoen.

Atzoko mezuan aipatzen genuen bezala, dantzaren basamartua hain da lehorra ur tantarik txikiena ere pozik hartuko dugula. Beraz, ezer baino lehen, ongi etorriak izan daitezela ekimen berri, azterketa eta areagotze nahi guztiak.

Kultura Plana eta dantza (I)

oier_a 2004/09/30 15:13

Kulturaren Euskal Planaren aurkezpenean izan nintzen atzo. Jaurlaritzak kulturaren alorrean diharduen hainbat lagun bildu zituen ekitaldirako Bilboko Euskalduna jauregian.

Kulturaren alor askotako ordezkaritza zabala zegoen han, 600 gonbidatu inguru omen ginen. Dantzarien ingurukoak ere baziren zenbait: Juan A. Urbeltz, Iñaki Irigoien, Edu Muruamendiaraz, Xabier Mendizabal, Jose Inazio Beitia, Aitor Beitia, Sabin Ipintza, Gaizka Benguria, Josu Mujika, e.a.

Hiru urtez eta kulturaren munduko 300 lagunen partehartzearekin burutu da plana. Lan horren emaitza, eta azken batean, datozen urteotan Eusko Jaurlaritzak kultur kudeaketarako erabili beharko plana aurkeztea zen helburua. Bost lagunek jardun zuten zeregin horretan aurkezle-mahaitik: Gurutz Larrañaga (Jaurlaritzako Kultura Sailburu ordea), Miren Azkarate (Kultura Sailburua), Andu Lertxundi (idazlea), Aurkene Alzua (irakaslea) eta Juan Jose Ibarretxe (Lehendakaria).

Aurkezpenean planaren ildo nagusiak aurkeztu zizkiguten, baina liburuskarekin etxera iritsi eta orriz-orri arakatu arte ezin ondorio handirik atera. Hori bai, zenbaitek genuen sentsazioa zera zen, plana egiteko jende askorekin kontatu zutela esan zutela, baina “gurekin” behintzat ez dutela kontatu, eta behin partehartzera irekitzen hasita ez dela ondo ulertzen zergatik zirkuloa ez zuten gehiago zabaldu. Bigarren barne-ustea zera da, plana bikaina izan daitekeela, baina gero hori gauzatzeko beharrezko baliabideak, dirua azken batean, jartzen ez bada, alper-alperrik dela.

Ordubete iraun zuen aurkezpenak, eta gero modako pintxo txiki-txiki horietako pila bat jateko aukera izan genuen, berriketa eta sabel-betetzea neurrian tartekatuz.

Etxera bueltan liburua irakurtzen hasteko tartea izan nuen. Oraingo egoeraren diagnosia egiten duten orrien artean diru-kontuak atentzioa deitzeko modukoak iruditu zitzaizkidan, batez ere munduari dantzaren optikatik begiratzen diogunontzat. Eusko Jaurlaritzak alor bakoitzera bideratzen duen dirua zerrendatzen zen, eta dantza, anaia pobrea dela esaten dugunontzat konfirmazioa. Handitik txikirako ordenean jarri ditut alor guztiak, eta ez dut batere kendu, hau da, azkena dagoena txikiena delako da... Hara datuok:

Eusko Jaurlaritzaren gastu publikoa (miloi euro)

  • EITB 98.60
  • Hizkuntza politika 32.90
  • Museoak, arte ederrak eta erakusketak 13,61
  • Musika 8,55
  • Zinema 4,21
  • Arkitektura eta arkeologia ondarea 3,56
  • Liburutegiak 2,09
  • Antzerkia 1,81
  • Agiritegiak 1,03
  • Liburuaren sustapena 0,83
  • Arte plastikoak 0,52
  • Dantza 0,47

Dantzaren alorrean azpiegitura, formazio-sistemak, dokumentazio-zentro, sormenerako laguntza, hedapenerako zirkuito eta beste kontu guztietan egoera penagarria dela jakiteko ez dago ikerketa handirik egin beharrik. Administraziotik orain arte bideratutako diru-kopuruak ikusita nabarmena da baita ere egoera horri buelta emateko benetako asmorik ez dela izan orain arte. Abiapuntuan gauzak horrela badaude, begibistakoa da gutxi beharko dela “hobera” egiteko. Okerrerago nekez joango baita kontua.

Baina ez gaitezen aurreratu, momentuz hemen utziko dut. Txostena irakurri eta jarraituko dugu hizketan. Aurkezpenean jakinarazi zutenez Internetez irakurri ahal izango da kultura plana, ondoko helbidean: www.euskadi.net/kulturaplana

Klonak eta morrisak

oier_a 2004/09/02 09:57

Ingalaterratik etorritako dantzariak zur eta lur geratu dira futbol zelaian milaka dantzari ikusita. Headcorn Morris-ak dira, Kent eskualdekoak, morris dantzariak beraz. Morris-ak 6-8 dantzarik osatutako taldetan dantzatu ohi dute, arropa txuriz jantzita, kolore biziko gerriko eta zintekin apainduta, eta belaun azpian txintxarriak dituztela. Entzuna zuten Euskal Herrian beraien oso antzeko dantzak zeudela, eta Getxora iristean, Itxas Argia taldeko dantzariak ikustean berretsi dute morris dantzek eta euskal dantzek dituzten antzekotasunak. Biharamunean, Abadiñon daude Headcorn Morris dantzariak. Bizkaiko Dantzari Eguna ospatzen da bertan eta ikusminez jarraitu dute Astola futbol zelaian bildutako milaka dantzarien emanaldia. Hasteko dantzari kopuru handiak harritu ditu. Baina taldeek zelaia hartu eta dantzari-dantzari ekin diotenean, kopuruak baino dantzari guztiek dantza berberak eta modu berean egiten dituztela ikusteak eragin du morris dantzarien harridura.

Kent-era bueltan Euskal Herrian ikusitakoaren berri eman diete beste morris dantzariei. Morrisen eta ezpata-dantzen arteko antzekotasunak, makilak elkar jotzeko euskal dantzariek erakutsitako abiadura eta trebetasuna, eta zerurantz jaurtitako ostikada indartsuak izan dituzte mintzagai. Baina zerbaitek harritu baditu, dantza talde guztiak errepertorio bera eta modu berean dantzatzen ikustea izan da. Haien buruan ez da kabitzen horrelakorik, zer zentzu du herri guztietako talde guztiek dantza berberak egiteak? Non dago talde bakoitzaren nortasuna? “Hori anatema da!” adostu dute. Madarikazioa, gaitzesgarria erabat.

Tradiziozko dantzen ulerkera desberdin horien atzean kezka politiko oso desberdinak dituzten herriak daudela iruditzen zait. Politikan gauzatu ez den nazio batasuna folklorean bideratu nahi izan dute batzuk hemen. Ingelesek ez dute horrelako kezkarik eta herri eta auzo bakoitzak beren nortasuna aldarrikatzen du dantza tradizionalaren bidez. Hortik herri guztietako dantzariak elkarren klon bihurtzeak eragiten dien eskandalua. Niri milaka dantzari dantza bera egiten ikusteak ez dit eskandalurik eragiten, baina asperdura bai.

Badira dantza propioak dituzten herri eta auzoak. Dantzari klonen oihanean nortasun berezi horiek sendotzen ari dira azken urteotan. Ospakizun eta errepertorio propiorik ez dutenak berriz noraezean dabiltza, hangoak eta hemengoak kopiatuz, baina dantzari pilaketa klonikoetan tokia aurkitu ezinda. Beste zenbaitek, bide berriak jorratu behar direla eta, koreografia berrien modari heldu dio. Tradizioak etengabeko berrikuntza eta egokitzapena berezko dituela kontuan hartu gabe, eta tradizioaren txoko eta jira-bira aberatsak gozatzeko aukera izan aurretik, sormen lanetara emanak dabiltza.

Abuztuaren 10ean, San Lorentzo eguna dela eta Iruñera hurbildu gara. San Lorentzo kaleko jaietan kaleratzen den dantzari taldea ikustera joan gara. Dantza berriak plazaratu dituzte orain bost urte auzoko jai egitarauan txertatuta eta arrakasta erabatekoa izan da. Dantza berriak dira bai, baina ikusi ditugun dantza horietan zenbait mendez han eta hemen dantzatu izan diren, eta oraindik hainbat tokitan dantzatzen diren, dantzen erroak, sustraiak eta arima bizirik daude. Berri-berriak izanagatik erabat tradizionalak dira. Izan ere, dokumentazio zorrotzean eta tradizioaren ezagutzan oinarrituta eraiki dituzte dantza berriak. Eta dantza horiek gozatu eta maitatuko dituen auzoko jaien babesean plazaratu dituzte.

San Lorentzoko dantzarien proposamenak bat egiten du Ingalaterrako morris dantzariek tradiziozko dantzak ulertzeko duten moduarekin. Auzo edo herri bakoitzak bere dantza taldea izatea gauza ederra da, baina oraindik hobea talde horrek bere janzkera, dantza eta ospakizun propioak baldin baditu. Iruñea zaharraren bihotzean, San Lorentzoko dantzariei begira, morris dantzariak ikusi ditut dantzan.

Oier Araolaza

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter