Dantzing
umeak
Ekain-en lehen hiztegia: 50 hitz
Bi urte irailean egingo ditu eta azken asteotan hizketan hasi da Ekain. Momentuz hitz solteak eta esaldi sinple-sinpleren bat. Orain arte esaten dituen hitzen zerrenda egin dugu.
Orain pare bat hilabete hasi zen hizketan. Baina hasieran ez genion tutik ere ulertzen.
Haurtzaindegiko ikasturte bukaeran "notak" ekarri zituen Ekainek Elgoibarko Ikastolatik. Informea edo nahi duzuen izena izango du, baina zer demonio, notak azken batean. Bere autonomiari buruzko ezaugarriak, ikaskideekin harremanak eta abarren berri ematen da bertan. Gurasook pozik irakurtzen ditugu horrelakoak, eta maiz gu ohartu gabe geunden kontuak jakiten ditugu. Oraingo honetan atentzio deitu zigun Ekainek 50 hitz esaten zekizkiela jartzen baizuen notetan. Hasieran harrituta geratu ginen.
Irailean (Arrate bezperan!) bi urte egingo ditu, eta hasita dago zenbait hitz esaten, baina dozena bat edo pentsatzen genuen. Beraz, oporretan esaten dituen hitzak kontatzeari ekin diogu. Egia da egunetik egunera hitz berriak ikasi eta esaten dituela, eta batez ere Izarrek (bere arrebak) edo bere ingurukook esaten ditugunak errepikatzen ditu loritoak bezala. Baina, errepikapena izan gabe, berak bere kabuz esandakoak apuntatzen hasi gara. Uste baino azkarrago egin ditugu 50. Hitz batzuk gehiago esaten ditu, baina hauek izan daitezke gehien erabiltzen dituenak.
Fonema batzuk, 'r', 'z' edo 'l' adibidez, ez ditu ahoskatzen, eta ondorioz maiz lanak izaten ditugu zer esan nahi digun ulertzeko. Ondorioz, baditu hitz batzuk ulertzen ez dizkiogunak eta beraz, horiek ezin jaso hiztegira. Hau berri xamarra da guretzat, izan ere, Izar hizketan azkarrago hasteaz gainera, hasieratik oso garbi hitzegiten zuen, eta 'rr'-a salbu, ia soinu guztiak oso ondo ahoskatzen zituen.
Nagusiki hitz solteak erabiltzen ditu, baina hasi da lokuzio eta esaldi labur batzuk josten. Hala ere, horiek ere gehienetan hitz bakarra bailiran botatzen ditu: “e-tu-nai” [ez dut nahi]. Denak unitate bakar moduan jaso dizkiogu, berak halaxe erabiltzen dituela iruditu zaigu eta.
Atxagaren trikuak (Ruper Ordorikak zein Jabier Muguruzak kantatzen dutenak) 27 hitz baino ez zekizkien, eta horrek galbidera eraman omen zuen. Errepidea eta kotxeak ez dakizki izendatzen Ekainek, baina badaki hor arriskua dagoela eta bere 50 hitzekin bere behar gehienak asetzen ditu oraingoz.
Ekain-en lehen hiztegia (50 hitz)
1.Ama
2.Aita
3.Amama
4.Aitita
5.Tia
6.Pete [txupete]
7.Uaa [ura]
8.Oia [ogia]
9.Aputu ia [apurtu egin da]
10.jauzi ia [jauzi egin da]
11.Neria a [nerea da]
12.Bapo
13.Etao [ez dago]
14.Bai
15.Et [ez]
16.Titar [Izar]
17.Tita [gallletita]
18.Aur [agur]
19.Aia [hola]
20.Kaito [kaixo]
21.Hau
22.Hoi [hori]
23.Bei [berriz]
24.Goa [gora]
25.Bea [behera]
26.E tu nai [ez dut nahi]
27.Eia? [zer da?]
28.koketa [kroketa]
29.Uauau [txakurra]
30.Miau [katua]
31.Txoia [txoria]
32.Ekai [Ekain]
33.Tetena [zezena]
34.Eme [hemen]
35.Bibio [biberon]
36.A txiia [hartz txikia]
37.Pii [Pirritx]
38.Poo [Porrotx]
39.Baoia [baloia]
40.Baua [beroa]
41.Okta [hotza]
42.Aia [argia]
43.Euia [euria]
44.Etoi [etorri]
45.Tikia [txikia]
46.Auia [handia]
47.Tikina [zikina]
48.Pue [pure]
49.Apitxi [eseri]
50.Bae [bale]
Geu nagusi!
Maiz esaten da orain umeek ez dietela errespeturik nagusiei eta ezinezkoa dela disziplina minimo batekin gauzak egitea. Zer esanik ez dantza alorrean. Ume talde bat lerroan jartzen saiatu den edonork daki lan horren zailtasunaz. Eta garai bateko umeak? Gurasoek esaten ziguten bezain txintxoak ote ziren?
Ondarroan Silberio Beristain dantza-maisuaren ikasle izandakoek omenaldi bat antolatu eta liburuska bat argitaratu dute. Silberiok 1947 eta 1957 bitartean aritu zen Ondarroan neska-mutil koadrilla bat lerroan jarri nahian. Bere ikasle izan zirenek hainbat kontakizun polit bildu dituzte liburuskan. Nagusiei garai horretan zer nolako errespetua zieten erakusten dutenak horietako batzuk ;-)
Irundik Donostiara joan ziren dantzari gazteak eta arratsaldean Getarian zuten aurreikusia azken dantza emanaldia. 20 gaztetxo herriko abadea eta dantza-maisuaren agindura. Pentsatzekoa da gaur egun baino disziplina zorrotzagoa izango zutela haiek. Baina, Getarian gertatutakoak zer pentsatua ematen du:
"Gero Getarian be gelditu ginan. Hemen be geure dantza agerraldia egiteko asmoa geunkan. Baina, autobusetik salto egin orduko, herri guztian zabaldu ginan. Geu nagusi! Gazteak beti gazte ba, eta Silberio gure maisuak ez eban talde osoa batzerik lortu. Azkenean, gaztetxoenak autobusaren ondoan batu ziran, baina nagusiagoen bila joan behar izan zan, etgxera etortzeko".Antzerkia zaborra balitz...
Gaur antzerkian izan gara Izar eta biok. "Bremengo musikariak" ikusi dugu Elgoibarko Herriko Antzokian. Trenean joan gara —hori berez da emozionantea— eta lehenengoak iritsi gara txarteldegira. Ez da meritu handia izan, erantzun eskasa izan baitu deialdiak.
50 lagun ez ginen izango antzokian. Tripako mina egiten zait horrelakoetan, beraz, nahiago dut pentsatzea zerbaitek kale egin duela: propaganda ez dela ondo egin, egun eta ordua ez zirela egokienak —goizean krossa izan da Elgoibarren, 16:30ak goizegi izan daiteke iganderako—, auskalo... Izarrek eta biok behintzat gozatu dugu.
Antzerkia beti da esperientzia majikoa, eta umeentzat are gehiago, ia hipnotikoa esango nuke. Gaurkoak ere osagai erakargarriak zituen: istorio eder bat, elkarrizketa errimatuak, musika zuzenean, animalia hiztunak, lapurrak eta emozioa. Baina antzokia ia hutsik.
Izarrekin umeei zuzendutako antzerkiak ikusten hasi nintzenean —alegia, gaueko ordutegiari uko egin ondoren arratsaldekoa existitzen dela deskubritu nuenean— umeei zuzendutako ikuskizunen mundua apustu segurua zela pentsatu nuen. Antzokiak erraz bete eta ikusleak beti konforme. Gainera, hasieran erdi-purdiko lan batzuk —dantzako bat tartean, oso eskasa bera— tokatu zitzaizkidan, eta antzokiak beteta.
Baina azken aldian antzerki ederrak ikusi ditugu antzoki erdi hutsetan eta dagoeneko ez dut negozioa hain garbi ikusten. "Galipotx" musikalak —aktore-abeslari onak, montaje bizia, musika gustagarria— sarrera erdia bakarrik lortu zuen Eibarko Coliseoan abenduan, eta urrian berriz "Ni ez naiz txotxolo" Eibarren eta "Handitan" Elgoibarren —estreinaldia zen— ikusi genituen, eta bietan ere erdipurdiko sarrerak izan ziren. Pailazoek errazago betetzen dutela iruditu zait, bai Txirri, Mirri eta Txiribiton telebisiboak eta bai Pirritx eta Porrotx modakoak betekada eta ikuskizunerako bermeak dira, baina ospe gutxiagokoekin —Zirko Ttipia malabaristak ikusi dugu Ermuan azaroan— eta ahalmen eskasagokoekin —Poxpolo eta Mokolo Eibarren izan ziren orain hilabete batzuk— ere antzokia lepo. Titulu klasikoek ere —Hiru txerrikumeak eta Txanogorritxu ikusi ditugu Glu-glu-rekin— tiradizo handia dute.
Ermua, Elgoibar eta Eibar artean, umeentzako antzerki eta ikuskizun programazioa polita daukagu. Bergara, Azkoitia eta Debara ere joan izan gara antzerkia ikustera, baina normalean hiru horietan gabiltza eta iruditzen zait hiru herri hauek (eta Plaentxia?) bakarra bailiran erabiltzera jo beharko genukeela. Orain 15 urte Elgoibarrera dantza ikastera hurbildu ginenean Jose Inazio Sarasuak garbi esan zigun, udalak mankomunitateetan elkartu badira zaborrak biltzeko, ez daukala zentzurik behar gorriagoa duen kultura alorrean bakoitza bere kasa ibiltzeak. Debabarrenaturismo-ren agendan bateratzen da bailarako kultura programazioa, baina programatzaile eta komunikabide lokalek mugak zorrotz errespetatzen dituzte, eta erne ibili behar da auzokoaren eskaintzaz jabetzeko.
Datorren astean beste goxoki bat Coliseoan: Kartoibiraka Markeliñe-kin!