Dantzing
programazioa
Antzerkia zaborra balitz...
Gaur antzerkian izan gara Izar eta biok. "Bremengo musikariak" ikusi dugu Elgoibarko Herriko Antzokian. Trenean joan gara —hori berez da emozionantea— eta lehenengoak iritsi gara txarteldegira. Ez da meritu handia izan, erantzun eskasa izan baitu deialdiak.
50 lagun ez ginen izango antzokian. Tripako mina egiten zait horrelakoetan, beraz, nahiago dut pentsatzea zerbaitek kale egin duela: propaganda ez dela ondo egin, egun eta ordua ez zirela egokienak —goizean krossa izan da Elgoibarren, 16:30ak goizegi izan daiteke iganderako—, auskalo... Izarrek eta biok behintzat gozatu dugu.
Antzerkia beti da esperientzia majikoa, eta umeentzat are gehiago, ia hipnotikoa esango nuke. Gaurkoak ere osagai erakargarriak zituen: istorio eder bat, elkarrizketa errimatuak, musika zuzenean, animalia hiztunak, lapurrak eta emozioa. Baina antzokia ia hutsik.
Izarrekin umeei zuzendutako antzerkiak ikusten hasi nintzenean —alegia, gaueko ordutegiari uko egin ondoren arratsaldekoa existitzen dela deskubritu nuenean— umeei zuzendutako ikuskizunen mundua apustu segurua zela pentsatu nuen. Antzokiak erraz bete eta ikusleak beti konforme. Gainera, hasieran erdi-purdiko lan batzuk —dantzako bat tartean, oso eskasa bera— tokatu zitzaizkidan, eta antzokiak beteta.
Baina azken aldian antzerki ederrak ikusi ditugu antzoki erdi hutsetan eta dagoeneko ez dut negozioa hain garbi ikusten. "Galipotx" musikalak —aktore-abeslari onak, montaje bizia, musika gustagarria— sarrera erdia bakarrik lortu zuen Eibarko Coliseoan abenduan, eta urrian berriz "Ni ez naiz txotxolo" Eibarren eta "Handitan" Elgoibarren —estreinaldia zen— ikusi genituen, eta bietan ere erdipurdiko sarrerak izan ziren. Pailazoek errazago betetzen dutela iruditu zait, bai Txirri, Mirri eta Txiribiton telebisiboak eta bai Pirritx eta Porrotx modakoak betekada eta ikuskizunerako bermeak dira, baina ospe gutxiagokoekin —Zirko Ttipia malabaristak ikusi dugu Ermuan azaroan— eta ahalmen eskasagokoekin —Poxpolo eta Mokolo Eibarren izan ziren orain hilabete batzuk— ere antzokia lepo. Titulu klasikoek ere —Hiru txerrikumeak eta Txanogorritxu ikusi ditugu Glu-glu-rekin— tiradizo handia dute.
Ermua, Elgoibar eta Eibar artean, umeentzako antzerki eta ikuskizun programazioa polita daukagu. Bergara, Azkoitia eta Debara ere joan izan gara antzerkia ikustera, baina normalean hiru horietan gabiltza eta iruditzen zait hiru herri hauek (eta Plaentxia?) bakarra bailiran erabiltzera jo beharko genukeela. Orain 15 urte Elgoibarrera dantza ikastera hurbildu ginenean Jose Inazio Sarasuak garbi esan zigun, udalak mankomunitateetan elkartu badira zaborrak biltzeko, ez daukala zentzurik behar gorriagoa duen kultura alorrean bakoitza bere kasa ibiltzeak. Debabarrenaturismo-ren agendan bateratzen da bailarako kultura programazioa, baina programatzaile eta komunikabide lokalek mugak zorrotz errespetatzen dituzte, eta erne ibili behar da auzokoaren eskaintzaz jabetzeko.
Datorren astean beste goxoki bat Coliseoan: Kartoibiraka Markeliñe-kin!