Dantzing
kultura
Aurrezki kutxek euskal kulturaren alde egindakoa
“Medikura noa” esan, bulegotik irten, kotxea hartu eta Bilbotik Iruñeara, dantzarien elkarteko bilerara bata. Lantokiko telefonoa eta agendarekin kultur aste osoa antolatzen bestea. Aurrezki kutxan bata, eta bankuan bestea, eta ordu erdiko telefono elkarrizketa bien artean, hurrengo astean egingo duten jaialdiko xehetasunak lotzen.
Ez dira ez bat, ez bi, dantza taldearen emanaldiak, elkarteko
gora-beherak, udalekin harremanak, festen programaketak, hitzaldi,
erakusketa eta beste mila kultur jarduera beraien lantokietatik antolatu
izan dituztenak. Tallerretan batzuk, bulegoetan gehienak, eta aurrezki
kutxa eta bankuetan aritutakoak mordoa. Milaka lan-ordu izango dira
lantegiko zereginei ebatsitakoak, eta ikastola, auzoko festa, musika,
dantza, antzerki eta bertso jaialdien antolaketa lanetara
desbideratutakoak.
Orain, kafe eta komunerako minutuak neurtuta
ditugu, eta lan-segundu bakoitzaren erabilera zehatza, errendimendu eta
kostoa zehaztuta daude. Lankideak itxura batean behintzat,
txintxo-txintxo jarduten dira beraien zereginetan edo facebook-en
“atsegin dut” jartzen, eta “militantea” lotsatu egiten da lantokira
deitzen dutenean. Telefonista ere pipertuta antzematen du inprentatik
goiz berean hiru aldiz deitu dutelako: “Ez, ez, ni ez naiz dantza
taldeko idazkaria, eta niri bost ajola udaleko logoa falta bazaizue!”.
Kultura
ekitaldiak antolatzeko lehen baino bolondres eta disposizio gutxiago
dagoela aipatzen denean, ezin ahaztu lan-munduan azken urteotan izan
diren aldaketak. Poliki poliki joan dira japonizatzen lantokiak eta
beraz, ezin diogu ez aurrezki kutxen fusioari, ez eta Fukushimari
leporatu hain emankorra gertatu zaigun jarioa itxi izana. Bakar batzuk
jarraitzen dute beraien lan-orduak kultura eta festetara desbideratzen,
baina badakigu kudeatzaile berri bakoitzak gehiago zorrozten dituela
lan-orduen kontrol mekanismoak eta hauenak ere bide motza izango duela.
Beraz,
besteak beste, eraikuntza enpresek, aseguratzaileek, mota guztietatako
tallerrek, hornitzaileek eta banaketa enpresek, denda handi eta txikiek,
aurrezki kutxek eta bankuek euskal kulturaren alde egindakoa aitortu
eta eskertzeko ordua iritsi da. Mila esker, zuen ekarpenik gabe
ezinezkoa izango zen. Ea orain nola moldatzen garen.
Argia, 2011-04-10
Telefonoaren doinura
Eskuko telefonoak edozertarako balio du. Argazki kamera da, bideoa, gpsa, irratia, jokoa, ordularia, mp3a, egutegia,... eta batzutan telefonoa ere bai. Gure etxepean gazte dezente biltzen da arratsaldetan. Jeniffer, Izaro eta Ainhoa aparte jartzen dira, segapotoan musika ipini eta dantzan aritzen dira. Beyonce edo Britney Spearsen bideoak ikusten dituzte eta koreografiak imitatuz ikasi eta dantzatzen dituzte. Gure kaletik hurbil Abontza deitzen dioten etxe-ingurua dago. Eibarko eremu berde handiena dago bertan. Abontzako etxepeetan elkartzen dira Aner, Pedro Alfonso eta Yerai. Hip-hop doinuak ateratzen dira Anerren telefonotik eta break-dancean trebatzen aritzen dira.
Britainia Handian ia bost milioi lagunek egiten du dantza. Futbolaren
ondoren jende gehien erakartzen duen aktibitate fisikoa da.
Dantza-klasikoa, garaikidea, aretoko-dantza, bio-dantza, break-dancea,
sabel-dantza,... Aukera-sorta zabal guzti hori, ia berbera da munduan
barrena. Abontzan hip-hopa egiten duenaren lengoaia bera darabil
Brixtonen edo Magentan dantzatzen duenak.
Ahozko lengoaia,
euskara, normalizatzeko kalera atera eta testuinguru guztietan
erabiltzearen garrantziaz ohartuta gaude. Gure lengoaia koreografikoa
ere, euskal dantza, gutxitasun egoeran dago. Euskara bera baino
baldintza okerragoetan dagoela esango nuke gainera, ez baitu haren
errekonozimendurik, ez zaio aitortzen balio handirik eta gainera ez dago
dantza egoera diglosikoan egon daitekeenaren kontzientziarik. Euskal
Kultura zer den eta zer ez den definitzen denean hizkuntza, euskara,
izaten da irizpide sendoena. Hitzezko komunikazioa erabiltzen ez duten
lengoaiak definizio horretan bigarrenmailan, itzalean geratzen dira.
Dantza euskal kulturaren osagai dela ez da zalantzan jartzen, baina ez
da lehentasunen zerrendan ageri.
Herri batzuetan hasi dira
batzuk radiokassete handia kalean jarri eta euskal dantzak egiten.
Donostian, Bulebarrean ikusi ditugu orain gutxi. Gure etxepean oraingoz
Beyoncerekin jarraitzen dute. Abontzako eremu berdea berreskuratu eta
telefonoaren doinura Jeniffer, Izaro eta Aner mutxikoak dantzatzen
hasten ez diren bitartean etorkizun beltza izango du euskal dantzak.
Euskararen egoera arduraz bizi dugu, zer esanik ez zenbaitek museora
kondenatu nahi duela antzematen dugunean. Dantzarekin ez dugu kezka
hori, museoetan ere ez baitago tokirik beretzat.
Argia,
2010-04-25
Antzerkia zaborra balitz...
Gaur antzerkian izan gara Izar eta biok. "Bremengo musikariak" ikusi dugu Elgoibarko Herriko Antzokian. Trenean joan gara —hori berez da emozionantea— eta lehenengoak iritsi gara txarteldegira. Ez da meritu handia izan, erantzun eskasa izan baitu deialdiak.
50 lagun ez ginen izango antzokian. Tripako mina egiten zait horrelakoetan, beraz, nahiago dut pentsatzea zerbaitek kale egin duela: propaganda ez dela ondo egin, egun eta ordua ez zirela egokienak —goizean krossa izan da Elgoibarren, 16:30ak goizegi izan daiteke iganderako—, auskalo... Izarrek eta biok behintzat gozatu dugu.
Antzerkia beti da esperientzia majikoa, eta umeentzat are gehiago, ia hipnotikoa esango nuke. Gaurkoak ere osagai erakargarriak zituen: istorio eder bat, elkarrizketa errimatuak, musika zuzenean, animalia hiztunak, lapurrak eta emozioa. Baina antzokia ia hutsik.
Izarrekin umeei zuzendutako antzerkiak ikusten hasi nintzenean —alegia, gaueko ordutegiari uko egin ondoren arratsaldekoa existitzen dela deskubritu nuenean— umeei zuzendutako ikuskizunen mundua apustu segurua zela pentsatu nuen. Antzokiak erraz bete eta ikusleak beti konforme. Gainera, hasieran erdi-purdiko lan batzuk —dantzako bat tartean, oso eskasa bera— tokatu zitzaizkidan, eta antzokiak beteta.
Baina azken aldian antzerki ederrak ikusi ditugu antzoki erdi hutsetan eta dagoeneko ez dut negozioa hain garbi ikusten. "Galipotx" musikalak —aktore-abeslari onak, montaje bizia, musika gustagarria— sarrera erdia bakarrik lortu zuen Eibarko Coliseoan abenduan, eta urrian berriz "Ni ez naiz txotxolo" Eibarren eta "Handitan" Elgoibarren —estreinaldia zen— ikusi genituen, eta bietan ere erdipurdiko sarrerak izan ziren. Pailazoek errazago betetzen dutela iruditu zait, bai Txirri, Mirri eta Txiribiton telebisiboak eta bai Pirritx eta Porrotx modakoak betekada eta ikuskizunerako bermeak dira, baina ospe gutxiagokoekin —Zirko Ttipia malabaristak ikusi dugu Ermuan azaroan— eta ahalmen eskasagokoekin —Poxpolo eta Mokolo Eibarren izan ziren orain hilabete batzuk— ere antzokia lepo. Titulu klasikoek ere —Hiru txerrikumeak eta Txanogorritxu ikusi ditugu Glu-glu-rekin— tiradizo handia dute.
Ermua, Elgoibar eta Eibar artean, umeentzako antzerki eta ikuskizun programazioa polita daukagu. Bergara, Azkoitia eta Debara ere joan izan gara antzerkia ikustera, baina normalean hiru horietan gabiltza eta iruditzen zait hiru herri hauek (eta Plaentxia?) bakarra bailiran erabiltzera jo beharko genukeela. Orain 15 urte Elgoibarrera dantza ikastera hurbildu ginenean Jose Inazio Sarasuak garbi esan zigun, udalak mankomunitateetan elkartu badira zaborrak biltzeko, ez daukala zentzurik behar gorriagoa duen kultura alorrean bakoitza bere kasa ibiltzeak. Debabarrenaturismo-ren agendan bateratzen da bailarako kultura programazioa, baina programatzaile eta komunikabide lokalek mugak zorrotz errespetatzen dituzte, eta erne ibili behar da auzokoaren eskaintzaz jabetzeko.
Datorren astean beste goxoki bat Coliseoan: Kartoibiraka Markeliñe-kin!