Hemen zaude: Hasiera Blogak Dantzing dantza-tradizionala

Dantzing

dantza-tradizionala

Pristinako dantzen zipriztinak

Independentzia aldarrikatzera eta ospatzera atera ziren Kosovon. Bandera yankiak atera zituzten askok, eta kantuan eta dantzan ikusi genituen beste asko. Estatu Batuetako banderena azaldu, esplikatu, analizatu digute atzerri politika adituek eta ez adituek. Nik bandera kontuetaz ezer gutxi dakit eta, independentzia aldarrikapen horretan erabili zen beste sinboloa hartuko dut hizpide, dantza. Pristinako dantzak baditu eta bere zipriztinak.

Pristinako argazkiaren aurrean beste bat jartzera noa. 1990, Belgrad. Yugoslavian gerra bete-betean dago. NATOren indarrek Belgradeko azpiegiturak txikitzeko hegazkinak bidali dituzte. Yugoslaviako gobernuak giza babesa antolatu du, herritar zibilak bultzatu ditu bonben jo mugan jartzera erasotzaileak kokildu asmoz. Gau horietako batean, zibilek babesten duten zubi bat erakutsi du CNN-k. Ez dakigu hotzez ala beldurrez  dauden dardarka zubian daudenek. Hiru neska gazte agertu dira irudietan, jantzi tradizionalak dituzte soinean eta dantzan ari dira. “Kolo” bat, borobilean egin ohi den dantza tradizional bat dantzatzen ari dira, eta oso txukun gainera, dantzari bikainak direla antzematen da. 

Bonba azpiko dantza haien peskisan ibili da Lynn D. Maners antropologoa. Dantzarien janzkera Serbiako Sumadija nekazal eskualdekoa da, baina dantzarien prestakuntza onak eta eszenatokira begira findutako dantzakera dotoreak erakusten du Belgrad bertako dantza talde bateko kideak direla. 

Europako ekialdean, nazio-estatu modernoen formazio prozesuan, dantza komunitatearen iruditeria sortu eta herritarrak sinbolo jakin batzuen inguruan gotortzeko oinarrizko tresna izan da. Zenbait dantza tradizional hautatu eta nazioaren ikur bihurtu dituzte, eta haien goi mailako aurkezpena, dantzatzea, estatu-kontua bailitzan zaindu da. Dantza tradizionalak bere kontestutik atera, eta gizarte zibila antolatzeko eta estatu trinko baten irudia nazioartera zabaltzeko baliatu dira. 

Independentzia ospaketetan zein bonbardaketa gordinenetan dantzan ikusi ditugu. Dantza tresna politikoa izan da Yugoslavian eta hori nola gauzatu eta bideratu den azaldu digute etnokoreologoek eta antropologoek. Euskal nazionalismoaren bilakaeran dantzak jokatu duen paperak eta dantzari emandako erabilerek ikerketa lan mamitsua egiteko emango lukete. Baina euskal dantzak klinexak bailiran tratatu ditugu: erabili eta bota. Independentzia festarik ez dakit inoiz ospatuko dugun, baina harrituko nintzateke CNN-k dantzan harrapatuko bagintu. Ni behintzat ez nago zubi gainean dantzan hasteko.

Argia, 2008-03-16
Oier Araolaza 2008/03/13

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin dut lan, baina azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa
Azken erantzunak
Lantz ere bai Oier A., 2012/01/14
Raices Luistxo, 2012/01/05
Ah zer mugimendua hor goian! oier a., 2011/12/30
Hor be bai! oier a., 2011/12/28
Etiketa lainoa
012 2007 2009 2010 ADDE Arrate Dantza a-gripea abangoardia administrazioa agenda akondia amateur antton-luku antzerkia apaizak ar argazkiak argazkilariak argia argia-aldizkaria argia-astekaria argia-urtekaria arimen-eguna arkeologia arma-museoa armia-eibar arratetikuak arrazismoa aste-santua aztarnak bailara balantzea ball-dels-espies baltasar baztan beltza belztasuna berano berdintasuna bertsolamintza bertsolaritza bidegorria bideoa bideoak bilera bizikletan bizkaia boise bortizkeria buruhandiak codesyntax cromlech dant dantza dantza-elkarteak dantza-jauziak dantza-sektorea dantza-tradizionala dantzan.com debabarrena delfin-colome diaspora diru-laguntzak domu-santu dorrea eibar ekain elgoibar elurra elurtuta emakumeak ermua erraldoiak erregeak erreseina erromatar eskia eskiatzen esku-dantza eskualdea estatu-batuak etakitto euskal-jaia euskal-kultura euskara eusko-jaurlaritza ezpata-dantzak festak filipe-oihanburu frantisek-pospisil gaba-beltza gaixotasuna gardnerville gaztaiñerre gerra gripe-a gripea halloween harrespila hitzegiten hizketan hizkuntza hiztegia hollywood ibilaldiak ibilbideak ikasten ikerketa ikusentzunezkoak inauteriak internet irekia iñaki-perurena jaurlaritza jeremy-carter-gordon kalamua kamerariak karnabalak kazetaritza kep kilimon konplexuak kuestazioak kultur-politika kultura kultura-plana kultura-planak kultura-saila kulturaren-euskal-kontseilua kulturaren-euskal-plana kulturen-aldeko-herritartasun-kontratua lana mallabia maltzaga manu-a-manu manu-redondo mendaro mendia miguel-de-los-toyos mikel-laboa mikel-larrañaga modernoa monica-runde morris multak museoak musika mutil-dantzak neskak oinez oinkari olinpiadak ondarroa ordizia osakidetza ospitalea polonia poznan profesional programazioa puska-biltzea raices santaneroak shanghai silberio-beristain sinboloak soroluze space-invaders stargate susyq telebista tradizioa tradizioa-eta-sorkuntza tradizioak tradizionala trikuharria txangoak txapelketak txina txingoak txistua udala umeak umeekin unai-brea urkulu urtekaria worldploneday2008 zentzua zutabeak