Dantzing
2007
Goroldioa kendu ezinik
Tradiziotik abiatzen diren lan berrien uzta oparoa izan da aurten ere. Kukai-Tanttakak Sarrionandiaren poesia jarri du dantzan. Iparraldean dantza sorkuntza bizi-bizi dago. Besteak beste Anaigazteak, Arrola eta Aitzindariak elkarteek ikuskizun berriak plazaratu dituzte.
Ekarpen berriek adina, edo gehiago, harritzen gaituzte ahazturaren kutxatik berreskuratutako altxorrek. Argia dantzari taldeak Axeri-boda aurkeztu du. "Euri eta eguzki, azerien eztei" atsotitz zaharretik abiatuta Japoniaraino joan-etorriko bidaia egin du Juan Antonio Urbeltzek. Azeri-dantzaren inguruko tradizio eta dantza sorta zahar-berrituarekin harritu eta hunkitu gaitu berriz.
Hainbat dantzari gazte ari dira beren proposamen garaikideak plazaratzen. Horietako batzuk, atzerrian egin dute beren ibilbide profesionala, baina beren lanak etxean erakusteko gogotsu daude. Asier Zabaleta, Mikel Aristegi, Blanca Arrieta, Iker Gomez eta Pantxika Telleria dira lan berriak aurkeztu dituztenetako batzuk. Publiko zabalagoetara iristeko zailtasunekin jarraitzen du dantza garaikideak. Programatzaileak uzkur, ikusleak urri... Batzuk Maoma eta mendiarena egiten hasi dira. Ikusleak ez badatoz antzokira eraman dezagun dantza kalera. Besteak beste, Dantza Hirian ekimen sendo eta arrakastatsua da, eta dantza garaikidea ezagutu eta gozatzeko bide berriak urratzen ari da.
Claverie-Malandain lan-bikotearen banaketak proiektu banaketa ere ekarri du. Malandainek Maitaldiaren gidaritza berreskuratu du. Ballet Biarritz junior zena Donostian errotuta, Dantzaz elkartearen izenarekin eta Claverieren zuzendaritzapean Miarritzetik banandu da erabat. Ikusiko dugu banaketarekin irabazten ala galtzen atera garen. Dantzaz elkartea hasi da lehen emanaldiak eskaintzen, eta horrekin badakigu, Ballet Biarritz juniorrek urratuta bideari jarraiki, dantza Euskal Herriko txoko guztietara eramateko ahalegin serioa egingo dutela. Hori albiste bikaina da, zalantzarik gabe.
Kulturaren Euskal Planak dantza alorrean ez ditu oraindik fruitu asko eman baina 2008 honetan hasi gara ikusten zeintzuk izan daitezkeen ekimen horretatik etorri daitezkeen proiektu berriak. EAEko hiriburu bakoitzean dantzaren dinamizazioan arituko den gune bat martxan jartzeko asmoa dute erakundeek. Dantzaren dokumentazioaren inguruan gogoeta eta lehen hurbilketa bat egin, eta formazioaren inguruan dauden kezkak dagokien sailera bideratzea izan daitezke KEParen beste ekarpenak. Ez da asko, baina harriari goroldioa kendu eta mugitzen hasiko den itxaropenera kateatuta gaude.
Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria 2008
Erregutzailearena
VLADIMIR: Gure papera?
ESTRAGON: Behar duan denbora har ezak.
VLADIMIR: Gure papera? Erregutzailearena.
ESTRAGON: Hainbesteraino?
VLADIMIR: Hartzekoekin dator berori, jauna?
ESTRAGON: Ez diagu jadanik eskubiderik?
(Samuel Beckett. Itzulpena: Juan Garzia Garmendia)
Dantza alor desegituratua eta ahula zen iaz, eta aurten ere berdin jarraitzen du. Gutxietsia eta alboratua, gora behera handirik gabe eusten dio, ez aurrera ez atzera, bere txikitasunean iraun-bizitzen. Alorra bera artikulatu eta sendotuko duen elkarte indartsurik antolatzeko gai ez gara izan dantzari-jendea. Dantza dinamika biziberritzeko plan orokorrik, ez ekimen txikirik adosteko gaitasunik ez dugu erakutsi orain artean. Bakoitzak bere proiektu propioak bultzatu eta horien biziraupenean burubelarri jarduteko hautua egin du. Gauzak horrela erakundeetako kultura arduradunek praka barrenak ahalik eta gutxien zikinduta saiatzen dira pasatzen.
Lerrook idazten ditudan unean urtebete bete da Eusko Jaurlaritzak dantza alorraren bilerara deitu gintuenetik. 2006ko azaroan izan zen hori. Dantzaren munduko esparru desberdinetako 20 lagun bildu ginen Gasteizen. Jaurlaritzaren enkarguz enpresa batek egindako “dantzaren egoeraren azterketa” aurkeztu ziguten. Kultura Planaren ondorio nagusia omen zen ez zela behar bezala ezagutzen dantzaren egoera, eta beraz, ezertan hasi aurretik diagnostiko zorrotz bat egin behar zela, eta horixe zen ahalegin horren emaitza.
Hilabeteko epea eman ziguten diagnostiko hari gure zuzenketak egiteko eta 2007ko otsailerako beste bilera bat egiteko deituko gintuztela esan ziguten. Hilabete horretan jo eta ke aritu ginen txosten haren hutsune eta akatsak zuzendu nahian. Bazeukan zer hobetua. Bidali genuen gure kontra-txostena. 2006ko abenduaren 20a zen, eta hor bukatu zen dena. Urtarrila eta otsaila etorri ziren eta joan ere bai. Martxoa, apirila, maiatza… Uda, udazkena… Urtebete pasa da, eta zain jarraitzen dugu.
Aurten erakundeetatik iritsi zaigun albiste pozgarriena Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Bilbon ezarriko dela izan da. Pozgarria ez da Bilbon ezarriko dela jakitea —niretzat ez behintzat, herrietako biztanleak gogaituta gaude “euskal hiria” literatura hutsa dela frogatzen duen hiri-zentrismoarekin—, baizik eta antzerkia eta dantza ikasteko eskola ofizial bat martxan jarriko dela jakitea. Baina dantza tradizionalaren arrastorik ez dago eskola horren egitasmoan, eta euskal dantzariori iruditzen zaigu berriz ere trenak ateak itxi dizkigula muturren aurrean. Oraindik beste trenen bat pasako den itxaropenik ez dugu galdu ordea.
Argia, Euskal Kulturaren Urtekaria 2008