Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Ikerketa dantzan kongresua Valentzian

Ikerketa dantzan kongresua Valentzian

Oier Araolaza 2016/11/30 09:25
Azaroaren 25, 26 eta 27an Ikerketa Dantzan nazioarteko kongresua ospatu da Valentzian, Danza más Investigación elkarteak antolatuta. Bertan izateko aukera izan dut eta zakua ideiez eta aukerez beteta ekarri dut bueltan.
Ikerketa dantzan kongresua Valentzian

Danza más investigación IV. Kongresuaren irekiera ekitaldia. Argazkia: Oier Araolaza. Valentzia, 2016-11-25.

Mamitsua

Hiru egun bete-bete izan dira Valentzian eman ditugunak. Dantza ikerketen alorrean hazkundea izaten ari da (zaila ere ez zen, nondik abiatzen zen kontuan hartuta) eta ikertzaile gazte eta prestatuak ekarpen interesgarriak egiten ari dira. 200 parte-hartzaile eta 100 ponentzia izan dira kongresuan. Tarte batzuetan hiru edo lau aretotan aldi berean burutzen ziren aurkezpenak, eta gai askok erakartzen nindutela ikusita bi tokitan aldi berean egoteko gaitasun eza sufritu dut.

 

Patrick congreso danza mas i Valencia 2016
Patrick lanaren estreinaldia Valentzian, Danza más Investigación kongresuan, 2016-11-26. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Programa osoa "Danza más investigación" elkartearen webgunean ikus daiteke. Gogoan iltzatuta geratuta zaizkidan komunikazioen artean, Dantza eta Historia mahaian entzundakoak, edo Dantza eta Politika mahaikoak aipatu nitzake. Aurkezpen teorikoez gain oso interesgarria gertatu da obra eszenikoen komunikazioa. Sorkuntza koreografiko bat aurkeztu eta eszenatokian dantzatzen ikustea oso argigarria eta lagungarria gertatzen baita horrelako lanetara hurbiltzeko.

 

Congreso danza mas i Valencia 2016
Rafaela Carrasco, Angels Margarit, Jose Carlos Martinez eta Marcos Morau koreografoen mahai-ingurua, Valentzian, Danza más Investigación kongresuan, 2016-11-27. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Euskal ordezkaritza

Alicia Gomez-ek akuilatuta, kongresuan izan garen euskal ordezkariak hainbat ordu konpartitu ditugu eta elkarren berri izateko aukera ona eskaini digu. Elkarrekin egoteko Valentziara joan behar izateak eroa dirudi, baina denok ere hamaika saltsatan korapilatuta egonik, ez bada gure ohiko eremutik irtenda, ia ezinezkoa gertatzen da denbora hori elkarrekin egoteko hartzea.

 

Congreso danza mas i Valencia 2016 euskal ordezkaritza
Euskal ordezkaritza Danza más Investigación kongresuan. Ezkerretik hasita, Natalia Monge, Leire Amonarriz, Alicia Gomez, Eneko Lorente, Oier Araolaza, Beñat Urrutia eta Montse Royo. Valentzia, 2016-11-26.

Begoña Olabarria eta Alicia Gomez Danza más investigación elkartearen sortzaile taldeko bazkideak dira, eta kongresuan antzeman da beraien inplikazioa, antolaketa taldean egon gabe ere hainbat ekitaldi, komunikazio eta mahai koordinaziotan parte hartu baitute. Begoñak iaz defendatu zuen doktorego tesitik abiatutako ponentzia aurkeztu zuen, dantza modernistan emakumeen estereotipoak ikergai dituena. Aliciak Gomez-ek irakasleei begira lantaldean egin den psikologia liburu baten berri eman zuen, taldean lan egiteko sistema hori beste alor batzuetan, dantzan adibidez, aplikatzeko izan ditzakeen aukerak azpimarratuz.

 

Congreso danza mas i Valencia 2016 mahai-ingurua
Valentzia, Danza más Investigación kongresua, 2016-11-26. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA

Euskal ordezkarien ekarpenekin jarraituz, Eneko Lorentek, dantzaren eta zinearen arteko harremanak izan zituen aztergai bere ponentzian, eta zenbait mahai zuzentzeaz gain Euskal Behatokiaren enkarguz EHUko lantalde batean euskal kulturaren inguruan egindako ikerketarenberri eman zuen. Lan eszenikoen aurkezpen artean, Natalia Mongek irrintziaren inguruan egindako ikerketa koreografikoa aurkeztu zuen. Neuk, XX. mende hasierako Poxpolinen figura, generoaren eta politikaren ikuspuntutik aztertu dut.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter