Profesionalak eta amateurrak
Azken urteotan administrazioa profesionalizazioaren aldeko politikak
bultzatzen ari da. Kultura alorreko laguntza eta jardueretan amateurrek
parte hartzeko gero eta traba gehiago jartzen ditu. Burokrazioa
izugarria da, eta diru-laguntzen deialdietan parte hartzea ia ezinezkoa
bihurtu da horretarako azpiegitura profesional bat ez duenarentzat. Are
gehiago, zenbait deialditan zehatz-mehatz adierazten da profesionalak
bakarrik aurkeztu daitezkeela. Profesional izatea nolabaiteko berme
artistikoa balitz bezala. Eta amateurrek ekoizpen artistiko
interesgarririk egiteko izan dezaketen gaitasuna ukatuz.
Krisi
aurretik kultura eta sorkuntza alorretako profesionalizazioaren aldeko
aldarri hau izugarrizko kontraesana zen, eta zer esanik ez oraingo
egoeran. Errealitateak urteak daramatza gure mutur aurrean jartzen herri
txiki honetan ez dagoela nahikoa masa kritiko jarduera kultural
gehienetan profesionalki aritzeko. Baina itsu eta entzungor,
profesionalizazioa eskatu eta amateurismoa zigortzen jarraitzen dugu.
Eta zentzu batean profesional kopuruak gora egin du. Jarduera artistiko
gehienen inguruan badira profesionalki ari diren teknikariak,
kudeatzaileak, idazkariak, ekoizleak, komunikariak, e.a. Artistak eta
sortzaileak ez proportzio berean.
Profesionala izateak ez du
kultur produktuaren kalitatea eta ekarpenaren mamia bermatzen. Are
gehiago, ezagutzen ditugu artista profesionalak, artea ogibide hartu
dutenetik ez dutenak aurreko mailarik eman. Amateur zirenean zerbait
esateko zutenean ateratzen ziren plazara, ongi mamitu eta landu ondoren,
ez baitzuten produktu kulturala ekonomikoki errentabilizatzeko asmorik
eta itxaropenik. Bizimodua atera beharrak etengabe ekoiztu eta plaza
publikoan egotera eramaten du profesionala, esateko ezer berririk izan
ala ez.
Hasieran esan dut eta berriz errepikatuko dut. Kultura
alorrean profesionalak behar ditugu. Baina amateurrak ere bai. Ez dugu
erronka makala bien arteko elkarbizitza eta lankidetza orekatua lortzen.
Baina ez dezagun inor zigortu bata ala bestea izateagatik.
Argia, 2010-07-30
XXI. menderako tradizio bat
Gure dantza taldearen behar bati erantzunez sortu ditugu Arrateko Amaren dantzak. Eibarko Udalari, komunikabideei, Arrateko jaietako antolatzaileei, parrokoari eta hurbildu zitzaizkigun guztiei beste pelikula bat kontatu genien. Arratek dantza errepertorio propioa merezi zuela esan genien. Horrelako erromeria eder batek, Arrateko Ama Birjinak Debabarrenan duen predikamentuak eta historian zehar Arratek herri musika eta dantzarekin izan duen lotura estuak merezi zutela dantza tradizio eder bat. Eta gu prest geundela ahalegin hori egiteko, gure indar eta tresna guztiak lanean jarriko genituela Arratek merezi duen tamainako dantza errepertorio bat eskaintzeko. Baina ez, ez zen hori izan bidaia honetara bultzatu gintuen arrazoi nagusia. Gure dantza taldeari, Kezka dantza taldeari komeni zitzaiola pentsatu genuelako ekin genion dantza sorta berria prestatzeari. Ia mende erdiz Euskal Herriko bazter guztietako dantzak ikasten eta eskaintzen jardun ondoren, gure dantza tradizio propioa izateko garaia genuela erabaki genuen. Konspiratzen hasi eta halako batean konturatu ginen Arrate zela gure hegazkinarentzat aireportu aproposena. Konspirazioaren lainoetatik Arrateko zelaian aterrizatu arte egin dugun bide horren narrazio pertsonala da honako testu hau.
Horrelaxe hasten da 2006an Arrateko dantzak aurkezteko idatzitako testua. Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sailak antolatuta Festa Berriak izeneko jardunaldiak burutu ziren Donostian eta jardunaldi horretan aurkeztu nuen komunikazioa. Arrateko dantzak abiatu berri ziren, eta oraindik zer nolako harrera izango zuten jakin gabe, martxan jarritakoaren nondik norakoak azaltzen saiatu nintzen testu horretan.
Jentilbaratz aldizkariaren 11. zenbakian argitaratu da artikulua, eta horrekin batera sarean jarri dut, nahi duenak bertan irakur dezan osorik:
