Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Noiz da Gaztaiñerre?

Oier Araolaza 2009/11/11 11:59
Eibar, Ermua eta Soraluze aldean ospatzen den jai bat da Gaztaiñerre. Izenak adierazi bezala gaztaina erreak jatea da festaren zutabeetako bat. Astelehen buruzuriz egiten dira afariak, karakolak tarteko, eta postrean gaztaiñak jan ohi dira. Baina noiz da Gaztainerre?
Orain urte batzuk atera aritu ginen <eibartarrak> posta zerrendan horren inguruan eta Juan San Martin-ek Antzinako Eibar

liburuan argitaratutako testua jaso genuen.


San Martin-ek bere garaian ezagututako eztabaida bat argitu nahi zuen horrekin. Autua hauxe zen:

  • Batzuen ustez Domu Santu egunaren ondoko bigarren astelehenean ospatzen da Gaztaiñerre
  • Beste batzuen ustez Arimen Egunaren ondoko bigarren astelehenean ospatzen da Gaztaiñerre


Kontua da normalean ez dela arazorik izaten, bi ekuazioak aplikatuta astelehen berbera tokatzen delako Gaztaiñerre, baina bospasei urtetik behin suertatzen da diferentzia, eta aurten tokatu da!!!

Aurten Domu Santu eguna (azaroak 1) igandea izan da eta Arimen Eguna (azaroak 2) astelehena. Beraz...

  • Domu Santu egunaren ondoko bigarren astelehena azaroaren 9an izan da.
  • Arimen Egunaren ondoko bigarren astelehena azaroaren 16an izango da.


Biba, badaukagu diskutitzeko aukera!!!

Juan San Martinek epaia eman zuen: "Iritziak iritzi, Arimen egunetik bigarren astelehenean ospatzen da". Baina, eztabaidaren onurak ere aintzat hartzen zituen: "Jan-edan zaleentzat hain da egun ona, baziren astelehen bietan behar zela esaten zutenetarik ere, eta Guruzeta korresponsalarentzat, duda hoiek kontuan harturik, azaroko astelehen guzietan ospatu behar zen."

Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen

Oier Araolaza 2009/11/09 15:49
Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Gaia atera denean testigantzak agertzen hasi zaizkit eta Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertzen ari zaizkidan testingantza horiek blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:


Pasa den asteko etakittorako zutabea egiteko orain bi urteko blogeko sarrera reziklatu nuen. Igandean blogera igo nuen. Sustatun aipatu zuten eta hortik han eta hemen atera da kontua, adibidez ElgoiBarren-en. Radio Euskaditik deitu zidaten eta Graffitin aritu nintzen horretaz.

Orain badirudi Halloween aditu bat egin nagoela, baina... egia esan, ezer gutxi dakit nik Halloween-i buruz. Hori bai, gero eta garbiago dut nortasun gutxiko kaskarin batzuk garela. Eta badaezpada inor ez dadin izenburu sentsazionalisten sarean erori: Ez, ez dut uste Ameriketako Halloween horren jatorria euskalduna denik. Ziur aski irlandarra da eta Ameriketara joandako irlandarren komunitateak hedatu zuen AEBtan barrena.

Baina atentzioa deitzeko modu bat izan da. Geure kulturan atzorarte ospatu dugun festa bat, alboratu, ahaztu, eta orain estatubatuetatik datorrela pentsatuta berriz ere nolako indarrarekin heldu diogun ikusita, zer nolako txepelak garen oihu egiteko modu bat izan da.

Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Nik orain arte bilketa etnografikoetan bakarrik irakurrita nuen hori, baina gaia atera denean nahiko hurbileko testigantzak agertzen hasi zaizkit. Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertu zaizkidan testingantza blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:

  • Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” Orotariko Euskal Hiztegia
  • Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
  • Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
  • Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
  • Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa). 
  • Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).

 

Inork etxean horrelako konturik entzun badu utzi erantzun bat eta joango gara zerrenda osatzen.

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter