Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Axuri beltza eta Mutrikuko Gaba Beltza

oier_a 2007/10/30 11:53

Bilbon, mozorro denda batean sartu eta Halloween-en inguruko hamaika kalabaza eta mozorro ikusi nituen pasa den astean. Saltzaileari galdetu eta argi esan zidan "urtetik urtera izugarri igotzen ari da Halloween, ekartzen dudan guztia saltzen dut eta hurrengo urtean bikoitza ekarrita berriz ere agortzen zait".

Benetan bitxia da animen inguruko jai honekin (ere) gertatzen ari dena. Zinea eta telebistaren bidez Estatu Batuetako Halloween ospakizun eredua sartzen ari da, eta kuriosoena, ez gara konziente festa hori lehen ere ospatzen zela hemen. Asturias eta Galizian adibidez, orain gutxi arte ezagutu dira Domu Santu egunaren inguruan antzeko tradizioak: kalabazak hustu eta argia jartzea barruan, eta umeak etxez-etxeko errondak egitea goxokiak, jakiak edo dirua eskatuz.

Mutrikukoa ez dakit nondik etorri den, kostaldeko herriak berezi xamarrak izaten dira eta, eta bere kasa nahiko ondo moldatzera ohituak. Baina kontua da Gaba Beltza nahiko ondo sustraitu dela azken urteotan Mutrikun, eta gau horren iguruan sortu den erritual sortaren artean dantza bat errotu dela: Axuri beltza, Jaurrietako nesken dantza edo dena-delakoa.

Pasa den asteburuan ospatu dute Gaba Beltza Mutrikun, eta horren berri emanez Lea-Artibai eta Mutrikoko Hitzan artikulu kurioso bat argitaratu da. Axuri-beltzaren jatorria aztertu nahi izan du kazetariak artikulu horretan eta hara-nora bi bertsio kontrajarri nahi  izan dituen. Badirudi jatorri ezezaguna edo ez oso argia izateak misterio handiagoa ematen diola dantzari berari eta jaiari, eta ondorioz, jatorria argi eta garbi ezagutzen zaion dantza apurretako baten inguruan nahaste ederra egin du.

Gauza jakina da Juan Antonio Urbeltz-ek eta Marian Arregik sortu zutela "Axuri beltza" dantza Zaraitzun jasotako doinu zahar batekin. Dena den, esan beharrekoa da nahasterako bidea eman duena dantza talde baten webgunean dantza horri buruz ageri den "informazio" okerra dela.

Atzerritarrak Coliseuan

oier_a 2007/10/16 10:38

Luzaruan egon gera Coliseua zabaldu zain. Azkenian allau zan eta badira hillabete batzuk teloia altxatu zabala barriz. Hainbeste urteren ostian hasi gera Eibarko erdigunian antzerki, musika eta zine-klub programaziño normalizau bat eukitzen. Dantzarik ez dogu aipatu, izan ere, momentuz herriko taldiak bakarrik ikusi ahal izan dira Coliseoaren oholtzan. Eta ez dira makalak! Ballet Eibarres eta Ipuruako dantza taldea aritu dira bertan guk dakigula. Juanita Unzuetak Rusiatik bueltan Ballet Eibarres sortu zabala 50 urte sortu dira aurten, eta Pili-ren eskutik bizi-bizi jarraitzen dau Urtzaile kaleko akademiak. Nerea Lodosak kiroldegixan be urtiak daroiaz dantza sustatzen.

Baina herrikuez aparte ez dogu dantzarik ikusteko aukerarik izan Coliseuan lehenengo txanpa honetan. Egin doguz ahaleginak baina…. Inauguraziorako hamen inguruko dantza talderik onena ekarri nahi genuan: Ballet Biarritz ekartzeko eskatu genetsan Udalari. Baiezkua eman eta tratua be egin genduan. Baina obrak atzeratu eta ezinezkua gertau zan. Udazkenerako laga eta orduan ere ez da posible izan. Oin Antzerki Jardunaldietarako anunziau dittue. Baiña ez jaku gustau nola. Atzerriko taldiak anunziau eta Ballet Biarritz aittatu dabe. Txotxo, miarritzekuak etxekuak dira guretzat! Eta ez da Donostiako dantzariren bat tartian dakelako, edo gaztien baleta Donostian dakelako, edo Eibarren etxian moduan dantzatuko zabela esan zigutelako bakarrik. Ez, telefonoz deitu, euskeraz erantzun eta tratu guztiak euskera hutsin egin genituelako. Ez dira atzerritarrak ez, atzerrira deitzen dozunian ez detsue euskeraz hitzegiten eta.

Enrike Izagirre eta Oier Araolaza

Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter