Dantza, telebista eta Internet: 2008an bai ala bai
Ordenagailu aurrean jarri eta bideoak bata-bestearen atzetik irensten ditu. Youtuben sartu, saguarekin klik eta klik egin eta bideo batetik bestera ibiltzen da zaping egiten. Ikusten ari zaren bideoarekin erlazionatutakoak erakusten dizkizu Youtubek eta horietan klik eginez batetik bestera ibiltzen da "telebista" ikusten Izar. Porrotxetik Txiribitonera eta zapi txuritik maite zaitut-era.
Abisatu zuten
Hiru urteko umeak ere konturatu dira telebista-zapinga ez dela Internetekoa bezain eraginkorra. Telebistan menu bat dago eta horrekin konformatu behar. Interneten nahi duzuna nahi duzun unean aurkitu eta ikus dezakezu. Telebistako kateei itsuan sakatzen diezu, zer agertuko den jakin gabe. Interneten, Pirritx-en aurpegian klik egiten duzunean badakizu nora eramango zaituen.
Aspaldi dabiltza hango eta hemengo guruak telebista eta Interneten arteko konfluentzia iragartzen. Internet telebistaren bideo bilduma erraldoia bihurtzen ari da, nahi duzunean unean nahi duzun bideoa ikusteko aukera eskaintzen dizuna. Baina horrez gain, emititzeko aukera erabat ireki du Internetek. Edonork sor dezake bere telebista kanala sarean eta horretarako ez du behar telebista lizentziarik ez eta teknologia garestirik ere. Telebista kateen monopolioa hausten ari da sarea.
Telebista konbentzionalak oso garestia izaten jarraitzen du noski. Telebista produkzioak baliabide eta lantalde handiak eskatzen ditu, eta horiek enpresa gutxi batzuen eskuan jarraituko dute. Baina horien ondoan medio gutxirekin egindako ekoizpenek edukien, interesen eta eskaintzaren esparrua izugarri zabaltzen ari dira. Internet bideoteka erraldoia bihurtzen ari da eta bideoteka hori dagoeneko edozeinek elikatzen du.
Mundua etxeko leihotikTelebistari buruz esan izan da mundua etxetik irten gabe ikusteko aukera ematen duela. Dantzaren mundua ikusteko ez zigun balio ordea. Hurbil ditugun telebistek apenas eskaini dioten arretarik dantzari emanaldi folkloriko batzuen erabilera topikotik haratago. Orain Interneten ireki zaigu dantzaren mundua etxeko leihotik ikusteko aukera. Eta hau hasi berria izateko ikaratzen hasita nago ikusita zer agertu zaidan leiho txiki honetara.
Euskal Herriko dantzak hasi dira poliki-poliki sarera iristen. Urte batzuk daramatzat hara eta hona dantzak ikustera joaten, baina ikusi gabe nituen Foruko soka-dantza edo Ribaforadako dance-a Internetera etorri zaizkidan arte. Kretako soka-dantza apartak, Ingalaterrako morris dantzariak, eta zer esan Europako ekialdeko ijitoen dantza ikusgarriei buruz...
Youtuben dantza ikusten hasi, eta Izarrek bezala, erlazionatutako bideotik bideora saltoka orduak eman ditzake batek eta emaitzak oparoak dira.
Bada ordua
Dantzari buruz hitzegitea interesgarria da, baina dantza ikustea beste kontu bat da. Dantzaren alorrean irudiaren garrantzia izugarria da. Jarduera honen transmisio bide naturala da ikus-entzunezkoa, bideoa, telebista. Internetek ere erakutsi digu ikusentzunezkoa izaten dakiela. Orain arte dantza kontatu dugu, baina badugu dantza ikusten hasteko garaia.
Hasita gaude dantzan.com-en bideo batzuk jartzen, baina erabakita geneukan 2007an sistematikoki heldu behar geniola bideoak sareratzeari. Joan da 2007a eta oraindik salbuespen dira bideoak gurean. 2008an izan beharko du. Badaukagu urte berrirako erronka eta asmoa: Ea dantzan.com bideoa normaltasunez integratu eta dantzanTV balizko baterantz urratsak ematen ditugun.
Dantza ikasketak non?
"Edozein ergelek zuzendu dezake estatu bat eta futbol entrenatzaile izateko karneta behar da?". Piterman-ek —futbol taldeak hondoratzen espezialista den ukrainiar aberatsak— mozkorren eta eroen pareko egiak esaten dituela frogatu zuen esaldi horrekin. Arrazoi osoa zuen. Titulu gabe ezinezkoa gertatzen zaigu lanpostu txukunik —presidentearena salbu— aurkitzea. Gaur egun edozer gauza ikasi daiteke eta edozein jakintza arlotan eskura daiteke ditxosozko agiria. Badira salbuespenak ordea. Euskal dantza tradizionalean adibidez, ez daukagu ez ikasketarik ez karnetik.
Azken urteotan gero eta Musika Eskola gehiagotan ari da dantza tradizionala irakasten. Ikasleek izena gogoz ematen dute, baina gero irakasleak aurkitzen lanak dituzte arduradunek. Dantza talderen batean ibilitako edozein dantzari esku zabalik hartzen dute. Udalaren menpeko Musika eta Dantza Eskolek arazoak dituzte kontratatu nahi duten irakaslearen titulazioa justifikatzeko garaia iristen denean. Dantzako irakasleak ez duela titulurik! Nola izango du ba titulu hori ez bada existitzen!
Bilboko Alondegian Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola ezarriko dutela irakurri dugu prentsan. Antzerki eta dantza munduko hainbat lagunek plataforma bat osatu zuten horrelako eskola bat sortzeko eskaerarekin, eta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak horren ondorioz, edo horren beharrik gabe, baina eskola sortzea erabaki du.
Antzerki eta dantza ikasketak egin ahal izango dira Arte Eszenikoen eskola horretan. Antzerkiari dagokionez interpretazio zein zuzendaritza espezialiteak irakatsiko dira, eta dantzari dagokionez dantza klasikoa eta garaikidea ikasketa lerroak eskainiko dira. Baina, dantza tradizionala ikasteko aukerarik izango denik ez da aurreikusi, edo gutxienez ez da jakinarazi lehen aurkezpenean. Zer ikasia eta zer irakatsaia badago, nork ikasia ere bai, baina Piterman eta presidentea bezala, dantzariak karnetik gabe gaude.
Zenbat lagun dago gaur egun euskal dantza tradizionala ikasten? Ez dut datu zehatzik aurkitu —aurkeztu berri den Kulturaren Euskal Behatokiak lagunduko al digu honetan?—, baina kalkulu batzuk egitera ausartu naiz. Nire inguruko herrietako datuak baditut, eta horien proportzioak beste herrietara zabalduta, kalkulatu dut Euskal Herri osoan 20.000 ikasle inguru egon daitezkeela dantza tradizionala ikasten. Dantza ikasleak bakarrik sartu ditut hor, ez ditut kontuan hartu dantza taldeetan dagoeneko dantzan —nahiz eta etengabe ikasten— dabiltzan dantzari helduak.
20.000 dantzari horiei guztiei irakasten makina bat dantzari, dantza-maisu eta dantza-maistra dabiltza. Horien kalkulua egitera ez naiz ausartzen, baina mordoska bat direnik ez daukat zalantzarik. Dantza tradizionala irakasten ari direnek bere intentzio eta borondate onena jartzen dutenik ezin da ukatu, baina ezagutza eta prestakuntza aldetik biluzik gabiltzala iruditzen zait. Ikasleak baditugu, baina irakasleak, jarduera horretarako ondo prestatutako irakasleak falta zaizkigu. Tituluak behar dira, baina horren aurretik —edo batera— formazioa behar dugu. Dantzari bezala hezkuntza kaskarra dugu gehienok, eta dantza tradizionaleko irakasle lanetan aritzeko ez ezagutzarik ez prestakuntzarik ez dugu. Tituluak formazio egokia ez du ziurtatzen, baina gutxieneko bat eskaini dezake, orain hori ere ez baitaukagu.
Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren aurkezpenean esan zenez ikasgaien aukera zabaldu egin daiteke eskaeraren arabera. Hona ba eskolaren ateak ireki aurretik nire eskaera: dantza tradizionaleko ikasketak egiteko aukera eskain diezagutela.
Entzuten ikasi
Azken asteotan Donostian, Gasteizen eta Iruñean hitzaldi eta mahainguruetan parte hartzea egokitu zait. Donostian, Ikasbide elkarteak gonbidatuta "Euskal dantza bidegurutzean" izeneko txapa bota nuen, Gasteizen Folklore Akademiako ikasleei dantza maisuetaz hitzegin nien, eta Iruñean, Ortzadarren jardunaldietan, folklore erakundeen iraganez, orainaz eta geroaz aritu ginen Emilio Xabier Dueñas, Mikel Aranburu eta hirurok.
Horrelakoetarako aurkezpenak prestatzeak lanak ematen ditu, eta lan-bolada gaiztoak tokatuz gero damutu ere egiten naiz baiezkoa eman izanaz. Baina pasatakoan merezi izan duela pentsatzen dut. Gai jakin horien gainean ditudan ideiak ordenatu, birpentsatu, kolokan jarri eta nire lana egituratzen duen diskurtsoa sendotzeko mesedegarriak gertatzen dira. Batetik, norberak gogoeta egiten duelako, eta bestetik, besteen ideiak eta ikuspuntuak entzuteko aukera izaten delako.
Donostian entzule talde anitza aurkitu nuen. Ikasbide elkarteko lagunen artean dantzari ohi batzuk zeuden, baina dantzarekin inolako loturarik gabekoak ere bai, kontaktu lanak egin zituen Aitor bera tarteko. Horien erantzun eta ikuspuntuak, alorreko jendearengandik nahiko aldentzen dira, eta distantzia horrek interes berezia ematen die. Hitzaldia bukatu nuenean bakoitzak bere iritzia emateko txanda ireki genuen (12-15 lagun ziren) eta denek izan zuten zerbait esateko. Ados zeudenek beren ekarpena egin zituzten diskurtsoa osatzeko eta erabat konforme ez zeudenek ikuspuntu propioa eskaini zuten. Benetan asegarria gertatu zitzaidan.
Gasteizen Folklore akademiako ikasle, irakasle eta dantzariek ekarpen interesgarriak egin zituzten. Pedro, Jon, Elena, Marta, Janire eta konpainiak bere eskarmentua eta bizi izan dituzten gora-beherak gogoratu zituzten. Dantza-maisu terminoa eta generoa uztartzeko modua aurkitu behar dugula konturatu nintzen dantzari batek egindako gakdera kritikoari esker. Carmen Ereñok, EHUn, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean gorputz adierazpena ikasgaia ematen duen irakasleak, biktimismoak alde batera utzi eta zirrikituak erabiltzen hasi behar garela esan zigun. Bere ustez kirolaren esparruan aurki dezakegu dantzariok gure formaziorako txokoa. Ez ninduen konbentzitu ideiak, baina zer pentsatua eman zidan.
Iruñean, Emilio Xabier Dueñasek dokumentazioa eta zorroztasuna beharrezko ditugula gogorazi zidan bere aurkezpenarekin. Mikel Aranburuk maisuki marraztu zuen dantza taldeon argazkia, eta ezagutzan eta analisian ezezik, sintesi eta aurkezpen lanetan zenbat daukadan ikasteko gogorazteko lezio bikaina izan zen. Ondoren, mahaingurua hartu zuen aretoan eta baita ondoko afari-dantzaldia hartu zuen sagardotegian dantzari eta dantzazale jendearen iritziak biltzen jarraitu nuen: Juan Pedro Aramendia, Juan Carlos Ornat, Joseba Altube, Mikel Goitia, Jokin Otamendi, Ortzadarreko jendea (Mikel, Iñaki, Gotzon,..) Batzuk diskurso oso bat agertuz eta beste batzuk iritzi azkar baina zorrotz bat eskainiz, baina esandakoen eta esan gabe geratu ziren kontuen inguruko ikuspuntuekin aberastuta itzuli ginen etxera.
Badaukat damu bat ordea. Gehiegi hitzegiteko ohitura dut eta hitz gehiegi behar izaten ditut gauza gutxi esateko. Nireak esan ondoren besteenak entzuten adi egoten jakin nahiko nuke, baina ez dakit, eta nik ere hitzegiten jarraitzen dut. Ondorioz, besteen esanei denbora kentzen diet, eta gero kezka horrekin etxeratzen naiz, "zer esan nahiko zuen horrekin?", "Hasi da zerbait esaten eta eten egin diot...", "nik nireak esateko nahikoa denbora izan badut, zergatik hitzegin dut horrenbeste bestei zegokien denboran??".
Entzuten ikasi, entzuten ikasi. Badaukagu ordua eta.
Euskara nagusi omen da euskal dantza ekitaldietan
Atzo hasi eta bihar arte Kulturaren Euskal Behatokiaren jardunaldiak egiten ari dira Donostian. Lehen bi egunetan lan saio itxiak egiten ari dira, nazioarteko beste bost behatokirekin elkarlanean, eta bihar, ostirala, jardunaldien ondorioak eta behatokiak egin duen lehen txostena aurkeztuko dituzte. Aurkezpen hori entzutera joatekoa naiz.
Lehen txosten horren ondorioen aurrerapen bat agertu da gaur komunikabideetan (Berria, Gara eta DV adibidez). Dantzari dagokioenez kopuru eskasak, ohiko legez. Arte eszenikoetan, EAEko 650 aretotan 2005ean eskaini diren 2816 emanaldietatik 2557 antzerki emanaldiak izan ziren eta 179 dantzakoak. Horrelakoetan beti pentsakor geratzen naiz aire libreko emanaldiak, alegia, plaza, kale eta frontoietan egiten direnak, zein ataletan jasotzen diren, edo besterik gabe, ez diren kontuan hartzen. Izan ere, dantza tradizionaleko emanaldi gehienak aire librean egiten dira.
Baina oraingoan sorpresa pozgarri bat ere aurkitu dut prentsako aipamenetan. Diario Vascon honela jaso dute (ez dut horren aipamenik aurkitu beste egunkarietan) euskararen erabilerari buruz:
"En general, puede decirse que el euskera tiene una presencia testimonial o muy discreta -el 2% en cine, el 11% en teatro, el 24% en los conciertos, el 24% en los fondos bibliotecarios...- en las actividades culturales, con la salvedad del mundo de las danzas vascas, donde su predomio es abrumador".
Alegia, euskal dantza ekitaldietan euskara nagusi dela. Aitortu behar dut sorpresa izan dela hori niretzat. Susmoa banuen euskal dantza tradizionalean gero eta euskara gehiago erabiltzen ari zela, baina ez nuen esango horrenbestekoa zenik. Ziur aski, dantza taldeon barne dinamiketan gauzak ez dira horren garbi egongo, baina hala ere, poztekoa iruditu zait euskal dantza ekitaldietan nagusiki euskara erabiltzen dela jakitea.
Gure dantzen historia egiteko baliabideak eskura
Gipuzkoakulturan irakurri dut gaur KOLDO MITXELENA Kulturuneak bere fondoetan dituen hainbat argitalpen digitalizatu dituela. Prentsa digitalizatua atalean daude erabiltzaile ororen eskura.
Digitalizatu eta denon eskura jarritakoen artean Argia, Baserritarra, Euskadi Roja, Euskal Esnalea, La Voz de España edo Euskaleerriaren Alde aldizkariak daude.
Dantzariontzat, gure dantzen historiaren nondik norakoak ezagutu nahi ditugunontzat, ekarpen bikaina da hau. Aldizkari horiek orain arte liburutegi eta artxibo batzuetan aztertu zitezkeen, baina orain etxetik zein bulegotik, edozein ordenagailutik ikusi daitezke. Gainera pdf formatoan daude eta nahi den orria zeure ordenagailura jaitsi dezakezu eta bertan gorde.
Material guzti horrek egin gabe daukagun euskal dantzaren historiarentzat zein interes duen ikusteko adibide bat. Har dezagun Euskal Erriaren Alde. 1911-1931 bitartean argitaratu zen aldizkari hori eta besteak beste garai horretan ospatu ziren hainbat Euskal Jai edo Lore Jokoren kronika ederrak biltzen dira bertan.
110. orrian (494 jatorrizkoan) bordon-dantzariak aipatzen dira, diputazioko ordezkariei harrera egiten eta udaletxera sartzeko bordon-dantzariek arkua egin zutela dio: "formaron el arco con sus pintorescos bastones".
Hurrengo orrian berriz (111-112 digitalak, 495-496 jatorrizkoak) aipamen interesgarri hau aurki dezakegu: "Domingo, dia 27. (...) una docena de muchachos tolosanos convertidos en pocos días por el renombrado Pujana de Villafranca en habilidosos ezpata-dantzaris, bailaron muy bonitas danzas que fueron aplaudidas con entusiasmo".
Ohorezko aurreskuaren inguruko xehetasunak (498. orr.), argazki bat (499. orr) aurresku txaplketaren kronika ere jasotzen da
"En la Plaza de los Fueros, á las cinco, se verificócon gran animación el concurso de aurreskularis, en el cual obtuvo el premio primero el popular Amoña, de Zarauz, quien a pesar de sus ochenta años conserva bríos para vencer a los jóvenes. El segundo premio fué para el agil Zumeta; el tercero para Pujana (hijo), para Aurre el cuarto, y el quinto para Chomin, de Hernani."
(121. orr. digitala, 505. orr. jatorrizkoa)
Pujanak Tolosako gaztetxoekin prestatutako dantzari-txiki taldearen emanaldiaren egitaraua jasota dago: "El tercer número estuvo á cargo de os dantzari-chikis instruidos por Pujana. Bailaron ocho danzas por este orden: Kontrapas, Brokel-dantza, Ezpata-dantza, San Juan-dantza, Uztai-dantza, Makil-haundi-dantza, Zinta-dantza, y Arku-dantza. Cada número valió a los pequeños dantzaris y á su maestro una merecida ovación". 131-132 (515-516)
Eta beste aurresku baten kronika, parte hartzaileen izenekin, eta dantzarien erakustaldiaren inguruko iruzkinekin:
"Los protagonistas se lucieron mucho; de los otros, unos bailaron bien, otros regular y otros... no bailaron. El "aseri-dantza" del dia 29 será famoso en los anales de algunas vidas particulares. ¡Ayek larriak, jaunak! En fin, cada uno hizo lo que pudo,y todos no hartamos de aplaudir y de disfrutar."
Ikusten denez, aldizkari eta kronika bakar batean hainbat informazio interesgarri:
- Bordon-dantzariekin batera Jose Lorenzo Pujanak prestatutako tolosako dantzari-txiki talde bat aritu zela, ta beraz Pujanak Tolosan ere bere dantzakeraren arrastoa utzi zuela...
- Aurreskulari txapelketan hainbat aipemen interesgarri, Candido Pujana edo Amuña adibidez. Amuñari orain ere 80 urtetik gora egozten dizkiote, baina Xabier Etxabek argitu zuenez 70 urte izango zituen Tolosako txapelketan.
Axuri beltza eta Mutrikuko Gaba Beltza
Bilbon, mozorro denda batean sartu eta Halloween-en inguruko hamaika kalabaza eta mozorro ikusi nituen pasa den astean. Saltzaileari galdetu eta argi esan zidan "urtetik urtera izugarri igotzen ari da Halloween, ekartzen dudan guztia saltzen dut eta hurrengo urtean bikoitza ekarrita berriz ere agortzen zait".
Benetan bitxia da animen inguruko jai honekin (ere) gertatzen ari dena. Zinea eta telebistaren bidez Estatu Batuetako Halloween ospakizun eredua sartzen ari da, eta kuriosoena, ez gara konziente festa hori lehen ere ospatzen zela hemen. Asturias eta Galizian adibidez, orain gutxi arte ezagutu dira Domu Santu egunaren inguruan antzeko tradizioak: kalabazak hustu eta argia jartzea barruan, eta umeak etxez-etxeko errondak egitea goxokiak, jakiak edo dirua eskatuz.
Mutrikukoa ez dakit nondik etorri den, kostaldeko herriak berezi xamarrak izaten dira eta, eta bere kasa nahiko ondo moldatzera ohituak. Baina kontua da Gaba Beltza nahiko ondo sustraitu dela azken urteotan Mutrikun, eta gau horren iguruan sortu den erritual sortaren artean dantza bat errotu dela: Axuri beltza, Jaurrietako nesken dantza edo dena-delakoa.
Pasa den asteburuan ospatu dute Gaba Beltza Mutrikun, eta horren berri emanez Lea-Artibai eta Mutrikoko Hitzan artikulu kurioso bat argitaratu da. Axuri-beltzaren jatorria aztertu nahi izan du kazetariak artikulu horretan eta hara-nora bi bertsio kontrajarri nahi izan dituen. Badirudi jatorri ezezaguna edo ez oso argia izateak misterio handiagoa ematen diola dantzari berari eta jaiari, eta ondorioz, jatorria argi eta garbi ezagutzen zaion dantza apurretako baten inguruan nahaste ederra egin du.
Gauza jakina da Juan Antonio Urbeltz-ek eta Marian Arregik sortu zutela "Axuri beltza" dantza Zaraitzun jasotako doinu zahar batekin. Dena den, esan beharrekoa da nahasterako bidea eman duena dantza talde baten webgunean dantza horri buruz ageri den "informazio" okerra dela.
Atzerritarrak Coliseuan
Luzaruan egon gera Coliseua zabaldu zain. Azkenian allau zan eta badira hillabete batzuk teloia altxatu zabala barriz. Hainbeste urteren ostian hasi gera Eibarko erdigunian antzerki, musika eta zine-klub programaziño normalizau bat eukitzen. Dantzarik ez dogu aipatu, izan ere, momentuz herriko taldiak bakarrik ikusi ahal izan dira Coliseoaren oholtzan. Eta ez dira makalak! Ballet Eibarres eta Ipuruako dantza taldea aritu dira bertan guk dakigula. Juanita Unzuetak Rusiatik bueltan Ballet Eibarres sortu zabala 50 urte sortu dira aurten, eta Pili-ren eskutik bizi-bizi jarraitzen dau Urtzaile kaleko akademiak. Nerea Lodosak kiroldegixan be urtiak daroiaz dantza sustatzen.
Baina herrikuez aparte ez dogu dantzarik ikusteko aukerarik izan Coliseuan lehenengo txanpa honetan. Egin doguz ahaleginak baina…. Inauguraziorako hamen inguruko dantza talderik onena ekarri nahi genuan: Ballet Biarritz ekartzeko eskatu genetsan Udalari. Baiezkua eman eta tratua be egin genduan. Baina obrak atzeratu eta ezinezkua gertau zan. Udazkenerako laga eta orduan ere ez da posible izan. Oin Antzerki Jardunaldietarako anunziau dittue. Baiña ez jaku gustau nola. Atzerriko taldiak anunziau eta Ballet Biarritz aittatu dabe. Txotxo, miarritzekuak etxekuak dira guretzat! Eta ez da Donostiako dantzariren bat tartian dakelako, edo gaztien baleta Donostian dakelako, edo Eibarren etxian moduan dantzatuko zabela esan zigutelako bakarrik. Ez, telefonoz deitu, euskeraz erantzun eta tratu guztiak euskera hutsin egin genituelako. Ez dira atzerritarrak ez, atzerrira deitzen dozunian ez detsue euskeraz hitzegiten eta.
Enrike Izagirre eta Oier Araolaza
Piparpotoaren erotika
Lizartzan Regina Otaola eta Espainiako banderarekin antolatu den zirkoari begiratu dio Zaldieroak.
"Kolore konbinazio hau berria de hemen!!" dio hor Lizartzako biztanle batek, baina hori ez da egia. Lizartzan piparpotoa lehen ere oso ikusia eta erabilia daukate. Regina bertara iritsi aurretik Lizartzako biztanleak berak arduratzen ziren espainiako bandera beren udaletxeko balkoitik zintzilikatzeaz.
Argazki hau 2004ko inauterietan ateratakoa da. Inauteri dantzak ikustera joan ginen Lizartzara eta herriko plazara iritsitakoan sorpresa, demaseko piparpotoa balkoitik zintzilikatuta. Azaldu zigutenez Joseba Egibar alkate zutenez herriko gehiengoaren borondatearen kontra, EAJren espainolkeria salatu nahi izan zuten modu horretan.
Guri deigarria egin zitzaigun ikustea nola apaindu zuen bere plaza nagusia jaietarako bere burua euskalduntzat eta ez-espainoltzat duen herriak. Orain Regina Otaolak gauza bera egin nahi izan duenean iskanbilak. Reginarentzat gomendioa: jar dezala berak ikurrina balkoian eta euskalduna dela aldarrikatu. Etorriko dira beste batzuk eta bera PPkoa eta espainola dela leporatuko diote, eta hori salatzeko beste horiek arduratuko dira piparpotoa udalean jartzeaz, eta gainera iskanbila gabe.
Aurten, Elgoibarko San Bartolome jaietan, piparpotoarekin lotutako beste kontu polit bat ikusi dut. Meza nagusia, soka-dantza eta Musika bandaren emanaldia izaten dira San Bartolome egunaren osagai nagusiak. Soka-dantza presiditzen udal-batza osoa izaten da, ohorezko tokian eserita, Udaletxe aurrean.
Elgoibar Einbiouko bi kide, beraien alderdiaren legez kanporatzea salatzeko eta udalbatzan izatea tokatzen zaiela aldarrikatzeko gainontzeko zinegotzien ondoan eseri ziren. Eta isilarazi nahi dituztela salatzeko piparpoto bat jarri zuten ezpainetan.
Bukatu zen soka-dantza, eta bietako batek jaso zituen bi piparpotoak. Arretaz tolestu eta txukun-txukun sartu zituen poltsikoan zinta gorri-horiak. Alboan nuen lagunari esan nion: "Hau da hau marka, ez da egongo beste inor Elgoibar osoan, piparpotoa horrelako txukun tolestuta poltsikoan gordeta izango duenik, ezta etxean piparpotorik duenik ere!"
Total, ustez estima gutxien diotenak direla piparpotoa ongien zaindu eta haizeratzen dutenak!
Ostadarra Txantxazelaixan
Ikuskizun ederra izan genuen atzo arratsaldean etxe aurrean. Aspaldi ez nuen gogoratzen horrelako ostadar, ortzadar edo erromako zubi ederra. Oso-osorik osatu zen, eta han egon zen 20 bat minutuz, kieto, gure aurrean.
Argazkiekin saiatu saiatu nintzen, baina nire ezjakintasuna agerian utzi zuen. Ez nuen inondik inora lortu ikuskizuna islatzea. Ziur aski photoxoparekin ere konpondu zitekeen kontua, baina hori ere apenas dakit erabiltzen, beraz, benetakoaren edertasunik gabe geratu zait argazkia.
Txapelketak, ereduak eta mahainguru bat
Ekain jaio bezperan, irailaren 6an, Donostian geunden Ainhoa eta biok, Trikitixa elkarteak antolatutako Infernuko Poza jardunaldietan.Txapelketak hartu dituzte gogoeta-gai trikitlariek aurtengo jardunaldietan. Miel Anjel Elustondo eta Joseba Tapiak hitzaldi bana eskaini zuten aurreko egunetan, eta ostegunean Koldo Tapiak moderatuta Imanol Urkizu, Koldo Iparragirre eta neu gonbidatu gintuzten txapelketaren inguruko mahaingurura.
Koldo Tapiak egin zuen sarrerakoa eta trikitixak bere funtzio soziala aztertu eta funtzio hori definitzearen interesaz aritu zen. Ondoren bost minutu eman zizkigun mahaikide bakoitzari gure ikuspuntua agertzeko. Imanol Urkizuk eta Koldo Iparragirrek txapelketen alde hitzegin zuten. Imanolek leiha eta enbidien lapikotzat baino lagunak egin, ikasi eta ondo pasatzeko jaialditzat ditu txapelketak. Koldok bere ikasleak motibatu eta trikitiaren aldeko giro zabalago bat lortzeko tresnatzat du txapelketa. Ni txapelketen albo-kalteetaz aritu nintzen. Azpian jarri dut nik esandakoa.
Hortik aurrera entzuleei eskaini zien hitza moderatzaileak. Hitzegin zutenen artean Joseba Tapiak esan zituen nire ustez gauzarik interesanteenak. Gainontzean ekitaldiak berak, gure aurkezpenetatik hasita, ez zuen mami gehiegirik izan. Eztabaida antzu samarretan galdu ginen, baina diskurtso nahiko pobreak erabili genituen.
Jardunaldien jarraipena bitxia izan da prentsan. Lehen bi egunetako hitzaldien kronikak (hemen Elustundorena eta hemen Tapiarena) jaso zituen Berriak, baina mahaingurua ez zuen kubritu. Mahaingurua hasi, mahaikideok gure aurkezpenak egin, lehen galderak eta iritziak gurutzatu, eta ekitaldia bere azken txanpan sartu zenean gizon bat sartu zen aretoan. Felix Ibargutxi kazetaria zen. Aretoaren azken lerroan eseri zen, eta bi egunera argitaratu zuen Diario Vascon ekitaldiaren kronika. Bertan hauxe zioen nigatik Ibargutxik "Honek ez zion txapelketari batere alde onik ikusten". Mahainguru erdia ikusi eta nire aurkezpena entzungabe idazteko nahiko afirmazio ausarta iruditzen zait. Hasieratik entzun izan balu ekitaldia jakingo luke nire ustez txapelketak tresnak direla, gure helburua lortzeko eraginkorrak direnak, baina helburuek kezkatzen nautela ni batez ere.
Bukatzeko, Ibargutxiren kontrara, niri iruditu zitzaidan ez direla asko txapelketa eskatzen ari diren trikitizaleak (Donostiara behintzat ez ziren asko azaldu) eta aldekoek diskurtsoa nahiko ahula dutela iruditu zitzaidan. Baina poz handiz ikusi nuen trikitixa elkarteko kideek heldutasun izugarriz plazaratu dutela eztabaida. Horiek bai ideiak oso argi dituztela, txapelketa tresnatzat dute, ez da beraien lehentasuna, baina aldeko indar handia antzematen badute babestuko dute. Niri iruditzen zait txapelketa nahi duenak proposamen eta diskurtso landuagoa prestatu beharko duela bere ametsa bete nahi badu.
Infernuko Poza Jardunaldiak - Txapelketak
Donostia, 2007-09-06
Ni dantzaria naiz eta ez dut inoiz txapelketa batean ere parte hartu, beraz, nire iritzia, txapelketak inbidiaz eta amorruz begiratu dituen galtzaile fustratu eta koldar baten iritzitzat har dezakezue lasai.
Aste honetan bertan, mahainguru hau buruan nuela irakurri ditudan bi aipamenekin hasiko naiz:
Alfonso Sastrek Artez aldizkarian idatzitakoa da:
"Nire iruditan, kulturaren alorrean arte-lan edo autore bati lehen saria ematea bidegabekeria bat da. Alor honetan ez baitago lehenengo zenbakiri, ez dago garailerik [numero 1 dio berak] kirol karrera edo futbol ligan dauden bezala."Pasa den astean Argia aldizkarian Amets Arzallusek Judith Montero musikaria elkarrizketatu zuen, saxofoi-jolearen hitz hauek ekarri ditut:
"Uste dut teknika bidea dela, tresna, zuk nahi duzuna adierazteko. Arazoa da batzuentzat helburu bihurtzen dela teknika, eta helburu bihurtzen denean hutsa da teknika. Musikak bestelako arima behar du. Agian birtuosoaren karreran teknika oso garrantzitsua izango da, lehiaketaz lehiaketa ibiltzeko, eta irabazteko teknika handia behar duzulako, baina azkenean kirola bihurtzen da. Niretzat bata kirola da, eta bestea artea. Mikel Laboa, esate baterako: Mikel Laboak ez du teknikatik begiratuta ondo kantatzen, ez luke opera kantatu ahal izango era horretan... Baina zer da"Zer daondo? Zer du Mikel Laboak? Duen ahotsa oso berea dela, oso ahots berezia, oso polita, eta egiazkotasun handia du. Horrek balio du."
ondo?" galdetzen du Judith-ek eta uste dut horixe dela funtsezko galdera. Txapelketen antolatzaileek uste dute galdera horren erantzuna dutela eta horren arabera hasten dira txartelak banatzen, zu ondo, zu okerrago... Ondo jotzeak, ona izateak, onena izateak adierazten du eredu zehatz batera gehien hurbiltzen dena dela. Zerbait ona, bikaina, primerakoa dela esaten dugunean, eredu dela esaten ari gara. "Ona" zer den elkarrekin adosten badugu biok "eredu" berarekin funtzionatzen dugula esan nahi du. Alorrari bultzada bat ematea, ikusleak erakartzea, interprete berriak ezagutzera ematea, teknika hobetzea eta abar izaten dira txapelketak antolatzeko erabiltzen diren arrazoiak. Helburu horiek betetzen diren ala ez eztabaida daiteke besteak beste txapelketa interesatzen zaigun ala ez erabakitzeko. Nik nahiago dut albo-ondorioetaz hitzegin. Hasieran aurreikusten ez diren, edo behintzat normalean aitortzen ez diren ondorioetaz. Eta batez ere txapelketek nire ustez betetzen duten funtzio garrantzitsuenari begiratuko diot. Txapelketak eredu sortzaileak dira. Txapelketek izugarrizko indarra dute ereduak sortu eta sustatzeko. Txapelketetan sortu, erabaki eta hedatzen da zein den alor horretako eredu ideala. Txapelketako irabazleak dira gainontzekoentzat ispilua eta ondo dantzatzea edo ondo jotzeak zer esan nahi duen hezur-mamitzen dutenak. Txapelketak lehenengo eta behin eredu hegemoniko bat dagoela eta egon behar dela sinestarazten digu, eta bestetik eredu hori zein den zehazten digu. Txapelketaren sustatzaileek erabaki duten eredua alor osoari zabaldu eta goitik behera ezartzen da txapelketen bidez.Eta txapelketari telebista gehitzen badiogu eraginkortasuna erabatekoa izango da.
Alor batek oso argi badu zein izan behar den bere eredua, tresna eraginkorra da txapelketa hori bultzatzeko. Baina eredua ez badu argi, edo halako batean aldatzen hasten bada liskar iturria izango da. Trikitixaren munduak badaki horren berri. Orain 20 urte gertatu ziren liskarrak trikitixa ulertzeko eredu desberdinen arteko liskarrak izan ziren. Trikitixaren eredu hegemonikoa aldatzen hasi zen txapelketan eta horrek eragin zuen txokea.
Talde batek garbi duenean zein izan behar den eredu ideala txapelketa izan ohi du eredu hori hegemoniko bihurtzeko tresna eraginkorrena. Bertsolaritzaren munduan kontsentsu maila nahiko altua lortu da bertsokera ereduaren inguruan. Eraiki dutena nahiko irekia eta eklektikoa izan da, eta horrek lagundu du ahalik eta bertsolari gutxien geratzen kanpoan. Baina txapelketak ereduak estutu eta zorrozteko makinak dira, eta bere bidetik aldentzen direnak baztertu, itzaleratu eta ezkutatzeko gaitasun harrigarria dute.
Baina ereduen arteko leihaz haratago, eredu nagusi baten beharra ba ote dagoen da nire kezka. Txapelketek ez dute eredu aniztasunean sinesten. Txapelketek eredu desberdinak egon daitezkeela onartzera iritsiz gero ere, eredu horien artean erlazio hierarkikoa planteatzen dute, eta bere lantzat du hierarkia hori ordenatu eta bere gustuko ereduaren nagusitasuna zertifikatzea.
Nik ez dut eredu baten nagusitasunean sinesten, baina ereduak behar direla argi daukat. Nire gustorako ereduen aniztasunean eta horien arteko elkarbizitzan eta orekan oinarritzen da alor baten osasuna. Eta horretarako ereduak ezagutzea funtsezkoa iruditzen zait. Gaur egungo ereduak bizirik daude eta zuzenean ikusteko, irratian entzuteko zein haien CDa kopiatzeko aukera dugu. Eta orain gainera Trikitixa elkartearen lanari esker atzoko ereduen berri izan eta haien nondik-norakoak ezaugutu eta haien musika entzuteko aukera bikaina dugu.
Eskerrikasko.


