Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zuriak eta beltzak Artzeren poesian

Zuriak eta beltzak Artzeren poesian

xme 2014/10/24 10:06
Autore bat aipatu beharko banu, modatik aparte ibili, kultur giroan nabarmentzen batere saiatu ez, eta hala ere nola-hala beti presente egon dena, Joxan Artze izango litzateke hori.

Astearte honetan bertan ikusi genuen hainbat poesiazalek, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, “Nola belztu behar zuria” ikuskizuna, Bide Ertzean musika-taldeak eta Oier Guillan eta Asier Sarasola aktoreek eskainia. Artzeren azken bi poema-sortetan oinarrituriko ikusgarria izan zen; biak ere joan den urteko Durangoko Azokan kaleratuak, eta itxuraz bezala tituluz ere liburu bakarra diruditenak arretaz erreparatu ezean: Heriotzaren ataria dugu bizitza, bata, eta Bizitzaren atea dukegu heriotza, bestea. Bertako testuetatik abiatuta, kanta zenbait sortu eta interpretatu zituzten Ubeda anaiek eta Aranzegik, ohi duten dotorezia finez; Guillanek eta Sarasolak, berriz, poemak errezitatu ez ezik, dramatizatu eta biziarazi egin zituzten, indartsu eta sendo. Guztira, hitzaren eta sormenaren balioa azpimarratu zuen espektakulu eder eta atsegina.

Edertasun atsegin horretan, baina, Artzeren poemak eman arren, haren mezua, ez ezkutatu, baina nolabait leundu egin dela esango nuke. Izan ere, usurbildarraren azkenaldiko testuak (azken hogeitaka urteetakoak) irakurri dituenak badaki ez direla batere goxoak gure gizartean ezker-eskuin nagusitu diren bizimoldeentzat. Labur eta motz esanda, Artzek bizitzaren ikuspegi kontserbadore bat dauka, lehengo bizimodu eta sinesteak goraipatzen dituena, erlijioaren iturritik izatearen esentzia betikoa bilatzen duena; “karka bat” esango lukete gazteek, baina hitzaren dohainaz hornitua.

Hala ere, bitxia da ikustea nola Artzeren testu ezagunenak, oraindik ere, oso bestelakoak diren. 60 eta 70eko hamarkadetako liburuetakoak eta, batez ere, Mikel Laboak abesti bihurtu zituenak: “Hegoak ebaki banizkio”, “Ai, nire juaneteak”, “Zu”… Batek galdetu liezaioke bere buruari nola ezkontzen diren orduko inkorfosmimoa eta gaurko jarrera atzerakoia edo. Lehengo bere joera batzuk espresuki ukatu baditu ere (“Ama hil zait” poemaren bertsio berrituarekin, esaterako), ez nuke esango traiziorik egon denik konbertsio horretan, bai garapen eta bilakaera. 1960ko hamarraldi hartan gizarte itxi baten hipokrisia salatzen zuen Artzek, baita materialismo merke baten amets kontsumistak ere, garaiko gazte ezkertiar eta kontestatarioek egiten zuten bezala. Gerora, benetakotasunaren kezka existentzial horrek, protesta sozialaren forma hartu ordez, bilaketa espiritual baten bidea hartu zuen; hippiek bezala, Ekialdeko filosofia eta erlijioak horretan lagungarri izan zituela esango nuke (Ortzia lorez, lurra izarrez 1987ko lanean nabarmen), baina gerora txikitako eliza katolikoaren altzora itzuli zen.

Desadostasuna agertzeko bada ere, irakurtzea merezi duen poeta, Joxan Artze.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian kaleratua, 2014ko irailaren 13an)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.