Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan zinema

Nire uste harroan

zinema

Godfather errusiarra

Hasi da Donostiako 55. Zinemaldia, sail ofiziala inauguratu duen "Eastern promises" (Ekialdeko promesak) filmarekin, David Gronenberg zuzendariak Londresen kokatutako Errusiako mafiaren gainean egin duen pelikula ikusgarria.

Kontatzen dute Francis Ford Coppola-k "Aitajauna" film mitikoa egitean AEBko italiar mafia erretratatzearekin batera, talde horren iruditeria sortu ere egin zuela nolabait, alegia, geroztik film hartako aktoreen jarrera, hizkera eta mugimenduak imitatu izan dituztela egiazko mafiosoek.

Hala den edo ez den ezin jakin dezaket nik, baina susma liteke Errusiako mafiak ("Vory v Zakone" omen du izena, orain jakin dugunez), bere adarrak Europa osoan zabaltzearekin batera, nola-halako lustre zinematografikoa nahi baldin badu, hauxe izango duela mesanotxeko DVD kuttuna. Zuzendaria neurri batean tipismo horren bila ibili dela esan liteke (edo Coppolari keinu eta omenaldika), adibidez errusiar amoña guztiak "Oci ciorne" kantari erakusten dizkigunean, baten 100. urtebetetzean, Piterman-en antza duen soinujoleak gidaturik.

David Cronenberg bere irudi bortitzengatik da ezaguna (gogora datozkit "The Fly" remakea, "Crash", "The naked lunch" eta beste). Eta hemen ere ez da epelkerietan ibili ikusleon sentiberatasunarekin (lepoa egindako gorpu izoztua ile-lehorgailu batekin berotuko dute, zurruntasuna galdu ostean hatz-mamiak errazago mozteko, esaterako), aldi berean umore-ukitu beltz batzuk nabari daitezkeen arren. Norberak halako eszena gogorren aurrean izan dezakeen jarrera gorabehera, esan liteke horiexek direla filmaren une biribilenak, gainerakoan txukun ibili baita, baina publikoa harritzea edo hunkitzea lortu gabe.

Aktoreen artean, Viggo Mortensen dugu protagonista, eta baliteke askok goraipatzea nola biribildu duen mafioso hotzaren rola, baina, zer nahi duzue esatea, hotzaren hotzez sorgortuta eta jelatuta dagoela ematen du (Clint Eastwood eta Terminator 2-ko cyborg-aren arteko erdibidea edo).

Besterik? Bada, gustura ikusten dela pelikula; ez duela akatsik esateko; Armin Müller-Stahl ("Musika kaxa" filmeko nazi hungariarrarena egiten zuena) benetan gertatzen dela beldurgarria aitajaunarena egiten; eta benetako Vory v Zakone halakoa bada (edo film hau imitatzen badu), hobe dela haiekin estropezu ez egitea.

Gaur arratsaldean, Zabaltegi saila zabaltzeko, Europa Ekialdeko kontuak berriz ere "4 luni, 3 saptamani si 2 zile" film errumaniarrarekin (Lau hilabete, hiru aste eta bi egun), Ceaucescuren azken garaietan legez kanpo abortatu behar duen neska gazte baten gorabeherak.

Xabier Mendiguren 2007/09/20

Ekarpen xume bat nazioarteari

Joan den astean zientzia fikziozko film eder bat ikusi nuen gure herriko zine-klubean: "Code 46", Michael Winterbottom beti harrigarri eta ia beti jenialarena; haren pelikula pare baten kritikak egin ditut lehen ere (hemen eta hemen ); gaurkoan, baina, oso bidenabar baizik ez naiz zinemaz mintzatuko.

Zientzia fikziozkoa dela esan dut, eta nabarmena da Ridley Scott-en "Blade Runner"i egiten dion omenaldia, baina genero horretako filmen aldean oso bestelakoa da hau: jantziak, dekoratuak, atrezzo guztia gaur egungoa da, inongo futurismo ahaleginik egin gabe (ezinbesteko tresna koxkorren batzuk salbu). Hartara, giroarekin horditu beharrean istorioan bertan kontzentrarazten gaitu zuzendariak, eta balizko gizarte hori guregandik zein hurbil dagoen iradokitzen.

Xehetasun futurista bat du, hala ere, hemen aipatu nahi dudana: pertsonaiek ingelesez hitz egiten dute, baina euren hizkuntza hori beste hainbat hizkuntzatako hitz eta esalditxoz zipriztinduta dago. Nolabait ere sujeritu nahiko balu bezala etorkizunean halako pidgin nahastu baterantz goazela denok. Gaztelaniazko berbei antzeman nien ("chico o chica"), italierazkoei, frantsesezkoei, arabierazko agurrari ("salam"); izango ziren ezagutu ez nituen beste hainbat hizkuntza ere (txinera, errusiera, alemana?), baina halako batean "agur" esan zioten elkarri bi pertsonaia nagusiek. Ustekabean harrapatu ninduen gure hitzak, eta poztu ere bai, Winterbottom herri txiki honekin gogoratu zelako, eta mintzairen nahaste-borrastean lekutxo bat opa diolako. Despedidarako besterik ez bada ere.

Xabier Mendiguren 2006/01/30

Aldeano azkarrena

Zinemaldia amaitzeko Roger Donaldson zeelandaberritarraren "The world's fastest Indian" (Munduko Indian azkarrena) eskaini dute, lehiaketatik kanpo: abiadura-marka bat hautsi nahi duen xahar baten epopeia antzekoa, zapatu arratsaldeko telebistarako maila ozta-ozta ematen duena, eta bere burua aintzat duen zinemaldi batean lekurik beharko ez lukeena, inondik ere.

Burt Munro benetan existitu omen zen: Zeelanda Berriko herri txiki bateko pertsona xaloa, abiadurarekin txoratua, eta bere moto xaharra (Indian bat) konpondu eta moldatu jardun zuena urte luzez, ahalik eta makinarik lasterrena bihurtzeko. Anthony Hopkins ospetsuak gorpuzten duen motozalea AEBra abiatzen da 1960 aldera, hantxe baitago, Utah-ko gatz-laku lehortu batean, errekorra egiteko aukera egokiena.

Filmaren osagai nagusia, Burt jatorra Kaliforniara iritsi eta amerikarrekin dituen topaketak dira: aldeanoa modernoen artean. Crocodrile Dundee datorkigu berehala gogora, edo, erreferentzia hispanoa nahiago baduzue, Paco Martinez Soria. Txisteak, merkeak benetan; jendea, ez sinesteraino zintzoa. Eta gozo-poto horrekin guztiarekin, ikusleak sutan amaitzen du.

Izan ere, zinema berritzailea egin nahi duten egileekin ausartzea ondo dago, horretarako dira jaialdiak eta horregatik barkatzen duzu film arraro eta ulergaitzak ikustea; baina Hollywoodeko film komertzial benetan kaxkar, eskas eta aspergarri bat izatea itxierarako aukeratu dena, lotsagarria da; Anthony Hopkinsi Donostia saria eman behar baliote tira: iaz Jeff Bridges eta Annette Bening-i eman zieten, eta bien azken filmak ikusi genituen, hau baino mila aldiz txukunagoak. Baina aitzakia hori ere ez dago!

Ez dakit gure zinemaldiko arduradunek aldeano azkarrarena egin nahi izan duten, Kalifornia aldean ziria sartu dieten edo zer. Dena dela, hobe ahaztea.

Xabier Mendiguren 2005/09/24

Perla koxkor bat, Paris eta Lisboa bitartean

Chema de la Peña eta Gabriel Velazquez zinemagile espainiarren "Sud Express" izan dugu lehiaketa ofizialeko azken filma, bihar saila itxiko duen "The World's Fastest Indian" lehiatik kanpo aurkezten baita. Orain arte esandakoak esanda eta ikusitakoak ikusita, fede handirik gabe sartu gara aretora baina, hara ustekabea, pelikula eder eta hunkigarri bat gozatu ahal izan dugu.

Lisboa eta Paris lotzen dituen trena da Sud Express. Trenaren ibilbide horrek lotutako hainbat hiri, pertsonaia eta istorio dira, halaber, filmean erakusten zaizkigunak: gazte angolar bat, Lisboan erloju saltzen bizimodua atera ezin eta Futuroscope-n zelan doakion probatu nahi duena; Portugalgo herrixka batean elkarrekin baina elkar ikusi ezinda bizi diren bi anaia; Salamancan, etxalde zabal bateko jabearen eta kapatazaren arteko istorio bat, batetik, eta bi gazteren artekoa, bestetik; Mirandan fruta-biltegi batean lan egiten duen marokoarra, Baionan daukan andregaiaren bila doana; Parisko taxista arrazista bat, emakume portugaldar batekin ezkondua...

Istorio arruntak dira guztiak ere, eguneroko bizitzatik hartuak diruditenak, eta naturaltasun hori azpimarratzera jo dute bi zuzendariek, aktoreen interpretazio doiekin, muntaketa soil eta plano luzeekin, musikaren ordez isiltasuna erabiliz... Bakardade handi bat sumatzen da istorioen atzetik, bizitzak esperantza handirik eskainiko ez balie bezala, baina ez dago tragediarik, bizia ez baita gelditzen, trena ere gelditzen ez den bezala.

Ez nituen ezagutzen De la Peña eta Velazquez; badirudi bi gazte direla, Salamancakoak, orain arte film laburretan ibili direnak. Gure Altuna-Esnal bikotearen antzera-edo. Txiste ezagun bat moldatuz esan genezake, "nola liteke bi salamancar peto-petok horrelako pelikula bat sortzea?". Izan ere, ez estetikan, ez istoriora hurbiltzeko moduan, ez pertsonaiak tratatzeko eran ez baitirudi espainola denik (Gual-Wallovits bikotearen "Smoking Room" hura eta hau, Espainian azken aldian eman dituen alerik azpimarragarrienak).

Sud Express hori igarotzen da Euskal Herritik ere, eta filmak erakusten ditu, laburki, Euskal Herriko zenbait bazter, eta baita euskara entzunarazi ere, beste hizkuntza askorekin batean: portugesa, arabiera, espainola, frantsesa... Xehetasun txiki bat besterik ez da hori, baina zuzendariek beste alor askotan ere erakutsi duten sentiberatasunaren adierazgarri. Ez dakit sarietan suerterik izango duen, baina nire esku balego ez litzateke, inola ere, esku-hutsik joango. Estu samar jarrita, Winterbottom-ena eta hau izan baitira goi mailako zinema ikusten ari ginela sentiarazi diguten bakarrenetakoak.

Xabier Mendiguren 2005/09/23

Gainbehera baten kronika

Simon Staho zuzendari daniarraren "Bang Bang Orangutang" ikusi dugu lehiaketako azken egun honetan, bere onetik ateratako gizon baten noraez eta gainbehera kontatzen dituena.

Ake enpresa-zuzendari harro bat da, langileak kaleratzen espezialista, eta bat-batean bere bizitza osoa pikutara doa: autoarekin, nahi gabe, bere seme txikia hiltzen du, eta emazteak bota egingo du etxetik; geroxeago, berriz, bere multinazionalak Indiara darama produkzioa.

Familiarik eta lanik gabe, bizimodu berri bat hasi beharko du, hutsetik; baina ez da gauza benetako harreman sendoak lortzeko. Maitasun-beharra dauka, baina itsumendu berekoi batez bizi du maite behar hori, bai lehengo familia berreskuratzen saiatzen denean, bai erlazio berriak abiatzean.

Film ausarta egin du Staho gazteak, egundokoa izan gabe ere atseginez ikusten dena. Kontuan hartzeko moduko izena.

Xabier Mendiguren 2005/09/23

Sugeak txoriari...

Apal antxean ari da amaitzen Donostiako Zinemaldiko sail ofiziala, eta azken egunak ustekaberik eman ezean erdipurdikoa izango da bataz besteko maila. Osteguna honetako bigarren filma Anne Fontaine frantziarraren "Entre ses mains" (Bere eskuen artean) izan da, maitasun-istorio konbentzional samar moduan hasi baina beldur ukitu batez jantzia.

Claire emakume gazte eta zintzo bat da, bizimodu arrunt samarra daramana, aseguruak saltzen batetik, senar eta alabarekin bestetik; halako batean Laurent ezagutuko du, albaitari berritsu xelebre bat, eta bien artean "zerbait" sortuko da. Aldi berean, inguruan (Lille-n, Frantzia Iparraldean) serial killer bat emakume gazteak hiltzen ari da, bisturi batekin.

Erakarpena eta beldurra sentitzen ditu Clairek Laurent-engana, eta ikuslea ere berdintsu dabil, tipo bitxi baina jatortzat jotzen duela aldika, susmagarri eta arriskutsutzat tarteka. Baina Clairek ezin lilurari ihes egin, txoriak sugearen aurrean bezala, Eros/Thanatos joko zaharrean erortzen dela; filma ez dago txarto berez, baina ez du gristasuna gainditzea lortzen.

Xabier Mendiguren 2005/09/22

Bizitza gurutzatuak

Manuel Martin Cuenca zuzendari espainiarrak "Malas temporadas" (Bolada txarrak) aurkeztu du, gaur egungo Madrilen kokaturiko zenbait istoriorekin egindako joste-lana, beren bizimodua nola-hala daramaten pertsonaien bizitza-puskak erakusten dizkiguna.

Anak CEAR-en lan egiten du, errefuxiatuekin; buru-belarri saiatzen da immigratuei laguntzen, nahiz askotan emaitzak eta ordainak kaxkarrak izan, baina nahiko utzia du bere bizitza pertsonala; bere semea, 14 urteko Gonzalo, gelan itxi da eta ez du handik atera nahi; bada kartzelan egondako tipo bat ere, Mikel, handik irten eta konpondu gabeko kontu bat daukana; eta Carlos, Kuban pilotua izandakoa eta gaur egun uhartearekiko kontrabandoan dabilena; eta Laura, emakume gazte, aberats, elbarri eta ozpindua...

Zenbat pertsona, hainbat historia, mikatz samarrak oro har, elkarrekin gurutzatuz doazenak, Robert Altman-ek Carver-en ipuin batzuekin egin zuen bezala. Egungo gizartearen erretratua egiteaz gainera, baina, beste zer edo zer espero du ikusleak, eta ez dago halakorik. Film txukun bat da, zintzoa eta balekoa, baina kostunbrismo urbanotik harago iristea lortzen ez duena.

Xabier Mendiguren 2005/09/22

A merda tropical

Egun zoritxarrekoa izan da asteazkena Zinemaldiko sail ofizialean. "Tideland" irenstezinarekin hasi, "Odgrobadogroba" bitxiarekin segi (merezi zuen hala ere), eta amaitzeko, Ruy Guerra brasildarraren "O veneno da madrugada" (Egunsentiko pozoia), benetan jasangaitza.

Obra literarioen moldatze ugari ari gara ikusten aurten: Armendariz-Atxaga, Winterbottom-Sterne, Bauer-Esteban, eta Guerra-Marquez. Izan ere, Gabriel Garcia Marquez kolonbiarraren "La mala hora" gaztetako eleberria da film honen oinarria.

Badirudi idazle baten famak gora egin ahala, hainbat handiagoa dela haren idazlanetatik pelikulak ateratzeko aukera, eta hainbat handiagoa, halaber, pelikula horiek kaka zaharra izateko posibilitatea. Garcia Marquez nobeldunaren obretan oinarrituriko hainbat film gogoratzen ditut, bakar bat ere ez ona nire oroimenean, baina marka guztiak ontzera dator gaurkoa.

Ez dut Ruy Guerra oportunistatzat salatuko: filmak ez du idazle ospetsu baten moldatze komertzialaren aztarnarik; okerragoa da hau: pretentsioz puztutako lardaskeria. Argumentua hitz bitan laburtzearren: herrixka batean botere-borrokan dabiltza gobernuak izendaturiko alkatea eta bertako jauntxoak, adar-kontuak aipatu ohi dituzten paskinek giroa txartzen duten bitartean.

Gauez edo erdi-ilunetan gertatzen da film osoa, etengabe erortzen eta entzuten den euri tropikalak kaleak lokatzaz eta jendea amesgaiztoz betetzen duela. Euria eta ilunpea: pentsatzen jarrita, giro aproposa siesta on bat egiteko; filmak irauten duen bi orduak zerbaiterako aprobetxatuko nituen hartara.

Xabier Mendiguren 2005/09/21

Sua eta izotza

Jan Cvitkovic esloveniarraren "Odgrobadogroba" (Zulorik zulo) izan da asteazken honetan ikusi dugun bigarrena, film harrigarri eta sailkaezina, oro har komedia tonuan kontatua badago ere pasarte guztiz gogor eta krudelak baititu.

Hiletetako hitzaldiak eginez bizi da Pero, Eibarko Benigno Baskaran zenaren antzera, baina esloveniar hau pailazo samarra da berez, eta xelebreak ditu orobat ingurukoak: beti suizidatu nahi eta inoiz asmatzen ez duen aita, arreba gormutua, 600a tuneatzen duen laguna...

Elementu kontrajarriak elkarren ondoan jartzea baliabide interesgarria izan liteke, bizitzaren gazi-gozoak erakusteko-eta, hiletaren ondoren jendea mozkortzen eta orkestina eslaviarra Tom Jones-en "Sex Bomb" jotzen hasten denean bezala. Hala ere, Jan Cvitkovic askoz ere muturrerago joan da, pertsonaia batzuek une batean kantatzen duten bezala, "sua eta izotza" parekatzeraino, sexuaren alorrean batez ere: hasieratik erakusten dizkigu harreman posesiozko eta bortitz samarrak; hortik perbertsio gaixotietara igarotzen da, eta azkenerako bortxaketarik nazkagarri eta ankerrena ikusiko dugu.

Zuzendariak zer frogatu nahi zuen? Ez dakit. Ikusleok mutu utzi gaitu, irribarrea izozturik, bizitzaren zentzuaz edo zinemagile batzuen umore bereziaz galdezka.

Xabier Mendiguren 2005/09/21

Haluzinazio gogaikarria

Terry Gilliam, Monty Python taldeko irudi-sortzaile emankor eta harrigarrienak "Tideland" ekarri du Donostiara, haur baten fantasia-munduan barneratzen den film benetan aspergarria.

Gustuei buruz esan ohi da ipurdiak bezalakoak direla, hots, bakoitzak berea duela; hortaz, kontuz ibili behar dugu iritzia ematean, geure juzguen arrazoiak emanez eta desadostasunerako tartea utziz. Hala ere, filma ikustera koadrilan joan eta lagunarte horretatik kritikariek salbu denek amaitu aurretik alde egiten badute, zerbait txarto dabil.

Terry Gilliam-ek egundoko gaitasuna du mundu bisualak sortzeko, nahikoa da gogoratzea "Brazil", "12 monkeys" eta beste. Egunotan zinema-aretoetan ari dira ematen aurtengo bere beste film bat "Grimm anaiak". Trebezia hori agerian dago beste behin "Tideland" honetan, baina ikuspen eta irudi-sortak istorio baten zerbitzura edo hari loturik egon behar luke, eta hor egiten du film honek huts.

Jeliza-Rose guraso jonki eta zoratuekin bizi den neska-koxkor ameslari bat da (sekulakoa Jodelle Ferland haurraren lana, eta nabarmentzekoa Jeff Bridges, "Lebovski Handia" gogorarazten duen rolean); ez lagunik ez jaramonik egingo dion heldurik ez daukala, fantasia-mundu batean babesten da, panpinekin hitz eginez, errealitatearen eta ametsaren arteko marran jolastuz, pertsonaia are zoratuagoez inguratua.

Unibertso onirikoen fanatikoek gozatuko dute akaso. Niri, "beaje" txar bat iruditu zait, besterik gabe.

Xabier Mendiguren 2005/09/21

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema