Nire uste harroan
Sorkuntza
Semaforoan
Joan den ostiralean Goierriko idazleen emanaldi bat izan zen Idiazabalen, eta hantxe izan nintzen ni ere, neure testuren bat errezitatzeko. Politak izaten dira halako ekitaldiak, baina nik badut arazo bat: ez naiz eroso sentitzen kontu bera birritan esaten. Beldurgarria iruditzen zait irakasleen patua, urtero gauza berak errepikatzen, baita egunero ere, maila bereko geletan; zer esanik ez antzerkia egiten dutenez. Hortaz, irakurraldia baino lehentxeago idatzi nuen testu bat, kalitatez badaezpadakoa, baina aurretik inon entzun gabea, eta nik behintzat berriz botatzeko asmorik ez dudana. Horra.
Semaforoan gelditu da autoa
barruan gizona
Etxerako ordua da
Auto mordoa ezker-eskuin
Denak alde egiteko presaz
etxera edo
Etxetik alde egiteko gero
beste norabait edo
Ordua gori, semaforoa gorri
Nekea aurpegietan, nekea irratian ere
txorakeria errepikatuak
berri zaharrak
musika gastatua
Gizonak aldamenetara begiratzen du
Ezkerrean, furgoneta batean, bi mutil gazte
Igeltseroak-edo, elektrizistak-edo, linterneroak-edo
pentsatu du gizonak, haien lan-jantziei begira
Eskuinean kotxe txuri txiki bat, eta barruan emakume gazte bat
Begirada nekatua du hark ere
Ala nostalgia ote da aurpegian islatzen zaiona?
Semaforo aurrean, eskuineko kotxe txikiko emakume gazte horri begira
Pentsatzen hasi da gizona
edo imajinatzen
edo buruari jaregin eta ametsetan
Nolakoa ote da emakume hori?
Ezpain artean kantatzen ote du irratiak kantu ezagun bat jarriz gero?
Arrautza frijituak jatean, zuringotik ala gorringotik hasten ote da?
Begiak erdizka ixten ote ditu zigarroetako kea botatzean?
Baina erretzen du?
Hotzak dagoenean aldamenean daukanaren kontra kixkurtzen ote da?
Eta kaletik ibiltzean, eskaparateetan gelditzen da ala zuzenean egiten du aurrerantz?
Zer pentsatzen du drogaren legalizazioaz?
Ba ote du iritzirik Ipar Poloaren urtzeaz?
Zer ditu nahiago: txuri-beltzezko pelikula zaharrak ala gaur egungoak?
Barre egiten ote du maitasuna egin ostean?
Semaforoa berde jarri da
Autoak badoaz
Ezkerreko igeltseroen furgoneta
eta berdin eskuineko kotxe txuria
Emakume horrek ez daki
Bere ondoan egon dela beharbada
Bera zoroki eta betiko maita zezakeen gizona
Zoroki maitatu ere duena, egiaz
Semaforoak gorritik berdera egin bitartean
Loti Ederraren ondoan
Iritsi da zalduna basoaren bihotzera, eta, sasiz inguraturiko soilgunean, arrosa-petalozko ohatzean etzanda, hor ikusi du neskatorik ederrena, lotan.
Bere ezpainak neskarenetan jartzera doa, hura esnatzeko. Badaki hala egin behar duela, eta neska esnatu egingo dela orduan, eta berari begiratuko diola, eta...
Bere buruari begiratu dio orduan: bideko hautsa dakar bere jantzian, bidearen nekea bere aurpegian. Hautsa kentzen saiatu da, bere soinekoa nola-hala atontzen. Alabaina, zalantza erne da bere barruan.
Neska lokartuari begiratu dio ostera. Hain da ederra haren begitartea, hain leuna haren azala... Itxuraren pareko goxotasuna balu izaeran, ezin zoriontsuagoa litzateke haren ondoan; baina, bestelakoa balitz?
Eta bera? Badaki gizon saiatu eta prestua dena; hala ikusiko ote du lotiak ordea? Ala zaldun trauskil, bidetako ibiltari ajatu, printzesa sorginduen bilatzaile purtzila irudituko zaio?
Zer egin ez dakiela, petalo arrosen ohean egin du txokoa, eta loti ederraren ondoan etzan da. Haren esku hotzari bere esku beroaz helduta, begiak itxi ditu, eta amets egin du, esna, hantxe geratzen dela bera ere, betiko lo.
Sublimea bakarrik
(Aspaldi poemarik sartu ez dudala-eta, gaur metaliteratura pixka bat)
Sublimea bakarrik
da poesiagai
nahiz eta sublime hori
arrunkeria izan.
Begira, idatzi duzun poema hori
sublimearen mailan ote dagoen
ala hartatik
arrunkeria bakarrik hartu duen.
Elvis hil zen urtean
Orain dela hiru bat hilabete, "Espainiarik ez ala Espainia honi ez?" izeneko artikulua idatzi nuen hemen , Kataluniako estatutu berriak sorturiko eztabaidaren harira.
Hari horretatik tiraka, orain dela urte batzuk idatzi eta oraindik argitaratu ez dudan ipuin luze batez oroitu naiz: "Elvis hil zen urtean" du titulua, eta hango pasarte txiki bat ekarri dizuet hona.
(Bide batez, eskaintza ere ipiniko diot: Fermin Etxegoien jaunari).
Elvis hil zen urte hartan, denok dakizue dagoeneko, ez genuen Elvisen musikarik entzun, baina ezta folk musikarik ere: seko aspergarriak iruditzen zitzaizkigun bizarluze haiek denak, eta guk berriz martxa nahi genuen, dezibelioen parrasta edo, garai hartan esaten genuen moduan, bibrazio onak. Eta hori, bistan denez, rocknrollak ematen zigun, Jimmy Hendrixen gitarra elektrikoak adibidez, eta ez inola ere beren gitarra akustikoekin meza alternatiboak ematen zituzten apaiz progre antzeko haiek.
Beranduago hasiko ginen folk musikari haietako batzuk estimatzen eta eliz jendeagandik bereizten. Inmari gustatzen zitzaizkion kantari euskaldunak izan ziren batetik: Laboa oroz gain, baina baita beste batzuk ere, hain puruak izan gabe beren xinpletasunean "eta gure lañotasunean" maiteko genituenak: Pantxoa eta Peio, Gontzal Mendibil eta Xeberri, Haizea... Ingelesez kantatzen zutenak era bai, noski: Simon and Garfunkel, Dylan... munstro haiek denak, eta baita izenik oroitzen ez dudan country kantagile modoxka bat ere. Eta gero espainolez kantatzen zutenak zeuden, urteetan gehien entzun nituenak.
Espainolez kanatzen zuten hauek kontzientzia-arazo bat sortzen ziguten hala ere. Huraxe zen gure hizkuntza: gutako batzuentzat hizkuntza bakarra, eta besteontzat hizkuntza nagusia, nahi ezta ere, eta nik behintzat ez nuke esango nahi ez genuenik. Huraxe zen beraz gure hizkuntza ohikoa eta gure erreferentzia-mundua, baina aldi berean kaka zaharra iruditzen zitzaigun Espainiatik eta espainolez zetorren guztia. Ez zen horrenbeste jarrera politiko bat, hortik gero jokabide politikoak sortzea posible izan arren; jarrera estetikoa zen guretzat, ezer baino lehen: kutrea zen Espainia, hitz batean esanda, gazta zaharrak baino har gehiago zituena, eta kutretasun horrek blaitzen zuen handik zetorren guztia, zeinahi arlotan. Har dezagun musika, honetaz ari garenez gero. Zer zen telebistan entzuten genuena? Lehenik eta behin, la Flores eta haren tankerako segizio guztia, munduan den gauzarik okaztagarriena iruditzen zitzaiguna; gero kantari ezti-jario guztiak zeuden, Camilo Sesto eta halako tipo jasanezinak, azukre-zopa bat baino gozoagoak denak ere; eta azkenik, gazteok ere gogoan hartzen gintuztela adierazteko-edo, talde pop melenga bezain koipetsuak, Los Sirex eta Los ez-dakit-zer, beren yuhu-yuhu, beren melenatxo eta beren irribarre ergel haiekin. Nola ez gorrotatu Espainia?
Hala ere, bi modutara behintzat uler zitekeen gorroto hau, eta, orduko hartan bi modu horiek guretzat ia gauza bera izan arren, funtsezko aldeak ekarriko zituen, geroan, batak edo besteak. Alegia, Espainia zen berez halakoa, ozpinetan edukitako oliba beltza bezalakoa, ala Espainia ofiziala zen bere alderdirik makurrena eta itsusiena erakusten ziguna? Lehenengo aukera eginez gero, erremediorik gabeko izurria zen Espainia zatar eta krakatsu hori; bigarren kasuan, ostera, frankismoari, zentralismoari, agintzen zutenen babotasun mugagabeari zor zitzaion erdipurdikeria ziztrin hura dena, eta, horrenbestez, gauzak aldatuz gero posible izango zen, halaber, garai hartan nazka besterik ematen ez zigun ama-aberri sorgin-ipurdi ezinago itsusi hori egunen batean antzaldatzea eta aurpegi ederrago, atseginago bat erakustea.
Esango nuke esan, gure gaztetako zalantza horixe izan dela herri honen zalantza handienetakoa ere. Hots, Espainiarekin "edo Espainia honekin bederen" eroso sentitzen ez den gure herriak ez daki beste Espainia bat "ederrago eta atseginagoa, diferentziak errespetuz hartuko lituzkeena" posible den, harekin amets egin behar duen eta horren alde saiatu, ala lokamuts hutsa ote den txakur-amets hori, eta beraz etsi beharra ote dagoen, sorginak beti iraungo duela sorgin, eta alferrik dela harri-kozkorrari ogi-mami bihurtzeko oihuka jardutea. Ez da hori noski zalantza bakarra: amaorde hori ama bikalatzea ezinezkoa dela garbi edukita ere, haren aginte-makila gainetik nola kendu ere ez dakigu, edo matxinatzeak atzetik dakarren zigorra jasatea merezi ote duen, edo hemen bertan amaorde horri gorrotoa diotenak eta maite dutenak herri bera ote garen, herri bat osatzerik ba ote daukagun eta horretarako zer egin beharko genukeen.
Kaixo, Laura
(Durangoko Azokatik bueltan, pixkanaka egin beharko dut egokitzea. Datozen egunetako idazkiak iritsi bitartean, zintzilik geratu zitzaidan bat: "Adiskide maitea:" liburu kolektiboan atera dudana)
Kaixo, Laura:
Ez zaitut ezagutzen, ez nauzu ezagutzen, baina hala ere badut esperantza gutun hau zuregana iritsiko dela. Nire herrian ikusi dut zure argazkia. Beasainen. Herriko presoen aldeko kartelak aritzen dira jartzen jestoretakoak, txandaka, sentsibilizazio-kanpainan, eta halako batean zurea egokitu zen: Laura Riera. Hasieran harritu egin nintzen, ez baineukan zure berri, ez baitzitzaidan ezaguna egiten zure izena herriko presoen artean. Gero, paretan itsatsitako informazioa irakurriz jabetu nintzen: "katalana, Beasaingo herriak etxekotua" zioen bertan.
Polita iruditu zitzaidan irudia. Gure herriak etxekotu egin zaitu, beraz. Norbaiti entzun nion behin, norbera nongoa den eztabaidan ari zirela, jaio garen tokikoak izaten garela, bizi garen tokikoak ere bai, noski, eta baita maite dugun jendea bizi den lekukoak ere. Beasainen bada beraz maite duzun jendea, maite zaituen jendea. Nahiz eta zu beharbada inoiz gure herrian izan ez. Ez dio gehiegi inporta ere. Maite dugun jendea bizi den lekua beti izango da leku maitagarria. Bueno, barka, oraintxe konturatu naiz esan dudan astakeriaz; ñabardura bat erantsiko diot aurreko esaldiari: maite dugun jendea bizi den lekua beti izango da leku maitagarria, handik joateko libertatea baldin badago; zure oraingo bizileku hori ezin izan beraz maitagarria.
Nire herria aurkeztea nahi duzu? Gure herria esan beharko genuke, bertakotua zarenez gero, espirituz behintzat. Ez du apartekorik: herri koxkor bat da, inguruko handitxoena, baina zure Terrassaren aldean txikitxoa. Industriala, baina mendiz inguratua. Jendeari hainbeste gustatzen zaizkion mende berde horiek, euskaltasunaren sinbolo bihurtu diren baserriz hornituak. Hala ere, susmoa dut zu ez zarela euskaldunengana hurbildu gure irudi bukoliko horrek sorginduta.
Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari nola den posible inork bat egitea beste herri baten borrokarekin, beste herri baten patuarekin, norberaren sakrifizioraino. Ez da galdera gaiztoa, sinets iezadazu. Aitzitik, mirespenez egin ohi dut galde, aski zaila izaten baita inork inoren problemekin bat egitea. Modu abstraktuan pentsatuta, esan liteke maitasuna dela, pertsonak pertsonekin lotzen gaituen lokarria bezala, pertsonak beste herriekin elkartzen gaituen sentimendua. Sentimendu hori, maila konkretura jaitsita, askoz ere modu xeheagoan gauzatuko da seguru asko: halako ezagutu nuen, beste harekin hitz egin nuen...
Bueno, hasi naiz abenturak asmatzen. Barka, ofizioaren gaitzak. Ez nabil epailearen lana egiten, edo poliziarena, aski oroitzapen gordina izango duzu horien guztiena. Bakarrik esan nahi nuen lagun euskaldunak zenituela, nonbait, eta euskaldun horien lagun egiteak ez dizula, itxura batean, mesede handirik ekarri. Gurea baino herri normalago batean jaio eta bizi zinen arren, anormalagoekin egin duzu bat, zapalduekiko elkartasunez edo matxinatuekiko mirespenez. Eskerrak zor dizkizugu beraz. Eskerrak eta elkartasuna, gutxien-gutxienez.
Handia da hemen Herrialde Katalanekiko maitasun eta mirespena. Ez bakarrik guri eskaini izan digun errespetu eta laguntzagatik. Ez bakarrik etsai berak oinperaturik gauzkalako. Horrez gainera, badugu inbidia punttu bat ere; edo inbidia zakukada handia. Guk ere nahi genuke hizkuntzaren egoera osasuntsu hori, eta kultura aberats hori, eta nortasunari eusteko erabaki sendo hori. Nire lagun katalanek esan ohi didate han ere zakurrak oinutsik dabiltzala, kultura eta hizkuntza kontuetan gauzak ez direla guk uste bezain eder eta baikorrak; igual giza izatearen ezinbesteko ezaugarria da urrutiko intxaurrekin liluratzea, baina hala ere, nahiago nuke euskaldunak katalanxeagoak bagina, eta ez bakarrik oporrak Saloun pasatzeko. Oraingoz Beasainen badugu etxekotu dugun neska katalan bat; ez goaz bide txarretik, hortaz.
Zure egoeraz galdetu behar nizuke. Senarrarekin elkartzen uzten ote dizuten; eguna nola pasatzen duzun; irteten zarenerako ze plan dituzun. Horiek eta beste asko izan litezke galderak, gutunketaren gizabideak eskatzen dituenak. Baina ez dakit honakoa esku artera iritsiko zaizun, inork itzuliko dizun, erantzuteko gogorik izanez gero nora erantzun jakingo ote zenukeen... Egiazko gutuna bezainbat baita hau fikziozkoa, editore baten enkarguz egindakoa. Baina fikziozkoa bezainbat da egiazkoa, benetako jakin-minez eta kariñoz idatzia.
Zure aurpegia gogoratzen saiatzen naiz, kartela kendu baitzuten hormatik. Haren lekuan David Sanchez zure mutil-lagunarena dago orain. Aurpegi irribarretsu bat oroitzen dut, biziminez eta pozez gainezka zegoen neska batena, eta irri hori ez galdu izana desiratzen dut. Zure izaera asmatzera jolas nezake neure buruarekin; zure hobbyak, gustuko janariak, kantariak, pelikulak, paisaiak... Seguru asko ez nuke bat bera ere asmatuko. Fisionomia jakintza-gai serioa balitz ere ni ez nintzateke arlo horretako zientzialaria.
Zertaz hitz egingo genuke inoiz elkartuko bagina? Ezin jakin. Bion interes-arloen zirkunferentzietan arakatu behar, intersekzio punturik ote dagoen ikusteko. Eta gure nortasunen uhinei erreparatu behar, maiztasun berdintsuan ote gabiltzan ikusteko. Igual iruditzen zaizu tipo txepel eta aspergarria naizela; edo niri zu petral eta xinple hutsa zarela. Auskalo. Dena dela, argazkian ikusi dudan neska horri nire estimazioa adierazi nahi nion. Beasainek etxekotu duen katalanari beasaindar batek eskainitako hitz bi.
Ea aurki duzun etxekotu zaituen herri hau ezagutzeko parada. Gero, luzerako geratu nahi duzun edo lehenbailehen alde egin, zure esku. Alde egiteko aukera izatea baita toki bat maitatzeko baldintza ezinbestekoa.
Muxu bat,
Nolakoa da jende solidarioa?
Santutxuko Gaztetxea itxi zutela-eta, horren kontrako protesta eta ekintzen artean liburu bat egitea bururatu zitzaien bertako gazte-asanbladakoei, eta Josu Martinezek deitu zidan kolaborazioa eskatzeko. Oraintsu atera du liburua Elea argitaletxeak, "Ametsen baratza" du izena eta berrogeitaka idazle eta artistak hartu dute parte. Orain ez daukat esku artean, nire ale bakarra neska bizkor baten poltsan geratu baitzen (ba ote da leku hoberik?). Besteenak irakurri bitartean, hona nire ekarpena; enkarguzko lan gehienen antzera ez da egundokoa, baina irribarre bat behinik aterako ahal dizue.
Nolakoa da jende solidarioa?
Gogaikarria da jende solidarioa
inork deitu gabe bazterrak nahasten hasten denean
mundua konpondu nahian.
Maitagarria da jende solidarioa
zanpatuta dagoenari altxatzen laguntzen dionean
trukean inongo fedetara apuntatzeko eskatu barik.
Nazkagarria da jende solidarioa
egiten duen mesede bakoitzaren kontaduria daramanean
egunen batean Historiaren altxorretik kobratzeko asmoz edo.
Zoragarria da jende solidarioa
bizipozaren txinpartak kutsatzen dizkionean
zapaldurik edo sufritzen ari denari.
Tristea da jende solidarioa
elkartasuna betebehar bihurtzen duenean
eta bera bihotz onaren edo iraultzaren funtzionario.
Barregarria da jende solidarioa
sekula gaztetxe batera sartu barik haren defentsan hasten denean
ni neu orain ari naizen bezala.
Karakolaren barruan (VIII)
(Hemen amaitzen da ipuina. Irudi eta guzti nahi duenak, liburua eskuratu behar)
Zortzigarren atala: Oparien trukea
Oso ondo pasatu genituen opor haiek. Aita, ama eta hirurok ibili ginen leku batean eta bestean, eta askotan aitatxoren lagun haiek ere bai: Patxi eta Josune.
Gauza pila bat egin genituen eta toki mordo bat ikusi, baina gehienak ahaztu zaizkit dagoeneko. Hala ere, askotan aitak ingurura begiratu eta esaten zuen:
"Hemen ez da giro. Goazen etxera.
Txanogorritxoren ipuineko otsoak ibiliko ziren han, ni ere susmoa hartuta nengoen. Orduan Patxi eta Josuneren etxera itzultzen ginen. Etxe handia zen hura, lorategia eta guzti zeukana, txirrista eta zabuarekin.
Eta ni ordurako handia nintzen arren, gustura ibiltzen nintzen txirristan eta zabuan, amonaren etxe ondoko parkean bezala. Pena bakarra, han ez zegoela kioskorik goxokiak erosteko. Baina Patxi amona bezain sukaldari ona zen ia-ia, eta egundoko postreak prestatzen zituen: sagar-pastela, natazko bizkotxoa, marrubi-budina, arroz-esnea
"Arroz-esneari kanela asko edo gutxi botako diot, Iker? "galdetzen zidan Patxik.
"Asko-asko "erantzuten nion nik beti.
Opor haiek ere amaitu ziren. Nik ez neukan oraindik eskolara joan beharrik, baina amak dendako lanera itzuli behar zuen. Hortaz, aitari agur esan eta etxerako bidea hartu genuen amatxok eta biok.
"Laster konponduko dira gure arazoak eta itzuliko naiz etxera, ikusiko duzue "esan zigun aitak agurtzerakoan.
Lehen bezalaxe hartu genituen auto, tren, autobus eta hegazkinak, baina oraingoan ez nintzen mareatu, ezagutzen nituelako, eta ez nintzen beldurtu, nahiz eta amak berriro errepikatu isilik joan behar nuela, eta aitatxoren berri inori aipatu gabe.
"Badakit, ama, Txanogorritxoren otsoek ez aditzeko.
Motxilan aitatxok eskuz egindako jostailu bat neraman: egurrezko txotxongilo bat, hariak mugituz gero dantza egiten duena.
Nire marrazkia eta karakola aitatxoren gelan geratu dira. Marrazkia paretan josita, txintxetekin, eta karakola mesanotxe gainean, gauero belarrian jarri eta haren barruko hotsak aditzeko.
Horrela entzungo ditu itsasoaren barreneko hots misteriotsuak, amonaren etxeko hots isilak, eta baita gure etxeko hots guztiak ere: ama afaria prestatzen erdi kantari ari denean, ni hortzak garbitzen nagoenean, amatxo eta biok igande goizetan oheko burukoekin borrokan hasten garenean
Orain badakit, amonaren karakola magikoari esker, aitatxo ez dela horren bakarrik egongo. Eta ni ere kontentuago egongo naiz hortaz.
Karakolaren barruan (VII)
(Hasitakoak noizbait amaitu behar du, eta honi gutxi falta zaio. Hona azken aurreko kapitulua)
Zazpigarren atala: Bizardun ezezaguna
Ordura arte argazkietan bakarrik neukan ikusita aitatxo. Argazki batzuetan bera bakarrik zegoen eta beste batzuetan amatxorekin, amatxo gazteagoa zenean eta ni oraindik jaio ez nintzenean.
Horregatik geratu nintzen harrituta biharamunean, bizardun bat sartu eta amari besarkada handi bat eman zionean. Gero niregana etorri eta besoetan altxatu ninduen.
"Aupa, Iker! "esan zuen.
Ama konturatu zen nire izu-aurpegiaz.
"Eman muxu, Iker: aitatxo da.
Aitatxo? Gizon hura? Argazkietan ez zeukan bizarrik! Baina, noski, bizarra kendu edo utzi egiten da, eta aitatxok itxura aldatuta zeukan. Hala ere, azkar ohitu nintzen itxura berri hartara, baina ez hainbeste bizarrera, muxu ematean azkura ematen baitzuen. Ez dakit nola ematen zion amatxok hainbeste muxu.
Muxu eta besarkaden ondoren asko hitz egin genuen, eta aitak dena jakin nahi zuen gutaz: amak lan egiten zuen dendaz, nire eskolaz, nire lagunez
Nik dena kontatu nion, eta azkenean ez nekien zer gehiago kontatu, eta orduan motxilaz oroitu nintzen, eta han barrukoak atera nituen.
"Tori, zuretzako opariak dira "esan nion.
Aurrena, marrazkia gordetzen zuen karpeta zabaldu zuen.
"Ze polita! "esan zuen aitak marrazkia ikustean.
Eskolakoek egindako txango bat ikusten zen, eta bertan mendia ageri zen, eta animaliak, eta nire lagunak, kolore askorekin margotuta.
"Eta hau? "galdetu zuen gero aitatxok.
"Karakola bat da, amonaren etxean zegoen, eta itsasoaren barruko hotsak entzuten dira.
Orduan amatxok azaldu zion nola izan zen amonaren gaixotasuna, eta operazioaren ez dakit zer istorio, eta kontu haiekin triste jarri zen, baina berehala pasatu zitzaion eta alai jarri zen berriro.
Karakolaren barruan (VI)
(Iker protagonista ari da bere helmugara iristen, eta gu ere ari gara ipuinaren amaierara hurbiltzen)
Seigarren atala: Otsoen beldurrez
Bidaia oso luzea izan zen. Hartu genituen autobusak, abioiak, trenak, taxiak Uf! Hasieran poz-pozik nindoan, aita ikusteko pozarekin eta abenturaren ilusioarekin, baina pixkanaka nekatu egin nintzen, eta aspertu, eta momentu batean mareatu ere bai. Baina han zegoen amatxo beti, eskutik fuerte heltzeko eta laguntzeko.
"Lasai, Iker, laster iritsiko gara eta.
Bidean jende asko topatu genuen, hizkuntza diferenteak hitz egiten zituztenak. Gizon bibotedunak, emakume ileluzeak Batzuk atseginak ziren, beste batzuk zakarrak, baina ni beti gogoratzen nintzen amak esandakoarekin: isilik joateko eta ez fidatzeko, aitaren etsaiak izan zitezkeelako. Hortaz nik, neure motxilari heltzen nion esku batekin, amatxori bestearekin, eta ez nuen hitz egiten inorekin.
"Qué niño tan callado "esan zioten amari aduana izeneko toki batean, eta uste dut hizkuntza gehiagotan ere esan ziotela antzeko zerbait.
Azkenean etxe batera iritsi ginen. Han bikote bat zegoen, andre-gizonak, eta andreak galdetu zidan:
"Zu Iker txikia izango zara, ezta?
Nik, hitzik ere ez.
"Bai, noski, Imanolen semea "esan zuen gizonak.
Imanol da nire aitaren izena, eta nik baietz esan nahi nuen, baina ez nekien haiek ote ziren ipuineko otso gaiztoak.
"Lasai, Iker, hauek aitatxoren lagunak dira-eta "esan zuen amak.
Eta orduan nik baietz esan nuen, batetik barrez, pozik nengoelako, baina bestetik negarrez, beldur handia pasa nuelako.
Amatxok estu-estu besarkatu ninduen:
"Pasatu da dena, maitea. Bihar bertan ikusiko dugu aitatxo.
"Benetan?
"Bene-benetan.
Karakolaren barruan (V)
(Berriro txorakeriak kontatzen hasia nago baina, ipuina erdibidean uztea ez litzateke itxurazkoa. Hortaz, hona jarraipena, non istorioak beste ildo bat hartzen duen, orain arte sumatzen ez zena. Txa-txan! (Jesus, zenbat tontakeria emozio pixka bat eransteko). Horra ba)
Bosgarren atala: Ustekabeko bidaia
Orain arte ez dizuet esan, baina nik badut aitatxo bat. Nire gelan badira aitarekin eta amarekin txandaka bizi direnak, edo bi aita dituztenak, edo bi ama. Nik aita eta ama ditut, baina aita urruti dago, eta ez nuen ezagutzen.
"Non dago nire aita? "galdetzen nion amatxori.
"Urruti, oso urruti, baina asko-asko maite zaitu "esaten zuen amak.
Aitatxoren gutunak iristen ziren batzuetan, baina nik artean ez nekien irakurtzen, eta amatxok irakurtzen zituen niretzako zatiak, dena muxuz eta goraintziz beteak.
"Eta zergatik ez da etortzen? "galdetzen nion amari.
"Gizon gaizto pila bat dago, eta ez diote uzten.
"Eta ezin gara gu joan berarengana?
"Egunen batean, handiagoa zarenean.
Amona hil eta gero nahiko handia nintzen, eta oporrak hasi zirenean, aurretik abisatu gabe, maleta bat egin zuen amak eta esan zidan aitatxo ikustera joango ginela, hegazkinean.
"Eramaiozu opari bat, nahi baldin baduzu: zure marrazki bat, edo eskulan bat "esan zidan, sekretu handiarekin.
Nire marrazki kuttuna hartu nuen, baita itsas karakola ere, eta nire motxila txikian sartu nituen biak.
"Motxila eta guzti joan behar al duzu? "galdetu zuen amak barrezka.
"Zuk maleta handia eramaten baduzu, nik gutxienez motxila.
Horrela joan ginen aireportura. Ni aurretik inoiz hegazkinez ibili gabea nintzen. Amak esan zidan isilik joateko, eta inori eta inola ez aipatzeko aitatxo ikustera gindoazenik.
"Bidean gizon gaiztoak egon litezke, aitaren etsaiak.
"Txanogorritxoren ipuineko otsoak bezala?
"Bai, gutxi gorabehera.