Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Politika

Nire uste harroan

Politika

Oianguren parkea: erreferenduma orain!

(Hauteskundeen ostean Goierritarra aldizkarirako idatzia)

Zegamarra izan behar al da Aizkorri maitatzeko? Lazkaotarrek bakarrik al dute Lakaomendi estimatzeko eskubidea? Abaltzisketan jaioa behar al du Larraitz ondo zaindua nahi izateko? Horiek denak, neurri batean, goierritar guztion ondare eta aberastasuna direla uste baldin baduzue, onartuko didazue, halaber, Oianguri buruz hitz egiteko eskubidea, beasaindar batek ordiziarren kontuetan zertan sartu ez daukala aurpegiratu gabe.

Urteak daramatzagu kontu honekin bueltaka, baina ezagutzen ez duenik baldin bada, labur azalduko dut, ahalik eta objektiboen: aurreko udalak Ikena izeneko enpresa bati utzi zion, diru kopuru baten truke, Oianguren parke publikoaren esplotazioa; enpresa horrek asmoa du parkea itxuraldatzeko, zati bat jende guztiarentzat zabalik utziz, eta beste bat erabilera pribaturako: golf-zelai bat eginez, batetik, eta paint-ball jokorako eremu bat, bestetik.

Proiektua jakinarazi zenetik hasi zen herritar-talde zabal bat horren kontrako lanean: jendea kontzientziatuz, alegazioak eginez, bide baketsu eta errespetuzkoak erabiliz betiere. Horren aurrean, herriko agintariek gehiengoa zutela esaten zuten, eta beraiena zela erabakia. Gauzak horrela, udala aldatzea besterik ez litzateke geldituko, jende gehiena pribatizazioaren kontra dagoela erakusteko eta parkearen izaera publikoa errespetatzeko.

Egin dira hauteskundeak. Mila gauza jokatzen eta erabakitzen ziren bertan, ez Oianguren parkearen etorkizuna bakarrik, baina hori ere bai. Eta lehenengo indarra, 1.100 botorekin, ANV izan da, pribatizazioaren aurka azaldu den alderdia; bigarren eta hirugarren, EAJ ia 900 eta PSE ia 800ekin, biak ere Ikenarekiko akordioaren aldekoak; laugarrena EB-Aralar, 765 boto izan dituena, hau ere pribatizazioaren kontrakoa. Matematika askorik jakin gabe ere, aise ikus liteke indarrak parekaturik daudela. Ezin esango dut herri osoa argi eta garbi golfaren kontra agertu dela, baina inork ezingo du esan herriak golfaren proiektua berretsi duela bere botoen bitartez.

Hala ere, hemen dator koxka: ANVrentzako botoak ilegalak dira, Madrilgo justiziaren erabakiz; eta berez, jendearen iritzi hutsa errespetatuta, zinegotzi-kopuru berdintsua izango litzatekeena, orain, Alderdien Legearen ondorioz, guztiz desproportzionatua gelditzen da, parkearen pribatizazioaren aldeko gehiengo garbi batekin.

Ez naiz hasiko hemen Espainiako gobernua kritikatzen; irakurle bakoitzak izango du bere iritzia Zapateroren politikaz, Imazen jarreraz, Batasunakoen jokabideaz Egunero telebista eta egunkari guztietan ikusten ditugun kontuak dira horiek denak. Sinpleagoa da hemen esan nahi dudana: demokratikoa izan nahi baldin badu, legez ezarri den Ordiziako udala behartuta dago, nik uste, gai arantzatsu honen gainean erreferendum bat antolatzera, ordiziar guzti-guztiek berdintasun egoeran beren iritzia eman dezaten, eta horren arabera erabaki nork gozatuko duen eta nola kudeatuko den herritar guztiena den ondasuna.

Xabier Mendiguren 2007/07/27

Pastak jan eta gero

(Argian argitaratua)

Aurrean daukat ekainaren 5eko egunkaria. Azalean, izenburu handia, denok ezagutzen duzuena: “Su-eten iraunkorra haustea erabaki du ETAk, gaur gauerditik aurrera”. Barruan, 48. orrian, Zaldieroaren zinta, The Organization protagonista duena hau ere, “Pastak” izenarekin. Biñeta parea. Lehenengoan, erakundeko bi lagun ikusten ditugu, beren txano, txapel eta guzti; kafea hartzeko jarritako mahaiaren aurrean daude, atrezzo guztiarekin: kafetera, katiluak, pastak plater batean, eta mahai-zapi guztiz kitsch bat; aurrean bi aulki hutsik, eta Asierrek dio: “Deskuidatzen bahaiz ez dittuk gehio etortzen!!”. Bigarren biñeta lagun bien arteko solasaldiak hartzen du: “Kafea aspaldian hoztu zuan eta txokolatezko pasta guztiak jan dittuk” jarraitzen du Asierrek; “Jan dizkiagu esan nahiko duk!!” erantzuten dio kideak; “Nik bat edo bi bakarrik”, amaitzen du Asierrek.

Bere absurdoan jeniala zen, Zaldieroak ohiturik gauzkan bezala. Baina anakroniko bihurturik zegoen argitaratu zenerako. Bezperan, marrazkia egitean, Patxi Huartek ez baitzekien berria, guk geuk ere ez genekien bezala. Eta irria izozturik gelditu zitzaigun askori, mahai gaineko kafea baino hotzago eta mikatzago. Mahai bera erakutsi zigun marrazkilariak biharamunean, “Urratsa” izenburupean: “Asier / Zer dugu? / Su-etena bertan behera utzi dugu. / Hara. Independentziaren bidean beste urrats bat!!”. Eta amaieran, korolarioa: “Kontua da aurrera edo atzera eman ote dugun!”

Bere bide ustez argitsuan, gero eta etsai gehiago ditu erakundeak, gero eta traidore gehiago topatzen ditu bazterretan. Eta hori, nahi ez badu ere, arazo handi bat da gerra bat irabazi nahi duenarentzat, arerioa baino askoz ahulagoa denean batez ere. Beste arazo bat ere badu ordea: ustez ulertu lezaketenengan ere, abertzale eta euskaltzale eta ezkertiar den gizarte-atalean gero eta gutxiago konprenitzen dela erakundearen logika, gero eta arrotzago eta urrunagoa zaiola haren estrategia, gero eta deserosoagoa eta gaitzesgarriagoa estrategia horren ondorengo jardunbidea.

Horixe baita kontua. Pastak amaitu dira. Orain, beste zeozertara pasatu behar da. Eta hor txisteek ez dute lekurik, ondo asko daki Zaldieroa artista handiak ere. Lehen gauzak oker egonda ere, inork sinesten du amnistia, autodeterminazioa, lurralde-batasuna hurbilago izango ditugula inori auto azpian amosal-opari bat utzita?

Mesedez, Asier: kimizefak utzita, sartu ezazu bizkotxo bat labean.

Xabier Mendiguren 2007/06/21

Espainia ez baina bertako eskuina hautsiko ote den

Espainia hausteko arriskurik edo aukerarik ez dut uste dagoenik, epe labur nahiz erdikoan, baina bere barne kohesioari dagozkio une honetan politikan bizi-bizi dauden auziak. Bata, Kataluniako estatutu berriarena, eta bestea Euskal Herriko bake eta/edo normalizazio prozesuarena. Horiek aski ongi ezagutuko dituzue, eta nekez asmatuko dut irakurlea aspertuko ez duen iruzkinik.

Bada beste saltsa interesgarri bat momentu honetan: Espainiako eskuinaren barruko borroka, alegia. Interesgarria, ez bakarrik ikusgarria delako, baita gure geroan zerikusi estua izan dezakeelako ere.

Aurrekoan, Círculo de Empresarios-eko lehendakari Alejandro Echevarriaren hitz hauek aipatu ziren Eibartarren posta-zerrendan: "Euskal Enpresarioen Zirkuluak bere babes zintzoa ematen die elkar-ulertze zibilizatua bilatzen duten ekimen legal eta demokratiko guztiei, eta, horrez gain, alderdi demokratikoen arteko ahalik eta konsensu handiena nahi du bakezko marko bat lortzeari begira, hiritarren askatasun eta eskubideekiko errespetu osoan".

Círculo de Empresarios-eko lehendakari ez ezik Vocento taldeko arduradun nagusietakoa da Echevarria. Vocentok bere babesa eskaini dio Zapaterori ETArekiko negoziazio horietan, eta hori ez da bakarrik Diario Vasco edo Correon islatzen: ABC eta Telecinco-n ere bai.

Hori dela-eta, COPEtik Jimenez Losantosek egundoko kanpaina egin du ABCren kontra (harpidedunei baja emateko eskatuz eta horretarako telefonoa errepikatuz). El Mundo eta La Razon atzetik txaloka, noski, baina pentsatzekoa da Vocentokoak ere ez direla geldirik egongo, beren armak izango dituztela.

Apezpikuen konferentzian jokatuko da gudaldietako bat; baina, luzera begira, PPren etorkizuna dago jokoan: eskuin liberal moderno samar bat ala elizkoi-atzerakoi hutsa izango ote den. Are gehiago: alderdi bakarra aterako den ere ikuskizun dago.

Xabier Mendiguren 2006/05/19

Nork opa dio halakorik?

Atzo umorearen alderditik egin nuen Jugoslavia eta Espainiaren arteko konparazioa, bataren zatiketa egiazkoa eta bestearen alegiazkoa parekatuz. Gaur gai berarekin segitu nahiko nuke baina serioxeago, ondorioren bat ateratzeko edo.

Estatu baten eta bere eskualdeen artean indar zentripeto eta zentrifugoak izaten dira beti. Bistakoenetik hasita, lotura etnikoa litzateke batasunaren gako nagusia: Segoviako baserritar bati ez zaio burutik pasatuko espainola den edo ez den galdetzea; aldiz, Markina edo Ampurdákoak, hainbat gorabeheraren baitan, zalantza hori izan dezake, eta kultura apur bat edukiz gero argi ikusiko du nazioz ez dela espainola, nahiz administrazioz hala dela jakin eta beharbada hala izaten jarraitu nahi izan ("nazio" hitzaren adiera zaharrena hartzen dut, Frantziar Iraultzaz geroztik terminologia bera borroka-leku bihurtu da baina).

Etniak eta kulturak, ordea, ez dira puruak, ez aldakaitzak. Ni kulturalki euskalduna naiz, baina espainola ere bai, beren espainoltasun administratiboa sekula zalantzan jarriko ez zuten nire aitona-amonak baino askoz gehiago. Gaur egun, esan daiteke faktore objektiboek baino munta handiagoa duela kontzientziak, euskal nazioaren parte sentitu nahi izatea edo ez.

Norbere atxikimendu subjektibo horretarako, berriz, ideologia iruditu ohi zaigu giltzarria, abertzaleak edo estatalistak sentitzen garen alegia, baina beste kontu bat dago hor, sarritan ahazten zaiguna: komenientzia. Alegia, esloveniarrek argi eduki dute beti ez direla serbiarrak (beste hizkuntza bat dute, ia %100ek hitz egiten zutena), baina horrez gain, une zehatz batean nabarmen egin zitzaien independentzia lor zezaketela, eta komeni zitzaiela gainera. Montenegrotarren artean, orain dela 15 urte inori ez zitzaion bururatuko estatu bihurtzearen aukera; gaur, berriz, eskura dute, eta badirudi gehienek hautu hori egingo dutela, Serbiaren eskutik ibiltzeak onura baino buruhauste gehiago dakarkielakoan.

Gurean, niri beti iruditu zait independentziaren inguruko erreferendum bat egingo balitz, argi eta garbi ezetzak irabaziko lukeela. Heren bat izan liteke, asko jota, zinez abertzale sentitzen dena; beste heren bat gutxienez, dudarik gabeko espainol (Iparraldean, askoz ere gehiago Frantziaren alde); eta azken herena, berriz, dudatan egon daitekeena: Espainia kolapso ekonomikoan eroriko balitz, Jugoslavia ohia bezala, hortik urruntzea hautatuko lukeena, baina gure estatu maitea ondo samar baldin badabil...

Gauzak horrela, independentziak irabazteko aukera bakarra desastre orokorra zabaltzea litzateke. Hala ere, desastre horrek auzoei bezalaxe eragingo liguke guri ere. Eta, kontzientziaz jokatuta, nork opa dio halakorik bere herriari?

(Dena dela, ez dezagun ahaztu, gaur egun inork ez du independentziarik eskatzen, erabakitzeko eskubidea baino. Lortuko ote da?)

Xabier Mendiguren 2006/05/18

Jugospainia

Igande honetan erreferenduma Montenegron, Serbiatik bereizi eta estatu beregain eta independiente bihurtzen ote den erabakitzeko, Europar Batasunaren bedeinkazioarekin. Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bidaliko duela-eta, azkar asko atera zen atzo Patxi Lopez, eta urduri samar sumatu nuen, hango zerak Euskadi eta Espainiarekin batere zerikusirik ez zeukala aldarrika.

Zerikusiren bat izango du. Besterik ez bada, bitxia dela, nazioarteko izena gaztelaniazkoa izatea Balkanetako bazter batek, Europa Mendebaldeko hizkuntza guztietan halaxe esaten baitzaio: Montenegro. Bertako hizkera eslaviarretan berriz (lehen serbokroaziera besterik ez zen; orain serbiera eta kroaziera bi balira bezala aurkezten dizkigute sarri, eta montenegroera ikusi nuen aipatuta aurreko batean); eslavieraz, berriz, Txernogora edo antzeko zerbait, non "txerno" beltza den (oroitu "Oci ciorne", Nikita Mikhalkov-en film ederra), eta "gora" berriz mendia (euskararen behialako hedadura zabalaren froga argia, ezta? Ez dakit zeren zain dauden gure etimologista bipilak munduaren konkista linguistikoari ekiteko).

Bromak broma, autodeterminazio-erreferendumarekin ari ginen. Bitxia da, nola Jugoslavia zena zatitzen hasi zenean, Montenegron, nik dakidala, inork ez zuen zalantzan jartzen estatuaren batasuna. Historiaz, hizkuntzaz, erlijioz (etniaz azken batean, hitz hau madarikatuta geratu dela ematen du baina) serbiarren anai-arreba zirelako edo. Eta orain, berriz, haiek ere aldegiteko prest. Nik uste serbiarrak eurak ere gustura independizatuko liratekeela Serbiatik, hori egiterik balute.

Jugoslavia eta Espainia parekatzeko ariketa fribolo bat egin dezagun. Eslovenia eta Kroazia banatu ziren lehenik Belgradoren uztarritik: bata etnikoki urrunduena eta bestea etsaitasun handiena zeukana; paralelismo bat eginez, Euskal Herria eta Katalunia Madrildik askatuko balira bezala (parekatze horretan guri kroatak ala esloveniarrak izatea tokatzen zaigun, zalantza egingo nuke). Gero Mazedonia etorri zen, pobrea eta baztertua, Galiziaren pare edo.

Gerrarik bortitzena Bosnian izan zen; horren paralelorik ez daukagu penintsula dontsu honetan (etnikoki kroaziar katoliko zirenak, serbiar ortodoxoak, musulmanak eta beste zenbait nahasturik bizi baitziren). Dena dela, izorratzearren, eman dezagun Andaluzia dela Bosnia, besteek baino gutxiago izan nahi ez eta burujabetza eskuratzeko prest ageri dena.

Horren ondotik, Jugoslavia zena Serbia-Montenegroko federazio bihurtu zen, Espainia zena Gaztela-Aragoiko erresuma bilakatuko balitz bezala. Eta orain Montenegro badoala: alegia, Aragoik ospa egiten duela Gaztelaren besarkadatik.

Hemendik aurrera, Vojvodina eta Kosovo geratzen dira: Extremadura eta Asturias?

Xabier Mendiguren 2006/05/17

Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

(Argia astekarian kaleratua)

Gerra bat irabazten duenak erabakitzen du beti, ez bakarrik nork eta nola gobernatuko duen herri hori, baita nork duen biktima izateko eskubidea, nor izango den heroi eta nor bilau. Oso garbi ikusten da hori Estatuaren eta horren kontrako matxinatuen arteko gerra izan den gizarteetan. Kuba edo Nikaraguakoa bezalako kasuetan, gerrillariek gobernua hartu ostean, garbiketa izugarria egin zuten armada eta polizian, beren hildakoak martiri bihurtu zituzten, eta galtzaileek, Miamira alde egin ezean behintzat, isilean gorde behar izan zuten beren mina, ezkutuan miazkatu beren zauriak, haiek ere diktaduraren tresna huts eta engainatuak zirela aldarrikatzen zuten bitartean.

Matxinadak Estatuaren kontrako borroka galdu duenean, berriz, oso bestelakoa da emaitza. Mendebaldeko Europan ditugu zenbait adibide argi: Alemania, Italia, Frantzian porrot egin zuen borroka armatuak, eta militante izandakoak kartzelan ari dira usteltzen (bertan hil ez zituztenak), euskarri idoelogikorik gabe eta beren ekintzen damua adieraziz askotan, Estatuaren errukia jasotzeko asmotan.

Eta Euskal Herrian, zer? Garbi dago hemengoa ez dela ez baten ez bestearen pareko. Gure borroka enpate tekniko batean blokeatua zegoen aspaldi, eta irtenbide bakarra “garailerik eta garaiturik gabeko bakea” zen, Joseba Egibarrek errepikatu ohi zuen bezala.

Hala ere, Espainiako gobernukoak ez daude halakorik onartzeko prest, dirudienez behintzat. Ez dute ezer aldatu nahi eta, beraz, ez dute onartu nahi ezer aldatu behar zenik, horretarako borroka egiten zenik. Horrenbestez, amore ematea besterik ez dute eskaintzen, eta egindako hutsa aitortuz gero barkaberak izateko intentzioa.

Eskema horretan, ezinbesteko tresna dira beraientzat terrorismoaren biktimak, nor izan den gerra honetan gaiztoa argi gera dadin. Kalte-ordain ekonomikoak aspaldidanik eman zaizkie (ni ados nago, baina zergatik ez zabaldu neurri hori delitu arrunten biktimei ere?); orain, aitortza moralak aipatzen dira: kaleen izenak, eskultura publikoak Dinamika arriskutsua da hori, alde bateko eroriei monumentua eginez gero irain egiten baitzaie beste aldeko biktimei.

Horixe baita kontua: Estatuaren zapalkuntzaren biktimak ere ugari direla gure artean. GALek edo poliziak hildakoak ez ezik, hor dira urteotan torturaturiko milaka lagunak, demokraziaren kuarteletan oinazearen eta umiliazioaren behazuna dastatu dutenak. Diskrezioa maite dugu euskaldunok, ez da inoren gustuko izaten bere minak eta penak erakusten ibiltzea. Hala ere, gainera datorkigun zaparrada propagandistikoan oreka apur bat lortzeko, onuragarria litzateke alde honetako biktimek ere beren ahotsa izatea.

Adibidez, Gasteizko Legebiltzarrean edo Iruñekoan biktimentzako batzordea sortuz gero, Estatuaren eskuetan suplizioa jasan dutenek bertan egon behar lukete eta banan-banan hitz egin; ez luke ondorio penalik izango, desagerraraziak baitaude proba guztiak, baina jasota gera dadila beren lekukotasuna, Argentinan Ernesto Sabatoren “Nunca más” batzordeak edo Hegoafrikar Errepublikan Desmond Tuturen Adiskidantza eta Egiaren aldeko Batzordeak egin zuten bezala.

Ulertzekoa da geure zauriak erakutsi nahi ez izatea, baina orain ezkutatuz gero bihar again lotsarazi egin gaitzakete, geronen zaurien errudun bihurturik.

(Oharra: artikulu hau 1999ko urtarrilean idatzi eta kaleratu nuen. Ia zazpi urte eta erdi igaro dira, baina esango nuke gauzak ez direla sobera aldatu).

Xabier Mendiguren 2006/05/12

Ibarretxe, Duncan Dhu-ko bateria-jole

Duncan Dhu musika-talde donostiarraren historia oroitzen al duzue? Hiru lagun ziren, orain dela hogeitaka urte, poparen eta rockabilliaren arteko soinu berezi nahiko akustiko batekin plazaratu zirenean. Egundoko arrakasta izan zuten eta, handik gutxira, hirutik bira jaitsi zen partaide kopurua: Mikel Erentxun geratu zen (kantaria eta irudia ematen zuena), Diego Vasallo ere bai (kantu gehienen sortzailea), eta kanpoan geratu zen Juanra Viles (bateria-jolea besterik ez zena, eta, hortaz, ordezkagarria).

Juanra Vilesen tankera hartzen zaio tarteka Juanjo Ibarretxeri. Egoera politiko berri honetan badirudi protagonismoa sozialistek eta ezker abertzalekoek izango dutela (batzuek burniak utziko dituztelako, eta besteek horren truke zer edo zer eman dezaketelako). Jeltzaleak inork ez ditu bazterrean laga nahi, baina ez dira horren beharrezko, lehen fase honetan behintzat.

Ibarretxeren arazoa sakonagoa da ordea. Izan ere, bere adierazpenak eta Josu Jon Imazenak irakurriz gero, ezin esango dugu kontraesana nabarmenak daudenik, baina bai sintonia desberdinetan dabiltzala. Printzipioz, nik esango nuke alderdiaren postura erosoagoa dela, eta Ibarretxek ez duela inon topatzen nahi lukeen babesik, protagonismoa lortzeko ahalegin hutsal ari direla bihurtzen azken aldiko bere ekimenak oro. Hala ere, egoskorra eta nekagaitza dela ere ongi frogatua du Juanjok, eta ez dut uste danborra jotzeari horren erraz utziko dionik.

Xabier Mendiguren 2006/04/28

Txikizioaren falaziak

Desarrollismo txikitzaileak eztarriko zulotik sartu nahi dizkigun herrilan erraldoi horietan bi dira amorrarazten nauten gauzak: bata, txikizioa bera, naturaren, paisaiaren, mendeetako ondarearen axolarik batere gabe jo eta eraitsi arteko onik ez daukan sukar izugarri hori; bestea, proiektu burugabe horiek zuritzeko eta irentsarazteko asmatzen dizkiguten gezurrak era erdizkako egiak, ergeltzat hartzen zaituztela pentsarazten dizutenak.

Manipulazioaren eta eromen eraikitzailearen adibiderik gorena, gure artean, Abiadura Handiko Trena dugu, baina Pasaiako portua ere ez da makala eta, AHTaz hainbat aldiz idatzi dudanez, Jaizkibelgo superportuaz arituko naiz gaur.

Proiektuaren berri izan nuenetik, arreta apur batez irakurri ditut kanpoko portua defendatzen dutenen agiriak eta adierazpenak, desmasia hori arrazoizko bihurtuko duten argudioen bila. Serioski mintzatzen direnean ez dute esaten portua txiki gelditu denik, gaurko trafikorako murritzegi bihurtu denik, baizik eta handiago eginez gero, etorkizunean sumatzen diren aukerak aprobetxatuko liratekeela eta, hartara, biderkatu egingo luketela gaurko joan-etorria. Nork ez du handitu nahi bere negozioa?

Gero, lustre ekologista pixka bat eman nahiz, eransten dizute errepideetako trafikoa murrizteko aproposa dela portuak erabiltzea, eta Europa barruko itsas merkataritza bultzatzeko asmoa dagoela horretarako. Ze ondo, esaten duzu, errepideak lasaiago, hainbeste kamioirik gabe.

Nongo errepideak baina? Alemania eta Herbehere aldetik Iberiar Penintsulara eta kontrako bidean doan merkantzia-garraiorako kamioiak erabili ordez itsasontziak baliatzen badira, Rotterdam eta Hanburgoko portuetatik Pasaiara eta alderantziz tonak eta tonak barkuz eramanez, zein izango da ondorioa?

Frantziako errepideek igarriko diote, onenean, eta poztekoa izango da, baina gurean areagotu egingo da dagoeneko jasanezina den kamioien joan-etorria. Pentsa: Mediterraneo aldera doazen merkantziak ere, muga La Jonqueran zeharkatu ordez, Pasaiara ekarriko dituzte, hemendik kamioiz hara eramateko. Eta alderantziz, berriz diot.

Gipuzkoa zeharkatzen N-I deritzan errepidea gainezka dago aspaldidanik, eta egoera okerrera doa. Aski da kamioi batek deskuido bat izatea, probintzia osoan kaosa sortzeko. Eta hori ez da posibilitate urrun bat, zentral nuklearren istripuarena bezala, sarri-sarri gertatzen den kontua baizik. Azkena, atzo bertan.

Gure munduaren martxak (kapitalismoaren logikak) lehengaien, hornigaien eta salgaien mugimendu hazkorra dakar; etengabe hazkorra. Horri Pasaiako portu berriaren ekarria eransten badiogu, laster batean orain halako bi izango da kamioi trafikoa. Eta orduan? Orduan errepide berriak asmatuko dizkigute. Eta AHT eskaini panazea moduan, noski. Baina horretaz beste batean jardungo dugu.

Xabier Mendiguren 2006/03/15

Gaur, martxoak 9, grebarekin bat egin du blog honek

Xabier Mendiguren 2006/03/09

Borroka-zelaiaren hedaduraz

Michel Houellebecq idazle frantsesak bere hasierako obretako bat du "Extension du domaine de la lutte" (gaztelaniaz, "Ampliación del campo de batalla"). Liburu horrekin ez du zerikusirik baina, izenburu hori etorri zitzaidan gogora atzo, berriak entzuten ari nintzela.

Imajinatu borroka-zelai bat. Gerra baten erdian gaude, gudaldi bat jokatu berri da, eta armada biak zein bere lubakitara erretiratu dira. Erdian, berriz, hildakoak, alde bateko nahiz bestekoak. Borrokaldia amaitu eta gero, izango da momentu bat, handik ordu batzuetara edo biharamunean, gorpuak jasotzekoa, eta nik imajinatu nahi dut lubakietako inori ez zaiola burutik pasako une hori aprobetxatzea etsaiari jo eta tiro bat sartzeko kopetaren erdian.

Ez dakit gudaren humanizazioa den hori, edo Genevako konbentzioaren atal bat, edo logika militarraren azpitik dagoen zentzunak agindutakoa. Berdin zait: gorrotoaren gainetik, hildakoari gutxieneko errespetu bat zor zaio, eta harekin bat egiten dutenei ere bai.

Gizalege hori ez da askotan betetzen, zoritxarrez. Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak gogora ditzaket, Tolosako hilerrian, eta beste hainbat, zerrenda nahi beste luza dezaketenak. Beste aldetik ere gogoan daukat noizbait komunikabideetan irakurria (ezin jakin egia den baina), ETAkoek asmoa zutela Ordoñezen hilobi ondoan lehergailua jartzeko, haren omenezko ekitaldian PPko kide mordoxka akabatzearren; hilketak berez duen zirrarari makabrotasun berezia eransten zion plana, dudarik gabe.

Horregatik penatu eta haserretu nau Jaurlaritzako Barne Sailaren erabakiak Igor Anguloren hileta-omenezko ekitaldia debekatu duenean, terrorismoaren apologia izan zitekeelakoan. Javier Balza pertsona neurritsu eta bizkortzat daukat, baina kargu horretan dagoenak jakin behar du, legearen interpretazio estutik harago (kasu honetan ez da inongo epaileren agindurik izan), gizatasunez jokatu behar lukeela. Hildakoei eta bizidunei zor zaien errespetuarekin.

Borroka-zelaia, zabaldu ordez, ea denon artean murrizten hasten garen.

Xabier Mendiguren 2006/03/02

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema