Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artikulu kulturalak

Nire uste harroan

Artikulu kulturalak

Negartien saldoa

(Nabarra aldizkariaren eskariz idatzitako artikulua, euskal literaturaren krisiaz edo arazoez; gai bera jarrita beste hauek ere idazten dute: Katixa Agirre, Aurelia Arkotxa, Edorta Jimenez, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta)

Karnetean piperpotoa daramagun gizonezkoen artean bada adin-tartea markatzen duen mugarri bat: soldadutza. Zorionez, ni naiz gaitz horretatik libratu ziren lehenengoetakoa, kontzientzia-eragozpenaren trenera garaiz igo nintzelako. Balantzaren kontrako aldean, beste batzuk batailoiko batailak kontatzen hasten direnean isilik gelditu beharra. Horren ordainetan, barka iezadazue aspaldiko kontu zaharrekin hasten banaiz.

Aurten betetzen dira 25 urte euskaltzaletu nintzenetik. Arestik zioen legez, lasai asko bizi nintzen ni hispanitatean, baina, ez dakit Damaskora bidean zalditik erorita edo ze hego-haizek jota, nire hizkuntza hauxe zela erabaki nuen halako batean, 18 urte betetzearekin batera edo. Ez dut oroitzen egun zehatzik edo gertakari seinalagarririk, baina bai zein izan nuen bataioko ura: Argia aldizkariaren harpidedun egitea.

Aittitte Makurre gerraosteko gose-urteak kontatzen emango dut akaso baina, utzidazue labur azaltzen orduko argitalpenen panorama: zuri-beltzezko astekari xixtrin bat zen berez Argia, ia-ia betiko desagertzeko zorian egon ostean nola-hala pixkortzen ari zena; inguruan, berriz, basamortu latza: Anaitasuna itxi eta gero, Jakin hiruhilabetekaria eta ezer gutxi gehiago kaleratzen zen. Eta hala ere, edo horregatik akaso, egundokoa iruditzen zitzaigun Argia. Hobeto esanda, egundokoa zen: irakurri ez baizik irentsi egiten nituen goitik behera artikulu haiek, ezagutzen ez nituen sinadurekin zetozenak: Iñaki Uria, Josu Landa, Pello Zubiria, Pablo Sastre, Mikel Antza, Eneko Olasagasti Ni 18 urteko umemokoa baldin banintzen, haiek hogeita gutxiko bixarguriak, niretzat Jainkoaren hurrenak ia.

Liburugintzan, Joan Mari Torrealdairen zerrenda ikusi eta 300 titulu kaleratu ziren guztira 1982 hartan. Sekulako kopurua, dozena erdi urte lehenago ozta iristen baikinen 100eko mugara (2005ekoa dugu azken zenbaketa, eta 2000 tituluko langa jo genuen hor). Ateratako liburuak banan-banan aztertu, eta Joan Mari Irigoienen "Poliedroaren hostoak" iruditu zait salbatzeko moduko bakarra.

Zer ari naiz demostratu nahian: orduko miseriaren aldean elegante bizi garela gaur egun? Ez, ez da hori. Orain dela 25 urte, geneukan apur hori gauza handia iruditzen zitzaigun, batetik, ezerezetik eta ukazio gorritik gentozelako, eta bestetik "batez ere", are eta gauza handiagoak egin nahi genituelako: ilusioa, indarra, itxaropena geneuzkalako. Horren froga da Argia-ko taldetxo hark ez zuela amore eman egunkari bat sortu arte (8 urte geroago); horren erakusgarri dira, halaber, hurrengo urteetan sortu ziren literatur aldizkari guztiak (apurka itxiz joan zirenak, gehienak).

Gaur egun krisi hotsak omen dira, entzun dudanez. Eta barkatu berriz ere agure askojakinaren pose nardagarria hartzen badut baina, barregura etortzen zait krisiaz hitz egiten entzuten dudan aldiro. Arrantza egon liteke krisian, urteetan itsasoko bizidun guztiak ustiatu eta ahitu ondoren; hemengo industria astuna ibili zen krisi latzean, urte oparoak bizi izan eta gero. Baina euskal kulturak noiz izan du ba oparoaldia? Noiz izan zen nik ezagutu ez dudan Urrezko Aro hori?

Jakina da itxaropideen eta errealitatearen arteko talkak desengainu antzeko bat ekarri ohi duela. Baina, halakoetan, gehiegizko espektatibetan dago akatsa, errealitatea den horixe delako. Egia da hizkuntza normalizatu bat genuela jomugan, kultura aberats bat amets, literatura eder eta joria helburu. Horren ordez zer eskaintzen zaigu? Kili-kolo dabilen hizkuntza, betiko makurretatik libratu ezinik segitzen duena; kultura menpeko, txiro eta oilolurrari lotuegia; literatura ere, oro har txukuna, baina egitura eskasekoa, irakurle gutxikoa eta kanpora ateratzeko zailtasun handiak dituena.

Okerrena, hala ere, ez dira gaitz zahar horiek guztiak, askoren ilusio galtzea baizik. Pentsatzen jarrita, baina, kontu biologikoa izan liteke ilusioa galtzea: soldadutza baino jubilazioa hurbilago dakusanak, normala marmarka jardutea, urrutiko intxaurrei begiratzea, oraingo erdipurdikeriak baino noizbaiteko lilurak nahiago izatea. Horren aldean, ariketa osasungarria izan liteke udaberri honetan lehen liburua atera duten idazleei erreparatzea: Uxue Alberdiren "Aulki bat elurretan", Katixa Agirreren "Sua falta zaigu", Harkaitz Zubiriren "Zakur kale" (berealdiko ipuin-bildumak, hirurak ere), Itziar Madinaren "Beste eguzkia" eleberria, Fertxu Izquierdoren "Gerratearen aztarnak" eta Beñat Sarasolaren "Kaxa huts bat" poema-sortak.

Xabier Mendiguren 2007/07/05

N-1 erabiltzeagatik kobratuko dizuete

(Goierriko aisialdi gidarako idatzitako artikulua)

Baditut nik Bilbo-Behobia autopistaren ondoan bizi diren lagunak, eta beti kexatu izan dira edonora mugituta ere ordainsaria pagatu beharraz: “Bilbora zoazela, Donostiara, Gasteiza peajetik pasatu behar aurrena. Zuek goierritarrok berriz”. A-8aren kontzesioa noiz amaituko zain zeuden garai batean, baina Diputazioak jabetza hartutakoan kobratzen jarraitzea erabaki zuen. Beste lagun batek hala zioen, marmarka: “Hara, niri berdin zait bizitza osoan ordaintzen segitzea, baina zuei ere N-1 hartzen duzuen bakoitzean kobratuko balizuete”.

Purrustada moduan botatako horrek egia bihurtzeko itxura dauka ordea. Orain hauteskundeak datozela-eta ez da komeni jendea ikaratzea, botoek beste norabait alde egingo duten beldurrez, eta arazoa isilpean gordeko digute, baina pixkanaka eta erremediorik gabe datorren kontua da: Europako errepide nagusietan dabiltzan ibilgailuek ordaindu egin beharko dute erabiltze hori, eta kamino horietakoa da, noski, Goierri zeharkatzen duena (eta baita Zumarragara doan bide berria ere).

Plan horrek badu noski bere azalpena: milaka kamioi dabiltza egunero batetik bestera, eta garraioak ere lagundu behar luke bideen eraikuntza eta mantentze-gastuetan. Logikoa da, ezta? Hala ere, gu ez gara kamioilari txekiarrak edo portugaldarrak: hemen ordaintzen ditugu geure zergak; bigarren aldiz pagatu behar ote dugu kaminora ateratzeagatik (edo bosgarrenez, autoen, erregaien eta abarren zergak kontuan hartuz gero)? Gainera, ze alternatiba dugu batetik bestera mugitzeko N-1 alde batera utziko bagenu?

Beste alde batetik, peaje garestia ekologikoa dela esango digute beharbada, jendea garraio publikoa erabiltzera bultzatuko duelakoan. Ba ote? “Gipuzkoa Hiria” eslogan zoragarria da, baina nola moldatuko da, esate baterako, Zarautzen lan egiten duen ataundarra, autoa baztertu eta garraio publikoa erabili nahi badu? Tren berrietan (eta autobusetan) egundoko inbertsioa egin beharko litzateke autoaren alternatiba egiazkoa bihurtzeko, baina arlo horretan aurreikusitako bakarra zer da? AHT: inbertsio ikaragarria daukana, baina ez barne garraiorako, ezpada Madril eta Parisa joateko.

Xabier Mendiguren 2007/05/22

Puig Antich, Ardotxi, Zabalegi

(Argia-rako artikulua)

“Hauxe ikusiko diat”, esan nuen neure artean; periodikoa itxi eta zinemara abiatu nintzen. Aukeraturiko filma, Salvador, anarkista katalanari buruzkoa. Manuel Huergaren pelikula ikusi duenak edo estatu espainiarreko historia hurbila apur bat ezagutzen duenak jakingo du Salvador Puig Antich lepoa eginda hil zutela frankistek 1974an, borreroak “garrote vil” delako tresnaz hildako azkena izan omen zen gainera, gorabeheraz beterik eta bermez husturik egon zen auzibide militar baten ostean.

Zinemaren ahalmenetako bat da aurpegiak ipintzen dizkiola zuk izenak baizik ez zenituen istorioari, sentipenak eransten dizkiola aurretik zeneukan datu-sorta hotzari. Horregatik da tresna indartsua, eta beharbada horrexegatik ukatzen zaigu oraindik ere euskaldunoi (Segoviako ihesa filmatu zenez geroztik, ia 30 urte dira gure historiari loturiko filmik egiteko gauza ez garela; eta okerrago, egin den apurra, sarri, etsaiaren ikuspegitik).

Zinemaren faltan eskura dugu literatura behintzat: arte minoritarioagoa tamalez, baina merkeagoa ere bai zorionez. Film horren lehen partean gazte urduri eta sentibera baten kontzientzia hartzea kontatzen zaigu, antifrankismotik aktibismora, eta buruan jiraka zebilkidan etengabe Mentxakaren aitorpena, Ardotxiren eleberri-lekukotasuna: garai bera, kezka bertsuak, ekintzak ere antzekoak. Alderik izatekotan, Puig Antichen taldeak makarragoa ematen zuen euskaldunen aldean; ez dakit ideologia anarkistari ala mediterraneartasunari egotzi behar zaion hori

Pelikularen bigarren erdiak beste tonu bat hartzen du: Salva espetxean dago, heriotza-zigorra ezarri diote, eta abokatua barkamena lortzeko borrokan dabil, presoak ziegazainetako batekin harreman berezia lotzen duen bitartean. Heriotzaren korridoreko film amerikar pila aipa liteke hemen, baina, euskaldunekiko konparazioan hasi garenez, Hamaika pauso ekarriko dut gogora, Saizarbitoriak Anjel Otaegiren gainean-edo osaturiko nobela (ezinbestean, Gari Berasaluzek Txikiren biografia amaitzen ez duen bitartean). Katalanaren kasuan presoaren arrebek hartzen badute indar dramatikoa, ama bakartia zen elementu hunkigarriena Otaegi-Zabalegirenean.

Filmak film eta liburuak liburu, desberdintasunik nabarmentzekotan hauxe nagusia: katalanak beren iragana kontatzen dabiltzala, kontuak garbitzeko, eta hemen, berriz, zauriari zornea dariola oraindik. Ez dadila izan luzerako.

Xabier Mendiguren 2007/03/14

Goierriko multizineak

(Goierriko Aisialdi Gidarako idatzitako artikulua)

Sasoi honetan inoiz baino gehiago entzuten dugu zinemaz hitz egiten, Oscar sariak direla-eta komunikabideetan ez baita beste konturik. Ni ez naiz Hollywoodeko gorabeherez ariko, ordea, Goierrikoez baizik. Hemen ere baditugu zinemak, zorionez; garai batean, negozioaren martxa kaxkarrak eta etxeen prezioak zine pribatuak ia desagerrarazi bazituen ere, udalen ekimenez hor dauzkagu orain Beasain, Ordizia eta Ataungoak.

Herritarrak garenez lokalaren jabe, zeresana ere izango dugu jestioaz, programazioaz eta abarrez; ona da gainera denon gauzen ardura denok hartzea geure gain. Gaur, baina, ez nator kritika asmoan: ikusle huts izango naiz, zineman izaten garen bezala.

Zer ikusi ere aukeratu egin behar, hala ere. Nik behintzat ohitura izaten dut egunkarietan begiratzeko ea zer daukagun gure bailarako zinemetan, horien artean ikusteko irrikaz nagoen pelikularik tokatzen ote den edo. Asteroko begiratze horrek konturarazi nau ez dagoela alde handirik herri batetik bestera; zehatzago esanda, film berberak erakusten direla sarri, aste batean Ordizian eta hurrengoan Ataunen, edo Beasain eta Ordizian aldi berean, edo nahi duzuen konbinazioa.

Normala da hori alde batera, gaur egun zinemaren jabeak ez baitauka aukeratzerik “hau nahi dut, hau ez dut nahi”, banatzaileek filmak sortaka eta blokean saltzen dituztenez gero. Alabaina, gure udaletako agintarien esku dago eskaintza bateratu eta koordinatua ematea, elkarri lehia egin ordez zerbitzu osoagoa eta kalitate handiagokoa eskainiz goierritar guztiei. Multizine bat bagenu bezala, aretoak denak batera ez baizik han-hemen banatuta. Ez dago horrelakorik egiteko ohiturarik, badakit, baina zabor-bilketan eta beste hainbat arlotan batera jarduten ikasi badugu, zergatik ez kulturan ere?

Dena dela, ohitura-aldaketa ez dagokie udal ordezkariei bakarrik: gu geu ere, asteburuan nahiz aste barruan, ia errazago mugitzen gara aisialdirako Donostiara, Goierriko herri batetik bestera baino. Eskualde osoko komunikabideak dauzkagun moduan, ea herritarrak ere ohitzen garen gure artean errazago eta maizago komunikatzen, nor bere txokoko egitarau eta ospakizunetara mugatu gabe.

Xabier Mendiguren 2007/03/13

Errumaniarrekin futbolean

(Lagun bat errietan ari zait, txoko honetan aspaldian ezer idatzi ez dudala-eta. Hari kasu eginez, gabonetan "Goierritarra" aldizkariak eskatutako artikulua doakizue)

Orain dela hilabete parea, hainbat goierritar bildu ginen afari-legea egiteko; mahaiaren jiran geundela, gutako bat hasi zen marmarka eta gaizki-esaka, aspaldi honetan gure artera etorri den kanpotar jendea dela-eta: batean bere bizilagun ijito errumaniarrek bizikleta lapurtu ziotela, bestean zaratarekin lanean uzten ez ziotela, ez zitzaion falta zertaz kexatua.

“Aizu, baina”, protestan hasi zitzaion gutakoren bat, pertsonen duintasuna eta giza eskubideak ahotan, baina gaizki-esalea ez zegoen epelkerietarako:

“Bai, zuek nahi duzuena esango duzue. Baina zuek etxean atezain automatikoa daukazue, ezta? Bideoarekin gainera igual. Eta oso seguru sentitzen zarete zeuen etxe barruan; ni, berriz”

Eta hor segitu zuen purrustaka eta madarikazioka: gizarte-laguntzak etorkinentzat izaten direla eta bera miserian zeukatela; lapurretan ibiltzen direla inolako beldurrik eta lotsarik gabe “Aurrekoan zahar batek esan zidaan, hemen ETArena baino okerragoa datorrela orain”, abisatzen zuen, eta, zalantzarik ez gelditzeko zertaz ari zen, erantsi: “Zenbat jendek zeukak hemen eskopeta etxean? Horiek denek ateraz gero”

Afarian bertan tripako minarekin hastea baino nahiago izan nuen isilik gelditzea. Gehiegizko isiltasunak bihotzerrea ere sortzen du, ordea, eta horregatik itzuli naiz gai hartara. Lasai esan izan dugu urtetan, espainolak zirela arrazistak, gu jatorrak garela. Erraza da esatea, atezain automatikoa edukita batez ere, baina egia da arazoa gure artean dagoela; arazo-sorta bikoitza gainera: immigrazioa integratzeko arazoak, batetik, eta arrazismoak berak eragindakoak, bestetik. Bietatik zein den lehena eta zein bigarrena eztabaida amaigabean aritu gaitezke, oiloaren eta arrautzaren ipuinean bezala, baina ez dut uste horretan luzatzeak merezi duenik. Gure artera etorritakoak bertakotzen egin beharko ditugu ahaleginak.

Nik neuk ere baditut bizilagun kanpotarrak etxepe berean. Beti izan ditugu: garai batean Espainia aldetik etorriak, eta gaur egun urrutiagotik. Batzuk ekuadortarrak (futbol mundialean balkoian jarritako ikurrinagatik diot), eta beste batzuk ustez errumaniarrak (ez nago seguru baina).

Errumaniarrak, gainera, asteburuetan ikusten ditut, koadrilan: bazkalondoan kiroldegian bainu bat hartzera noala, Loinazpe ikastetxeko patioan ibiltzen dira jo eta fuego futbolean. Aukera ederra, seguru asko, aste osoan lanean gogor dabiltzanak lasaitzeko, jolasteko, izerditzeko, barre egiteko, beren hizkuntzaz mintzatzeko, txorakeriak esateko diru askorik gastatu gabe gainera.

Aurreko batean, parean nindoala, ihes egindako baloia atera zen errepidera, nire aldera. Astero handik pasatzean sentitu izan dudan inbidia neurri txiki batean berdintzeko aukera, behingoz. Urtetan ez baitut baloirik ikutu ere egin. Ez dut esango Ronaldinho sentitu nintzenik baina bai gustura geratu nintzela, jabeei baloia itzultzeko ostiko hura jo eta gero.

Nahi duena esan dezala afarian mahaikide izan nuenak; nik errumaniarrekin nahi dut futbolean jokatu.

Xabier Mendiguren 2007/01/31

Marmarretik eta triunfalismotik harago

(Berria-k eskatu dit Durangoko Azokaz idazteko, editore naizen aldetik; atzo argitaratu zen, Igandea gehigarrian, Harkaitz Canok idatzitako beste iritzi-artikulu baten ondoan)

Durangoko azoka ahotan hartu orduko, bi diskurtso mota egin ohi dira gure artean. Bata, marmarra, kexa eta purrusta: hango merkantilismo merkea dela, letxugen ordez liburuak salduz; hango masifikazio itogarria dela, sauna kolektiboan izerdituz euskarari laguntzen diogulakoan; hango azaluskeria harroa dela, hango hauspo-puzte gezurrezkoa Bestea, juxtu alderantzizkoa, satisfetxoaren handikeria triunfalista: bagarela, motellak!; ez-dakit-zenbat milioi bisitari, ez-dakit-zenbat mila liburu, badakit-zenbat ziento stand; hemen ikusten dira euskal kulturaren osasuna eta indarra, gora gu ta gutarrak!

Intelektualen artean lehenengo diskurtsoa da normalena, eta horren arrazoiak ondo asko ezagutzen ditugu kulturgintzan modu profesionalean gabiltzanok, nahiz eta guri, sasoi honetan, bigarren diskurtso horren koruan parte hartzea egokitu, aurrera doan herriaren erakusgarri eder horretako atrezzo moduan. Hala ere, garaipenezko hanpuruskeriak bezain xinpleak izan litezke matxinkontraren negar betikoak. Ez nabil erdibidearen epela aldarrikatzen, gauzak arreta pixka batez aztertzeko eskatzen baizik.

Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut, Katalunian, adibidez, Durangoko azokaren antzeko zerbait izango balute, eta guk ez, zer esango zuketen gure ezkor arranguratuek: “Hemen, euskararen alde gaudela erakusteko, jan eta edan bai gogotik, egin kilometro mordoa, korri egin lehertu arte, eta horrekin zer? Zerbait egiten dugulakoan, ezer ez eta festa. Han, berriz, festarekin batean, edo horren aitzakian, liburuak eta diskoak erosten ditu jendeak, mordoa gainera, bertako kultur taldeak indartzeko, sortzaileak eta hartzaileak harreman zuzenean jarriz. Haiek bai, pulamentua eta ganora, gure aldean”

Behingoz bada ere, txalotzeko moduko ekitaldi bat daukagu, munduko kultura gutxitu guztien eta handietako ez gutxiren inbidia pizteko modukoa; eta, esne-bitsetan hazitako aberaskume mainatiaren antzera, mespretxu eta iseka egiten diogu daukagun horri.

Garbi hitz eginda, azoka ez da inola ere gure kultur sistemaren osasun onaren adierazgarri. Izatekotan, gure katarro kronikoaren salbuespentxo bat litzateke; askotan erabili den konparazioa errepikatuz, oasi bat basamortuaren erdian, une bateko egarria ase eta indarberriturik jarraitzeko. Oasia eta ez oihana, baina ezta irudikeria ere.

Euskal diskogintzak zein liburugintzak arazo larriak dituzte aurrera egiteko. Hiztun gutxiko kulturak berez dakartzan muga guztiez gain, ezaguna da diskoen salmentak nonahi jo duen beherakada (puntako diskoetxeak ixterainokoa), eta liburuen alorrak ere aizkorakada latzak hartu ditu: azkena, eskola-materialen mailegua, Jaurlaritzak erabakia. Aspaldiko leloa da "eta hala ere egia galanta" sormen aldetik oparo gabiltzala eta kontsumoan pattal antxean; bi mutur horien artean dago kultur industria, lan ederrak plazaratzeaz pozik eta harro, baina bere produktuak jendartera zabaltzeko orduan duen ahuleziaz kezkatuta.

Egoera kontraesankor horrek azaltzen du, beste ezerk baino hobeto, Durangoko azokak, azoka den aldetik, argitaletxeontzat daukan garrantzia. Momentu bateko garrantzia, urte osoko lan etengabean kultura kaleratzen jarraitu nahi dugunontzat. Horrexegatik iruditzen zaizkigu irrigarriak litekeen mundurik bikainenean bizi garela diotenen kukurruku ozenak; horregatik dira halaber barregarriak sasi guztien gainetik dabiltzala uste duten azkar ustekoen zapuzkeria-planttak.

Xabier Mendiguren 2006/11/27

Euskal liburugintzaren gazi-gozoak

(Beterriko Liburua aldizkarirako idatzitako artikulua, haien eskariz eta gaia jarrita)

Euskal letretan dabilen norbait (eta berdin izango da beste edozein parajetan) zaharrago bihurtu ahala, adinaren proportzioan handitzen zaio baterako eta besterako artikuluak idazteko eskea, eta maila berean hazten da lehendik esanak dituen kontuak errepikatzeko arriskua. Aukera handiak dauzkat, beraz, gauza ezagunak kontatzeko edo topikoan jausteko. Libratuko ote naiz? Saiatu behintzat bai. Ea bada.

Euskal liburugintzaz jarduteko eskatu didate. Horren diagnosi antzeko bat egiteko. Arloa zedarritzea komeni da, eta ez nahastea liburugintza osoa ni neu zuzenki aritzen naizen literaturagintzarekin. Industria-sektore bat da liburugintza, berez, produktu batzuk sortu eta saltzen dituena, hainbat lanposturen iturria; aldi berean, kulturaren garapenerako garrantzi handiko alorra dugu, euskararen biziraupenerako ezinbestekoa. Alderdi batetik edo bestetik begira dakioke auziari, baina komeni da bi-biak izatea beti gogoan.

Har dezagun Torrealdaik Jakin-en urtero ateratzen duen azterketa, analisi kuantitatibo baterako nahitaezko tresna. Azken aldian, urteko 1.500-2.000 liburu inguru kaleratzen direla esaten digute zenbakiek, guztira: itzulpenak eta sortuak barne hartuta, lehen edizioak zein berrargitaraldiak, haurrentzako liburuxka xumeak nahiz apaletarako liburukote sendoak. Urtez urte gorabehera txikiak izaten dira, baina perspektiba zabalxeagoarekin erreparatuta gorako joera dagoela ikus liteke; egundoko gorakadarik gabe, baina hazkuntza nolanahi ere.

Aldi berean, baina, beste kopuru bat ere hartu behar dugu aintzat, kanpora begira eta irakurlearentzat axola handikoa ez izan arren barruan gabiltzanontzat berebiziko munta duena: tiradaren bilakaera. Hau da, argitaratzen den liburu bakoitzetik zenbat ale ateratzen den. Liburu-motaren arabera egundoko aldeak dauden arren, bataz bestekoa beherantz dator, joera nabarmen eta aspaldikoan. Orain dela 15 urte, konparazio batera, urtean 1000 liburu eta bakoitzetik 2000 ale ateratzen baziren, gaur egun 2000 liburu eta bakoitzetik 1000 ale. Gutxi gorabehera, noski.

Bilakaera bikoitz hori (liburu-kopuruaren hazkuntza eta tiradaren apaltzea) ez da euskal liburugintzaren ezaugarria soilik, gure inguruko herrietan ere antzeko prozesua bizi baitute. Kultur joeren globalizazioaren seinale edo. Honek, batetik, aberastasuna dakarkio kulturari: produktu gehiago kaleratuz gero, kalitatezko emaitzak aurkitzeko posibilitateak gorago, eta nork bere gustuko liburua topatzeko aukera ere handiago. Bestetik, baina, baditu bere alderdi makurrak, ez horrenbeste irakurlearentzat baina bai liburuaren katean dabiltzan profesionalentzat: idazle, argitaratzaile, banatzaile eta saltzaile. Azal ditzadan laburki:

Liburuak gero eta denbora gutxiago egingo du dendako apaletan (zer esanik ez erakusleihoan), uneoro erreferentzia berriak datozenez haiei tokia egin behar baitzaie. Aurrekoari lotuta, liburua ez da dagoeneko “betirako” gauza, produktu galkor eta iragankorra baino: liburutegietan gordeko dira zenbait ale, baina gainerakoak, saldu ezean, papera egiteko birziklatuko dira. Ziklo hori dozena erdi bat urtekoa izan liteke gurean, baina askoz laburragoa hizkuntza handietan: urte parea edo. (Tokitan geratu dira sortzailearen hilezkortasun ametsak!). Argitaratzaileak, berriz, berdinak ditu liburuaren ekoizpen-gastu gehienak, asko nahiz gutxi saldu (itzulpena, irudiak, zuzenketak, maketazioa), eta salmentak gutxieneko kritiko batetik behera eginez gero, irabaziak ez baizik galerak izango ditu editoreak.

Ez nabil lantua jotzen, gauzak zertan diren azaltzen baizik. Horixe da egoera, eta horrekin egin beharko dugu aurrera.

Urteko 2.000 liburu esan dugu. Eguneko bost liburu pasatxo esan nahi du horrek. Gehitxo akaso? Nondik begiratzen zaion. Ateratzen den gehientsuena ezagutu nahi lukeenarentzat asko da, noski, baina bere gustuko zerbaiten bila dabilen irakurle partikularrak aukera handiagoa du, esan dugun legez. Liburuen zabalkunde eta salmenta orokorrari begira hobe gutxiago balira, baina liburu horietako bakoitza idatzi duenarentzat berea ez dago inoiz sobera; beraz, nondik kendu? Argitaletxeek ere ikus dezakete liburu gutxixeago ateratzea onuragarria litzatekeela sektorearentzat, baina batek bere produkzioa jaisten badu, merkatu-kuota galduko du bere lehiakideen aurrean, salmahaiaren zati txikiagoa tokatuko zaio dendan, eta hori enpresarentzako galbidea izan liteke gure gizarte kapitalistan.

Tokia amaitzen ari zait, eta kontu asko esan gabe (ikasliburuen ugaritasunaz, literaturaz kanpoko liburuen eskasiaz eta abar). Ohar pare bat bukatzeko, Internet dela eta. Sarearen baliabideak zabaldu ahala, paperaren erabilera gutxitu egingo zela agindu zitzaigun aspaldi. Hogeitaka urte daramatzat egunkari klasikoaren heriotzaren edo liburu elektronikoaren etorreraren iragarpenak entzuten. Orain arte ez dugu irauli handirik sumatu, baina aldaketa batzuk gauzatzen ari dira, pixkanaka: entziklopedia eta kontsulta-materialak formatu elektronikora pasatu dira, eta ez dirudi paperean ateratzeak zentzu handirik duenik. Era berean, estatistikak, argitarapen zientifikoak eta antzekoak web-orrietan ikusiko ditugu, gero eta gehiago. Hala ere, ez dirudi liburu klasikoaren amaiera hurbil dagoenik, Amazonia osoa jo eta eraitsi arte behintzat. Izan ere, irakurtzen den edo ez alde batera utzita, garbi dago prestigio-iturria dela liburua objektu den aldetik, oroigarri moduan besterik ez bada estimazio handia daukana oraindik, erakunde ofizialen txosten ponpoxoetarako bezala herri-elkarte txiki bateko argazkiak argitaratzeko. Horrek industriari edo kulturari onik egiten ote dion ikusteko dago baina.

Ea hurrengoan literaturaz solastatzen garen.

Xabier Mendiguren 2006/04/07

Gora legea! Heil!

(Gaur Berria-n ateratako iritzia, baina hemen zentsura linguistikorik gabe)

Leninek txiste hau kontatzen omen zuen alemanen gainean:

Erabaki dute langile aleman sozialista batzuek protesta antolatzea, behar bezalako greba, manifestazio eta guzti. Hiri inguruko fabriketako beharginek geldiarazi dituzte beren lantegiak, eta, trena hartuta, hiriburura datoz denak, burgesak izutuko dituen agerraldi jendetsua egitera. Geltokiko nasa batean utzi zituen trenak, baina, nasatik irteerara pasatzeko seinalea emango zuen enplegatua falta zenez (hura ere grebalaria nonbait), hantxe gelditu omen ziren sindikalista beldurgarri haiek, geltokitik atera gabe.

Kautskyren alderdi sozialdemokrata txukun eta ordenatu hura iraultza egiteko gauza ote zen zalantza izango zuen Vladimir Ilitxek, noski, baina ez nator hona ezkerreko mugimenduen historia berregitera. Tovaritx zaharraren adarjotze horrekin gogoratu naiz egunotan, Espainian tabakoaren lege berria ezarri denetik, eta horretaz hitz egin nahi nuen.

Berriz ere erretzearen edo ez erretzearen matraka? Ez, ez: zaudete lasai, nahikoa kalaka izaten dugu bestela ere eta. Legeaz jardun nahi nuke: legearen edukiaz ez baizik eta goitik etortzen diren agindu, dekretu, debeku eta bestelako arauei ematen diegun tokiaz eta garrantziaz.

Batzuek esaten dutenari sinestera, munduko bazterrik iraultzaileenean bizi gara. Estatuei aurre egiten diegu, instituzio herrikoi paraleloak sortzen ditugu, auzolanerako eta autojestiorako tradizio sendoak ditugu, nazioarteko kooperazioan puntaren puntan gabiltza, erakunde arrotz eta bidegabeen aurrean insumisioa praktikatzen dugu Ba ote?

Espainiako gorteek joan den urteko abenduaren 26an onartu zuten 28/2005 Legea, “tabakismoaren kontrako osasun neurriak ematekoa eta tabakoaren salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzekoa”, eta Urteberritik aurrera indarrean da Hego Euskal Herrian. Harrezkeroztik asko hitz egin da lantokian erretzearen debekuaz, tabernetan erretzeko baimenaz edo mugaz, batzuk alde, besteak kontra, estuegia ote den, oraindik murriztaileago jokatu behar ote zuen, tolerantziaren kontra doala, guztien hobe beharrez egiten dela, erretzaileak gutxituko direla, ez direla, batzuen eskubideez, besteen betebeharrez Hau da, etengabeko solasa eta kalapita izan da legearen alde eta kontra, baina badirudi inork ez duela zalantzan jartzen Legeak (letra larriz idatzita) geure bizitza arautzea bera.

Eta horretara nindoan. Ez da bakarrik Espainiak gure gainean duen agintea legitimoa den edo ez den, EKAn (Euskal Komunitate Autonomoan) zein Nafarroan horretarako eskumenik izan beharko genukeen edo ez genukeen (ez al ziren ba osasuna, lan-segurtasuna eta ostalaritza gure erakundeen eskuduntza?). Horretaz ere jardun gintezke, baina beste batentzat utziko dut. Madrilekiko menpekotasunetik haraxeago joanez, beste kontu hau ikusarazi nahi nuke: hain ardi otxanduak ote gara, geure bizitza gobernatzeko eta gizarteko bizikidetza antolatzeko ahala Estatuari emateko itsu-itsu?

Berriro diot azaltzen ari naizen arazoa ez dela erretzen uzten diguten edo ez. Nik neuk ez dut sekula erre, eta aukeran nahiago dut ingurukoek ere erretzen ez badute, baina egia esanda ez naiz gehiegi kezkatu izan horretaz; hala ere, izututa geratu nintzen norbaitek, lege honen harira, zera bota zidanean: “Orain lantokian norbait erretzen ikusiz gero salatu egin beharko duzu, ezta?”. Ardi otzan ez ezik gainerakoen txakur eta zelatari bihurtu behar ote dugu? Poetak esan zuen bezala, “izaitetik hek bezala Ortzi jaunak zaint gaitzala”.

Itxura kristau zintzoaren azpian, sakonean herri indibidualista eta kasik akrata bat garela esan izan du hainbat pentsalarik. Ispiluan bere burua berez den baino ederrago ikusten duenaren irudikeriak izango dira horiek denak. Onartzen dut, bai, badela gure artean osagai errebelde bat baina, tamalez, gero eta konbentzituago nago gure auzo estatuak etsaitzat hartzearen poderioz, Estatua bera idolatratzera iritsi garela. Inposaturiko nortasun agiria harrika bota ez baina geuk sortzen dugu beste bat. Beste legeria bat nahi genukeelako Legeari gurtza eta erreberentzia erakusten diogu, eta “herri-identitateari” zuzenean erasotzen ez badio inork ez du txintik esaten. Non geratu da, ordea, gizartearen burugaintasuna? Ez dakit nazio askerik eraikiko dugun baina jendarte libre eta bere kasakoa moldatzeko ezgauza garela erakutsi dugu behintzat. Ez naiz ni lantuka hasiko baina aitor dezagun paradero triste samarra dela halako askapen eta emantzipazio ametsak izan ondoren.

Leninen iraultzak ez zuen askoz atarramentu hobea izan baina.

Xabier Mendiguren 2006/01/19

Etorkin eta joakin

(Goierritarra aldizkariaren azken alean argitaratua)

Noiz egoten dira Beasaingo kaleak kotxez beteenak? Hola, azkar esanda, bi garai bururatzen zaizkit niri: herriko festak, batetik, eta gabon gaua, bestetik. Batean nahiz bestean, Oriamendi kaleko espaloia autoz gainezka egoten da urtero. Festetakoak ez du sekretu berezirik: edozein herri festetan denean, hara biltzen baita inguruko jende mordoa. Eguberritakoak, berriz, merezi du soziologia merke pixka bat egitea.

Gabon gauean zer egiten dugun azaldu beharrik ez daukat. Oporretan eskiatzera edo urruti horietan eguzkitan belztera joaten denik izango da baina, oraindik, gehientsuenok abestiko lege zaharra betetzen dugu, “ aitaren ta amaren ondoan”. Nor bere etxekoekin bildu ohi gara denok ere, ahal izatera inork ez baitu gau hori bakarrik pasatu nahi. Normala, beraz, kotxeen joan-etorria izatea. Joan-etorri horretan, baina, zergatik dira Beasainen gehiago etorritakoak joandakoak baino?

Immigrazio-herritzat jo izan da Beasain aspaldidanik. Orain dela mendea baino gehiago ere, herriak idazkari bat hartu eta haren lehendabiziko lana izan omen zen Gaztela Zaharreko udaletxe guztietara idaztea, esanez gure herrira jendea bidali nahi bazuten, hemen bagenuela denentzako lana eta lotokia. Beste garai batzuk ziren, bistan da, orain ez da halako deirik egiten, baina hainbat gizon-emakume etortzen da gure artera, gaztelarrak baino urrutiagotik baina haien amets berdintsuekin: ez bakarrik lana eta lotokia, baizik eta beraientzako eta ondorengoentzako etorkizun hobe baten esperantza.

Oso hunkigarria geratu zait aurreko pasartea, baina urrundu egin naiz hartutako bidetik. Natorren beraz arrastora. Gabon gauean espaloi gainean aparkatutako kotxeekin ari nintzen. Bistan da kotxe horiek ez direla inongo immigrazio-seinale; izatekotan, kontrakoa, emigrazioarena. Alegia, kanpora bizitzera joandako beasaindar asko dago (Bilbon, Donostian, Madrilen), halako egunetan gurasoen etxera biltzen dena.

Immigrazio-herri ala emigraziozkoa? Zenbakitan ez nuke jakingo esaten ze talde den ugariagoa, etorkinena ala “joakinena”, hitz jokoa onartzen badidazue. Eta etorkizunari begira, gure nahiak baino pisu gehiago izango du betiere munduaren martxak, inguruko lantegien eta ekonomiaren osasunak.

Garai batean Burgos edo Ourense partetik etorritakoak aspaldi egokitu ziren Goierriko bizimolde eta ohituretara. Herrimin latza izango zuten etorri berritan, baina gaur inork ez dauka dudarik hauxe dela haien lurra, denon artean Euskal Herri bat eraikitzen ez dago erraza baina. Ekuador, Senegal, Ukrainatik etorri zaizkigun gizaseme eta emakumeei guztiz arrotza egingo zaie oraindik txoko hau, gure janariak, izaera, bizimodua Itxaropena izan dezagun, haien seme-alabak eskolara joan eta gabon-kantak abestu ahala ikasiko dutela gurasoek ere nor den Olentzero eta, zergatik ez, nor den Andoni Egaña ere.

Gabon-giroko mezu kursi samarra atera zait azkenean, baina ez dago gaizki aldian behin mazapanaren gozoa probatzea. Mikatzak eta garratzak dastatzeko aukerak nahi baino gehiago izango ditugu-eta urtean zehar.

Xabier Mendiguren 2006/01/17

Eskolako liburuak debalde?

(Joan den asteko Argia-n kaleratua)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asmoa omen du eskolan erabiltzen diren ikasliburuak ikasleei doan emateko. Ze ondo, ezta?, pentsatuko duzu. Bai baina ez. Gaiak koxka asko ditu, eta pare bat buelta ematea merezi du, hobe beharrezko astakeriarik erabaki baino lehen.

Orain arte plazaratu denez, hauxe omen da proposatzen den plana: eskolak berak erosiko ditu liburuak; haurrari emango dizkio gero maileguan; eta haur horrek, urte osoan erabili ondoren, ikastetxeari itzuliko dizkio liburu horiek, hurrengo ikasturtean beste neska-mutil bati utzi diezazkioten. Liburuek, hartara, dozenerdi bat urteko bizitza izango lukete, eta familiek batere gasturik ez. Hortaz, denok pozik?

Sistema horren oso antzekoa erabiltzen genuen gure auzoan txikiak ginela, orain dela hogeita hamar urte. Ez gobernuak araututa, ezpada jendeak berak: bizilagun bat baldin bageneukan gu baino urtebete zaharragoa, harixe eskatuko genion eskolako liburuak uzteko, ikasturtea hastean; eta gure ondoren beste batek erabiliko zituen gero, liburua guztiz hautsi edo ikastetxeak beste testu bat proposatu arte. Gizarteak berak alde batera utzi baldin badu mailegu informal hori, bi arrazoirengatik izan da: ongizate-maila handitu egin dela, eta liburua ondasun moduan estimatzen ikasi dugula.

Eta orain Hezkuntza Sailak legez berrezarri nahi. Ondorioei asko begiratu gabe ordea. Izan ere, ez dira gutxi, asmo hau aurrera ateraz gero, kaltetuta aterako diren arloak. Hasteko eta bat, liburu-dendak. Lehen ere zartako latza eman zien PPren gobernuak eskola-liburuen prezio librea ezarri zuenean, saltoki handien onerako, txikiek ez baitzeukaten beherapena nondik egin. Eta zer axola niri denda txikiak?, pentsatuko duzu. Ba, zuri ez dakit, baina irakurketa eguneroko ohitura legez bultzatzea interesatzen zaion ororentzat oinarrizkoa beharko luke herrietako dendak bultzatzea. Honek kontrako bidea hartzen du.

Hurrengo kaltetua argitaletxeak dira, bistakoa denez. Horiek ere ez zaizkizula axola erabaki dezakezu, eskubide osoz, baina erne: euskal argitaletxeak aski larri ibili ohi dira eskolako materiala ateratzeko, gure demografiaren berezko mugak direla-eta (horretaz jabeturik sortu zituen Jaurlaritzak EIMA programak); orain, argitaletxe batzuk arriskuan egon litezke eta beste batzuek utzi egin diezaiokete ikasliburuak ateratzeari; hala gertatuz gero, nork ziurtatuko du euskal kurrikulumaren irakaskuntza gutxienekoa? Nolakoak izango dira kanpoko argitaletxeetatik etorriko diren mapak, irakatsiko den historia? Pentsa pixka batean horretaz.

Sortzaileak ere ez dira libratuko: asko eta asko dira eskolako materialak sortzeko lanetan dabiltzan marrazkilari, idazle, diseinatzaileak, eta horien lana nabarmen murriztuko da; libre zara ez zaizula inporta esateko, baina ez esan gero euskal kultura inporta zaizunik.

Kulturgintzaren sare industrial osoa ukitzeaz gainera, erabiltzaileei eurei ere ez die mesederik egingo. Ez duzula uste? Horra. Batetik, liburuetan aukera txikiagoa izango da, eta beharbada eskasagoa ere bai, merkezurrean egin beharko bailituzkete batzuek testuak. Bestetik, ikasturte osoan, egunero-egunero lan-tresna izango duen liburuan haurrak ezin badu oharrik erantsi edo azpimarrarik egin, tresna horren balio pedagogikoa gutxitu egiten da, dudarik gabe. Liburua gordetzeak eta handik denbora batera kontsultatzeak duen balioa ahaztu gabe. Nik ez nuen aukerarik izan, eta ez nieke gaurko neska-mutilei aukera hori ukatu nahi.

Orduan zer, gurasoak urtero eta haur bakoitzeko 100 euro gastatu behar?, galdetuko didazu. Irakaskuntzaren doakotasunean sinesten dut nik, txikietatik unibertsitatera, eta horregatik uste dut badirela bideak: liburu guztien prezioa administrazioak bere gain hartzea, horretarako borondatea eta dirua baldin badago, eta beharra dutenentzako beka sistema bestela. Mailegua, zintzo esanda, kultura osoa pobretuko lukeen txapuza demagogikoa iruditzen baitzait.

Xabier Mendiguren 2006/01/16

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema