Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Arte plastikoak

Nire uste harroan

Arte plastikoak

Sublimea eta amorragarria

Gauza gutxi daude, gizon-emakume modernoaren bizimodu arruntean, auto-ilara luze eta motel batean trabaturik geratzea baino amorragarriagoak. Horixe gertatu zait niri gaur goizean: Andoain parean kamioi batek istripua izan duela-eta, erabat geldirik egon da trafikoa Gasteizera bidean, eta oso makal Donostiarantz. Ordu erdian egiten dudan bidea egiteko ia bi ordu behar izan ditut.

Haserretzeak ezer gutxirako balio duela-eta, atzeko eserlekuan neraman liburuxka bat hartu dut: "Algunos pasos hacia una pequeña teoría de lo visible", John Berger-ena, atzo bertan Markos Zapiain eta Arrate Egañak utzi zidatena. Mila esker. Berger fikzio-idazle moduan estimatzen nuen lehendik ere, gauzenganako eta pertsonenganako bere arreta xeratsu horrengatik, hitzekiko ardura eta zehaztasunean islatzen dena. Banekien halaber pintorea eta arte-kritikaria zela, baina ez nuen arlo horretako bere lanen berri. Hona ba, aukera.

Aitor dezadan: arte-kritikarien hizkera kriptiko eta autorreferentzialak beti eragin dit atzera; Berger-en honi beste usain bat hartu diot ordea. Ez testu errazak direlako, berez, baizik eta errealitatearekiko eta haren errepresentazioarekiko apaltasunez eta mirespenez mintzo delako; ez hantusterik, ez sasiteoria merkerik; espazioaren, kolorearen, formaren hautemate eta ulerkeran sakondu nahi du, ariketa intelektual zintzo batean, pinturaren esentzia atzemateko edo.

Gaurko iruzkin txiki hau amaitzeko, liburuko zati pare bat euskaratuko dut, zirkulazioaren kolapso amorragarriaren erdian edertasunari buruzko gogoeta pausatuak sortu didan sentipena gogoan:

"Pintatzeko bulkada ez dator behaketatik, ezta arimatik ere (itsua, seguru asko), baizik topaketatik: pintatzailearen eta modeloaren arteko topaketatik, nahiz eta modelo hori mendi bat izan edo botiken apala. Saint Victoire mendia Aix-etik ikusia (beste ikuspegi batzuetatik oso forma diferentea baitzuen) lagun handia zen Cézanne-rentzat.

Margo batek bizia falta duenean, seinale margolariak ez duela izan aski kemenik kolaborazioan hasteko beste hurbiltzeko. "Kopiaren" distantziara geratzen da. Edo, gurea bezalako garai manieristetan gertatu ohi den bezala, distantzia historiko-artistikora geratzen da, modeloaren axolarik gabeko truku estilistikoak eginez.

(...)

Jendea gero eta gehiago doa museoetara, eta ez da zapuzturik ateratzen. Zerk liluratzen ditu? Honi erantzutean, arteak edo artearen historiak edo artearen kritikak ahaztu egiten dute, nire ustez, funtsezkoa.

Pintura-museoetan beste garai batzuetan ikusgai zena topatzen dugu eta horrek lagun egiten digu. Ez gara horren bakarrik sentitzen geure bizitzan egunero agertzen eta desagertzen ikusten dugunaren aurrean. Hainbat gauza baitira berdinak izaten jarraitzen dutenak: hortzak, eskuak, eguzkia, emakume baten zangoak, arrainak...; ikusgai denaren erresuman garai guztiak bizi dira elkarrekiko anaitasunean, nahiz eta beraien artean mendeak edo milurteak izan. Margoturiko irudia ez denean kopia baizik eta elkarrizketa baten emaitza, margoturiko gauza horrek hitz egiten digu, entzuten gelditzen bagara."

Xabier Mendiguren 2005/04/25

Munduko argazkirik onena

Robert Caparen biografia bat prestatzen nabil egunotan. Hobeto esanda, eta gaizki-ulerturik egon ez dadin: Edorta Jimenezek idatzi du Robert Caparen biografia hori, eta ni editore-lanak egiten nabil, inprimategira bidaltzeko.

Capa fotoperiodismoaren aitatzat jotzen dute askok. Bereak dira XX. mendeko argazki ezagunenetako batzuk, batez ere Espainiako Gerra Zibilean egindakoak: milizianoa tiroak jota erortzen denekoa, Bilboko Arenalean ama-alabak korrika eta zerura begira hegazkinen beldurrez, nazioarteko brigadisten agurra ukabilak estututa eta begiak malkotan...

Capak esana omen da, gerrako argazkiei buruz: "Ez dela nahi bezain ona? Seinale ez zarela aski hurbildu".

Dena dela, ez da hau Capaz hitz egiteko ordua. Itzuliko naiz liburua ateratzen dugunean. Kontua da, Caparekin bueltaka nenbilelarik, eta Donostian egingo den DFoto azokaz pentsatuz, inoiz ikusi dudan argazkirik onena etorri zaidala burura. Argazki hori ez duzue ikusiko inongo erakusketatan, ez ezein liburutan. Eta ez nik gordeta daukadalako, ez: argazki hori ez da existitzen, inoiz atera ez zelako.

Adarra jotzen edo arte kontzeptualaren filosofokerietan nabilenik pentsatu baino lehen, kontatuko dizuet zein den niretzat argazkirik onena, eta zergatik.

Bi mila eta bateko abuztuan izan zen. Donostiako Aldamar kalean. Bat-batean egundoko zartatekoa. Kotxe bat geldirik. Kea, sua, garrasiak. Lehergailu txiki batek egin zuen eztanda auto barruan, eta han geratu zen hilda Maritxu Erauntzetamurgil, 62 urteko emakumea, eta besotan zeraman haurra, 16 hilabeteko Jokin Galarraga, begi biak eta burmuin zati bat galduta.

Hantxe parean egokitu zen Donostiako egunkari batean lan egiten duen argazkilari ezagun bat. Autoaren ondo-ondoan. Lepotik zintzilik argazki-makina, eta aldean beste zakuto bat, beharrezko zoom, flash eta abarreko guztiekin. Bere bizitzako argazkia egiteko aukera hantxe bertan: bihar lehenengo orrian zabal-zabal, etzi Europako egunkari guztietan, etzidamu ez dakit zer sari...

Argazkilariak hartu zuen umea, hartu zuen bere motorra, han ondoan zeukana, eta ziztu batean eraman zuen Erresidentziara. Bere bizitzako argazkiari uko eginda. Munduko argazkirik onena eginda.

Post datak:

  • Lehergailu haren jatorria ez da inoiz argitu, baina Estatuaren estolderietako usain guztia dauka (Muskizko hondartzakoak bezalaxe).
  • Argazkilariari demanda egin omen zioten bere egunkarian, esanez aurrena argazkia egin eta gero lagundu behar ziola umeari. Non demostratzen den, batzuetan behintzat, hobeak garela pertsonak egiturak baino
  • Argazkilari hori ez dut inon ikusi bere buruari dominak jartzen, beraz isilpean gordeko dut nik ere haren izena. Nahikoa izan beza bere barreneko harrotasuna, eta beste askoren mirespen isila.
Xabier Mendiguren 2005/03/18

Benetako performancea

Betidanik ez dakit baina aspalditik interesatzen zait artea. Hala ere, erakusketak ikusten gustura ibili arren, ia inoiz ez dut idatzi horretaz. Gutxi dakidalako, batetik, eta arte garaikidearen ajeetako bat den berritsukeria ez gizentzearren, bestetik. Izan ere, XX. mendean zehar, eta mendearen azken aldera artearen desmaterializazioarekin (bideoak eta) askoz gehiago, obra bera baino inportanteago bilakatu da haren inguruko diskurtsoa.

Orain dela dozena erdi bat urte gogoratzen naiz idatzi nuela artikulu bat Garan, Gipuzkoako artista berrien lehiaketako erakusketa zela-eta. Bazen han obra deigarri bat, Mendizabal ordiziarrarena oker ez banago: bafle handi bat zen, plastiko zuri batean bilduta, eta plastiko hori sokaz lotuta; bafleak urruma-hots bat botatzen zuen uneoro, baina obrari indarra eta artegatzeko gaitasuna ematen ziona, giltzarria, plastikoan idatzitakoa zen: letra handi-handitan, Ulrike Meinhoff. Kapitalismoaren kontra matxinatutako piztia menderatua zela esan nahi zuen? Oraindik atezuan dagoela atzaparkada emateko prest? Polisemiak ematen dio arte-kategoria bestela probokazio erraza litzatekeenari.

Probokazioa balio positiboa da artean, baina egia da fribolitate-puntu bat ere baduela artista jendeak, eta ez naiz ari arte plastikoaz bakarrik. Orain dela gutxi Frantzian bizi den lagun batek komentatzen zidan haur literaturan mundu zabalean arrakasta izaten ari den liburu bat, eta nola nobela horretan ume batek une batean esaten duen: "Ze pena ez dugula gasolinarik, bestela Molotov koktelak egingo genituen". Mundu zibilizatuan, hori irakurri eta irakurle progreak irribarretxoa egiten du, zuzentasun politikotik urruti dabilela-eta poz-pozik. Gaztetxoek benetan koktelak egiten dituzten toki batean, ordea, jubilazioraino bitarteko ostatua eta mantenua debalde lortzeko arriskua du gaztetxo horrek.

Frantsesak oso zaleak dira horrelako boutade eta epatatzeekin. Surrealista frantziar batek uste dut esan zuela, ekintza artistiko gorena litzatekeela, errebolber kargatu batekin kale erdira atera eta jendeari aliritzira tiroka hastea. Surrealista usteko hori, edo psikopata arriskutsu bat zen, edo -errazago- sekula pistola bat ikusi ez zuen txilibitua.

Horrelako kontuak etorri zitzaizkidan atzo burura, ETAk jarritako azken bonba-autoaren berri entzutean. Arco azokaren egoitzaren ondoan, inaugurazioaren egunean. Hura dena gezurretakoa izan balitz, eta fikzio moduan grabatuko balu bideo-artea egiten duten figura horietako batek, egundoko txaloak jasoko zituen, eta sekulako filigranak idatziko zituzten estetikaren katedratikoek. Errealitatea izan ordea. Benetako performancea, Berrian gaurko beren marrazkietan Montxok eta Zaldieroak adierazten diguten moduan.

Xabier Mendiguren 2005/02/10

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema