Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Lau txakur txikirekin

Lau txakur txikirekin

xme 2014/10/28 21:03

Esaten da zinema-festibalek (eta berdin beste edozein arte motatako jaialdiek) balio behar dutela arloan arloko berrikuntza tekniko edo estetikoak erakusteko eta joera ausartenak saritzeko, bide-urratzaileak direlakoan. Gero auskalo horrela gertatzen den: batetik, programatzaile eta epaimahaikoen artean nork bere gustua izaten duelako, eta, bestetik, inork ez duelako bola magikorik etorkizuna igartzeko. Adibidez, iaz Donostian “Gravity” abentura espaziala eman zutenean, zenbaitek zioten hortik zihoala geroa, eta gaur, berriz, 3D teknika modaz pasata omen dago.

Birgeria teknofilo horietatik ezin urrutiago, aurten film umil batek txunditu nau Donostiako Zinemaldian: Roberto Castón-en “Los tontos y los estúpidos”. Castón, sortzez galiziarra, Euskal Herriari lotutako zinemagilea da: Bilbon LGTB gaiarekin egiten den Zinegoak jaialdiaren zuzendari izandakoa urtetan, eta zenbait kortoren ondotik euskal film aipagarri bat egindakoa: “Ander”, baserri giroko gay istorio hunkigarria, Javier Madrazok Jaurlaritzan zegoela emandako diru-laguntzari esker egina, gero, zoritxarrez, zinema komertzialetan banaketarik lortu ez bazuen ere.

Oraingo film honek, berriz, ez dut uste halako babes instituzional berezirik eduki duenik, eta aldiz zabalkunde normala izango omen du, urriaren 3an estreinatzen baita. Zer kontatzen du pelikulak? Labur esanda: aktore-talde bat (Josean Bengoetxea, Aitor Beltran eta beste) lonja batean biltzen da, film bat prestatzeko: gidoia irakurri, zuzendariaren oharrak entzun, entsegu batzuk egin… Filmaketaren hasi-masiak eurak dira filmaren funtsa. Beraz, ez dago ia dekoraturik, ez kanpoko tomarik, ez film bat garestitzen duten (eta ia ezinbestekotzat ditugun) elementuetako bakar bat ere. Eskeleto soil horren bitartez, hala ere, istorio bat kontatzen zaigu, gaurko bikote eta familia-harreman konplikatuei buruzkoa.

Noski, hori dena ez du Castónek asmatu. Von Trier-en “Dogville” aipatu izan da, eta antzerki nahiz zinemako beste zenbait adibide. Baina, filmari darizkion freskotasun eta benetakotasunaz aparte, azpimarratzekoa da aurretik inork ez duela hemen halakorik egin, eta beharbada film normal bat egiteko zailtasun ekonomikoei emandako erantzun original bat dela, beharra bertute bihurtuz.

Gaur jakingo da Donostiako palmaresa. Castónen zintak ez du lehiaketa ofizialean parte hartzen eta ezin, beraz, saririk espero; datorren asteburutik aurrera aretoetan jendeak ikustea litzateke saririk handiena. Dena dela, ez dezala arrakasta gehiegi ere izan, bestela gure kultur arduradunak imajinatzen ditut, diru-eske datozkien proiektuei ezezkoa ematerakoan, irri zuri batekin horrelako argudioak botatzen: “Zertarako behar duzu hainbeste diru? Begira Castóni, lau txakur txikirekin nola egin duen bere filma, eta arrakasta galanta lortu...”

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2014ko irailaren 27an)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.