Pou anaien euskara
Irratian entzun dut Pou anaiak Euskal Herrira bueltan datozela, gaur edo bihar, kontinente guztietako beren eskalada proiektua amaitu ondoren. Zorionik beroenak. Dena dela, barka nazatela horretaz gehiago esaten ez badut, ez bainaiz kirol kontuetan jantzia.
Beste zerbaitetaz hitz egin nahi nuen gaur. Politikarien ondotik, edo beharbada aurretik, kirolariak dira gure komunikabideetan tarterik handiena betetzen duten profesionalak. Etengabe jartzen diete mikroa aurrean, eta haiek hitz egin behar. Zer esaten duten, berriz, nik bezain ondo dakizue interes gutxikoa, errepikakorra eta topikoa izaten dela hamarretik bederatzitan. Errua haiei ez baizik galdetzen dietenei leporatu behar, edo protesta egiten ez dugun hartzaileei.
Edukiak eduki, alde handia dago hitz egiteko moduan. Euskara gazbako, txepel eta erdipurdikoa izaten dute gehienek (ez dut esan nahi kirolariak beste edozein ogibidetakoak baino okerragoak direnik: gizartearen ispilu zuzenak dirateke, tamalez), baina badira, zorionez, jarioz, naturaltasunez eta egoki hitz egiten dutenak ere. Horiexei entzuten pozarren egon ohi naiz ni, zeinahi euskalkitan ari direla ere: Txikito Bolibarkoari edo Markina aldeko puntistei ulertzeko lanak izaten ditut, baita Arretxe luzaidarrari ere; Lotina meñakarra ez da erraza, baina bai euskara jatorra berea, Mendilibar edo Manix Mandiolarena bezala; zerrenda luzatu liteke: Aranburu futbolari azpeitiarra, Panpi Laduxe pilotari azkaindarra, Janmixel Gonzalez errugbilari saratarra (ez nago herriaz ziur)... Euskaldun kaxkarren adibideak, berriz, nik bezain erraz topatuko dituzue, ez dakit haiei aditzen nik bezain gaizki pasatzen duzuen baina.
Aurrekoak irakurrita, badirudi euskalkiz hitz egitea dela ondo egiteko modu bakarra, eta itxi samarra baldin bada, hobeto. Baina ez. Pou anaiek (ez dakit izena nola duten ere, barka nazatela) euskaldun berriaren ahoskera tipikoa dute, Kutsidazutar guztien irribarrea pizteko moduko doinu horrekin, eta hala ere, egundoko soltura daukate hizketan, bixitasuna, abiada, zehaztasuna eta oparotasuna. Euskalduntze masiboaren ondorioz gure ondorengo guztiek horrela hitz egingo dutela hitz emango balidate, ni naizen talibantxo hau ez nintzateke izutuko; aitzitik, berehala izenpetuko nuke, hala izan dadin.
25 urte: Euskadi Irratia, Euskararen Legea
(Jakin-erako balantzearen jarraipena)
Hots gehiago atera dute, batetik, Euskadi Irratiaren eta, bestetik, Euskararen Legearen 25. urteurrenek. Lehenaren kasuan, isilik gelditu direnak ere izango ziren baina, ahoa zabaldu duten guztiek “Zorionak zuri” kantatzeko egin dute, eta nik ere bat egingo dut poz horrekin eta kantu horrekin. Euskadi Irratiaren lan txukuna zalantzan jarri gabe, luze eta zabal hitz egin genezake hedabideetan oro har (idatzizko, ikus-entzunezko zein digitaletan) gure hizkuntzak duen tokiaz eta izan behar lukeenaz, baina hemendik kanpo geratzen den eztabaida da hori. Eta eztabaida baino gehiago, praxia behar duen arloa, bai sortzaile bai hartzaile garen aldetik.
Eta zer esan esan Euskararen Legeaz? Lehenik eta behin, Euskal Komunitate Autonomoan indarrean dagoen legea dela zehaztu behar, askotan, utzikeria zabarrez edo ahaztura harroz, Euskal Herri osoa Ibarretxeren pean balego bezala aritzen baitira (baikara?) batzuk, edo hiru probintziotatik kanpo beste Euskal Herririk ez balego bezala.
Mendebaldekook mendebaldekoegi jokatzen dugun edo ez dugun, ez naiz auzi horretan sartuko (saltsa loditzeko gogo gutxi gaur, ikusten duzuenez). Baina euskal herritar eta euskaldun gehienak lurralde horretan bizi garenez, aipatu beharreko deritzot kontu honi. Iritzi ugari plazaratu da, baina gehienbat politikaz edo herrigintzaz aldez aurretik eginak ditugun juzgu, aukera eta iritzietatik eratorriak. Espainian diktaduratik monarkia parlamentariorako trantsizioa egin zen bezala egitea onartzen edo besterik ezean ontzat ematen dutenek legearen alde onak azpimarratu dituzte eta urteotan zenbat aurreratu dugun gogorarazi, hobetu litezkeenak ere badirela ukatu gabe. Erreformaren kontra jarri zirenek edo haien ondorengo eta gogaideek, berriz, mugak eta eskasiak seinalatzen dituzte, aurrerapenak ere izan direla ukatu gabe.
Botila erdi huts edo erdi betearen ohiko ipuina? Hori balitz, gaitz erdi. Eztabaida razionala antzutzen duen betiko sorgin gurpilaren adibide paradigmatikoa dugu hor, niri axola zaidana ez baita orain 30 urte egin zena ondo ala txarto egin zen, historiaren dominak eta txatarrak nola banatzen ditugun, baizik eta orain, gaur, bihar, zer egin behar genukeen. Zein diren hartu beharreko bideak eta neurriak euskarak aurrera egingo badu.
Gerorako perspektibak direla-eta, bi ohar. Bata, behin baino gehiagotan esan izan den legez, baikorkeria bezain kaltegarria dugula ezkorkeria: gauzak bide onetik doazelakoan lasai etzatea edo dena galdua dagoelakoan etsitzea, elkarren pareko jarrerak ditugu; itzalak bezain ugari dira argiak egoera honetan, eta hizkuntz normalizazioa bezala desagertzea ere aukeren artean ikusten ditut nik behintzat.
Bigarren oharra, aurrekoari lotua: etorkizuna pertsonok erabakiko dugu, ez patuak, ez Nazio Batuek. Dudarik gabe, herri burujabe baten ahalak eta baliabideak eskuan izatea guztiz inportantea izango da, baina hori bera ere ez litzateke aski, eta egungo tresnekin ere ez da gutxi egin litekeena, edo egin gabe utz litekeena: Jaurlaritzan, euskararen gaian beti alderdi berak aginduta ere, ezagutu ditugu arduradun guztiz euskaltzale eta borondatetsuak baina ideia garbirik ez zutenak, euskarak gobernu hartan izan duen arerio amorratuena, irizpide serioak ezarri baina nahi bezainbat botere ez zeukatenak, administrazioan zer egin ez zekien gizon jatorren bat, edo ideiaz eta ekintzaz gainezka dabilenik (izenak jartzea, zeuen esku: esana dizuet gaur ez nabilela istilu bila).
30 urte: UZEI, Bilintx
(Jakin-eko idazkiaren 2. partea)
Ez dakit ni ere zahartzen ari naizelako ote den, baina aspaldi honetan urteurrenak bete eta bete gabiltzan irudipena daukat, edo ospatu eta ospatu zehatzago esanda, norberak gogorarazi ezean ez baita lagunik etortzen atzetik belarritik tiraka, muxua ahoan edo oparia eskuan.
UZEI dugu urteak bete dituztenetako bat, 30 hain zuzen, urteurren hori aski apal pasa bada ere. Baikortasunez hartu genezake apaltasun hori, garai bateko polemikak igaro ziren seinale, bere zeregina bideratua eta profesionalizatua dagoelako-edo. Hala ere, beste erakunde batzuek hartu duten garapenaren aldean, UZEI itzalixe geratu ote den ematen du, kanpotik bederen.
30 urte bete dituen beste bat, Bilintx liburu-denda, oraingo elkar megadenden sarearen aitzindari izandakoa. Honetaz ezin esan lehenaren gurtzan bertan-goxo geratu denik, baina ezta geroa bideratua eta ziurtatua duenik ere. Aisialdiko ohituren aldaketa dela, kanpoko talde handien etorrera dela, negozio arriskutsua bihurtu da liburuak saltzea, etekin zail eta txikia duena. Diskoak saltzea, berriz, ekintza heroikoa dugu honezkero, eta bere jarduera horretan oinarriturik duenak oinen azpian dauka amildegia eta hondamendia. Eta, halaz guztiz, behar-beharrezkoa dugu euskal produktuen banaketa eta presentzia duina ziurtatuko duen sare komertzial sendoa.
Wazemank ala Noaoa?
Nire blogaren irakurleok ez dut uste Euskal Herriaren lagin estatistikoa osatzen duzuenik, eta erantzuna uzten dutenak are gutxiago izaten dira, baina, hala ere, inkestatxo bat egin nahi nuke zuen artean, nahi duenak erantzun dezan: zein duzue nahiago, Wazemanak ala Noaoa?
Neure iritzia azalduko dut hasteko. Wazemank ikusi nuen lehen egunetik izugarri gustatu zitzaidan, eta geroztik ahal nuen guztietan ikusten saiatu nintzen. Arrazoi askorengatik, eta, batez ere, ondo pasatzen nuelako. Patxi mekanikaria, Euskaltzaindiaren zalantza-zerbitzua, Rufinoren apustuak, Tolosa eta Euzkitze...
Noaoa ikusi nuen lehen aldian zapuztuta geratu nintzen. Produktu eskasa iruditu zitzaidan, grazia gutxikoa. Ez gustatze horren arrazoien bila hasi eta merkezurrean ibili ote diren iruditu zitzaidan: esketxak urritu egin dira eta aurkezpen-platoan bertan egindako solasaldiz osaturik dago orain saioa: Iraolarekin telebistaz, Padagizabalekin gauza "paranormalez", famatu-imitatu-gonbidatua ere bertan. Bestalde, Euskal Herri osorako egiten den saioa izaki, txokokeria areagotu egin dela esango nuke: Zarauztik Villabonarako ardatza duela hizkeraz nahiz erreferentziaz, Azpeitira eta Hernanira erpin bana luzatuz laukia osatzeko.
Hala ere, programaren alde esan dezadan kontzepzio berri bat izan litekeela, ikusleak bertan daudenez haiek entretenitzeko, eta berritzea beti dela ausardia-seinale, nahiz eta beti asmatu ez. Gainera, "Villabona konexion" atal kostunbrista-surrealistarekin edo Koldo Errazti Hirugiyair-eko managerrarekin barre ederrak egin ditut inoiz edo behin.
Beraz, nostalgiak nostalgia, aurrera egin dezala Noaoa-k.
Nekea edo
(Jakin aldizkarian urtearen balantzea eskatu ohi zaie, urtearen azken zenbakirako, hainbat laguni. Aurten, iritzi-emaile: Karmele Artetxe, Alberto Barandiaran, Mikel Bujanda, Pantxoa Etxegoin, Tere Irastortza, Inaki Irazabalbeitia, Xabier Mendiguren Bereziartu, XME, Laura Mintegi, Fito Rodriguez, Allande Sokarros, Andres Urrutia eta Eguzki Urteaga. Nire artikulua emango dut hemen, astean zehar, atalka)
Badut nik lankide ohi bat, bere zaletasunetarako astia izatearren enpresa utzi zuena baina, aspertzeko denbora ere sobran eta, tarteka bisitan etortzen zaiguna, lagunartearen beroaren bila. Garai batean gure bazkalorduetako solasgaia zein zen gogoan, azken bisitaldi horietako batean bota digu lagunak: “Ta, beti bezala politikaz eztabaidan-eta ibiliko zarete, ezta?”. Besteok elkarri begiratu, eta aho batez atera zitzaigun denoi: “Aspaldian, aipatu ere ez”.
Gure lantokian ez ezik, sumatzen dut gizartean oro har, eta euskaltzaleon artean zeresanik ez, nabarmen jaitsi dela politikaz hitz egiteko gogoa. Ez dut esango politikarekiko interesa gutxitu denik: sarritan, eta gure komunitate honetan froga lazgarriak ditugu begi-bistan, zuk batere interesik ez eta bat-batean irentsi egiten zaitu politikak, ustekabeko atzaparkada batez. Nolabaiteko interesa eta kezka hor dago beraz (edo arbuioa eta nazka, askoren artean); galdurik dagoena, beraz, ilusioa da, pilpira, gauzak aldatuko diren esperantza, eztabaidaren bitartez inor konbentzitzeko itxaropena, hitzak eta solasak ezertarako balio ote duten ustea bera.
Ez da su-etenaren amaiera bakarrik, baina hori ere bai. Egoera berriak kultur arloan dituen ondorioak hizpide hartu beharko nituzke baina, zer nahi duzue esatea, halako neke bat sumatzen dut, asperdura antzeko bat, eta, horrenbestez, lankideon arteko kafe-ordu edo bazkalondoetan egiten dugun moduan, alde batera utziko ditut eztabaida politikoak.
Alberto Barandiaran, Tene Mujika bekaren irabazle
Bost lan desberdinek osatzen dute zure proiektua, baina denek ere badituzte ezaugarri komun batzuk, ezta?
Ezaugarri komuna dute bostak nire kazetaritza esperientziarekin lotuta daudela. Bostak nik egindako erreportaje edo kroniketatik sortu direla (edo egin ez ditudan erreportaje eta kroniketatik). Bostak obsesio txikiak dira era berean, egin gabe geratu direlako askotan, eta deika ditudalako oso maiz. Bostak, hor ere lotura bat dago, heriotzarekin lotuta daude. Edo, hobeto esanda, bortizkeriarekin.
Erreportajeen ezkutuko alde hori, esan gabe utzitakoak eta abar, oso sarri gertatu ohi zaizu kazetari-lanetan, ala kasu bakan batzuetan?
Gertatzen zaidanean, oso gogor gertatzen zaidala esango nuke. Maiz? Nahikoa, horrelako proiektuari ekiteko.
Nolabait ere, zu zeu markatu zaituzten pertsona eta gertaerak direla esan liteke, ezta?
Bai, esan daiteke atxikimendu berezia sortu zutela niregan. Seguru asko, kazetariari ustez eskatu behar zaion urruntasuna zalantzan jartzeraino.
Goazen bost atalak banan-banan komentatzera, laburki bada ere. Bata, "Cordobako senidea", Argentinako desagertuen ingurukoa.
Egunkariarentzat landu nuen erreportaje sorta baterako joan nintzen Argentinara, eta han hainbat desagertutakoren senideak elkarrizketatu nituen. Itzuli bezperan, beste dei bat izan nuen, Cordobako lagun batena, berak ere senidea zuela desagertua, eta nirekin hitz egin nahi zuela. Baina ez nuen azkenean erreportajean sartu. Ez nion deitu ere egin, sorta osatua eta burua oso nekatua nuelako. Askotan gogoratzen dut dei hura. Askotan damu izan dut erantzun ez izana.
Beste bat, "Higinia Luz Aiestaranen argazki galdua", Auschwitzen hil zen emakume nafar bati buruzkoa.
1995ean erreportaje luzea kaleratu nuen Kz gehigarrian, Egunkarian. Kontzentrazio eremuan izan zenik ere ez zekiten senideek, eta istorio osoa berrosatu ahal izan nuen. Baina ez nuen Auschwitzen bertan preso guztiei egiten zitzaien argazkia lortu. Hura gabe, iruditu zitzaidan, beti iruditu izan zait, naziek lortu egin zutela. Froga erabakiorra suntsitu egin zutela. Inork ez zuela erabat sinistuko emakume hura han garbitu zutenik.
Hirugarrena, "Nicolasa Agirrezabalagaren gurutzea", frankistek Zaragozako presondegian fusilatutako neska baten kasua.
Lizarrako Gumersindo kaputxinoak aitortza hartu zion fusilatzeko bezperan, eta ondoren, gurutze bat ordaindu zion Zaragozako kanposantuan. Eskutitza bidali zion Mutrikuko familiari, eta amak erantzun omen zion. Gurutze harekin zer gertatu zen aztertu nahiko nuke. Nola den posible bere senideak Zaragozara hurbildu ere ez izana, sikiera hilobia ikustera. Zer egiten duen beldurrak..
Hurrena, "Jesus Ulaiarren garaia", ETAk hildako Etxarri-Aranazko alkatearen harira, hilketa 1979an, eta Basta Ya-ren omenaldia 2004an.
Omenaldian izan nintzen, eta ezagun asko ikusi nituen han, inguruko herrietako adineko jendea, Basta Yakoekin bat etorri ez arren, hildakoa ezagutzen zutelako seguru asko, lehen omenaldi publikoan parte hartu nahi izan zutenak. Orduko garaia aztertu nahiko nuke, zer gertatu zen ulertu nahian.
Eta azkena, "Martxoaren 11ko bi ordu", Madrilgo atentatuaren osteko lehen orduen gainean...
Berrian nola erreakzionatu genuen aztertu nahiko nuke. Nola jorratu genuen gaia, nola jorratu genituen antzeko gaiak.
Bortizkeriaz gainera, denetan ageri da hunkigarritasun-elementua, patetismoa, erruki edo solidaritatezko jarrera bat.
Horiek dira gu guztiok asaldatzen gaituzten elementuak, ezta?
Amaitzeko: proiektu hau, zure ikuspegian, kazetaritza-lan luzeago bat izango da, ala kazetaritzaren mugei buruzko hausnarketa antzekoa?
Inpresioa dut bietatik zerbait izango duela.
Idazleak irakurle?
Idazleak irakurle handiak direla esan ohi da, eta oro har egia da, baina ez beti.
Badira periodikotik aparte ezer gutxi irakurtzen dutenak. Ez zaie interesatzen, edo ez zaie gustatzen, edo ez dute nahi beste inork beren estiloa kutsatzea. Aukera bat da, noski, baina ez ezer interesgarririk sortzeko egokiena.
Badira euskal idazleak euskaraz ezer gutxi irakurtzen dutenak. Pereza ematen die, nonbait, edo euskaraz egiten dena txarra dela pentsatzen dute. Posible da hala izatea, baina horrela jokatzen duenak ez du seguru asko ezer hoberik egingo.
Badira euskal idazleak, beren sorkuntzaren dorrean sartu eta besteek zer egiten duten axola gutxi zaienak ere.
Ez dut inor salatu nahi eta ez dut izenik emango. Baina berriki ikusi dut aldizkari batean, nola idazle bati hiru liburu gustuko gomendatzeko eskatu dioten. Lehena Aresti aipatzen du. Oso ondo. "Haren lan guztiak bi liburukitan jasoak daude", eransten du. Eta hor hasten da nire barrena protestaka.
Arestiren poesia bi tomotan argitaratu zen orain 30 bat urte, bai, aspaldi agortu zen baina; Jon Juaristik prestaturiko edizio hark zer hobetua bazuen arren, Arestiren indarrak aldapak zelai bihurtzen ditu. Baina kontua da orain 20 urte pasa, Arestiren heriotzaren 10. urteurrena zela-eta, Gabrielen idazlanak kaleratu zituela Susak hamar liburukitan, Karmelo Landaren ardurapean eta talde zabal baten laguntzaz, poesia ez ezik narratiba, antzerkia, itzulpenak, hitzaldi, artikulu eta gutunak ere sartuz, askoz edizio osoago eta zainduago batean. Eta liburu horiek oraindik ere eskura litezke.
Tira, akats txiki bat da hori. Baina idazle berak, hurrena, Kafka-ren "El proceso" aipatzen du. Liburu bikaina berriz ere. "Euskal itzulpenik ez dut uste badenik", eransten du, eta kontua da baietz, badagoela, orain dela 15 bat urte Antton Garikanok bikain euskaratu eta Elkar-ek kaleratua: "Prozesua".
Gogorregia izan naiz akaso baina, halako idazleak kexu izaten dira gero, beraiek egindakoa besteek aintzat hartzen ez dutela eta.
Pernando bakarrik ez
Amezketak eman duen herritar ospetsuena izango da Fernando Bengoetxea Altuna, izen-abizenez ez baizik Pernando Amezketarra goitizenaz ezagunagoa (entziklopedian begiratu dut deituraren berri jakiteko, eta hor ikusi dut ni baino juxtu bi mende lehenago jaio zela). Gaur egun, berriz, herriko seme aski ezagunak dira Pello Zabala frantziskotar meteorologoa eta Joxean Tolosa pilotari ohia eta esataria (gehi euskal imitatuen parnasoan leku nabarmena duena), biak ere hiztun egokiak eta herriaren izena munduan altxatuko dutenak (gure mundutxoan, bederen).
Nik ere Amezketaren izena altxatu nahi nuke bada. Izan ere, joan den urte amaieran ezagun batek eskatu zidan, Amezketako liburutegian euskarazko liburuak jende gutxik hartzen zituela-eta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko talde bat osatu nahi zutela-eta, ea nik akuilatzaile-lanak egingo nituen. Baietz esan nion, eta hilero hasi gara biltzen, hileko lehen astelehen arratsaldean. Aldi bakoitzean liburu bat hautatu eta huraxe komentatuko dugu hurrengo hilean. Bilerari itxura akademikoa kentzeko eta denok lasaiago jarduteko, txorixoa, ogia, gazta eta txorixoa eramaten ditugu, eta orain arte umore eta giro onean joan dira gure tertuliak.
Ez dut esan nahi Sarako eskolaren hurrena izango denik Amezketakoa. Herriko jende normala da bildutakoa, 20 eta 50 urte bitartekoak gehienak, batzuk irakurtzeko ohitura badutenak eta besteak ez hainbeste, baina 1000 biztanletara iristen ez den herrian 20 lagun biltzen gara, hilero euskarazko liburu bat irakurri eta komentatzeko. Egin kalkuluak herri handiago bateko biztanle-kopuruarekin, eta berehala ohartuko zarete zenbat den hori.
Oraindik ez didate txisterik-edo kontatu, baina ea hurrengoan, ardo pixka baten laguntzaz...
Nik baino hobeto esanda
Gaia jorratzeko gogorik ez, batetik, isilik pasatzen ere utzi nahi ez, bestetik. Mina ematen dit aipatze hutsak, lehendik ere esan ditudanak errepikatuko nituzkeela sentitzen dut, eta gainera ez dudala ezer konpontzen laguntzen.
Eta hala ere zauri zaharrak azkura ematen, eta hatza hara...
Nik ahalko nukeena baino hobeto adierazi ditu esan nahi nituenak Imanol Murua Uriak, Berria-ko bere analisian:
Lanerako metodoa
Hiru orrialdeko mediku txostena eta Barne ministro baten kontakizuna. Ez dago besterik. Baina ez da gutxi.
Badakigu guardia zibilek kolpatu dutela Igor Portu ETAko ustezko kidea, saihetsa apurtu eta birika zulatzeraino kolpatu ere. Eta badakigu, bertsio ofiziala egiazkoa balitz, birika zulatu ondoren hamazazpi orduz medikutara eraman ez omen zutenez, Porturen bizitza arriskuan jartzerainoko jokabidea izan zutela guardia zibilek. Baina badakigu bertsio ofizialak hutsune nabarmenak dituela, eta kontraesanean dagoela, adibidez, Lesakako miaketetan Portu nekatuta baina onik ikusi zutenen lekukotzarekin. Eta badakigu, bertsio ofiziala egia ez bada, Igor Portu torturatu egin dutela.
Ez dakigu Mattin Sarasola zertan den. Atxilotu zutenean guardia zibilei aurre ez ziela egin adierazi zuten aurrena Barne Ministerioko iturriek, lesiorik ez duela argitaratu zuen atzo, besteak beste, El Pais-ek. Baina Perez Rubalcabak atxiloketaren unean Sarasola ere zauritu egin zutela adierazi izanak ez du arrasto onik ematen, eta El Mundo-ren informazioak ulergarriago egiten du ministroaren bertsio berritua: «iturri judizialen» arabera, «gogor kontusionatua» heldu zen Sarasola Madrilera.
Dakiguna asko da -hiru orrialdeko mediku txostenari esker, funtsean-, baina ez dakiguna gehiago, Porturen eta Sarasolaren testigantzak etorri bitartean.
Donostiako Auzitegiak ikerketa zabaldu du, ospitalera indarkeriak eragindako lesioekin eramaten dituzten guztiekin egin ohi duen legez. Eta gertakizunak ikertu egin behar direla esan dute denek, baita Angel Acebesek ere.
Mediku txostena dago oraingoan, eta gerta liteke auzia azkeneraino argitzen saiatzea epaileren bat. Gerta liteke. Baina salbuespena litzateke. Unai Romanoren auzian argazkiak ere bazituzten, eta artxibatu egin zuten. Frogarik ez zegoen.
Atxilotua ospitalera eraman behar izan dutela eta mediku txostena zabaldu egin dela da orain arazoa, ez besterik, Guardia Zibilarentzat, Rubalcabarentzat eta PSOErentzat.
Igor Portu eta Mattin Sarasola Guardia Zibileko ETAren aurkako talde bereziek atxilotu dituzte, Landa Ekintzako Taldeek (GAR), duela hilabete Gorka Lupiañez ETAko ustezko kidea atxilotu zuten berberek. Makila batez bortxatu egin zutela eta poltsarena behin eta berriro egin ziotela salatu zuen, baita kolpe ugari eman zizkiotela ere. Baina Lupiañezekin, nonbait, kontu handiagoa izan zuten: ez zioten saihetsik apurtu, ez zioten ageriko zauririk utzi, ez zuten ospitalera eraman behar izan, ez dago mediku txostenik.
Ez dago arazorik.
Igor Porturen auzia ikertuko dute, edo ez dute ikertuko. Eta ikertzen badute, guardia zibilak zigortuko dituzte edo ez dituzte zigortuko. Eta zigortzen badituzte, indultatuko dituzte edo... Baina Guardia Zibilaren egoitzetan eta bestelako polizi etxetan funtzionario publikoek lanean jarraituko dute, ohiko lan metodoekin, atxilotuei informazioa ateratzeko betiko bitartekoekin. Eta, orain arteko jokabidean aldaketarik ez bada behintzat, Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako Barne sailetako arduradunek elkarlanean jarraituko dute, informazioa normal trukatzen, Porturena salbuespena balitz bezala.
Eta ez da.
Rodriguez Zapaterok Espainiako Gobernuko agintea hartu zuen urtetik aurrerako datuak ondo esanguratsuak dira: 57 tortura salaketa 2004ean, 52 hurrengo urtean, hiru besterik ez su-etenaren urtean, 2006an, eta 42 salaketa iaz.
Philip Roth-en pepinoa
Neguko oporrak aprobetxatu ohi ditut, besteak beste, aurreko hilabeteetan egin ezin izan dudan gauza bat egiteko: lanarekin zerikusirik ez duten liburuak irakurtzea. Erdarazko liburuak esaterako, neure gustu pertsonalekin lotuak, inongo helburu profesionalik gabe.
Aurtengo gabonetako sortan, horien arteko bat izan da Philip Roth-en eleberri bat: "Mi vida como hombre" (jatorrizko izenburua: "My life as a man"). Ez da inoren gomendioz bila nenbilen obra, liburu-dendan sartu eta aliritzira hautatua baizik. Egilea aurrez ezagututa, hori bai. Gustukoa dut Roth, baina ez da edozeini gomendatzen diodan idazlea. Gaur egun minimalismoa baldin badago modan, Roth horren antipodetan dago: eleberri luzeak egiten ditu ia beti (baditu salbuespenak), korapilotsuak, eszena bati zukua ateratzeko orriak eta orriak betetzen ditu, pertsonaien burutazioekin beste horrenbeste, hitz-jario atergabe eta mozkorgarria izaten du ia beti, baina aldi berean egundoko tentsioa eransten dio kontakizunari, eta horri esker izango da Roth urtero Literaturako Nobel sarirako aipatzen diren hautagai nagusietakoa.
Badute Philip Roth-en liburuek ezaugarri bat niri bereziki interesatzen zaidana: autofikziorako joera (bere bizitzako gauzak fikzionatzeko, eta aldi berean fikzio direnei autobiografia-itxura emateko), eta aldi berean bere edo pertsonaien bizitza hori bere herrialdearen historiarekin lotzeko isuria. Nik neuk ere antzekoak egin izan ditut behin baino gehiagotan, askoz maila apalagoan baina.
Dena dela, orain esku artean dudan liburuan (oraindik orri askotxo falta zaizkit amaitzeko, ea hurrengo oporraldia baino lehen lortzen dudan), beste ezaugarri bat iruditu zait komentagarri. Pasarte batzuei darien gordintasuna/keria deigarria egin zait, eta nik uste dut zerikusi estua duela lanarekin sorrera-unearekin. 1970ean kaleratu zen lehenengoz: transgresio-urteak ziren, eta sexu esplizituko eszenek bazuten ausardia-puntu bat, dudarik gabe. Geroztik, zinema pornoak, beranduago bideoak, gaur Internet-ek tribializatu egin dute pornografia. Ez dut esango interesa galdu duenik (sekula ez du galduko, gure hormonek lanean dirauten bitartean), baina bai gaur egun errazkeria-kutsu bat ematen diola testu bati sexu-eszena bat eransteak. Gaurko literaturan, euskaraz zein inguruko hizkuntzetan, nekez aurkituko duzu halakorik, eta ez, nik uste, idazleak puritanoagoak garelako.
Eta tituluan aipatu dudan pepinoa? Bueno, zati hori itzultzea pentsatzen nuen, baina sarean seguru hamaika holako daudela, koloretan eta bizi-bizi, eta imajinazioari ere utzi beharko diogu zerbait, ezta?
Xumetasuna
Eskerrik asko ongietorria eman didazuen guztioi, eta besteoi ere bai.
Berriz ere martxan nabil, bai, baina lasai samar joatea hobe izango dela-eta, gaur poema bat, ez nirea, baizik Jorge Luis Borgesena, "Fervor de Buenos Aires" bere lehenengo liburukoa (1923). Poesian su-festak, txirinboloak eta txilipurdiak boladan zeuden garaian, harrigarria nola gaztetxo batek, modari bizkar emanda, horren testu sakon eta ederra idatzi ahal izan zuen, haren distira itzulpenarekin apur bat lausotuta geratuko den arren. Ea gustatzen zaizuen. Jatorrizkoan "Llaneza" du titulua, eta nik oraingoz "Xumetasuna" jarri diot, akaso "lautasuna" zehatzago litzateke baina.
Lorategiko atea zabaldu da
debozio sarri batek galdekatzen duen
orrialdearen otzantasunaz,
eta barruan begiradak
ez du objektuetan erreparatu beharrik
beren lekua hartua baitute oroimenean.
Ezagutzen ditut ohiturak eta arimak
eta gizatalde oro egunero josiz doan
zeharkako aipuen dialekto hori.
Ez dut behar hitzik
ez pribilegioetarako gezurrik;
ondo asko ezagutzen naute inguratzen nautenek
badakite nire penen eta ahulezien berri.
Horixe da gorena iristea,
beharbada Zeruak emango diguna:
ez mirespenik ez garaipenik
baizik, besterik gabe, onartuak izatea
ukatu ezinezko Errealitate baten parte gisa
hala nola diren harriak eta arbolak.
Agendak
Urte-hasiera honi dagozkion kontuak: batetik egutegiak eta bestetik agendak. Egutegiak alde batera utziko ditut, telebistan ere halakoekin gora eta behera dabiltza-eta. Agendak, beraz.
Gure bizimodu lanpetu eta hitzorduz beteak ezinbesteko tresna bihurtu du, nonbait. Badira eskuko telefonoa erabiltzen dutenak horretarako, edo ordenagailua, baina oraindik ugari ikusten dira paperezko agendak, ez dago liburu-denda batean sartu besterik, ikusteko. Nik neuk urteak eman ditut agendarik gabe, ez beharrik ez nuelako, etxetik lanera eta lanetik etxera, zorioneko agenda galdu egiten nuelako askotan, edo non utzi gogoratu ez. Desordenatua naiz halakoekin, baina burua oraindik ondo dabilkit, zorionez, eta ondo gogoan hartzen ditut gogoratu beharrekoak.
Hala ere, urtea hasi, agendarekin hasi ohi dut, martxorako-edo sarri abandonatu egiten badut ere. Orain, berriz, zalantza batean nago: zein agenda erabili? Izan ere, batere erosi ez dudan arren, bost agenda behintzat iritsi zaizkit opari, eta gutxi harritu datorren astean beste pare bat ailegatzea.
Bateko, asko maite dudan bat, Valentziako Bromera argitaletxe katalanak urtero bidaltzen didana; besteko, gure argitaletxeak atera duena; hurrena, nire aldamenekoak erosten dituen aldizkariekin banatu eta hark niri emandakoak (Voguerena bat, oso koketoa, eta Telvarena bestea, arras praktikoa); Bertsolari aldizkariarena iritsi berri zait, bere anillekin-eta diseinu egokia duena, baina bertsolari gazte emakumezkoen argazki errepikakorrek astun egiten dutena (gure lagun Joxean Agirrek duen emakumeenganako debozio horrek, literaturan fruitu zoragarriak ekarri dizkion arren, badaezpadako emaitza izan du oraingoan).
Ea lehehenbailen hartzen dudan erabakia, zotz eginda besterik ez bada.
