Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Colombo eta AEBko presidentegaiak

xme 2008/02/05 18:30

Estatu Batuetako agintari jendeari erreparatzen badiogu, ez bakarrik lehendakariari, baita Bostongo alkateari, Nevadako senatariari, Hego Carolinako gobernadoreari, edo Nebraskako kongresistari, denek ere badaukate zer bat bateratzen dituena. Konparazio lotsagabe eta arrazoitugabe bat egiten uzten badidazue (zer litzateke gure jarduna halako lizentziarik gabe?), AEBko politikariak oro, Colomboren gaiztoak izateko modukoak dira.

Colombo tenientea nire adinekoek oso ondo gogoratuko dute, eta gazteagoek ere ikusiko zuten igual, tarteka errepikatzen baitituzte 70eko hamarkadako haren telesaileko atalak. Gogoan izango duzue beraz (eta bestela ikas ezazue), homizidioetan lan egiten zuela Colombok, eta aberatsen etxeetan gertatuak zirela beti hilketak. Dela aktore ospetsu batenean, dela abokatu garrantzitsuarenean. Eta gizaki inportante bezain ahaltsu hori izaten da beti hiltzailea, ustez hilketa perfektu eta akasgabea prestatu duena, harik eta Colombo tenientea agertzen den arte, bere gabardina ximurtuarekin, bere ibilera baldarrarekin, bere txakurraren eta emaztearen kontu txepelekin...

Ez ditut hemen argituko Colomboren dohain detektibeskoak: ezagutzen dituzuenontzat bistakoak dira, eta besteontzat ez da erraza azaltzen. Beste kontu bat nahi nuen adierazi: alegia, nolabaiteko erresumin soziala bideratzen zuela telesailak, 70eko hamarkada gorri haren ezaugarri, AEBko telebistako industrian gorri izan zitekeen neurrian, jakina. Kontua da, handi-mandi gaizto bat, egundoko txalet, pistina eta autoen jabea, bere zepoan harrapatzen zuela polizia txiki, itsusi, baldar eta xaxtarrak. Justizia dagoela erakutsiz, nahi  baduzue, edo, benetako justizia sozialik ez dagoenez, fikzio bidezko justizia poetikoa ezarriz.

Dena dela, hasierako harira etorriz: AEBko politikariek Colombo telesaileko guest starring izateko itxura osoa zuten, bai lehen, eta bai orain ere. Zeren jendeak bere erresumin soziala bideratuko zuen akaso halakoak ikusiz, hemen tabernan baxoerdiaren konpainian gobernukoez gaizki-esaka aritzen garen bezala, baina botoa, gero, betikoei.

Eta kontua da, ez Hillary Clintonek, eta are gutxiago Barack Obamak ez dutela Colomboren gaizto izateko itxurarik (bai demokraten lerroan erretiratu zen Edwards guapo hark). Beraz, oraingoz eta gure hedabideen arabera faboritoak diruditen arren, erne errepublikanoekin.


Autoitzulpenaren mugak

xme 2008/02/05 16:13

Kontu ezaguna da hau euskaraz eta gaztelaniaz idatzi izan duen edonorentzat. Hizkuntza bakoitzak bere joerak izaten ditu: gaztelaniak adjektibo gehiago, menpeko esaldiak sortzeko erraztasuna, euskarak hitz-ordenarekin jokatzeko aukera, eta abar.

Horren ondorioz, idazle berak diferente idatzi lezake batean eta bestean. Ez bata bestea baino hobeto menderatzen duelako, ezpada, bakoitzean, barruko hiztunari edo senari edo dena delakoari ateratzen uzten diolako.

Horrek baditu hainbat abantaila, eta eragozpenen bat ere bai. Adibidez, testu bat hizkuntza batetik bestera itzultzean, zer egin? Itzultzaile finak, noski, jatorrizkoaren tonua eta mezua errespetatu behar ditu, aspaldiko legeak agintzen zuen moduan: ahal bezain hurbil, behar bezain urrun. Aldiz, jatorrizko testuaren egilea baldin bada bere buruaren itzultzaile, tentazio handiagoa izango du testu berri bat sortzeko, sorrera-hizkuntzan ez bezalako musika izango duena. Zenbateraino den hori mesede edo kalte, kasuz kasu ikusi beharko litzateke, eta zaila litzateke arau orokorrik ematea.

Gaur, erdi jolasean, nire haur liburu bat gaztelaniaz nola geldituko litzatekeen begira hasi naiz, eta testua konplexuago egiteko joera sumatu dut berehala. Joera horri galga jarri behar niokeela pentsatu dut, baina ez nago seguru muga non jarri:

Hona, Miss Txatarra liburua hartuta, itzulitako apurra:

–¿Tú crees que esa es postura para una señorita?
Es la abuela la que me riñe así, como siempre. Cada vez que voy de visita a su casa, la misma canción; al principio, todo son besos y zalamerías:
–¡Qué alegría! Pero qué reguapa que estás, Katia. Igualita, igualita que tu madre.
Luego llegan la queja y la pena:
–Aquí me tenéis, triste y sola, abandonada como una zapatilla.
A continuación una estricta inspección de mi aspecto:
–A ver, enséñame las uñas. ¿Y detrás de las orejas, te has lavado bien? ¿Y ese cuello, como una auténtica señorita?
Y después de esa revisión exhaustiva, llega por fin la hora de la merienda:
–Te he preparado chocolate a la taza. Verás qué rico.
Es verdad que el chocolate de la abuela está rico. Rico no: riquísimo, sabrosísimo, excepcional. El mejor chocolate que he probado nunca, y he probado unos cuantos. Junto con el chocolate prepara pan tostado, y encima le untamos mantequilla.

Eta hona zati horri dagokion jatorrizkoa:

–Hori al da señorita batentzako jarrera?
Amona ari zait errieta egiten, beti bezala. Bisitan joaten naizen guztietan izaten da gauza bera; aurrena, mila musu eta losintxa:
–Hau poza! Ze guapa zauden, Katixa. Zure amaren igual-iguala.
Gero, negarra eta marmarra:
–Bai, hementxe naukazu ahaztuta, traste zahar bat bezala.
Ondoren, nire itxuraren inspekzioa:
–Erakutsi azazkalak. Belarri-atzeak ondo garbitu dituzu? Eta lepoa, señorita batek bezala?
Ikuskapen zorrotza amaitu ostean, meriendaren ordua iristen da:
–Txokolatea prestatu dizut. Ikusiko duzu ze goxoa.
Egia da goxoa izaten dela amonaren txokolatea. Beste inon probatu ditudanak baino goxoagoa. Goxoa baino gehiago, mundiala. Ogi xigortua ere prestatzen du txokolatearekin, eta gurina igurzten dugu ogi xigortuaren gainean.

Ondo egindakoari zorionak

xme 2008/02/04 11:34

Sarri izaten da jendea kexu, euskal kulturan gauzak eskas dabiltzala, erdipurdiko lan franko ateratzen dela, gabezia ugari ditugula... Kritikarako trebeago izaten dugu mihia lanerako baino; gaur, berriz, laudorioz nator, ongi egindako lanak horixe merezi duelakoan.

Joan den astean aurkeztu zen Nora aldizkaria, Euskal Herria erdarazko aldizkaria kaleratzen duen Sua argitaletxeak egina eta Berria-k banatua. Produktu txukuna, kontzeptu argia daukana eta errealizazio ederra, bai testuei bai irudiei eta maketazioari begira. Salmentan arrakastarik izango duen ez dakit, aurrera egiteko zenbateko zabalkundea behar lukeen ere ez, baina harrerarik onena opa diot nik, lehendik ez zegoen hilabetekari polita eskaini digulako, eta beste arrazoi batengatik ere bai.

Izan ere, Euskal Herria aldizkaria plazaratu zutenean, bertako arduradunek esan zuten euskaraz ere ateratzea pentsatzen ibili zirela, baina, egindako inkesten arabera, jendeak ez omen zion behar besteko estimaziorik egingo, eta horregatik baztertu omen zuten asmoa. Gogoan dut haserre irakurri nituela adierazpen haiek: produktu bat euskaraz egitea galera-iturri izango dela iruditzen bazaizu eta zure enpresarentzako kalte, ba, ez egin, baina ez hasi esaten zuk nahi zenukeela baina euskaldunek ez-dakit-zer.

Inkesten eta merkatu-azterketen arabera ikastolek ez zuten zentzurik, euskarazko egunkariak ez zuen jaio behar, euskarazko kultura sortzen gabiltzan gehienok hobe genuke beste lanbide bat bilatu. Eta hala ere, egin egin dira horiek denak, egin egin behar zela pentsatu zuelako norbaitek, eta hartara jarri zituelako bere indarrak eta ahaleginak.

Borondatea ez da aski, noski. Horrez gainera talentua, zuhurtzia eta beste hainbat dohain behar dira proiektu bat aurrera ateratzeko. Baita erosleen erantzun eta konplizitatea ere. Horiek guztiak izan ditzala Nora jaioberriak.

Zenbat putazale dago gure herrian?

xme 2008/01/30 13:16

(Goierritarra aldizkarian ateratako artikulua)


Orain dela gutxi Emakunderen txosten bat atera zen komunikabideetan, gure gizarteko prostituzioaren ingurukoa. Han ziotenez, Euskal Komunitate Autonomoan pare bat mila emakumek lan egiten omen dute guztietan lehena omen den ogibide horretan; Nafarroako datuak ere berdintsuak omen dira, beste nonbait ikusi dudanez. Batekoz beste, mila biztanleko prostituta bat. Beraz, erraz atera lezake gutako bakoitzak bere herriko proportzioa: beasaindarrei dozena bat tokatzen zaigu, ordiziarrei bederatzi, segurarrei bat, eta abar. Ezin esan zehazki hala banatuta daudenik, posible baita leku batean bestean baino kontzentrazio handixeagoa egotea. Adibidez, pentsa liteke Legorretan hornituago egongo direla alde horretatik.

Mila biztanleko bat, esan dugu. Kopuru hori asko den ala gutxi, ez naiz eztabaidan hasiko. Beste bat da burura etorri zaidan galdera. Prostitutak zenbat diren bai, esan zaigu, baina zenbat dira gure arteko putazaleak? Emakunderen txostenak ez dio hitzerdirik horretaz; beraz, neure kalkuluak egiten hasi naiz. Bezeroak gizonezkoen artean topatzen dituzte, nik dakidala; hortaz, bostehun lagun gaude prostituta bakoitzeko. Oso umeak eta oso zaharrak direnak kenduko ditugu hurrena; ez dakit zenbat diren adina dela-eta jarduera honetatik kanpo geratzen direnak, baina jo dezagun bostetik bat baztertzen dugula gazteegi izateagatik eta bostetik bat helduegi izateagatik. Hirurehun lagun dira orain bezero potentzialak.

Orain artekoa erraz asma zitekeen. Hemendik aurrerakoa, berriz, aliritzira botako dut eta litekeena da oso deskuidatuta ibiltzea. Dena dela, segi dezadan. 300 horietatik batzuk sarri-sarri joango dira, eta beste batzuk noizbehinka. Prostitutek beren bizimodua aurrera ateratzeko eta putetxeetako enpresariek negozioa egiteko, zenbat zerbitzu egin behar dituzte, batez beste? Egun hobeak eta txarragoak izango dira baina, eman dezagun astegun buruzurietan hiru bat lagun atenditzen dituela emakume hauetako bakoitzak, bezero fijo samarrak, eta asteburuan gehiago.

Kalkulu horien arabera, profesional bakoitzeko 20 bat bezero zintzo edukiko genituzke, astero agertzen direnetakoak, eta beste zenbait (10, 20, 30?) noizbehinkakoak. Hortaz, norberaren herriko datuetara itzuliz, Beasainen igandean paseatzen edo dendaren batean erosketan ikusten ditudan gizonezkoetatik 200 lagun baino gehiago dira aste horretan Ontzatik edo antzeko lokalen batetik pasatu direnak, eta beste horrenbeste aldian behin bisita egiten dutenak. Ataunen eta Zegaman hogeita hamar bat, Lazkaon 140…

Prostituten %90 atzerritarrak zirela zioen Emakunderen txosten horrek, eta baten batek pentsatuko zuen halako gauzak kanpotarren kontuak direla, ez bertakoak. Baina, huts egiteko beldurrik gabe esan liteke bezero horietako %90 bertako gizasemeak direla; mutilzaharrak batzuk, ezkonduak beste batzuk; gazte, sasoiko, heldu… Asko den, gutxi den, bakoitzak jakingo du; niri behintzat izugarria iruditzen zait, eta barkatu sermoi-doinuan bukatzea gaurko artikulua.


Plantxatzeko tabla

xme 2008/01/28 14:15

Joan den ostiralean Argia Sariak, Lasarte-Oriako Txitxardin-Beltxa jatetxean egindako ekitaldi ederrean, euskarazko kulturako jairik dotoreena seguru asko. Irabazleen berri irakurri edo entzungo zenuten han-hemen: prentsa idatzian Imanol Murua Uria, irratian Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioa (Beloki, Iturbe eta Peñagarikano), telebistan Mihiluze, sarean euskal Wikipedia, publizitatean Jaurlaritzako Kultura Sailak euskal komunikabideen alde egindako kanpaina, eta merezimenduzko saria Emilio Lopez Adan "Beltza"rentzat. Denak ere ondo merezitako sariak, eta, bakoitzaren gainean luze hitz egin litekeen arren, balio beza hitz bihotzeko batek beste guztien ordez: Zorionak!

Dena dela, beste zeozer komentatu gura nuen nik, sari horien harira. Publizitate atalekoa Miren Azkaratek jaso zuen, eta luze jardun zuen hizketan. Ezagun zuen pozik zegoela, lagun artean sentitzen zela, eta normalean hartuko ez lituzkeen lizentziak hartu zituen, horrenbestez: saritutako kanpaina horretako telebista-esketxa mintzagai hartuta, iragarkiko amonak "plantxatzeko tabla surfeko tabla" nola bihurtzen zuen aipatu zuen, eta halako zerbait erantsi: "eta, euskaltzaina izanda, badakit ez nukeela esan behar esan berri dudana, Hiztegi Batuak plantxa-ren ordez lisaburdina erabiltzeko agintzen baitu, eta tabla-ren ordez ohola".

Biharamunean, Berria hartuta sari-ematearen kronika irakurtzen ari nintzela, hor non ikusi nuen kazetariak lisatzeko ohola eta surfekoa aipatzen zituela, plantxak eta tablak bazterrera utzita. Txiste errazegia iruditu zitzaiolako sailburuarena? Baina hitzaldiko gauzarik deigarriena horixe bera izan zen, sailburuak Euskaltzaindiaren arau estuei irri egitea. Ala kazetaria (profesional ona, bestalde) arau estu horien gatibu sentitu eta ez zion bere buruari utzi zuzentzaileek gorriz markatuko luketen hitzik idazten? Marka litzateke gero, kronista batek akademikoak baino malgutasun eta libertate eskasagoa izatea hizkuntza erabiltzeko orduan. (Gara-ko kronikan, ordea, Azkarateren esamoldea bere horretan eman zuten, azalpen eta guzti).

Larunbat horretan eta euskarazko egunkaritik atera gabe, Imanol Murua sarituak Atutxari egindako elkarrizketa luze bat zekarren. Jakina da, politikan ohi diren hiztun txepel eta gazbakoen aldean, Atutxak ondo pentsatu eta argiro ahoskatzen duela berba bakoitza, haren jarduna gero euskara batu idatzian jasotzen erraza ez bada ere. Arratiarraren berbetaren ahogozo hori neurri batean errespetatzearen alde egin zuen kasu honetan kazetariak, "Ezker abertzaleko ordezkariegaz izaniko hartu-emonak" bezalako esaldiak erabiliz, -gaz kasua eta emon hitza euskara batutik kanpokoak izan arren eta, teorian, Berrian tokirik ez dutenak.

Arauak arau, kazetaritzaren bizitasunak bigarren aukera hau hobetsiko luke: aberasgarriago delako ez ezik, errealitatearen askotarikotasuna hobeto jasotzen duelako ere bai. Hizkuntzaren normalizazio beharrak muga non edo non jarri beharko du baina.

 

Ez gabiltza ondo

xme 2008/01/23 16:59

 

(Goierriko Aisialdi Gidan argitaratua, joan den udazkenean)


Egunkariek beren promoziorako egiten dituzten kanpaina horietako batean, periodiko bat gure herrietako argazkiak hasi zen banatzen; herri bakoitzeko bi erretratu, zehatzago esanda: bata gaur egungoa, eta bestea orain dela berrogei-berrogeita hamar urtekoa.

Nostalgia pizteko aproposak izaten dira dira beti argazki zaharrak. “Begira ze piura zeukan osaba Martinek”, esango dugu familiako albuma errepasatzean, ipurtaldeak meheago, kaskoak iletsuago, azalak lisoago zireneko garaiak gogoan.

Herrietako argazki zaharrei begiratzean bestelakoak dira kontuak: lehen eliza eta lau baserri zeuden herri-koxkorrean txaletak eta etxe adosatuak ugaldu dira orain, txanpinoiak balira bezala; hiruzpalau kale zituen herri handixeagoari, berriz, adarrak hazi zaizkio alde guztietatik, lehengo baratze, soro, zelai eta muinoen lekuan etxeak eta etxeak eginez: txiki eta handi, luze edo zabal, polit nahiz zatar.

–Bizilegea da hori –esango dit baten batek–: lagun gehiago baldin bagara, denontzako tokia behar.

Arrazoia. Bistakoa da hori, noski. Baieztapen horretan tranpa dago ordea. Biztanleen kopuruak hartzen baditugu, lehen bezalatsu gaude batekoz beste: herri txikietan pixka bat behera egin dute, eta hazitxoetan apur bat gora. Etxebizitzen zenbatekoan, aldiz, gora eta gora beti: lehen halako bi, halako hiru, eta halako lau ere bai, zenbait kasutan.

–Ohiturak ere aldatu egiten dira, familia-eredua ez da lehengoa –kontra egin diezadake lehengo berberak–: lehen seme-alaba ugari izaten zen, eta gaur askoz gutxiago.

Gauza jakina da hori ere. Baina herri bakoitzeko bizilagunen eta etxebizitzen arteko zatiketa eginez gero, etxe bakoitzeko bost lagun ateratzen zen lehen (orain dela berrogeitaka urte, esan dudan moduan), eta etxe bakoitzeko bi pertsona orain.

–Hori da gaur egungo familia askoren kasua. Umerik gabeko bikoteak-eta…

Baina bataz besteko hori egiteko, lau laguneko familia bakoitzeko beste lau lagun behar ditugu, bakar-bakarrik bizi direnak nor bere etxean. Eta hori ez da horrela, inondik ere.

–Hortaz, nondik nora zenbaki horiek?

Etxebizitza mordoa dagoelako hutsik. Inbertsio moduan, edo familiek asteburuetan erabiltzeko, edo dena dela.

–Hori ere eskubide bat da, ezta? Nork bere diruarekin nahi duena egitea.

Egia. Baina eskubide horren izenean bazterrak txikitzen ari gara. Eraikuntza negozio errentagarria denez, hor konpon paisaia, eta gazteek beren etxea nahi dutenez, akabo ondarea.

–Eta? Zer egin beharko genuke?

Ez dakit. Baina bide honetatik ez gabiltza ondo. Ez gabiltzanez ondo.

Zer daki idazle batek?

xme 2008/01/22 13:59

Idazle batek ez du berez jakintza berezirik behar bere langintzarako, aski du bere hizkuntza gutxi-asko menderatzea. Alabaina, fikziozko lan batean abiatu ahala, etengabe sortzen zaio honetaz edo hartaz jakin beharra. Zure pertsonaia autoan doala eta matxura bat duela? Mekanika jakitea komeni zaizu, matxuraren nondik norakoak taxuz emateko. Protagonistaren lagunari giltzurrunetik harriak kendu behar dizkiotela? Ebakuntza horren xehetasunak ezagutu behar, nobelarekin aurrera egingo baduzu. Jakintza-behar horiek, noski, areagotu eta biderkatu egiten dira nobela bat zurea ez den garaian edo tokian girotzen baduzu. Halakoetan, ezinbestean, dokumentatu egin behar.

Dokumentazio-lana asko erraztu da Internet sortu zenez geroztik, eta gaur egun nekez topatuko duzu nobelistarik nabigazioan saiotxo batzuk egiten ez dituenik. Nik, berriz, eta barka nazatela teknofiloek, nahiago izaten dut beste bide klasikoago bat: inguruan gaiaz dakienik baldin badaukat, hari galdetzea.

Adibide polit bat. Oraintsu idazten nenbilen istorio batean, urtebeteko umearen amak beste norbaiten eskuetan utzi behar du bere haurra pare bat egunerako. Halako trantzeetatik pasatu gabekoa naizenez, lagun bati eskatu nion informazioa, kasu horretan berak zer material eta zer argibide jarriko lituzkeen zaintzailearen eskuetan. Hona, haren erantzun xehea:

Ekipoa:

•    Pix-oihalak (ugari, eguneko lau edo bost, ikus dezala maiz aldatu behar dela, ez dela egunean behineko kontua)
•    Ipurdia garbitzeko toailatxoak. (Busti horietako pakete berdea)
•    Baberoak (plastikozko bi edo oihalezko sei)
•    Arropa: hiru pijama, bost aldagarri oso (body, prakatxo edo maila, kamiseta, jertse, galtzerdi), txanoa eta eskularruak edo bisera. Zamarra parea.
•    Oinetakoak kalerako bi pare. Etxeko zapatilak.
•    Reserbako txupetea.
•    Toaila parea.
•    Botikina/nezesera:
o    Ipurdia erretzen denerako ukendua.
o    Apiretal eta Dalsy, sukarra igotzen denerako botikak, alboan papertxo batean dosiak ondo zehaztuta.
o    Eguzkitako krema uda baldin bada.
o    Bainatzeko esponja eta xaboia. (Xaboia igual ez nioke jarriko)
o    Termometroa.
o    Orrazia.
•    Papila.
•    Karroxa: haurra kalean paseatzeko. Tapakiren bat bertan lotarazteko.
•    Seaska: maindireak, koltxoia babestekoa...
•    Haurraren gogoko panpina edo jostailuak.
•    Ur botilatxoa.


Haurraren eguneroko egitaraua: (hau ez dut oso ondo gogoratzen...)

•    Esnatu, eta gosaldu
•    Jolastu edo paseoa
•    Goizeko siestatxoa. (paseatuz ere egin daiteke; loti txarra bada, onena bera)
•    Bazkaldu (12:00ak aldera)
•    Jolastu edo paseoa
•    Siesta (paseatuz ere egin daiteke; loti txarra bada, onena bera) (bi ordu)
•    Merienda
•    Jolastu edo paseoa (hiru bat ordu)
•    Bainatu
•    Afaldu
•    Lotara


Eskuliburua:

•    Pix-ohialak nola jartzen diren in situ erakutsiko nioke. Mutikoa bada txilibitoa beheraka pixak ihes egin ez dezan, izterretan ondo bilduta baina estutu gabe... Azala erretzen denean ukendua nola eman, neska bada nola, mutikoa bada nola...
•    Pix-oihala egunean lau/bost aldiz aldatu behar izaten zaio. Kaka egin orduko aldatu, ez itxaron. Pixez bete samar dagoenean ere aldatu.
•    Nola bainatu: bainugela girotu eta toaila prest eduki. Baineran hamabost zentrimetro ur jarri (asko jota), haurra bertan eseri, esponja erabiliz busti umea eta garbitu. Hamar minutu eta kanpora.
Ez utzi haurra inoiz bakarrik baineran!!! Uraren tenperaturarekin erne!!
•    Jaten ematean berari goilaretxoa eman eta zuk bestea eskuan hartuta ahora eman.
•    Erne gauza txikiekin, dena ahora eramateko ohitura dauka eta ito egin daiteke. Arriskutsua izan daitekeen ezer ez utzi bere eskura.
•    Nola lotarazi: segun eta etxeko ohitura, kantatuz, seaskan utzi eta kitto, lehenago ipuin bat irakurriz... Gaizki erakutsia baldin badago besoetan edo telebistari begira.
•    Ura maiz eskaini.
•    Ibiltzen baldin badaki, erne nora joaten den, parkean zabuak arriskutsuak dira, eskaileretan eta oraindik ez da trebea izango.
•    Ez baldin badaki ibiltzen, katamarran oso azkar dabil eta oinez bezain azkar iristen da leku guztietara. Heldulekua aurkituz tente jartzen ere badaki. Kasu!
•    Kalera ateratzean, arropa aldagai bat hartzea komeni da.
•    Mukizapia beti eskura!

Zer jaten duen:
Gosaltzeko: biberoi epela, esnea zerealekin nahastua. Biberoia eman aurretik esku gainean tanta bat boteaz neurtu tenperatura. Ez dadila haurra erre!
Bazkaltzeko: barazki pure suabea (porruak, azenarioak, patata...) eta arrain edo haragi pixka bat. (bigarrena oso txiki ebakia edo nahi izanez gero haragia edo arraina purearekin batera nahastuta). Yogurra postre.
Merienda: fruta birrindua (banana, sagar, laranja zuku...)
Afaltzeko: Biberoia. Gosarian bezala.
Otordu kanpo ogi puska bat eman nahi izanez gero, baina erne ez dezan zati handiegia irentsi eta ito. Koxkor aldea, gogor samarra hobe.

Botika noiz nola:    sukarra duela ohartuz gero, 38tik gora, ahal dela medikuarenera joan. Ezin baduzu berehala eraman, botika eman. Dalsyak sukarra jaitsi bai baina asko zuzpertu ere egiten du. Apiretalak sukarra jaitsi bai, baina, adibidez belarriko mina baldin badu, hobeto Dalsya antiinflamatorioa delako... Sukarra baldin badu deitu niri telefonoz aidian agertuko naiz eta!

Kolpe txarren bat hartuz gero (buruan adibidez), arretaz begiratu hurrengo orduetan ez dezala botaka egin, ez dadila eroriegia egon, ez dezala normala baino lo gehiago egin.


Geuk "utzitako" tokia?

xme 2008/01/21 08:00

(Argia astekarian argitaratutako artikulua)

Jakin aldizkariaren azken alerako urtearen errepaso bat eskatu ziguten hainbat laguni, kulturaren arloan nabarmenak iruditu zaizkigun gertakariak azpimarratuz. Ez dut han esandakorik hona ekarriko, baina bai kasko barnean kilika geratu zitzaidan kontu bat; azkura ematen duenak hatza nahi.

Literaturaren saltsan badira urtetik urterako aldaketatxoak, inongo joerari ez baizik zoriari zor zaizkionak, horrela esan baliteke; urte batean poesia-liburu bikainak atera litezke, baina zentzugabea litzateke hor bilakaera jakinik topatu nahi izatea, hurrengo urtea agorra eta hutsala gerta bailiteke alor berean. Aurten, adibidez, saiakera nabarmendu da beste generoen gainetik, baina goiz da oraindik mugimendu sakonik antzemateko.

Aldiz, esan liteke eta esan egiten dut, azken urteetako gertakari esanguratsuena, ikuspuntu soziologiko batetik, emakume idazleen plazaratzea izan dela. Bai kopuruz mordoxka azaldu delako denbora gutxian, bai kalitatez lan bikainak kaleratzen ari direlako. “Emakume idazle” kategoria ez dute maite, arrazoiz, emakume eta idazle diren hauetako gehienek, baina haren falta urtetan eta mendetan salatu eta deitoratu denez gero, barkagarri izan bedi izendapen hori erabiltzea. Oraintsu arte nolabaiteko kuota bete beharra aldarrikatu da han eta hemen (ohartu gabe agian kuota hori ezartzeak emakume idazle onen lanaren gutxiespena ekarriko zuela gerora); gaur, berriz, nik uste inongo kuotarik erabili gabe harro erakusteko moduko obra ari direla osatzen.

Ez zen hori buruan jiraka neukan kezka baina. Eman dezagun euskal literaturaren mundua feminizatu egiten dela. Baita edizioarena ere. Inguruko kulturetan neurri batean gertatu den prozesua da hori, eta ez litzateke harritzekoa gurean ere indartzea. Bejondeigula! Bagenuen premia. Hala ere, ez dakit guztiz zuzena litzatekeen joera berri hori emakumeak gizartean omen duen pisu gero eta handiagoaren adierazgarritzat hartzea.

Alegia, kazetari emakumezko batek komentatu zidan aurrekoan, beren lanbideak prestigioa galtzearekin batera aldegin dutela gizonezkoek beste arlo batzuetara, eta beren tokia emakumeei “utzi”. Informatika, ingeniaritza, garrantzi estrategikoa duten sektoreetara begiratu eta erabateko androkrazia ikusten dut, kardinalen konklabe bat balitz bezala. Literaturak, berriz, argi dago ez duela zerikusirik negozioen muinarekin eta mende berriaren martxan itzala galduz doala ere esango nuke.

Horregatik utzi ote diegu “geurea” zen soziedade pribatu honetako sukalderaino sartzen?

10 urte: Guggenheim

xme 2008/01/18 08:00

(Jakin-eko balantzearen amaiera)

Hona beste urteurren sonatu bat, Puppyren etxola titaniozkoak 10 urte bete baititu. Honi buruzko balorazioetan ere zerikusi zuzena izan ohi du norberaren kokaleku politikoak, edo orain 10 urte hartutako jarrera zuritu nahiak. Dena dela, eta gaia sakon ezagutu gabe, neure uste harroak botatzera ausartuko naiz.

Hasteko, ezin da ukatu Guggenheim Bilbao Museoak arrakasta izan duela. Bultzatu zutenek jarritako helburuak bete eta gainditu egin ditu, haiek poz-pozik daude, eta kritikotasunari heltzen diotenek “bai baina”ka jardutera beharturik ikusi dute beren burua.

Arrakasta hori, bistan da, fenomeno turistiko edo ekonomikoa da beste ezer baino gehiago. Ez du ematen euskal herritarrok arte garaikidearekiko ezagutza edo estimazio askoz gehiago dugunik, eta honetan oinarritzen dira kritikoek. “Eta zer?” erantzungo zaie beste aldetik seguru asko. Nolanahi dela, berez kulturala den zerbait ekonomiaren motor bilakatzea eta harekin uztartzea (horrek dakartzan morrontzei buruz edozein iritzi dugula ere) datu berria da gure artean, aurrerantzean kontuan hartu beharko dena.

Ekonomiarekiko lotura hori dela-eta, gogoan dut museoaren proiektua plazaratu zen garaian euskal kulturan zebiltzan talde eta mugimenduentzako dirulaguntzak nabarmen gutxitu zirela, eta Guggenheim eraiki beharra eman zitzaiela horretarako arrazoitzat (jende asko haren kontra jartzeko arrazoia horixe izan zen). Oraintsu, berriz, honetaz eztabaidatzen ari ziren foro batean, gobernutik hurbil zegoen batek bota zuen museoaren aurrekontuak ez zirela kulturako diru-partidetatik atera, askoz handiagoak zirelako, eta gauza batek ez zuela zerikusirik bestearekin; hori horrela bada, kulturgintzako agenteak eskale izatera kondenatzea norbaitek nahita eta berariaz hartutako erabakia izan zela ondorioztatu behar. Pertsona bati leporatu beharko diogu errua? Alderdi bati? Sistemaren aldeko guztiei? Ez dakit zer den hobe, baina esana dut gaur ez dudala politikaz jardun nahi.

(Artikulutik kanpoko postdata: delako foro hori Eibartarrak posta-zerrenda da)


20 urte: atrebentzia ez bada...

xme 2008/01/17 10:28

(Jakineko artikuluaren azkenaurreko zatia)

Urteurren biribilez pentsatzen jarrita, nik neuk 20 beteko ditut aurki editore lanetan. Ez kezkatu ordea: ez dut neure buruaz hitz egin behar. Literaturagintzaren urteotako ibilbidea ondo samar ezagutzeak ematen didan talaiatik, gizonezkook ia inoiz aipatzen ez dugun kontu bat ekarriko dut lerrootara, atrebentzia ez bada: euskal emakume idazleak. (Gizasemeok joera dugu gaia baztertzeko, literatura sexuen arabera epaitu behar ez delakoan, eta emakume batzuek erantzun ohi dute ez ikusiarena egitea egon dagoen diskrimazio-egoera iraunarazteko bidea besterik ez dela; behingoz bada ere, neure iritzia emango dut beraz, mutur-sartzetzat hartuko ez zaidan esperantzan).

Eta gai hau hartu dut, hain zuzen, euskal literaturako azken urteotako berririk inportanteena, plazaratzen ari diren emakumezko idazleen kopurua, kalitatea eta jarraikortasuna dela iruditzen zaidalako. Ikuspegi diakronikoa erabilita, 40 urte badira Urretabizkaia eta Lasa beren sorkuntzak kaleratzen hasi zirela; dozena bat urte itxaron behar izan zen, ordea, emakumezko gehiago plazaratzeko: Irastortza, Landa, Borda, Mintegi; eta beste dozena bat, haiei segida emango zietenak ezagutzeko: Iturbe, Meabe, Iturbide, Arkotxa, Arrieta… Barka nazatela ahantzi ditudanek; esan nahi nuen hutsune handiak izan direla, gizonkrazia hutsezko urte-parrasta, eta, bestalde, idazle horietako gehienek ez dutela obra oparoa sortzerik izan, direnak direla horretarako arrazoiak eta faktoreak.

Azken urteotan, berriz, indarrez plazaratu diren emakumezko idazleak zenbatzen hasi eta bi eskuetako hatz guztiak erabili behar ditut; horietako gehienak, bestalde, maiztasun dexentekoarekin ari dira beren lanak argitaratzen; eta inportanteena: oso lan onak daude horien artean. Ez naiz paternalismoz ari: aurten fikzioan irakurri ditudan bi liburu kilikagarrienak emakumezkoek idatziak dira, nire ustez (eta orain ere ez dut izenik emango).

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.