Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2008 Martxoa 08 Las emakumes
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Las emakumes

Emakume Abertzale Batza zuen izena EAJko emakumeen adarrak, 1922an sortu baina batez ere Errepublika garaian nabarmendu zenak: Polixene Trabudua, Haydée Agirre, Tere Zabala aipatu ohi dira talde hartako mitinlari ospetsu legez, baina Batza hartakoek mitinetan baino gehiago jarduten omen zuten andreek berezko omen zituzten lanetan: umeen eta zaharren zaintzan, irakaskuntzan, ohitura onen transmisioan… Partiduan beti nagusi izan den hizkuntzan “las emakumes” deitu ohi zitzaien, eta izena bera gaur egun erabiltzen ez bada ere, nik esango nuke izendapenak adierazten duen ikusmoldeak indarrean jarraitzen duela, ez bakarrik jeltzaleen artean, ezpada politikagintzan oro har.

Egutegiak nahi izan du hauteskunde bezperan egokitzea aurten martxoaren 8a, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, edo Emakumearen Eguna besterik gabe. Pena izango dute batzuek: arloz arloko proposamenak aletzeko erabili ohi dute alderdiek hauteskunde-kanpaina: gaur, unibertsitatea eta ikerketa; bihar, nekazari, arrantzale eta abeltzainak; etzi, itsu, gaixo, elbarri eta ezinduak; politika sektorialekin jarraituz, zer aproposago martxoaren 8a baino, emakumeen eskubideak aipatzeko? 

Hausnarketa-eguna suertatu ez balitz, emakumezko hautagaiek hartuko zuten, egun batez bada ere, protagonismo apurra. Arabako zerrenda nagusietako bigarrenak (Nerea Antia, Eugenia Martin Mendizabal, Pilar Unzalu), kanpaina osoan mutu egon direnak, nor feministago adituko genituen; Lore Leanizbarrutia, Gipuzkoako senatarigaia eta argazkietan Mari Karmen Garmendiaren ahizpa dirudiena, emakumeen berdintasuna aldarrikatzen entzungo genuen; Arantza Mendizabal eta Elvira Kortajarena, PSEko bigarrenak Bizkai-Gipuzkoetan, bikiak ez baina ile-apaindegi bereko bezeroak ematen dutenak, Zapaterok emazteen fabore zenbat egin eta egingo duen kontari hasiko zitzaizkigun…

Ez dugu halakorik ikusiko, eta zorionez, esango dut. Hobe baita konpondu beharreko injustiziei aurrez aurre begiratzea, errealitatea egun batez itxuraldatuta mundu ezin hobean bizi garela sinestea baino.

Xabier Mendiguren 2008/03/08

Emakumeen eragina

Amatiño — 2008/03/08 15:35
Hik diok: "Batza hartakoek mitinetan baino gehiago jarduten omen zuten andreek berezko omen zituzten lanetan: umeen eta zaharren zaintzan, irakaskuntzan, ohitura onen transmisioan…". Segurutik arrazoi duk. Baina, hala ere, egia ere baduk arlo horiek guztiz garrantzitsutzat jotzen zirelako edo, Emakume Abertzale Batzak zenbaitek uste baino eragin gehiago izan zuela EAJren politikagintzan. Esate baterako, 1931an Espainiako Kongresuak emakumeei botoa ala ez erabaki behar izan zuenean, buruzagi eta diputatu jeltzaleek hainbat hitzaldi eman behar izan zizkiten EABren elkarteetan (baita bat edo beste inauguratu beharra izan ere) eta emakumeen aurrean hitzegin beharrak gizonezkoen diskurtsoa bideratu zian baiezkoaren alde.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema