Nire uste harroan
Pou anaien euskara
Irratian entzun dut Pou anaiak Euskal Herrira bueltan datozela, gaur edo bihar, kontinente guztietako beren eskalada proiektua amaitu ondoren. Zorionik beroenak. Dena dela, barka nazatela horretaz gehiago esaten ez badut, ez bainaiz kirol kontuetan jantzia.
Beste zerbaitetaz hitz egin nahi nuen gaur. Politikarien ondotik, edo beharbada aurretik, kirolariak dira gure komunikabideetan tarterik handiena betetzen duten profesionalak. Etengabe jartzen diete mikroa aurrean, eta haiek hitz egin behar. Zer esaten duten, berriz, nik bezain ondo dakizue interes gutxikoa, errepikakorra eta topikoa izaten dela hamarretik bederatzitan. Errua haiei ez baizik galdetzen dietenei leporatu behar, edo protesta egiten ez dugun hartzaileei.
Edukiak eduki, alde handia dago hitz egiteko moduan. Euskara gazbako, txepel eta erdipurdikoa izaten dute gehienek (ez dut esan nahi kirolariak beste edozein ogibidetakoak baino okerragoak direnik: gizartearen ispilu zuzenak dirateke, tamalez), baina badira, zorionez, jarioz, naturaltasunez eta egoki hitz egiten dutenak ere. Horiexei entzuten pozarren egon ohi naiz ni, zeinahi euskalkitan ari direla ere: Txikito Bolibarkoari edo Markina aldeko puntistei ulertzeko lanak izaten ditut, baita Arretxe luzaidarrari ere; Lotina meñakarra ez da erraza, baina bai euskara jatorra berea, Mendilibar edo Manix Mandiolarena bezala; zerrenda luzatu liteke: Aranburu futbolari azpeitiarra, Panpi Laduxe pilotari azkaindarra, Janmixel Gonzalez errugbilari saratarra (ez nago herriaz ziur)... Euskaldun kaxkarren adibideak, berriz, nik bezain erraz topatuko dituzue, ez dakit haiei aditzen nik bezain gaizki pasatzen duzuen baina.
Aurrekoak irakurrita, badirudi euskalkiz hitz egitea dela ondo egiteko modu bakarra, eta itxi samarra baldin bada, hobeto. Baina ez. Pou anaiek (ez dakit izena nola duten ere, barka nazatela) euskaldun berriaren ahoskera tipikoa dute, Kutsidazutar guztien irribarrea pizteko moduko doinu horrekin, eta hala ere, egundoko soltura daukate hizketan, bixitasuna, abiada, zehaztasuna eta oparotasuna. Euskalduntze masiboaren ondorioz gure ondorengo guztiek horrela hitz egingo dutela hitz emango balidate, ni naizen talibantxo hau ez nintzateke izutuko; aitzitik, berehala izenpetuko nuke, hala izan dadin.
Pou anaiak
Ni ere bi anaien jarraitzailea naiz, naiz eta mendiko kontuak ez egin grazia handirik.
Paperak oso ondo dituzte banatuta: Iker, kirolari aparta; Eneko, saltzaile demasekoa.
2002an edo 2003an Altzan egon zen Eneko espedizio bati buruzko hitzaldia ematen. Uste dut aurkezleak gazteleraz egin zuela aurkezpena, baina Enekok kostatuko zitzaiola, baina berak euskaraz egingo zuela. Lapak, kostatu! Zelako abiada berba egiteko orduan!
Geroztik, ikusi dut asko hobetu duela Enekok eta oraindik saltzaile (kakotx artean) hobeagoa dela.
Asko poztu nintzen egun hartan Gasteizko euskaldunak euskaraz hitz egin zuelako. Gainera, uste dut Donostiako euskaldunen bat gorritu zela, lotsatuta, berak hori egiteko kapaza ez zelako.
Portzierto, Mendigreen, mendizale.
Aio.
Zuzenketa
Oraintxe irakurri dut berriro nire erantzuna: nik utzitako espazioak, portzierto, ez dira ageri. Gainera, lehen lerroan dagoen bigarren naiz horri "h"a falta zaio (nahiz).
"Berak hori egiteko kapaza...", k soberan du esaldiak.
Froga Mendigreen-entzat:
1.- Editatu lehen erantzuna.
2.- Aldaketak egin.
3.- Bigarren erantzun hau ezabatu.
Aio.
Ez zait zure tonua gustatzen
Tonua garratza dela badakit, baina mindu egin nau. Sentitzen dut horren bortitz jardutea, baina ezinbestekoa da.
Txerrari