Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2008 Urtarrila 14 Wazemank ala Noaoa?
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Wazemank ala Noaoa?

Nire blogaren irakurleok ez dut uste Euskal Herriaren lagin estatistikoa osatzen duzuenik, eta erantzuna uzten dutenak are gutxiago izaten dira, baina, hala ere, inkestatxo bat egin nahi nuke zuen artean, nahi duenak erantzun dezan: zein duzue nahiago, Wazemanak ala Noaoa?

Neure iritzia azalduko dut hasteko. Wazemank ikusi nuen lehen egunetik izugarri gustatu zitzaidan, eta geroztik ahal nuen guztietan ikusten saiatu nintzen. Arrazoi askorengatik, eta, batez ere, ondo pasatzen nuelako. Patxi mekanikaria, Euskaltzaindiaren zalantza-zerbitzua, Rufinoren apustuak, Tolosa eta Euzkitze...

Noaoa ikusi nuen lehen aldian zapuztuta geratu nintzen. Produktu eskasa iruditu zitzaidan, grazia gutxikoa. Ez gustatze horren arrazoien bila hasi eta merkezurrean ibili ote diren iruditu zitzaidan: esketxak urritu egin dira eta aurkezpen-platoan bertan egindako solasaldiz osaturik dago orain saioa: Iraolarekin telebistaz, Padagizabalekin gauza "paranormalez", famatu-imitatu-gonbidatua ere bertan. Bestalde, Euskal Herri osorako egiten den saioa izaki, txokokeria areagotu egin dela esango nuke: Zarauztik Villabonarako ardatza duela hizkeraz nahiz erreferentziaz, Azpeitira eta Hernanira erpin bana luzatuz laukia  osatzeko.

Hala ere, programaren alde esan dezadan kontzepzio berri bat izan litekeela, ikusleak bertan daudenez haiek entretenitzeko, eta berritzea beti dela ausardia-seinale, nahiz eta beti asmatu ez. Gainera, "Villabona konexion" atal kostunbrista-surrealistarekin edo Koldo Errazti Hirugiyair-eko managerrarekin barre ederrak egin ditut inoiz edo behin.

Beraz, nostalgiak nostalgia, aurrera egin dezala Noaoa-k.

 

 

 

Xabier Mendiguren 2008/01/14

Esketxak gazteleraz

Gari — 2008/01/14 16:24
Ni ados, Xabier.

Beste konplikazio batzuk direla eta, ez dut lortu oraindik Noaoa osorik ikustea, baina atzo lotsagarri iruditu zitzaidan esketx baten zati gehiena (Guardia zibilak geratutako bat autoarekin eta abar) edo osoa gaztelera hutsean izatea. Badakit moldaketarekin galduko zuela, baina nahiko surrealista zen ETB1en txoritxoa ikusi eta hiru morroi jo ta su gaztelaniaz ikustea.

Wazemank

Amatiño — 2008/01/14 17:34
Batere zalantzarik gabe, Wazemank dezente hobea.

Gidoia

Jozulin — 2008/01/14 22:05
Nire ustez Wazemank-en gidoietan oinarritzen ziren gehiago esketxak eta Noaoa-n esketxaren "grazia" lotuago ikusten dut aktorearen berezko "grazia"ri. Esketx gutxiago eta "zuzeneko" gehiago ere nabaritzen da. Susmatzen dut, gainera, inprobisazio handiagoa darabiltela orain. Barre, bietan; arean gehiago Wazemank-en.

Noaoa

Ander — 2008/01/14 23:21
Niri ere arraro lehenbizikoan, esan dezun bezela Pagadiren gauzekin egiten dut farre, non dagoen eta zer egiten duen konturatzen den bakarra eroetxe hortan,badirudi pixkanaka zeozer ikusten dela, badaude ideia okurrenteak

Wazemank

Apostata — 2008/01/15 00:02
Oraindik ezin izan dut Noaoa osorik ikusi, arrazoi logistikoak direla medio. Baina ikusi dudana ez da Wazemanken itzalera ere iristen, nire uste harroan ;-)

zuria ala beltza

Brad Gerlatx — 2008/01/15 09:51
euskaldunon joera tipikoa: harekin ala bestearekin. Toloxa ta Donoxtik burua altzako balute...

Wazemank

irati — 2008/01/15 10:07
Wazemank dudarik gabe, faltan botatzen ditut Arregitarrak, telebista aurrean esertzen zen familia (baita beraien auzoko sorgina ere!), eta bereziki Euskaltzaindiaren Arazo Argiketa Zerbitzua, ze ona!!

Noaoa eta Wazemank

Edorta Agirre — 2008/01/15 10:15
Umorea sortzea eta jogurta fabrikatzea arras desberdinak dira. Lehengai eta teknika onak baliatuz gero, jogurt denak berdinak eta irensgarriak merkaturatuko dira. Txiste, broma eta antzekoek,aldiz, ez dute bermatua plazaratze arrakastatsu hori eta, beraz, zapore-indartzaileaz jantzi behar da produktua, inoiz (edo errepikatu ohi den) neurrigabeko karikaturaz, alegia.
Bestetik, erdaldunek ETB erdaldunentzat egiten dutenez, euskaldunon denbora-pasan diruak xahutzeari kaltegarri deritzotenez, doan egin behar omen dira (egin behar al dira?) euskaldunentzako telesaioak.
ETB1en espainieraz bakarrik mintzatzeaz aritzeaz, bukatzeko, beste batzuk ere horrela aritzen dira; ETB2n, aitzitik, euskarazko hitzik edo euskal kulturari buruzko aipamenik ez da kabitzen.

Wazemank

Ander — 2008/01/15 10:21
Duda barik Wazemank!

Bestalde, gazteleraz gag batzuk egotea ez zait gaizki iruditzen gidoiak horrela eskatzen badu. Goardia zibilen istorioaz ari naiz. Nork sinestuko luke gag hori goardia zibilek euskara egingo balute?

Wazemank

xiber — 2008/01/15 10:28
Zalantza izpirik gabe, Wazemank. Noaoa behin ikusi eta gustatu ez. Itxaropena banuen, baina porrota iruditzen zait, are gehiago blog honetan niri iritziarekin bat datozen asko ikusi eta gero.

noraoa

Toloxa — 2008/01/15 10:48
Gabon pilotazaleok! noraoa arras eskasa iduri nau.

Noaoa eta wazemank

Sigi — 2008/01/15 10:58
WAZEMANK hobea, klaro.

Halere, NOAOAN azkenaldian ikusi dudan gauzarik onenetako bat ikusi dut: PUTAKUMIA pertsonaia. Ez du Monthy Pyton-en inbidiarik.

Portzierto: Alkaini "politika", "errealismo" gehiago sartuko nahi zutela saio berrian entzun nion elkarrizketa batean... AHTaren aipamen xumea eta txapeloker inutilletatik aparte, gauza gutxi... Vaya Semanitaren antzeko tendentzialismoz jositako sasiproduktu euskaldunik ez dugu nahi, baina gatz apur bat igual bai

Wazemank

lur — 2008/01/15 10:58
Behin baino ez dut ikusi Noaoa baina zalantza izpirik gabe nahigo Wazemank.

Zurekin bat

leire — 2008/01/15 14:47
Epa, Xabier! Zurekin bat nator, gauza guztietan; batez ere hizkuntza-euskalki tratamenduan. Ni Noaoa-rekin aspertu egiten naiz, eta zapping egiten amaitzen dut. Penagarria!

Noaoa eta wazemank

http://www.goiena.net/blogak/marijo — 2008/01/15 20:05
Jozulinek dioenari jarraituz, zuzenekoan ari diren gogo horrekin inprobisazioa igarri egiten da; igande honetako saioan Pagadiri bere izenagatik deitu zion Alkainek, egiten ari zen maritxu berritxuaren izena esan barik eta ohartu zenean, horretan jarraitu zuen, "naturalago" edo.
Hala ere, Wazemanken ateratzen ziren pertsonaia batzuk faltan botatzen ditut nik; aukeran, horietako batzuk birziklatzeko proposamena egingo nieke Alkaini eta bere lan taldeari.

Wazemank!

Nahikari — 2008/01/15 23:47
Duda barik Wazemank askoz hobea zen. Oraingoa soso samarra da.

Wazemank ala Noaoa?

Baniek — 2008/01/17 14:58
Behin baino ez dut ikusi Noaoa, eta ez dut esango aspertu egin nintzela, baina ez ninduen Wazemank!ek bezala harrapatu.
Behar bada, gehiagotan ikusita...

Wazemank

alfredo — 2008/01/17 17:28
Guztiz ados, nabariegia aldea Noaoaren kaltetan. Susmoa dut ea aurrekontu jeitsiera egon den tartean, esan nahi dut askoz lan gehiago (beraz, produzio-gastua handiagoa) dakar kalean, kanpoan grabatzeak plato edo estudio (barruan) baino. Eta diru-arazoa ez bada izan, beste azalpen alternatiboa izan daiteke aldaketa, aldatu aldatu behar delako, baina hori balitz zioa ba azkarregia, ze pertsonaje askoren arrakasta puri-purian zebilen (Gure atsoak, Euzkitze-Tolosa eta beste hainbat). Ikusleak aspertzeko beta eman gabe bidali dituzte.
Aktoreen aldetik nik uste -pena handiz- ahal dutenaren azpitik dabiltzala orain, lehen erakutsi zuten hamaika pertsonaia eta gag aberatsagoak sortzeko gai direla.
Eta telesaioei buruzko esketxak edo "metatelegag"ak, hitz batez, aspergarriak, soberan.
Onenak, aktoreak eurak.
Aupa Alkain ta konpaini!!

noaoa gustatzen zait

nahikari — 2008/01/18 20:16
ba niri gustatzen zait noaoa, ze mania degun dena konparatzen,beti bat edo bestea, nik lehen parre egiten nuen eta orain ere bai, Atxaga the Po oso ona da, Irugiair ere bai,billabonakoaren bitxikeriak ere oso gustoko ditut eta telebistako parodiak ere bai...

putakumia

ander — 2008/02/06 10:26
interneten putakumiaren abestia idatzi!!!!

Nahixo noaoa

Aitor Lizardi Ituarte — 2008/02/18 18:47
Neri askoz geixo gustatzen zat noaoa. Askoz barregarrixo. Wazemank ondo zauan, baina azkeneako kantzau etxen zoan, beti berdina iruritzen zaten, da gainea, dana esketxak dana esketxak... Ondo zauan baina Noaoa hobio da, bariedade geixo.
Wazemankekin ezta konparau bihar, noaoa oso desberdina da ta. Noaoa geixo da programa bat platokua, presentaziuakin da hola. Wazemank, ustea, ez zan holakua. Geixo zan esketxakin eindako saio bat, ez platokua.
Ni neretzako, Noaoa politxo, diferentio, Alkain da kuadrila honek bihar zoana.
Honekin eztet nahi esan Wazemank eskasa zanik e, bakarrik noaoa hobio dala, wazemanken "eboluzio" ear bat.
(Batenbatek ez al deu ulertzen nere hitz etxeko eria?)

noaoa atsegin dugu

gurutz jauregi — 2008/02/19 22:59
guztiz ados aitor lizardikin

sketxa

xipri — 2008/03/06 23:49
azkenean norbaitek jarri du youtuben ;)

http://www.youtube.com/watch?v=H9cA6NL-KUE

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema