Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2008 Urtarrila 09 Pernando bakarrik ez
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Pernando bakarrik ez

Amezketak eman duen herritar ospetsuena izango da Fernando Bengoetxea Altuna, izen-abizenez ez baizik Pernando Amezketarra goitizenaz ezagunagoa (entziklopedian begiratu dut deituraren berri jakiteko, eta hor ikusi dut ni baino juxtu bi mende lehenago jaio zela). Gaur egun, berriz, herriko seme aski ezagunak dira Pello Zabala frantziskotar meteorologoa eta Joxean Tolosa pilotari ohia eta esataria (gehi euskal imitatuen parnasoan leku nabarmena duena), biak ere hiztun egokiak eta herriaren izena munduan altxatuko dutenak (gure mundutxoan, bederen).

Nik ere Amezketaren izena altxatu nahi nuke bada. Izan ere, joan den urte amaieran ezagun batek eskatu zidan, Amezketako liburutegian euskarazko liburuak jende gutxik hartzen zituela-eta, euskaraz irakurtzeko ohitura zabaltzeko talde bat osatu nahi zutela-eta, ea nik akuilatzaile-lanak egingo nituen. Baietz esan nion, eta hilero hasi gara biltzen, hileko lehen astelehen arratsaldean. Aldi bakoitzean liburu bat hautatu eta huraxe komentatuko dugu hurrengo hilean. Bilerari itxura akademikoa kentzeko eta denok lasaiago jarduteko, txorixoa, ogia, gazta eta  txorixoa eramaten ditugu, eta orain arte umore eta giro onean joan dira gure tertuliak.

Ez dut esan nahi Sarako eskolaren hurrena izango denik Amezketakoa. Herriko jende normala da bildutakoa, 20 eta 50 urte bitartekoak gehienak, batzuk irakurtzeko ohitura badutenak eta besteak ez hainbeste, baina 1000 biztanletara iristen ez den herrian 20 lagun biltzen gara, hilero euskarazko liburu bat irakurri eta komentatzeko. Egin kalkuluak herri handiago bateko biztanle-kopuruarekin, eta berehala ohartuko zarete zenbat den hori.

Oraindik ez didate txisterik-edo kontatu, baina ea hurrengoan, ardo pixka baten laguntzaz...

Xabier Mendiguren 2008/01/09

Txorixo bis

Ander — 2008/01/09 21:53
Zorionak ekimenarengatik, zuri eta amezketarrei. Falta den txiste amezketarra "txorixoa, ogia, gazta eta txorixoa" zerrenda bitxi horren atzean egon daitekeela iruditzen zait. Nolatan bi txorixo? Eta Pernandoren erantzuna.

Gustura hasi gara, eta ez da gutxi!

Aritz — 2008/01/10 00:44
Gabon, eta eskerrik asko, Xabier, hire blogean amezketarron aipamena egiteagatik. Estimatuta zagok!

Hik ederki esan (idatzi) duan bezala, hasi baino ez gaituk egin euskarazko literatur tertuliekin, baina martxa polita hartu diagu, bai horixe! Ederra duk, kuriosoa oso, estilo diferente askotako amezketarrak gisa honetako ekimenetan biltzea: ikasleak, etxekoandreak, irakasleak, emakumezkoak, gizonezkoak, lotsatiak, isilik egon ezin dutenak, altuak, baxuak, elizkoiak, jentilak... En fin, zoragarri!

Badirudi, gainera, elkarri ESKU emanda ibili beharrean garela, ESKUAK gora eta ESKUAK behera ibili beharko dugula; izan ere, irakurri dugun estreinako liburua Karmele Jaioren "Amaren eskuak" izan da, eta segidakoa, otsailerako irakurri beharrekoa, "Arotzaren eskuak". Kar, kar!

Ba, horixe, inspirazioa-edo azaldu zaidala (ez dakit nondik), eta hire mezuari erantzun hauxe idaztea pentsatu dudala, Xabier. Ez ahaztu: hurrengo zita katu hilean, inauteri ostean.

Ordura artean (eta aurrerantzean ere bai, noski), POZIK BIZI!

Latuko Aritz.

Ardoa ahaztu!

xme — 2008/01/10 08:38
Horixe txistea! Ardoaren partez, txorixoa bi aldiz. Ondo lehorra geratuko zitzaigun merienda.

Ugarte, Amezketa?

Tintxarrisfera — 2008/01/14 08:05
Uste dut Ugartekoek herri beregaintzat dutela eurena. Amezketarrak ote diren... bertan galdetu behar akaso!

Ugartetik

Eider — 2008/01/18 23:56
Bai ekimen polita Amezketan sortu dena. Saioetara joango ez naizen arren neu ere agian animatuko naiz Karmele Jaioren “Amaren eskuak” irakurtzera. Ea norbait animatzen den saioetan egiten dituzuen komentarioak blogen batean jartzera. Latuko Aritz behar bada?

Ugarteri dagokionez, eta bestelako eztabaidetan sartu gabe, egia da Ugarte badela eta existitzen dela aldarrikatzea gustatzen zaigula. Baduelako bere nortasun edo izaera eta maite dugulako. Zuri izugarri gustatzen zitzaizun Wazemank saioan Joxean Tolosa “Ugartekoa” esaten zuten beti, eta guk pozik entzuten genuen hori

Ondo izan!

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema