Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2007 Maiatza 22 N-1 erabiltzeagatik kobratuko dizuete
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

N-1 erabiltzeagatik kobratuko dizuete

(Goierriko aisialdi gidarako idatzitako artikulua)

Baditut nik Bilbo-Behobia autopistaren ondoan bizi diren lagunak, eta beti kexatu izan dira edonora mugituta ere ordainsaria pagatu beharraz: “Bilbora zoazela, Donostiara, Gasteiza peajetik pasatu behar aurrena. Zuek goierritarrok berriz”. A-8aren kontzesioa noiz amaituko zain zeuden garai batean, baina Diputazioak jabetza hartutakoan kobratzen jarraitzea erabaki zuen. Beste lagun batek hala zioen, marmarka: “Hara, niri berdin zait bizitza osoan ordaintzen segitzea, baina zuei ere N-1 hartzen duzuen bakoitzean kobratuko balizuete”.

Purrustada moduan botatako horrek egia bihurtzeko itxura dauka ordea. Orain hauteskundeak datozela-eta ez da komeni jendea ikaratzea, botoek beste norabait alde egingo duten beldurrez, eta arazoa isilpean gordeko digute, baina pixkanaka eta erremediorik gabe datorren kontua da: Europako errepide nagusietan dabiltzan ibilgailuek ordaindu egin beharko dute erabiltze hori, eta kamino horietakoa da, noski, Goierri zeharkatzen duena (eta baita Zumarragara doan bide berria ere).

Plan horrek badu noski bere azalpena: milaka kamioi dabiltza egunero batetik bestera, eta garraioak ere lagundu behar luke bideen eraikuntza eta mantentze-gastuetan. Logikoa da, ezta? Hala ere, gu ez gara kamioilari txekiarrak edo portugaldarrak: hemen ordaintzen ditugu geure zergak; bigarren aldiz pagatu behar ote dugu kaminora ateratzeagatik (edo bosgarrenez, autoen, erregaien eta abarren zergak kontuan hartuz gero)? Gainera, ze alternatiba dugu batetik bestera mugitzeko N-1 alde batera utziko bagenu?

Beste alde batetik, peaje garestia ekologikoa dela esango digute beharbada, jendea garraio publikoa erabiltzera bultzatuko duelakoan. Ba ote? “Gipuzkoa Hiria” eslogan zoragarria da, baina nola moldatuko da, esate baterako, Zarautzen lan egiten duen ataundarra, autoa baztertu eta garraio publikoa erabili nahi badu? Tren berrietan (eta autobusetan) egundoko inbertsioa egin beharko litzateke autoaren alternatiba egiazkoa bihurtzeko, baina arlo horretan aurreikusitako bakarra zer da? AHT: inbertsio ikaragarria daukana, baina ez barne garraiorako, ezpada Madril eta Parisa joateko.

Xabier Mendiguren 2007/05/22

Re: N-1 erabiltzeagatik kobratuko dizuete

leire — 2007/05/22 20:06

Aupa, Xabier


Bai, gure aldekuok beti kejau izan gara edonora juateko pagau bihar gendualako. Hori bai, nik ez dot reibindikau beste batzuk pagau bihar izatia.


Zurekin bat nator hainbat gauzatan errez gastatzen direla dirutza haundixak. Gipuzkuarako garraio publiko onak diru pillo bat balio dau, baiña AHT garestiagua dala, seguru; bai epe motzian bai epe luzian. Hori, baiña, batzuendako aberastasuna da, euren kontu korrontien aberastasuna.



Re: N-1 erabiltzeagatik kobratuko dizuete

Ander — 2007/05/23 08:11

Nahikoa da! Goazen denok Gipuzkoatik! Datorren igandean gipuzkoarron emigrazioaren lehenengo olatua abiatuko da (Rey No de Navarra estadiora). Leitzarango autobideak (0 euro)Serengettiko sabana emango du ñuen emigrazio garaian. Ez daitezela itzuli txurirurdinak, altxa dezatela kanpamendu giputz bat Sadar errekaren ertzean eta laster joango gara beste guztiok ere.


OrdainSharia-rik ez!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema