Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2007 Martxoa 13 Goierriko multizineak
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Goierriko multizineak

(Goierriko Aisialdi Gidarako idatzitako artikulua)

Sasoi honetan inoiz baino gehiago entzuten dugu zinemaz hitz egiten, Oscar sariak direla-eta komunikabideetan ez baita beste konturik. Ni ez naiz Hollywoodeko gorabeherez ariko, ordea, Goierrikoez baizik. Hemen ere baditugu zinemak, zorionez; garai batean, negozioaren martxa kaxkarrak eta etxeen prezioak zine pribatuak ia desagerrarazi bazituen ere, udalen ekimenez hor dauzkagu orain Beasain, Ordizia eta Ataungoak.

Herritarrak garenez lokalaren jabe, zeresana ere izango dugu jestioaz, programazioaz eta abarrez; ona da gainera denon gauzen ardura denok hartzea geure gain. Gaur, baina, ez nator kritika asmoan: ikusle huts izango naiz, zineman izaten garen bezala.

Zer ikusi ere aukeratu egin behar, hala ere. Nik behintzat ohitura izaten dut egunkarietan begiratzeko ea zer daukagun gure bailarako zinemetan, horien artean ikusteko irrikaz nagoen pelikularik tokatzen ote den edo. Asteroko begiratze horrek konturarazi nau ez dagoela alde handirik herri batetik bestera; zehatzago esanda, film berberak erakusten direla sarri, aste batean Ordizian eta hurrengoan Ataunen, edo Beasain eta Ordizian aldi berean, edo nahi duzuen konbinazioa.

Normala da hori alde batera, gaur egun zinemaren jabeak ez baitauka aukeratzerik “hau nahi dut, hau ez dut nahi”, banatzaileek filmak sortaka eta blokean saltzen dituztenez gero. Alabaina, gure udaletako agintarien esku dago eskaintza bateratu eta koordinatua ematea, elkarri lehia egin ordez zerbitzu osoagoa eta kalitate handiagokoa eskainiz goierritar guztiei. Multizine bat bagenu bezala, aretoak denak batera ez baizik han-hemen banatuta. Ez dago horrelakorik egiteko ohiturarik, badakit, baina zabor-bilketan eta beste hainbat arlotan batera jarduten ikasi badugu, zergatik ez kulturan ere?

Dena dela, ohitura-aldaketa ez dagokie udal ordezkariei bakarrik: gu geu ere, asteburuan nahiz aste barruan, ia errazago mugitzen gara aisialdirako Donostiara, Goierriko herri batetik bestera baino. Eskualde osoko komunikabideak dauzkagun moduan, ea herritarrak ere ohitzen garen gure artean errazago eta maizago komunikatzen, nor bere txokoko egitarau eta ospakizunetara mugatu gabe.

Xabier Mendiguren 2007/03/13

Re: Goierriko multizineak

Aitor — 2007/04/29 12:04

Iepa! Esan nahi dizut, soilik, irakurri berri dudala zure Arbelaren Gainean liburua eta asko gustatu zaidala. Hasieran, egia esateko, zail eta aspergarri egin zitzaidan, baina gerora, aiton-amonen istorio eta tarteka sartutako poema eta haipuekin, oso liburu entretenigarria iruditu zait. Esatea besterik ez dago, argirik gabeko egun batetan, linternaren argiaren pean liburua amaitu egin nuela.
Beno, ba hori esateko izan da.
Ondo ibili...



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema