Errumaniarrekin futbolean
(Lagun bat errietan ari zait, txoko honetan aspaldian ezer idatzi ez dudala-eta. Hari kasu eginez, gabonetan "Goierritarra" aldizkariak eskatutako artikulua doakizue)
Orain dela hilabete parea, hainbat goierritar bildu ginen afari-legea egiteko; mahaiaren jiran geundela, gutako bat hasi zen marmarka eta gaizki-esaka, aspaldi honetan gure artera etorri den kanpotar jendea dela-eta: batean bere bizilagun ijito errumaniarrek bizikleta lapurtu ziotela, bestean zaratarekin lanean uzten ez ziotela, ez zitzaion falta zertaz kexatua.
Aizu, baina, protestan hasi zitzaion gutakoren bat, pertsonen duintasuna eta giza eskubideak ahotan, baina gaizki-esalea ez zegoen epelkerietarako:
Bai, zuek nahi duzuena esango duzue. Baina zuek etxean atezain automatikoa daukazue, ezta? Bideoarekin gainera igual. Eta oso seguru sentitzen zarete zeuen etxe barruan; ni, berriz
Eta hor segitu zuen purrustaka eta madarikazioka: gizarte-laguntzak etorkinentzat izaten direla eta bera miserian zeukatela; lapurretan ibiltzen direla inolako beldurrik eta lotsarik gabe Aurrekoan zahar batek esan zidaan, hemen ETArena baino okerragoa datorrela orain, abisatzen zuen, eta, zalantzarik ez gelditzeko zertaz ari zen, erantsi: Zenbat jendek zeukak hemen eskopeta etxean? Horiek denek ateraz gero
Afarian bertan tripako minarekin hastea baino nahiago izan nuen isilik gelditzea. Gehiegizko isiltasunak bihotzerrea ere sortzen du, ordea, eta horregatik itzuli naiz gai hartara. Lasai esan izan dugu urtetan, espainolak zirela arrazistak, gu jatorrak garela. Erraza da esatea, atezain automatikoa edukita batez ere, baina egia da arazoa gure artean dagoela; arazo-sorta bikoitza gainera: immigrazioa integratzeko arazoak, batetik, eta arrazismoak berak eragindakoak, bestetik. Bietatik zein den lehena eta zein bigarrena eztabaida amaigabean aritu gaitezke, oiloaren eta arrautzaren ipuinean bezala, baina ez dut uste horretan luzatzeak merezi duenik. Gure artera etorritakoak bertakotzen egin beharko ditugu ahaleginak.
Nik neuk ere baditut bizilagun kanpotarrak etxepe berean. Beti izan ditugu: garai batean Espainia aldetik etorriak, eta gaur egun urrutiagotik. Batzuk ekuadortarrak (futbol mundialean balkoian jarritako ikurrinagatik diot), eta beste batzuk ustez errumaniarrak (ez nago seguru baina).
Errumaniarrak, gainera, asteburuetan ikusten ditut, koadrilan: bazkalondoan kiroldegian bainu bat hartzera noala, Loinazpe ikastetxeko patioan ibiltzen dira jo eta fuego futbolean. Aukera ederra, seguru asko, aste osoan lanean gogor dabiltzanak lasaitzeko, jolasteko, izerditzeko, barre egiteko, beren hizkuntzaz mintzatzeko, txorakeriak esateko diru askorik gastatu gabe gainera.
Aurreko batean, parean nindoala, ihes egindako baloia atera zen errepidera, nire aldera. Astero handik pasatzean sentitu izan dudan inbidia neurri txiki batean berdintzeko aukera, behingoz. Urtetan ez baitut baloirik ikutu ere egin. Ez dut esango Ronaldinho sentitu nintzenik baina bai gustura geratu nintzela, jabeei baloia itzultzeko ostiko hura jo eta gero.
Nahi duena esan dezala afarian mahaikide izan nuenak; nik errumaniarrekin nahi dut futbolean jokatu.
Kalitatearen Qaqa
Inuxente egunean ezusteko oparia izan nuen. Zinematik atera ostean, autoa hartzera joan eta kolpe galanta zeukan atzealdean, karrozeria mailatzeaz gainera gurpil bat ere kili-kolo utzi ziona, ezin gidatzeko moduan beraz. Eta oparigilearen arrastorik ez, jakina. Kamioilari bat, utzitako arrastoaren arabera
Ez nabil penak kontatzen baina. Beste zerbaitera iritsi nahi dut. Aseguruak, zati batean, neure kalteak ere estaltzen dizkidanez, ezbeharraren berri emateko deitu nuen hurrengo goizean goiz. Ordurako garabiaren bitartez eramana nuen kotxea garaje batera. Peritua pasatzea falta, konponketan hasteko. Hurrengo laneguna urtarrilaren 2a zela, eta ordura arte itxaron behar. Bego. Egin beharrekoak eginda, lasaiago.
Urtarrilaren 2an, goiza amaitzean deitu dut garajera, matxuraren tamainaz galdezka. Ezin jakin, peritua ez omen da pasatu oraindik, eta txasisa askatzen hasterik ez beraz. Deitu dut aseguru-etxera, eta baietz, egun horretan duela pasatzeko abisua. Harekin hitz egitekotan gelditu ziren, eta horrenbestean konforme gelditu behar.
Biharamuna. Goiza beste hamaika gauzatan eman dut, eta arratsaldean deitu dut garajera, aberiaren berri emango didaten itxaropenez. Ezetz berriz, periturik ez dela pasa egun horretan ere. Deitu dut berriro ere aseguru-etxera, azaldu diet dena berriro xehe-xehe, eta niri deitzekotan gelditu dira, argitu beharrekoak argituta.
Handik ordu batzuetara, bi albiste aseguru-etxetik. Batetik dei bat: informatika-akats baten erruz (zer ez da gaur informatika-akatsa?) ez zitzaiola perituari informazioa iritsi, eta barkatzeko, hurrengo egunean joango zirela hutsik gabe. Bestetik gutun bat, aseguru-etxe horretako zentraletik, Kalitatearen urrezko Q handi bat logoaren ondoan, partea eman nuen egun berean datatua: haiengan jarritako konfiantza eskertzen zidatela, neure esanetara neuzkala edozertan laguntzeko eta era horretako erretolika merke guztia.
Akatsak berak baino (edonork izan baitezake deskuido bat, badakigu) gutunak eman zidan amorrazio handiagoa. Kalitate prozesuen hipokrisia eta gezur ustela: dena paper-zikintze, itxura egite, ahoa betetzea polboroiak bezalako bost duroko hitz ponpoxoz.
