Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Godfather errusiarra

xme 2007/09/20 17:59

Hasi da Donostiako 55. Zinemaldia, sail ofiziala inauguratu duen "Eastern promises" (Ekialdeko promesak) filmarekin, David Gronenberg zuzendariak Londresen kokatutako Errusiako mafiaren gainean egin duen pelikula ikusgarria.

Kontatzen dute Francis Ford Coppola-k "Aitajauna" film mitikoa egitean AEBko italiar mafia erretratatzearekin batera, talde horren iruditeria sortu ere egin zuela nolabait, alegia, geroztik film hartako aktoreen jarrera, hizkera eta mugimenduak imitatu izan dituztela egiazko mafiosoek.

Hala den edo ez den ezin jakin dezaket nik, baina susma liteke Errusiako mafiak ("Vory v Zakone" omen du izena, orain jakin dugunez), bere adarrak Europa osoan zabaltzearekin batera, nola-halako lustre zinematografikoa nahi baldin badu, hauxe izango duela mesanotxeko DVD kuttuna. Zuzendaria neurri batean tipismo horren bila ibili dela esan liteke (edo Coppolari keinu eta omenaldika), adibidez errusiar amoña guztiak "Oci ciorne" kantari erakusten dizkigunean, baten 100. urtebetetzean, Piterman-en antza duen soinujoleak gidaturik.

David Cronenberg bere irudi bortitzengatik da ezaguna (gogora datozkit "The Fly" remakea, "Crash", "The naked lunch" eta beste). Eta hemen ere ez da epelkerietan ibili ikusleon sentiberatasunarekin (lepoa egindako gorpu izoztua ile-lehorgailu batekin berotuko dute, zurruntasuna galdu ostean hatz-mamiak errazago mozteko, esaterako), aldi berean umore-ukitu beltz batzuk nabari daitezkeen arren. Norberak halako eszena gogorren aurrean izan dezakeen jarrera gorabehera, esan liteke horiexek direla filmaren une biribilenak, gainerakoan txukun ibili baita, baina publikoa harritzea edo hunkitzea lortu gabe.

Aktoreen artean, Viggo Mortensen dugu protagonista, eta baliteke askok goraipatzea nola biribildu duen mafioso hotzaren rola, baina, zer nahi duzue esatea, hotzaren hotzez sorgortuta eta jelatuta dagoela ematen du (Clint Eastwood eta Terminator 2-ko cyborg-aren arteko erdibidea edo).

Besterik? Bada, gustura ikusten dela pelikula; ez duela akatsik esateko; Armin Müller-Stahl ("Musika kaxa" filmeko nazi hungariarrarena egiten zuena) benetan gertatzen dela beldurgarria aitajaunarena egiten; eta benetako Vory v Zakone halakoa bada (edo film hau imitatzen badu), hobe dela haiekin estropezu ez egitea.

Gaur arratsaldean, Zabaltegi saila zabaltzeko, Europa Ekialdeko kontuak berriz ere "4 luni, 3 saptamani si 2 zile" film errumaniarrarekin (Lau hilabete, hiru aste eta bi egun), Ceaucescuren azken garaietan legez kanpo abortatu behar duen neska gazte baten gorabeherak.

Oianguren parkea: erreferenduma orain!

xme 2007/07/27 08:27

(Hauteskundeen ostean Goierritarra aldizkarirako idatzia)

Zegamarra izan behar al da Aizkorri maitatzeko? Lazkaotarrek bakarrik al dute Lakaomendi estimatzeko eskubidea? Abaltzisketan jaioa behar al du Larraitz ondo zaindua nahi izateko? Horiek denak, neurri batean, goierritar guztion ondare eta aberastasuna direla uste baldin baduzue, onartuko didazue, halaber, Oianguri buruz hitz egiteko eskubidea, beasaindar batek ordiziarren kontuetan zertan sartu ez daukala aurpegiratu gabe.

Urteak daramatzagu kontu honekin bueltaka, baina ezagutzen ez duenik baldin bada, labur azalduko dut, ahalik eta objektiboen: aurreko udalak Ikena izeneko enpresa bati utzi zion, diru kopuru baten truke, Oianguren parke publikoaren esplotazioa; enpresa horrek asmoa du parkea itxuraldatzeko, zati bat jende guztiarentzat zabalik utziz, eta beste bat erabilera pribaturako: golf-zelai bat eginez, batetik, eta paint-ball jokorako eremu bat, bestetik.

Proiektua jakinarazi zenetik hasi zen herritar-talde zabal bat horren kontrako lanean: jendea kontzientziatuz, alegazioak eginez, bide baketsu eta errespetuzkoak erabiliz betiere. Horren aurrean, herriko agintariek gehiengoa zutela esaten zuten, eta beraiena zela erabakia. Gauzak horrela, udala aldatzea besterik ez litzateke geldituko, jende gehiena pribatizazioaren kontra dagoela erakusteko eta parkearen izaera publikoa errespetatzeko.

Egin dira hauteskundeak. Mila gauza jokatzen eta erabakitzen ziren bertan, ez Oianguren parkearen etorkizuna bakarrik, baina hori ere bai. Eta lehenengo indarra, 1.100 botorekin, ANV izan da, pribatizazioaren aurka azaldu den alderdia; bigarren eta hirugarren, EAJ ia 900 eta PSE ia 800ekin, biak ere Ikenarekiko akordioaren aldekoak; laugarrena EB-Aralar, 765 boto izan dituena, hau ere pribatizazioaren kontrakoa. Matematika askorik jakin gabe ere, aise ikus liteke indarrak parekaturik daudela. Ezin esango dut herri osoa argi eta garbi golfaren kontra agertu dela, baina inork ezingo du esan herriak golfaren proiektua berretsi duela bere botoen bitartez.

Hala ere, hemen dator koxka: ANVrentzako botoak ilegalak dira, Madrilgo justiziaren erabakiz; eta berez, jendearen iritzi hutsa errespetatuta, zinegotzi-kopuru berdintsua izango litzatekeena, orain, Alderdien Legearen ondorioz, guztiz desproportzionatua gelditzen da, parkearen pribatizazioaren aldeko gehiengo garbi batekin.

Ez naiz hasiko hemen Espainiako gobernua kritikatzen; irakurle bakoitzak izango du bere iritzia Zapateroren politikaz, Imazen jarreraz, Batasunakoen jokabideaz Egunero telebista eta egunkari guztietan ikusten ditugun kontuak dira horiek denak. Sinpleagoa da hemen esan nahi dudana: demokratikoa izan nahi baldin badu, legez ezarri den Ordiziako udala behartuta dago, nik uste, gai arantzatsu honen gainean erreferendum bat antolatzera, ordiziar guzti-guztiek berdintasun egoeran beren iritzia eman dezaten, eta horren arabera erabaki nork gozatuko duen eta nola kudeatuko den herritar guztiena den ondasuna.

Negartien saldoa

xme 2007/07/05 12:15

(Nabarra aldizkariaren eskariz idatzitako artikulua, euskal literaturaren krisiaz edo arazoez; gai bera jarrita beste hauek ere idazten dute: Katixa Agirre, Aurelia Arkotxa, Edorta Jimenez, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta)

Karnetean piperpotoa daramagun gizonezkoen artean bada adin-tartea markatzen duen mugarri bat: soldadutza. Zorionez, ni naiz gaitz horretatik libratu ziren lehenengoetakoa, kontzientzia-eragozpenaren trenera garaiz igo nintzelako. Balantzaren kontrako aldean, beste batzuk batailoiko batailak kontatzen hasten direnean isilik gelditu beharra. Horren ordainetan, barka iezadazue aspaldiko kontu zaharrekin hasten banaiz.

Aurten betetzen dira 25 urte euskaltzaletu nintzenetik. Arestik zioen legez, lasai asko bizi nintzen ni hispanitatean, baina, ez dakit Damaskora bidean zalditik erorita edo ze hego-haizek jota, nire hizkuntza hauxe zela erabaki nuen halako batean, 18 urte betetzearekin batera edo. Ez dut oroitzen egun zehatzik edo gertakari seinalagarririk, baina bai zein izan nuen bataioko ura: Argia aldizkariaren harpidedun egitea.

Aittitte Makurre gerraosteko gose-urteak kontatzen emango dut akaso baina, utzidazue labur azaltzen orduko argitalpenen panorama: zuri-beltzezko astekari xixtrin bat zen berez Argia, ia-ia betiko desagertzeko zorian egon ostean nola-hala pixkortzen ari zena; inguruan, berriz, basamortu latza: Anaitasuna itxi eta gero, Jakin hiruhilabetekaria eta ezer gutxi gehiago kaleratzen zen. Eta hala ere, edo horregatik akaso, egundokoa iruditzen zitzaigun Argia. Hobeto esanda, egundokoa zen: irakurri ez baizik irentsi egiten nituen goitik behera artikulu haiek, ezagutzen ez nituen sinadurekin zetozenak: Iñaki Uria, Josu Landa, Pello Zubiria, Pablo Sastre, Mikel Antza, Eneko Olasagasti Ni 18 urteko umemokoa baldin banintzen, haiek hogeita gutxiko bixarguriak, niretzat Jainkoaren hurrenak ia.

Liburugintzan, Joan Mari Torrealdairen zerrenda ikusi eta 300 titulu kaleratu ziren guztira 1982 hartan. Sekulako kopurua, dozena erdi urte lehenago ozta iristen baikinen 100eko mugara (2005ekoa dugu azken zenbaketa, eta 2000 tituluko langa jo genuen hor). Ateratako liburuak banan-banan aztertu, eta Joan Mari Irigoienen "Poliedroaren hostoak" iruditu zait salbatzeko moduko bakarra.

Zer ari naiz demostratu nahian: orduko miseriaren aldean elegante bizi garela gaur egun? Ez, ez da hori. Orain dela 25 urte, geneukan apur hori gauza handia iruditzen zitzaigun, batetik, ezerezetik eta ukazio gorritik gentozelako, eta bestetik "batez ere", are eta gauza handiagoak egin nahi genituelako: ilusioa, indarra, itxaropena geneuzkalako. Horren froga da Argia-ko taldetxo hark ez zuela amore eman egunkari bat sortu arte (8 urte geroago); horren erakusgarri dira, halaber, hurrengo urteetan sortu ziren literatur aldizkari guztiak (apurka itxiz joan zirenak, gehienak).

Gaur egun krisi hotsak omen dira, entzun dudanez. Eta barkatu berriz ere agure askojakinaren pose nardagarria hartzen badut baina, barregura etortzen zait krisiaz hitz egiten entzuten dudan aldiro. Arrantza egon liteke krisian, urteetan itsasoko bizidun guztiak ustiatu eta ahitu ondoren; hemengo industria astuna ibili zen krisi latzean, urte oparoak bizi izan eta gero. Baina euskal kulturak noiz izan du ba oparoaldia? Noiz izan zen nik ezagutu ez dudan Urrezko Aro hori?

Jakina da itxaropideen eta errealitatearen arteko talkak desengainu antzeko bat ekarri ohi duela. Baina, halakoetan, gehiegizko espektatibetan dago akatsa, errealitatea den horixe delako. Egia da hizkuntza normalizatu bat genuela jomugan, kultura aberats bat amets, literatura eder eta joria helburu. Horren ordez zer eskaintzen zaigu? Kili-kolo dabilen hizkuntza, betiko makurretatik libratu ezinik segitzen duena; kultura menpeko, txiro eta oilolurrari lotuegia; literatura ere, oro har txukuna, baina egitura eskasekoa, irakurle gutxikoa eta kanpora ateratzeko zailtasun handiak dituena.

Okerrena, hala ere, ez dira gaitz zahar horiek guztiak, askoren ilusio galtzea baizik. Pentsatzen jarrita, baina, kontu biologikoa izan liteke ilusioa galtzea: soldadutza baino jubilazioa hurbilago dakusanak, normala marmarka jardutea, urrutiko intxaurrei begiratzea, oraingo erdipurdikeriak baino noizbaiteko lilurak nahiago izatea. Horren aldean, ariketa osasungarria izan liteke udaberri honetan lehen liburua atera duten idazleei erreparatzea: Uxue Alberdiren "Aulki bat elurretan", Katixa Agirreren "Sua falta zaigu", Harkaitz Zubiriren "Zakur kale" (berealdiko ipuin-bildumak, hirurak ere), Itziar Madinaren "Beste eguzkia" eleberria, Fertxu Izquierdoren "Gerratearen aztarnak" eta Beñat Sarasolaren "Kaxa huts bat" poema-sortak.

Pastak jan eta gero

xme 2007/06/21 12:52

(Argian argitaratua)

Aurrean daukat ekainaren 5eko egunkaria. Azalean, izenburu handia, denok ezagutzen duzuena: “Su-eten iraunkorra haustea erabaki du ETAk, gaur gauerditik aurrera”. Barruan, 48. orrian, Zaldieroaren zinta, The Organization protagonista duena hau ere, “Pastak” izenarekin. Biñeta parea. Lehenengoan, erakundeko bi lagun ikusten ditugu, beren txano, txapel eta guzti; kafea hartzeko jarritako mahaiaren aurrean daude, atrezzo guztiarekin: kafetera, katiluak, pastak plater batean, eta mahai-zapi guztiz kitsch bat; aurrean bi aulki hutsik, eta Asierrek dio: “Deskuidatzen bahaiz ez dittuk gehio etortzen!!”. Bigarren biñeta lagun bien arteko solasaldiak hartzen du: “Kafea aspaldian hoztu zuan eta txokolatezko pasta guztiak jan dittuk” jarraitzen du Asierrek; “Jan dizkiagu esan nahiko duk!!” erantzuten dio kideak; “Nik bat edo bi bakarrik”, amaitzen du Asierrek.

Bere absurdoan jeniala zen, Zaldieroak ohiturik gauzkan bezala. Baina anakroniko bihurturik zegoen argitaratu zenerako. Bezperan, marrazkia egitean, Patxi Huartek ez baitzekien berria, guk geuk ere ez genekien bezala. Eta irria izozturik gelditu zitzaigun askori, mahai gaineko kafea baino hotzago eta mikatzago. Mahai bera erakutsi zigun marrazkilariak biharamunean, “Urratsa” izenburupean: “Asier / Zer dugu? / Su-etena bertan behera utzi dugu. / Hara. Independentziaren bidean beste urrats bat!!”. Eta amaieran, korolarioa: “Kontua da aurrera edo atzera eman ote dugun!”

Bere bide ustez argitsuan, gero eta etsai gehiago ditu erakundeak, gero eta traidore gehiago topatzen ditu bazterretan. Eta hori, nahi ez badu ere, arazo handi bat da gerra bat irabazi nahi duenarentzat, arerioa baino askoz ahulagoa denean batez ere. Beste arazo bat ere badu ordea: ustez ulertu lezaketenengan ere, abertzale eta euskaltzale eta ezkertiar den gizarte-atalean gero eta gutxiago konprenitzen dela erakundearen logika, gero eta arrotzago eta urrunagoa zaiola haren estrategia, gero eta deserosoagoa eta gaitzesgarriagoa estrategia horren ondorengo jardunbidea.

Horixe baita kontua. Pastak amaitu dira. Orain, beste zeozertara pasatu behar da. Eta hor txisteek ez dute lekurik, ondo asko daki Zaldieroa artista handiak ere. Lehen gauzak oker egonda ere, inork sinesten du amnistia, autodeterminazioa, lurralde-batasuna hurbilago izango ditugula inori auto azpian amosal-opari bat utzita?

Mesedez, Asier: kimizefak utzita, sartu ezazu bizkotxo bat labean.

N-1 erabiltzeagatik kobratuko dizuete

xme 2007/05/22 13:58

(Goierriko aisialdi gidarako idatzitako artikulua)

Baditut nik Bilbo-Behobia autopistaren ondoan bizi diren lagunak, eta beti kexatu izan dira edonora mugituta ere ordainsaria pagatu beharraz: “Bilbora zoazela, Donostiara, Gasteiza peajetik pasatu behar aurrena. Zuek goierritarrok berriz”. A-8aren kontzesioa noiz amaituko zain zeuden garai batean, baina Diputazioak jabetza hartutakoan kobratzen jarraitzea erabaki zuen. Beste lagun batek hala zioen, marmarka: “Hara, niri berdin zait bizitza osoan ordaintzen segitzea, baina zuei ere N-1 hartzen duzuen bakoitzean kobratuko balizuete”.

Purrustada moduan botatako horrek egia bihurtzeko itxura dauka ordea. Orain hauteskundeak datozela-eta ez da komeni jendea ikaratzea, botoek beste norabait alde egingo duten beldurrez, eta arazoa isilpean gordeko digute, baina pixkanaka eta erremediorik gabe datorren kontua da: Europako errepide nagusietan dabiltzan ibilgailuek ordaindu egin beharko dute erabiltze hori, eta kamino horietakoa da, noski, Goierri zeharkatzen duena (eta baita Zumarragara doan bide berria ere).

Plan horrek badu noski bere azalpena: milaka kamioi dabiltza egunero batetik bestera, eta garraioak ere lagundu behar luke bideen eraikuntza eta mantentze-gastuetan. Logikoa da, ezta? Hala ere, gu ez gara kamioilari txekiarrak edo portugaldarrak: hemen ordaintzen ditugu geure zergak; bigarren aldiz pagatu behar ote dugu kaminora ateratzeagatik (edo bosgarrenez, autoen, erregaien eta abarren zergak kontuan hartuz gero)? Gainera, ze alternatiba dugu batetik bestera mugitzeko N-1 alde batera utziko bagenu?

Beste alde batetik, peaje garestia ekologikoa dela esango digute beharbada, jendea garraio publikoa erabiltzera bultzatuko duelakoan. Ba ote? “Gipuzkoa Hiria” eslogan zoragarria da, baina nola moldatuko da, esate baterako, Zarautzen lan egiten duen ataundarra, autoa baztertu eta garraio publikoa erabili nahi badu? Tren berrietan (eta autobusetan) egundoko inbertsioa egin beharko litzateke autoaren alternatiba egiazkoa bihurtzeko, baina arlo horretan aurreikusitako bakarra zer da? AHT: inbertsio ikaragarria daukana, baina ez barne garraiorako, ezpada Madril eta Parisa joateko.

Pablo Sastre, gauza guztien zergatiaz

xme 2007/05/07 09:57

"Gauzen presentzia" da Pablo Sastreren (Madril, 1958) azken liburua, egilearen lehenengo saiakera, Joseba Jaka bekaren laguntzaz idatzia. Gure gizartearen, zibilizazioaren kritika erradikal bat, modu guztiz pertsonalean egina. Bizitza bateko liburua eta aldi berean liburu bizia, idazleak aipatu digunez.

Urtetako lanaren emaitza dirudi liburu honek. Noiz hasi zinen, eta nolakoa izan da gauzatze prozesua?

Ez dago muga bat non esan bainezakeen: orduan, halako urtean hasi nintzen liburu hau imajinatzen. Bizitza bateko liburua dela esango nuke zeren, txikitandiko neure esperientziekin elikatu baita, eta, bestalde, liburu bizia dela ere esango nuke, bere gaia ez baita, hala sentitzen dut, nire beste liburu batzuetako gaiak bezala, azken puntua jartzearekin hil, edo hiltzen hasi, idazten amaitu nuenez geroztik ere ematen dit gogoeta egiteko bidea.

Orain arte fikzio-idazlea izan zara. Zer dela-eta saiakerarako pausoa?

Nire idazle izate suerte hau bizi-isuria legez sumatzen dudanez, ez dut batetik besteranzko pausorik ikusten, ez dut termino horietan pentsatzen. Edo, halako pausorik, edo halako saltorik balego, ez dut holakotzat perzibitu nik. Esan nahi dudana da, bizitzak eta bere konplikazioek ekarri nautela hona, agian, bizi dugun tragediaren kontzientziak ere.

Saiakera honen bereizgarrietako bat da inguratzen gaituzten eguneroko gauzak hartzea gogoetagai: atea, ohea, komuna, koilara-sardexkak...

Nolatan heldu gara garen bezalakoak izatera? Nolatan heldu gara ditugun gauzak izatera? Egunero egiten ditudan galderei erantzunak bilatzen ditut, hala nola, eta hau ez da liburuan azaltzen, baina azaldu zitekeen: fardelak, eta poltsak, eta berdin emakumezkoen erdarazko bolsoak, eta monederoak, poltsikoak, gerritakoak, eta abar, noiz eta nola sortu ziren? Ez "gauzak gauzengatik", ez kuriositate edo datu harrigarri sorta bat biltzeagatik, baizik eta: fardel eta poltsa haiek, adibidez, zer eramateko sortu ziren? Antzina, zelan eramaten ziren gauzak? Zein klasetako jendeak hasi ziren batzuk eta besteak erabiltzen? Jendea erresistitu egin al zen? Gauzak zergatik erabiltzen ditugun, edo zergatik ez ditugun erabiltzen, hori da jakin nahi dudana.

Kapitalismoaren kritikatik progresoaren kritikara

Eta gauzen historiaren bitartez, gure zibilizazioaren diagnosi moduko bat egiten duzu.

Gauzek definitzen dituzte zibilizazioak, partez bederen. Zibilizazioak ahitu egiten dira. Zibilizazio hau ahitzen denean, orain ezagutzen eta erabiltzen ditugun gauzetatik, zein eta zein geldituko dira? Gauza bakoitzaren beharraz edo ez-beharraz galdeginez gero, hurbil gaitezke erantzun bat ematera.

Zure biografian, gogoratzen al duzu nola eta noiz iritsi zinen progresoaren ideia arbuiatzera?

Pika hemendik, pika handik... 1982an uste dut izan zela, pentsa! Lemoiz hoztu gabe artean, Kuban zentral nuklearrak eraiki beharraren alde artikulu bat idatzi nuen Argia-n. Hurrengo urteetan, Afrikaz zenbait liburu irakurri, telebistaz, progresoaz, biologiaz, eta abar eta abar, gogoratzen naiz 1987rako behintzat irakurrita neukala "La déconnexion", Samir Aminena. Sistema kapitalistatik dekonektatu beharra: hara Aminek Afrikako herrialdeentzat-eta proponitzen zuena, eta nik idealtzat hartu nuena, guretzako ere. Edozein giza talderentzat, izan dadin handi izan dadin txiki, sistema kapitalistatik dekonektatzea komeni dela pentsa izatetik oro har progresotik dekonektatzea komeni dela pentsa izatera ez zegoen pauso handirik. Progresoaren bandera haizatzen zuen munstro paraleloaren, Sovietar Batasunaren erortzeak lagundu zidan azken hori konprenitzen.

Liburu honetan, hala ere, ihes egin duzu planteamendu ideologiko abstraktuetatik. Halaxe atera zaizu, ala kontzienteki hartutako erabakia izan da?

Erabaki zerbait izango da, bai; hala ere, oro har, ez naiz oso kontzientea hartzen ditudan erabakiez. Bo, kontzientzia zeri deitzen zaion... Nire eskumeneko gauzetarik abiatzen naiz, ba. Planteamendu ideologiko abstraktuak, bestalde, inoiz ez ditut izan oso maiteak eta, behintzat, inoiz ez ditut konprenitu oso ongi.

Horrek ez du esan nahi modu naïf batean idatzi duzunik. Irakurketa oso zabalak daude hemen, bizitzarekin uztartuta.

Xinpleegia naiz agian modu naïf batean idazteko. Gauzak jakitea gustatzen zait, punto. Jakituria iturrietarik bat, gure aitatxi-amatxiengandik hartzen ahal duguna, itxia edo biziki agortua dagoela sumatzen dut, horrek izugarri kolpatzen nau, zergatik da hori hola? Dena dela, nire eskura diren beste iturrietara jotzen dut: noski ezagutze sentsiblea, batik bat inguratzen nauten jendeek eta gauzek aportatzen didatena, eta, bestetik, liburuetatiko jakintza. Bietan gozatzen dut, esan liteke gozatze horren emaitza dela liburua.

Hondamendiaren aurpegiak

Eta zure erreferentzien artean bat nabarmena: Ivan Illich. Ezagutzen ez duenarentzat, aurkeztu ezazu.

Oso berandu ezagutu nuen Illich. Batek esaten dizula, halako batean liburutegi batean haren liburu bat bilatzen duzula... Duela lau edo bost urte, ezagutu eta gero, berriz, Ivan Illichek argi handi bat eman zien nire pentsamenduei, nire sentsibilitateak harenarekin oso bat egiten du. Nire liburua, bere osoan, nekez uler liteke haren ekarririk gabe. Sentitzen dut Ivan Illichen ideiak sakontzen eta zabaltzen eman nezakeela bizitza: hain dira gauza inportanteak eta ederrak esaten dizkigunak. Azkenean, gogozkoagoaz gain, neure eskumenekoagoa egin zait neure ibilbide propioaren egitea, hori bai, Illichen konpainia argigarrian.

Gure gizarteak daraman abiadan gelditze bat proposatzen duzu, progresotik zer hartu eta zer baztertu aztertzeko, bestela hondamendira goazela-eta. Gauza ikusten duzu gizakia bere ondasun eta ongizatearen zati bati borondatez uko egiteko?

Ivan Illichen moduan, beste hainbatek egin dute sistemaren kritika zorrotza. Fundamentalean, esan beharrekoak esanda daude. Alta, zerbait egin lezaketenek ez dituzte kritika horiek kontuan izaten. Horrek berak eramaten nau optimismoa baztertzera, eta zure galderari ezezko batez erantzutera ere: ez, ez dut uste jende gehienak dauzkan ondasunak izateari uko egingo dionik bere borondatez. Hondamendira goaz. Hondamendiak aurpegi asko izaten ahal ditu. Hondamendiak berak, baldin erabatekoa ez bada, behartuko du, jendeak utz ditzan zibilizazio honetakotzat ematen diren hainbat gauza eta balore.

Liburuaren beste ezaugarri bat, hizkera: joera garbizaleei uko egiten diezu, modu sistematikoan gainera.

Normalean sistematikotasuna, editoreek inposatzen didate: nonbait komeni da, behin hitz bat erabiliz gero, beti hitz bera, edo berdin idatzirik, erabiltzea, komak halako tokietan... Nik, neuretik, oreka bat bilatzen dut garaiko arauen edo garaiko garbizaletasunaren eta berez neureagoa, eta bistan dena, hain garbizalea ez den ahozko etorriaren artean. Hori esanda, egia da ez dudala gustoko hizkuntza garbirik. Zerbait oso bitala da, erraietatikoa. Euskara baturaino heltzen naiz, eta horretan ere, kasu. Min ematen dit, konparazio, hizkera dibertsoak horren batu nahiak. Naziogintzak esplikatzen ahal duena da, bai, kontua da, besteak bezalako estatu bat nahi ote dugun.

Minduraren ederra

xme 2007/03/31 10:14

(Leire Bilbaoren "Ezkatak" liburuaren kritika, elkar megadenden aldizkarirako idatzia)

Iazko urte poetikoa kopuruz eskasa izan zen baina lan esanguratsuz betea. Hala nola Markuletaren "Ezjakintasunak", erritmo eta berba doiez ustekabekoa bezain eskertzekoa den bizipoza transmititzen duena; edo Suárezen "Bala hutsak", bere ibilbide azidoari beste tanta garratz bat eransten diona; edo Izagirreren "Rimmel" (oso gizon behar du halako azal arroxarekin ausartzen denak). Bat behar eta "Ezkatak" nabarmenduko dut nik, Leire Bilbao ondarrutarraren lehenengo liburua.

Poesia onaren antzera, soinuz eta irudiz beteriko sentsazioak pizten dizkizu lehen irakurketan; eta, poesiarik onenaren moduan, beste irakurraldi asko egiten uzten dizu gero, tipularen geruzekin bezala esanahi berriak deskubritzeko, ideia berriak iradokitzeko. Bere barne (eme)ari erreparatzen dio aurrena begirada zorrotzez, giza inguru hurbilari hurrena, so samurragoz; batean zein bestean, bihotz bat sumatuko duzu taupaka, ezkatak erori ostean.

Puig Antich, Ardotxi, Zabalegi

xme 2007/03/14 15:40

(Argia-rako artikulua)

“Hauxe ikusiko diat”, esan nuen neure artean; periodikoa itxi eta zinemara abiatu nintzen. Aukeraturiko filma, Salvador, anarkista katalanari buruzkoa. Manuel Huergaren pelikula ikusi duenak edo estatu espainiarreko historia hurbila apur bat ezagutzen duenak jakingo du Salvador Puig Antich lepoa eginda hil zutela frankistek 1974an, borreroak “garrote vil” delako tresnaz hildako azkena izan omen zen gainera, gorabeheraz beterik eta bermez husturik egon zen auzibide militar baten ostean.

Zinemaren ahalmenetako bat da aurpegiak ipintzen dizkiola zuk izenak baizik ez zenituen istorioari, sentipenak eransten dizkiola aurretik zeneukan datu-sorta hotzari. Horregatik da tresna indartsua, eta beharbada horrexegatik ukatzen zaigu oraindik ere euskaldunoi (Segoviako ihesa filmatu zenez geroztik, ia 30 urte dira gure historiari loturiko filmik egiteko gauza ez garela; eta okerrago, egin den apurra, sarri, etsaiaren ikuspegitik).

Zinemaren faltan eskura dugu literatura behintzat: arte minoritarioagoa tamalez, baina merkeagoa ere bai zorionez. Film horren lehen partean gazte urduri eta sentibera baten kontzientzia hartzea kontatzen zaigu, antifrankismotik aktibismora, eta buruan jiraka zebilkidan etengabe Mentxakaren aitorpena, Ardotxiren eleberri-lekukotasuna: garai bera, kezka bertsuak, ekintzak ere antzekoak. Alderik izatekotan, Puig Antichen taldeak makarragoa ematen zuen euskaldunen aldean; ez dakit ideologia anarkistari ala mediterraneartasunari egotzi behar zaion hori

Pelikularen bigarren erdiak beste tonu bat hartzen du: Salva espetxean dago, heriotza-zigorra ezarri diote, eta abokatua barkamena lortzeko borrokan dabil, presoak ziegazainetako batekin harreman berezia lotzen duen bitartean. Heriotzaren korridoreko film amerikar pila aipa liteke hemen, baina, euskaldunekiko konparazioan hasi garenez, Hamaika pauso ekarriko dut gogora, Saizarbitoriak Anjel Otaegiren gainean-edo osaturiko nobela (ezinbestean, Gari Berasaluzek Txikiren biografia amaitzen ez duen bitartean). Katalanaren kasuan presoaren arrebek hartzen badute indar dramatikoa, ama bakartia zen elementu hunkigarriena Otaegi-Zabalegirenean.

Filmak film eta liburuak liburu, desberdintasunik nabarmentzekotan hauxe nagusia: katalanak beren iragana kontatzen dabiltzala, kontuak garbitzeko, eta hemen, berriz, zauriari zornea dariola oraindik. Ez dadila izan luzerako.

Goierriko multizineak

xme 2007/03/13 11:42

(Goierriko Aisialdi Gidarako idatzitako artikulua)

Sasoi honetan inoiz baino gehiago entzuten dugu zinemaz hitz egiten, Oscar sariak direla-eta komunikabideetan ez baita beste konturik. Ni ez naiz Hollywoodeko gorabeherez ariko, ordea, Goierrikoez baizik. Hemen ere baditugu zinemak, zorionez; garai batean, negozioaren martxa kaxkarrak eta etxeen prezioak zine pribatuak ia desagerrarazi bazituen ere, udalen ekimenez hor dauzkagu orain Beasain, Ordizia eta Ataungoak.

Herritarrak garenez lokalaren jabe, zeresana ere izango dugu jestioaz, programazioaz eta abarrez; ona da gainera denon gauzen ardura denok hartzea geure gain. Gaur, baina, ez nator kritika asmoan: ikusle huts izango naiz, zineman izaten garen bezala.

Zer ikusi ere aukeratu egin behar, hala ere. Nik behintzat ohitura izaten dut egunkarietan begiratzeko ea zer daukagun gure bailarako zinemetan, horien artean ikusteko irrikaz nagoen pelikularik tokatzen ote den edo. Asteroko begiratze horrek konturarazi nau ez dagoela alde handirik herri batetik bestera; zehatzago esanda, film berberak erakusten direla sarri, aste batean Ordizian eta hurrengoan Ataunen, edo Beasain eta Ordizian aldi berean, edo nahi duzuen konbinazioa.

Normala da hori alde batera, gaur egun zinemaren jabeak ez baitauka aukeratzerik “hau nahi dut, hau ez dut nahi”, banatzaileek filmak sortaka eta blokean saltzen dituztenez gero. Alabaina, gure udaletako agintarien esku dago eskaintza bateratu eta koordinatua ematea, elkarri lehia egin ordez zerbitzu osoagoa eta kalitate handiagokoa eskainiz goierritar guztiei. Multizine bat bagenu bezala, aretoak denak batera ez baizik han-hemen banatuta. Ez dago horrelakorik egiteko ohiturarik, badakit, baina zabor-bilketan eta beste hainbat arlotan batera jarduten ikasi badugu, zergatik ez kulturan ere?

Dena dela, ohitura-aldaketa ez dagokie udal ordezkariei bakarrik: gu geu ere, asteburuan nahiz aste barruan, ia errazago mugitzen gara aisialdirako Donostiara, Goierriko herri batetik bestera baino. Eskualde osoko komunikabideak dauzkagun moduan, ea herritarrak ere ohitzen garen gure artean errazago eta maizago komunikatzen, nor bere txokoko egitarau eta ospakizunetara mugatu gabe.

Harreman asimetriko, konplikatu, interesgarriak

xme 2007/03/09 09:36

Katixa Agirre Miguélez (Gasteiz, 1981) bere lehenengo narrazio liburuarekin datorkigu, ahotsik altxatu gabe baina ofizioa menderatzen duenarekin segurtasunez. Dudarik gabe, zer gozatua emango duen idazlana, eta etorkizunean oso kontuan hartu beharreko idazlea.

"Sua falta zaigu". Metafora bat dirudi, ezta? Zer falta zaigu benetan?

Izen hori duen ipuinean nerabezaroaren metafora gisa uler daiteke, bai. Haurtzarotik ateratzear zauden garai horretan badirudi mundu berri bat duzula eskura, ezerk ez zaituela geldituko, baina errealitatea inposatzen da: eragozpenak, mugak, debekuak... nahiko garai frustrantea da. Ipuineko neskek tabakoa lortu dute erretzeko, badirudi, zentzu horretan, helduen munduan sartzeko prest daudela, baina sua falta zaie. Ezin dute zigarroa piztu. Nerabezaroko desengainu, insatisfazio, munduak zerbait zor dizun sentipen hori aurkeztu nahi nuen. Kuriosoena da, nerabezaroa utzi eta berdin jarraitzen dugula. Tabakoa lortzen dugu baina surik ez. Edota sua badugu, eta orduan tabakoa galtzen dugu. Asebeteta, inoiz ez.

Liburuko lehen ipuinean neska koskor bat da kontatzailea, nerabezaroaren atarian; azken istorioan, berrogeien mugara iristen ari den gizonezkoa, eta denetan, ia konstante baten moduan, zalantza eta insatisfazioa...

Jakina. Publizistek ondo dakite bezero asebetea bezero txarra dela. Aldi berean, pertsonaia zoriontsu eta asebeteak ere jasangaitzak dira. Areago, ez dago istoriorik pertsonaia guztiz ziur eta guztiz gogobeteekin, hori narratibaren lege nagusi bat da. Insatisfazioa da, azken finean, munduaren motorra, baita literaturarena ere.

"Idazle gazte" kategorian sartuko zaituzte akaso, baina heldutasun handia erakusten dute ipuinok, bai giza izaeraren behaketan, bai kontakeran ere.

Kutxan gazte kontu bat daukat; beraz, suposatzen dut oraindik “gazte” kontsideratzen nauela gizarteak. Dena den, idazleei eta literaturari dagokienez, ez dut uste zentzu handirik duenik aurrezki kutxen irizpide numerikoak. Eta heldutasuna erakusten dutela? Lauzpabost urte barru esango dizut ipuin hauek irakurri eta lotsagorritzen naizen ala ez, gaurko ikuspuntutik ezin dut ezer esan.

Ipar Amerikako ipuingileen irakurle etengabea zarela ere atera daiteke ondoriotzat?

Etengabea? Ez, etenak egiten ditut eta tarte horietan bestelako lanak ere irakurtzen ditut. Baina egia da nahiko anglo-zalea naizela, kultura hegemonikoaren konkistatu bat, nahiago baduzu. Estatu Batuetatik, tradizio errealistako guruez aparte, azken hamarkadetan publikatu dutenak gustatzen zaizkit, David Leavitt edo Lorrie Moore, kasu. Britainiarren artean, asko maite dut Ian McEwan. Baina bitxikeriak ere irakurtzen ditut noizean behin, euskal literatura, adibidez.

Ipuinaren generoan eroso zabiltzala dirudi. Beste alorrik probatutakoa zara?

Hori badirudi, inpresio faltsua da. Sofan botata edo hondartzan liburu batekin, orduan eroso nago. Baina ipuinak idazten? Gauza asko senti daitezke, baina ez erosotasuna. Esango nuke seinale txarra izango litzatekeela erosoegi sentitzea.

Nire beste esperientziei buruz galdetzen badidazu, esango dizut poesiarekin, adibidez, udako afera bat izan nuela, baina azkenean berak utzi ninduela. Blogintza eta zutabegintza probatu ditut, eta pozik. Gidoilari moduan ere aritua naiz. Dena den, aipatutako hauek igual ez dira literatura generoak, ez dakit, egingo dugu mahai-inguru bat horren inguruan, akaso.

Literaturari dagokionez promiskuitatearen aldekoa naiz erabat: guztia probatu nahiko nuke, nobelagintza, saiakera, antzerkigintza... Kontua da, momentu honetan, burura etortzen zaizkidan ideientzako ipuina dela forma naturalena. Hala iruditzen zait behintzat, eta ez ditut gauzak gehiegi bortxatu nahi.

Umore agerikoa erabiltzen duzu batzuetan, ironia meheagoa besteetan. Autodefentsazko mekanismoa da? Munduaren aurreko jarrera?

Umoreari izugarrizko garrantzia ematen diot, bizitzako arlo guztietan. Umorerik gabeko pertsonekin ez naiz ondo konpontzen, barregarriak iruditzen zaizkit. Eta ironiarik gabe zer egingo genuke? Ironiak erlatibizatzeko aukera ematen digu, geure buruaz eta inguratzen gaituenaz apur bat barre egiteko. Eta eskerrak, bestela nola jasan inguratzen gaituen petralkeria guztia?

Zure ezten zorrotzaz zirikatzen dituzu pertsonaiak sarri, baina esan liteke errukiz ere tratatzen dituzula; kontrapisu moduan edo?

Denetarako denbora dago. Oreka bat bilatzen dut. Ironia modu agresibo batean erabiliz, sarkasmo bihurtzen da, eta ez zait hainbeste gustatzen. Kariñoa diet pertsonaiei; gauza da batzuetan uzkur eta kakati jokatzen dutela, eta orduan zirikatu egin behar ditudala.

Ipuin gehienak gutxi-asko hemengo jendeari buruzkoak dira, gaur egun edo lehenaldi hurbilean kokatuak; baina bada bat, "Festa gonbidatuak", aski diferentea.

Diferentea arrazoi zirkunstantzialengatik. “Festa gonbidatuak” Patricia Highsmith-en maitale baten memoria-liburua irakurtzen ari nintzela otu zitzaidan. Liburu horretan autoreak Highsmith-ekin bizi izandako bi urte deskribatzen ditu, Pensilvaniako herrixka urrun batera bizitzera joan zirenekoak. Beraz, ipuina ere Pensilvanian kokatuta dago, 60ko hamarkadaren hasieran, baina ez naiz gehiegi gelditzen garai eta leku hori deskribatzen. Azken buruan, pertsonaiak eta haien arteko harremanak direlako funtsa. Kasu honetan, beste ipuinetan bezala, harreman asimetriko samar bat, konplikatua, interesgarria.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.