Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2006 Abendua 13 Errataren ederra
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Errataren ederra

Idazle eta editoreon buruhaustea izaten dira testuetan deskuiduan pasatzen zaizkigun akatsak. Batzuetan zalantza ere izaten da, hutsa den edo ez. Lizardiren olerki-zati ezagunenetako batek hala dio: "Oi zein dan ituna / behera behar hau / nik ez nahi eguna / bihurtzerik gau". Poetaren lagun batek zioen "itun" hori gaizki-ulertu bati zor zaiola, idazleak "ilun" idatzi eta, inprimategian, nahastu egin zituztela orduko ortografian erabiltzen zen l gandorduna eta t letra.

Lizardiren beste poema-txatal bat da, sasoi honetako giroari dagokiona, "egur hezearen kea / goiak du kolore"; Koldo Izagirrek inoiz komentatu izan du ausardia falta izan zitzaiola Lizardiri bere konparazio eta metaforetan, zenbat ederrago eta sujerikorrago ez ote zen izango "hezur hezearen kea" idatzi balu. Letra bateko aldea, inprimatzailea nahastu balitz.

Egunotan zuzentzen nabilen itzulpen batean aurkitu dut errata harrigarri bat. (Ez dut izenbururik esango, ez bainaiz inoren lana maiseatzen ari). Hala zioen pasarteak: "Hori egitean gona altxatu zitzaion, eztarriak eta kulero urdin argiak agerian utziz". Jatorrizko testuan begiratu eta ikusi dut "eztarriak" dioen lekuan "izterrak" behar zuela, "lapsus calami" bat izan duela euskaratzaileak. Hala ere, esaldia berriz irakurri eta, zenbat ederrago eta adierazgarriago errata eta guzti!

Xabier Mendiguren 2006/12/13

Re: Errataren ederra

Juan Luis Zabala — 2006/12/16 23:30

Memoria ariketa, Xabier: zein liburutan argitaratu zen, errata eder eta testuinguru ezin egokiagoan gainera, "hiltzaldi" hitza?



Re: Errataren ederra

xme — 2006/12/20 11:33

Noizbait nonbait "hiltzaldi" hori ikusi nuela oroitzen naiz, baina ez non ez noiz. Oroimen kaxkarra beraz. Hik hobea?



Re: Errataren ederra

Juan Luis Zabala — 2006/12/22 22:15

Peru Magdalenaren "Lile" liburuko ipuin batean. Ez diat gogoan izenburua, baina bai pertsonaia nagusia hizlaria eta hiltzailea dela, biak. Antza denez, "hiltzaldi" idatzi zian Peruk, nahi gabe, hi errataz ohartu ez, eta horrela atera omen zuan. Ezin egokiago.



Re: Errataren ederra

xme — 2007/01/03 14:20

Orain gogoratu naiz: testuaren zuzenketa-fasean ohartu nintzen "huts" horretaz; nahita egin ote zuen galdetu nion Peruri, eta berak ezetz, errata zela berez, baina bat etorri ginen biok mundiala zela, eta bere horretan uztea erabaki genuen.



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema