Nire uste harroan
Behin bada ere
Behin bada ere, futbolaz jardungo dut. Inoiz ez bezala. Izan ere, ez lagunartean ez lantokian ez daukat futbolzalerik ondoan, eta sekula ez da gai hori hizpidera etortzen. Bizi kalitatearen seinale argia, esango nuke.
Baina gaur futbolaz hitz egingo dizuet. Joan den larunbatean, Hernaniko errugbi-elkartean babarrunak jaten ari ginela, aurrez aurre neukanak kontatu zigun bere koinatuari gertatu zaiona. Nonbait, Gipuzkoako zenbait komunikabidetan erruz aipatu den kontua, baina niretzat ezezaguna.
Nire mahaikidearen koinatuak taberna bat dauka, Donostiako Antigua auzoan. Eta erabaki du, nonbait, oporretara joatea, udazkenean. Ordurako futbol-denboraldia hasita, eta Erreala partidu bakar bat ere irabazi ezinda. Tabernariak, orduan, "Oporretara goaz" idatzi ordez, bestelako ohar bat jartzea pentsatu du, ostatuko atea modu bixiagoz jantzi eta bezeroak agurtzeko: "Ez dugu taberna irekiko, Errealak bi partidu irabazi arte".
Gutxi gorabehera oporretan eman nahi zuten aldiarekin bat egin beharko zukeen txuri-urdinen garaipen pareak. Nahi bai ordea. Itzuli dira oporretatik, eta Erreala partidurik irabazi gabe ligan (kopan bat, eta hura alferrik). Donostiako futbolzale guztiak estu eta larri, eta gure tabernaria are larriago, ekipoaren martxa kaxkarraz gain bere negozioarenaz ere kezkatuta. Eta, bien bitartean, opor behartuen kontua gero eta ezagunago eta famatuago errealzale jendearen artean.
Azkenean amore eman omen du tabernari gaixoak, esanez hipoteka ere ordaindu behar duela, eta ezin utziko duela taberna bankuaren eskuetan hamaika futbolari ezgauzaren erruz.
Senide publizista bat omen du tabernariak, harri eta zur geratu dena: "Bizitza osoa propaganda modu merke eta original bat bilatu nahian, eta nire anaia tabernariak asmatu behar".
Re: Behin bada ere
Zenbat denbora egin du taberna itxita? Niri ez zait merkea iruditzen!
Publizitatea ongi bukatuta uzteko, esan behar zenuke tabernaren izen eta helbidea.
Ongi itzulia Xabier!
Re: Behin bada ere
Eta zuk, Xabier? Blog batek bi liburu jarraian eman arte itxita izan al duzu txiringito hau? Qué bueno que volvihte!
Izenburu tentagarria lehen urratseko euskara ikasleek itzultzeko: "Normales como vaginas"?
Re: Behin bada ere
Asko pozten nauk hire itzuleraz. Sei bider lau aldiz pozten nauk ;-) Aupa Xabier!
Re: Behin bada ere
Hau poza, dibertsioa bueltatu zaigu ta!
Re: Behin bada ere
Oportunista halakoa!
Zuk sustatun sustatu duten lehiaketaren berri izan duzu, eta Ipoda zeureganatzeko baino ez zara itzuli blogera. Ziur abenduan berriz abandonatuko gaituzula!
Re: Behin bada ere
Susmatzen genuen ezin izango zenuela agoantatu...
Onki xin berriro ere.
Re: Behin bada ere
Aurreko batean, irratian, entzun nuen Mendigreen bere bigarren blog-liburua aurkezten. Eta kazetariaren galderari emandako erantzunari erreparatuz, bueltatzekotan zegoela pentsatu nuen.
Zorionez.