Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Pertsonaia literarioa aurrez aurre

xme 2006/11/30 11:26

Herenegun iluntzean Iruñean, Iparla elkartean, Aingeru Epaltzaren "Mailuaren odola" eleberria aurkezten. Hogeita hamar lagunetik gora, aurrena entzuten, eta gero jan-edanean.

Hitzaldi bitartean, atzealdean ikusi nuen bistaz ezagutzen nuen mutil bat, izenik ez nekien arren. Baxoerdi eta pintxoen garaia iritsi zenean berriketan hasi ginen, elkarren berri galdetuz eta emanez. Pello A. zen bera, nire edade modutsukoa eta ni bezala goierritarra, baina aspaldi samarretik Iruñean bizi eta lan egiten zuena... Beste xehetasunen bat ere eman zidan eta orduan atera zitzaidan:

-Koño! Hi Pello "Belapeyre" haiz hortaz!

Athanase Belapeyre XVII. mendeko dotrina-idazle zuberotar bat izan zen, eta hari buruzko tesia landu zuen Pello honek. Horrek ez du interes berezirik ordea. Beste bat zen nire harriduraren iturria.

Luis Fernandezek "Kontaktua" izeneko ipuin luze eta txundigarri bat idatzi zuen orain dela hamar bat urte, gaur egun softwareko enpresari bihurturiko eibartarrak fikziozko literaturan egin zuen sartu-irten distiratsu bezain laburra. Belapeyreri buruzko ikerketan zebilen gazte bat zen kontakizuneko protagonista eta kontalaria, hainbat gorabeheraren ondorioz ETAko kontaktutzat hartzen dutena eta, batere uste ez duela, bere burua Gregorio Ordoñezen hilketan nahasturik ikusten duena.

Eta horra non topatzen dudan, hainbat urteren buruan, Fernandezen pisukide izan eta bere asmakuntzarako aitzakia eman zion mutila aurrez aurre. Ordoñezena Madrilgo Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren egunean bertan, kasualitatea.

Liburu berri guztiz eder baten aurkezpenean, istorio zaharxeago baina oraindik harrapatzen zaituena berrirakurtzeko gonbidapena.

Aingeru Epaltza: “Abentura maite duenak izanen du non ase; gogoeta maite duenak ere bai”

xme 2006/11/29 15:53

“Mailuaren odola” argitaratu berri du Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960), “Erresuma eta Fedea” deritzan trilogiaren lehen alea, XVI. mendeko Nafarroara garamatzan fresko liluragarri bat, dokumentazio itzelari eta hizkuntz maisuari kontalari iaioaren trebezia eransten diona.

Lan handia egin eta helmugara iritsita, pozik?

Beharbada nabari ez bada ere, lau urte inguru ibili naiz liburu honekin. Dokumentazio lanak denbora luzea eta izerdi handia kendu dizkit. Idazteak ere berea eraman du, ez bainuen tonu eta hizkera ustez egokia atzematen. Orain, horren guztiaren fruitua ikusita kontent, jakina.

Hala ere, lan handiagoa duzu egiteko oraindik, trilogia baten lehen partea denez honakoa...

Trilogia bat iragartzeak bere arriskuak ditu. Gero ezin hitza jan. Liburu bakarra egitea hauta nezakeen, baina euskal merkatuak nekez onartzen ditu orrialde kopuru jakin batetik aitzina egiten duten lanak. Bertzalde, hasieratik garbi nuen nire pertsonaia nagusiaren bizikizunek nobela bakarrerako baino gehiagorako ematen zutela. Pio Barojak 22 liburu idatzi zituen bere ahaide Abiraneta abenturazalearen bizian oinarrituak. Nirea hagitzez laburragoa izanen da haren aldean.

Lehen ere egin dituzu atzera-jauziak historian: 1944a "Tigre ehizan"en, Karlistaldia "Sasiak ere begiak baditik"en; orain, berriz, urrunago joan zara, eta lan luzeago batekin.

Historiazalea naiz eta historia, betidanik, harrobi interesgarria iruditu zait literaturan erabiltzeko. XVI eta XVII. mendeak, bertzalde, ikaragarri interesgarriak iruditzen zaizkit. Nolabait ere, gure oraina orduan hasi zen finkatzen. Bada, gainera, garai horiei, edo lehenagokoei, nostalgiaz eta bihotz-minez begiratzen dienik, une haietan zerbait galdu genuelakoan. Hori akuilu gehigarri bat izan da niretzat garai hartara bidaiatzeko.

Aspaldiko proiektua zenuen ala...?

Axular nobelako pertsonaia bilakatzea aspaldi zebilkidan buru barnean. Une batez, haren errelato erotiko apokrifoei lotzeko pentsamenduan ibili nintzen. Gero Nafarroako erresumaren inguruan “reveival-a” etorri zen eta Joanes Mailu pertsonaiaren lehen ernamuina etorri zitzaidan gogora: nafar fidelik fidelena, leher edo zalaparta bere errege-erreginen jarraikitzaile sutsua. Bi pertsonaia horiek elkar topatzea denbora kontua baizik ez zen.

Nolakoa izan da dokumentazio-lana? Liburuetan ez ezik, han-hemen ibili zarela ezagun duzu...

Nekagarria arrunt. Liburu anitz irakurri behar izan ditut, baina gure artean, gezurra badirudi ere, guti dago argitaratua garai horretaz, argitalpen orokor zenbait kenduta. Euskaraz batere ez, eta gaztelaniaz guti. Gure historia Amaiurrekin batera bukatzen dela ematen du gehienetan. Erabili dudan bibliografia gehiena, beraz, frantsesa izan da. Horretaz aparte, bidaiak egin ditut lekuak bertatik bertara ezagutzeko. Ibilaldi politak egin izan ditut Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Biarnon barna. Arroxelara ere joan nintzen, behin. Zoragarria.

Eleberri historikoak baditu zale itsuak, eta baditu hastio duten irakurleak ere. Zer harrera espero duzu?

Eleberri historikoak denbora pasa hutsarekin edo literatura komertzialenarekin lotzen dira maiz. Orainean ezinezko gertatuko liratekeen pertsonaiak eta egoerak aurkitzen ditudalako interesatzen zait niri iragana, baina baita orainaz gogoeta egiteko balio didalako ere. “Mailuaren odola”n abenturak maite dituenak izanen du non ase bere gogoa. Gogoeta maite duenak ere bai. Harrera? Auskalo. Euskal irakurlea misterio bat da euskal idazleentzat.

Genero horren barruan, baduzu erreferentziazko egilerik?

Nire erreferentziak, generoko idazle kanonikoak baino areago, iraganean kokaturiko nobelak idatzi dituzten idazle handien lanak dira bereziki, eta halakoak pilaka dira. Oroitu, konparaziorako, Margarite Yourcenar, Alejo Carpentier, Mario Vargas Llosa, Gore Vidal, Ismail Kadaré edo Evelyn Vaugh-ez. Bertzalde, gure artean hain ezagunak ez izan arren, fikzio historikoak eskola ederra du Erresuma Batuan edo Frantzian, baita Hego Amerikan ere aspaldi honetan. Bakoitzetik bat baizik ez aipatze arren, Lawrence Norfolk, Pierre Miquel edo Eduardo Labarca ari diren idazleak dira, ikaragarri lan ederrak eta literaturaren aldetik zinez estimagarriak idatzi dituztenak.

Epika, ironia, hizkera

Historiako datuek badute tokia, baina aurrera egin ahala istorioa nagusitzen da, ezagun duzu abentura-nobelaren plazerez aritu zarela.

Garai berezi baten argi-ilunak erakustea nire helburuetariko bat izan da, eta horretarako egiazko historiaren datuak erabiltzera beharturik nengoen. Benetan izan ziren pertsonaiak ere erabiltzen ditut, errege-erreginak, nobleak, gure literaturaren pertsonaia ezagunak... Alabaina azken batez, protagonista nagusia fikziozkoa da. Neurri handi-handi batean Joanes Mailuren joan-etorriek eta abenturek osatzen dute liburuaren puskarik handiena. Abentura eta akzioa nire liburu gehienetan agertzen dira eta hau ez da inondik ere salbuespena.

Lantzen duzun garaia munta handikoa izan zen, erresumaren galera eta abar; horrek halako zama epiko bat ematen diola kontuan harturik, nola jokatu duzu?

Euskaltzale eta abertzaleen imajinarioan epikotasunez jantzita agertzen dira garai horiek. Liburu honetan, berriz, irakurleak nekez aurkituko du halakorik. Herritarrek traizioa egiten diote erresumari eta fedeari. Errege-erreginak jende ezgauza dira. Eta gerlek handitasunik batere ez dute. Arrunt gerla zerriak dira.

Ironiaren ukitua nabarmena da eleberrian, ez hainbeste narratzailearen ahotan, hark oso serio hartzen baititu kontuok, baizik eta atzean dagoen idazlearen hautuetan. Esaterako, protagonista bi aldiz errege-odoleko eta bi aldiz bastart izate hori...?

Maiz leporatu izan didate halako krudelkeria bat nire pertsonaiekin, halako sadismo bat. Mailutarrak, berriz, deus izatekotan masokistak lirateke. Bai aitatxi bai iloba bortxatze banaren emaitza dira, eta hala ere haien fideltasuna ez da inola ere kolokan emanen. Unerik lazgarrienetan ere, ironia gaixtoa dago kontakizunaren azpian.

Hizkera ez nuke utzi nahi aipatu gabe. Garai eta toki hartan sinesgarri den hizkuntza-modua erabili duzu, baina gaurko irakurlea gogoan harturik, ezta?

Kezka gehien ekarri didan afera izan da, beharbada. Liburuaren protagonista nagusia kalbindarra izanagatik ere hasieratik baztertu nuen Leizarragaren hizkuntza eredua, niri buru-hauste sobera eta irakurleari hesi gaindiezina ekarriko zigulako. Bigarren protagonista, berriz, Axular da. Haren prosa eskuragarriagoa zaio, beharbada, gaur egungo irakurleari, baina hala ere urruna du. Ez dut soka sobera tinkatu nahi izan. Bada gure klasikoen prosaren oihartzuna, baina euskaraz irakurtzeko ohitura duen irakurle arrunt batendako aski eskuragarria dela uste dut. Nire bertze liburu batzuen aldean erranen nuke irakurterrazagoa dela “Mailuaren odola”.

Pertsonaia asmatuekin batera, historikoak sartu dituzu (erregeak-eta), eta euskal kulturako orduko protagonistak: Etxepare, Leizarraga, Zalgize, Axular...

Gure inguruko literatura guztietan bilakatu dituzte beren idazle nagusiak literatur lanetako pertsonaia. Horrek sekulako aukerak ematen ditu metaliteratura egiteko, gai berriak sortu eta bide berriak urratzeko irakurlearen konplizitatea galdu gabe, eta gure literatur tradizioaren gainean eraikuntza berriak egiteko. Sarrionandiaren, Izagirreren, Zabalaren edo bertzeren baten gauzaren batzuk kenduta, harrobi hori ia-ia ustiatu gabe genuen oraintsu arte. Iduri du hori aldatzen ari dela.

Eta bigarren partearen nondik norakoaz ezer aurreratzerik bai?

Erresumatik kanpora mundua ere badela ikasiko du Joanes Mailuk, baina ez beti onerako

Oihartzun aldrebesak

xme 2006/11/28 16:46

Orain dela urte batzuk ikusi nuen lehenengo aldiz aipatzera noan leloa; gero batere ez, eta pentsatu nuen baten batek ohartaraziko zuela egilea, nolako astakeria bota zuen. Oraintsu berriro ikusi dut, ordea: pankarta batean, Euskal Herrian Euskaraz-ek sinatua, halaxe zioen: "Herri bat, hizkuntza bat, legeria bat". Ez naiz hasiko esloganaren mamia aztertzen. Baina bai aipatuko beste esaldi ospetsu bat etorri zitzaidala gogora, nahi gabeko oihartzun moduan: "Ein Volk, ein Reich, ein Führer". Eta ez dut gogoratu beharko non, noiz eta nork zioen beste hori, ezta?

Marmarretik eta triunfalismotik harago

xme 2006/11/27 10:11

(Berria-k eskatu dit Durangoko Azokaz idazteko, editore naizen aldetik; atzo argitaratu zen, Igandea gehigarrian, Harkaitz Canok idatzitako beste iritzi-artikulu baten ondoan)

Durangoko azoka ahotan hartu orduko, bi diskurtso mota egin ohi dira gure artean. Bata, marmarra, kexa eta purrusta: hango merkantilismo merkea dela, letxugen ordez liburuak salduz; hango masifikazio itogarria dela, sauna kolektiboan izerdituz euskarari laguntzen diogulakoan; hango azaluskeria harroa dela, hango hauspo-puzte gezurrezkoa Bestea, juxtu alderantzizkoa, satisfetxoaren handikeria triunfalista: bagarela, motellak!; ez-dakit-zenbat milioi bisitari, ez-dakit-zenbat mila liburu, badakit-zenbat ziento stand; hemen ikusten dira euskal kulturaren osasuna eta indarra, gora gu ta gutarrak!

Intelektualen artean lehenengo diskurtsoa da normalena, eta horren arrazoiak ondo asko ezagutzen ditugu kulturgintzan modu profesionalean gabiltzanok, nahiz eta guri, sasoi honetan, bigarren diskurtso horren koruan parte hartzea egokitu, aurrera doan herriaren erakusgarri eder horretako atrezzo moduan. Hala ere, garaipenezko hanpuruskeriak bezain xinpleak izan litezke matxinkontraren negar betikoak. Ez nabil erdibidearen epela aldarrikatzen, gauzak arreta pixka batez aztertzeko eskatzen baizik.

Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut, Katalunian, adibidez, Durangoko azokaren antzeko zerbait izango balute, eta guk ez, zer esango zuketen gure ezkor arranguratuek: “Hemen, euskararen alde gaudela erakusteko, jan eta edan bai gogotik, egin kilometro mordoa, korri egin lehertu arte, eta horrekin zer? Zerbait egiten dugulakoan, ezer ez eta festa. Han, berriz, festarekin batean, edo horren aitzakian, liburuak eta diskoak erosten ditu jendeak, mordoa gainera, bertako kultur taldeak indartzeko, sortzaileak eta hartzaileak harreman zuzenean jarriz. Haiek bai, pulamentua eta ganora, gure aldean”

Behingoz bada ere, txalotzeko moduko ekitaldi bat daukagu, munduko kultura gutxitu guztien eta handietako ez gutxiren inbidia pizteko modukoa; eta, esne-bitsetan hazitako aberaskume mainatiaren antzera, mespretxu eta iseka egiten diogu daukagun horri.

Garbi hitz eginda, azoka ez da inola ere gure kultur sistemaren osasun onaren adierazgarri. Izatekotan, gure katarro kronikoaren salbuespentxo bat litzateke; askotan erabili den konparazioa errepikatuz, oasi bat basamortuaren erdian, une bateko egarria ase eta indarberriturik jarraitzeko. Oasia eta ez oihana, baina ezta irudikeria ere.

Euskal diskogintzak zein liburugintzak arazo larriak dituzte aurrera egiteko. Hiztun gutxiko kulturak berez dakartzan muga guztiez gain, ezaguna da diskoen salmentak nonahi jo duen beherakada (puntako diskoetxeak ixterainokoa), eta liburuen alorrak ere aizkorakada latzak hartu ditu: azkena, eskola-materialen mailegua, Jaurlaritzak erabakia. Aspaldiko leloa da "eta hala ere egia galanta" sormen aldetik oparo gabiltzala eta kontsumoan pattal antxean; bi mutur horien artean dago kultur industria, lan ederrak plazaratzeaz pozik eta harro, baina bere produktuak jendartera zabaltzeko orduan duen ahuleziaz kezkatuta.

Egoera kontraesankor horrek azaltzen du, beste ezerk baino hobeto, Durangoko azokak, azoka den aldetik, argitaletxeontzat daukan garrantzia. Momentu bateko garrantzia, urte osoko lan etengabean kultura kaleratzen jarraitu nahi dugunontzat. Horrexegatik iruditzen zaizkigu irrigarriak litekeen mundurik bikainenean bizi garela diotenen kukurruku ozenak; horregatik dira halaber barregarriak sasi guztien gainetik dabiltzala uste duten azkar ustekoen zapuzkeria-planttak.

Joxe Azurmendi, Espainiaren esentzia mitikoaz

xme 2006/11/24 09:00

“Espainiaren arimaz” kaleratu berri du Azurmendik (Zegama, 1941), azken berrehun urteotan Espainiako intelektualek beren herriaz egin dituzten gogoeten azterketa, izaera akademikoa izan arren polemikari ere ihes egiten ez diona.

Oker ez banago, trilogia moduko baten azken partea da orain aurkezten duzuna, nahiz aurreko biak oraindik argitaratu ez diren.

Trilogia bateko azkena da hori. Beste biak dira: 1. “Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua”, eta 2. “Volksgeist " Herri Gogoa”. Esan liteke hirurak liburu bat direla, hiru partetan, eta niretzat segidan irakurtzekoak dira, batak bestea oinarritzen eta esplikatzen duelako.

**Baten batek pentsa lezake “Espainolak eta euskaldunak”en 2. partea ote den hau.**

Ez luke hori izan nahi, punturen batzuetan elkar ukituko badute ere. Honek estudio bat izan nahi luke, ez polemika bat (nahiz eta denbora osoan polemika dagoen alorrean mugitu): nola ulertu dute intelektual espainol handienek hispanitatea? Baina diferentzia liburuak berak erakutsi beharko du. Hala ere, nahi bada, puntu batean haren jarraipena izan daiteke: liburuak erakutsi nahi du, euskal nazionalismo inkultoaren burla egiteko ailegatzen den ezaugarri asko eta asko, nazionalismo espainol oso kultoaren ezaugarriak direla.

Noiz hasten dira Espainian beren izaeraz pentsatzen eta idazten eta zergatik?

Hasi, ez dakit (historian hasiera batek beti edukitzen du aurrehistoria bat). Nire azterketa Espainia modernoarekin hasten da; beraz, espainolek Independentziako Gerra deitu dutenarekin eta liberalismo eta antiliberalismoarekin XIX. mendean.

Arima, jeinua, espiritua, arraza... Horiek denak sinonimoak dira ala diferenteak dira?

Diferenteak izan beharko lukete, baina Espainian nahastu egin izan dira, Herder, Humboldt, Hegel, beti aipatzen diren horiek, ez zituztelako tutik ezagutzen: Espainiak badu jeinu edo espiritu eternal bat, arima bat, eta hori arrazaren arima da; arrazaren arima horrek bere bertuteak eta ajeak dauzka, beti berak, etc. XIX eta XX. mendeetako Espainiaren historialari eta gogoetalarien Espainiaren kontzeptua esentzialista da, Fusik esan duen bezala; eta askotan, agian gehienetan, arrazista da, Fusik esan ez duen bezala.

Espainiaz gogoeta egin duten intelektualen artean tonu ezkorra konstante bat dela esan liteke. Zein da, zure ustez, horren azalpena?

Hori Aro Modernoan gertatzen da (XIX eta XX. mendeetan) eta arrazoia da, nik uste, Espainiaren kontzeptu bat oso altua, eta errealitate bat oso apala: ezkorrak izan behar. Espainiaren esentzia iragan loriazko batekin identifikatzen da (handitasun inperiala), eta orainaldi pobre bat da begien aurrean dutena.

Liberalak eta antileberalak

Bestalde, espainiartasuna pentsatzean korronte liberala eta kontserbakoia izan dira beti Espainian. Zertan dira horiek berdin eta zertan desberdin?

Berdinak dira eskema berdinarekin pentsatu nahi duten aldetik zer den Espainia: hori esentzia edo arima bezala definituz; desberdinak, eskema hori bete edo Espainiaren arima definitu kualitate diferenteekin egiten duten aldetik. Liberalentzat Espainiaren arima liberala da, eta beren problema da Espainia historian sekula ez dela liberala ageri (orduan errua monarkia atzerritarrena da); kontserbakoientzat Espainiaren esentzia erlijiosoa eta katolikoa da, eta zoritxarrez historiak ez die objekziorik jartzen.

Gaur egun ere hala jarraitzen du ala aldatuta dago?

Gaur ez da ja terminologia bera erabiltzen, frankismoak inposible bihurtu du. Beharbada jarrera berdintsuak bestela formulatzen dira orain. Konstituzioa esan, eta hobeto gelditzen da. Diferentzia eta pluraltasuna onartzea beti bezain zaila dagoela ikusten baita (beti dago esentziaren bat arriskuan).

Posible ikusten duzu zuk espainiartasun bat diferentziak onartu eta estimatuko dituena?

Kontzeptualki posible, bai; politikoki, ez. Agian noizbait posible izango da etorkizunean, baina nire bistak ez du alkantzatzen hain urruti.

Hispanitateaz gogoeta egin eta goratu dutenen artean ez dira gutxi euskal herritarrak...

Txikiak garenez, euskaldun askorentzat ezer ez dago handiagorik, handiaren morroi izatea baino.

Zertan da desberdin Espainiak bere buruaz daukan kontzientzia eta Europako beste nazio handi batzuetakoa: Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia...? Sinplifikazio handia eskatzen duen galdera da baina.

Jeneralean Estatuek, nik ezagutu ahal dudana, modu berdintsuan dauzkate euren mitologia nazionalistak jasota. Eredua Erromatik hartzen da, hori Ernazimentuak irakurri duen bezala irakurrita (Augustoren Erroma inperiala). Hala ere badago bi diferentzia Espainiarekin: lehenengoa da Estatu horien guztien mitologia euren gaurko errealitate nazional eta demokratikoarekin nolabait berdindu litekeena dela. Espainiak daukan mitologian, ordea, gertatzen da, “nazionala” bada (estatal osoaren esanahian) ez dela demokratikoa, eta demokratikoa bada (komuneroak, kantonalistak) ez dela “nazionala”. Azkenean Espainia esentzia mitiko inperial(ista) bezala dago pentsatua, horixe da liburu honen gaia, eta hori da Espainiaren diferentzia nagusia ere Europako beste Estatuekin: esentzialismo mitiko hori Europan ez da eman koiuntura jakin batzuetan baino, Frantzian eskuin konkretu batean eta Alemanian mugimendu völkisch-nazistan; Espainian berrehun urte honetan hori da arruntena, eta liberal nahiz antiliberalengan ematen da.

Bertsolaria kazetari, kazetaria bertsolari

xme 2006/11/23 12:52

Euskal prentsako azkenaldiko berrikuntza interesgarrienetakoa Amets Arzallus izan da, bertsolari-kazetari hendaiarrak Argia-n egiten dituen elkarrizketek beti baitute zer edo zer jakingarria, ofizioz egindako interviewtik harago doana. Oraindik ez diote Rikardo Arregi saria eman, baina larri ibili.

Aste honetan Juan Sastre izan du solaslagun, Pablo Sastre euskal idazlearen anaia zaharrena, Kuban medikuntza ikasi eta Nikaraguan urteetan ibilia, contren kontrako gerra garaian fronteko mediku. Kontu mamitsu franko du elkarrizketak, baina alderdi formal bat hartuko dut nik gaur ahotan.

Ezaguna da bertsolariek azken urteotan era guztietako eginkizunak hartu dituztela beren gain, eta bertsoa bera edozertarako tresna bihurtu dela, maitasun deklaraziotik errenta-aitorpenera. Hemen Arzallusek ez du bertsorik botatzen, baina bertsolaritzan ohikoa den teknika bat darabil galderak egiteko. Horra:

Galdetzen du Arzallusek: Alderdi humanoari begiratuta, konta ezazu soldadu sandinista gazte baten gerra bizitza, bere gogorrean.

Erantzuten du Sastrek: Hamazazpi urterekin mendira joan, eta gosea ikusi egiten zitzaion aurpegian. Gorputzean gaixotasunak zituzten, parasitoak, arroparik gabe zebiltzan, erdi hanka-hutsik, onddoak ateratzen zitzaizkien, beti bustita zebiltzan... Negarrez ere ikusten zen jendea.

Hurrengo galdera: Eta kontatu orain soldadu sandinista gazte baten gerra bizitza, baina bere ederrean.

Erantzuna: Borroka lekuan laguntasun giro izugarria bizi da. Han ateratzen dira pertsona bakoitzaren alderdirik maitagarriena eta alderdirik zikoitzena. Sentimendu aldetik oso une beroak pasatzen dira, elkarrekin egonez, eta bakoitzak bere esperientziak besteekin konpartituz. Hain testuinguru gogorra denean, pertsona barru-barruraino ikusten duzu.

Baliabide polita, ezta? Beste behin erabiliz gero gastatua eta errepikakorra iritziko genioke baina.

Loreen artean arantzatxo bat barkatzen bazait, Arzallusek ez du zertan kultura espainolean jantzia egon, baina erredakzioan arduratu beharko ziren zenbait huts konpontzeaz, itsusi samar geratzen baita Ignacio Aldekoari Iñaki deitzea, Caballero Bonal idaztea Bonald behar zuen tokian, edo Haiti eta Tahiti nahastea.

Behin bada ere

xme 2006/11/22 15:23

Behin bada ere, futbolaz jardungo dut. Inoiz ez bezala. Izan ere, ez lagunartean ez lantokian ez daukat futbolzalerik ondoan, eta sekula ez da gai hori hizpidera etortzen. Bizi kalitatearen seinale argia, esango nuke.

Baina gaur futbolaz hitz egingo dizuet. Joan den larunbatean, Hernaniko errugbi-elkartean babarrunak jaten ari ginela, aurrez aurre neukanak kontatu zigun bere koinatuari gertatu zaiona. Nonbait, Gipuzkoako zenbait komunikabidetan erruz aipatu den kontua, baina niretzat ezezaguna.

Nire mahaikidearen koinatuak taberna bat dauka, Donostiako Antigua auzoan. Eta erabaki du, nonbait, oporretara joatea, udazkenean. Ordurako futbol-denboraldia hasita, eta Erreala partidu bakar bat ere irabazi ezinda. Tabernariak, orduan, "Oporretara goaz" idatzi ordez, bestelako ohar bat jartzea pentsatu du, ostatuko atea modu bixiagoz jantzi eta bezeroak agurtzeko: "Ez dugu taberna irekiko, Errealak bi partidu irabazi arte".

Gutxi gorabehera oporretan eman nahi zuten aldiarekin bat egin beharko zukeen txuri-urdinen garaipen pareak. Nahi bai ordea. Itzuli dira oporretatik, eta Erreala partidurik irabazi gabe ligan (kopan bat, eta hura alferrik). Donostiako futbolzale guztiak estu eta larri, eta gure tabernaria are larriago, ekipoaren martxa kaxkarraz gain bere negozioarenaz ere kezkatuta. Eta, bien bitartean, opor behartuen kontua gero eta ezagunago eta famatuago errealzale jendearen artean.

Azkenean amore eman omen du tabernari gaixoak, esanez hipoteka ere ordaindu behar duela, eta ezin utziko duela taberna bankuaren eskuetan hamaika futbolari ezgauzaren erruz.

Senide publizista bat omen du tabernariak, harri eta zur geratu dena: "Bizitza osoa propaganda modu merke eta original bat bilatu nahian, eta nire anaia tabernariak asmatu behar".

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.