Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2006 Maiatza 12 Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

(Argia astekarian kaleratua)

Gerra bat irabazten duenak erabakitzen du beti, ez bakarrik nork eta nola gobernatuko duen herri hori, baita nork duen biktima izateko eskubidea, nor izango den heroi eta nor bilau. Oso garbi ikusten da hori Estatuaren eta horren kontrako matxinatuen arteko gerra izan den gizarteetan. Kuba edo Nikaraguakoa bezalako kasuetan, gerrillariek gobernua hartu ostean, garbiketa izugarria egin zuten armada eta polizian, beren hildakoak martiri bihurtu zituzten, eta galtzaileek, Miamira alde egin ezean behintzat, isilean gorde behar izan zuten beren mina, ezkutuan miazkatu beren zauriak, haiek ere diktaduraren tresna huts eta engainatuak zirela aldarrikatzen zuten bitartean.

Matxinadak Estatuaren kontrako borroka galdu duenean, berriz, oso bestelakoa da emaitza. Mendebaldeko Europan ditugu zenbait adibide argi: Alemania, Italia, Frantzian porrot egin zuen borroka armatuak, eta militante izandakoak kartzelan ari dira usteltzen (bertan hil ez zituztenak), euskarri idoelogikorik gabe eta beren ekintzen damua adieraziz askotan, Estatuaren errukia jasotzeko asmotan.

Eta Euskal Herrian, zer? Garbi dago hemengoa ez dela ez baten ez bestearen pareko. Gure borroka enpate tekniko batean blokeatua zegoen aspaldi, eta irtenbide bakarra “garailerik eta garaiturik gabeko bakea” zen, Joseba Egibarrek errepikatu ohi zuen bezala.

Hala ere, Espainiako gobernukoak ez daude halakorik onartzeko prest, dirudienez behintzat. Ez dute ezer aldatu nahi eta, beraz, ez dute onartu nahi ezer aldatu behar zenik, horretarako borroka egiten zenik. Horrenbestez, amore ematea besterik ez dute eskaintzen, eta egindako hutsa aitortuz gero barkaberak izateko intentzioa.

Eskema horretan, ezinbesteko tresna dira beraientzat terrorismoaren biktimak, nor izan den gerra honetan gaiztoa argi gera dadin. Kalte-ordain ekonomikoak aspaldidanik eman zaizkie (ni ados nago, baina zergatik ez zabaldu neurri hori delitu arrunten biktimei ere?); orain, aitortza moralak aipatzen dira: kaleen izenak, eskultura publikoak Dinamika arriskutsua da hori, alde bateko eroriei monumentua eginez gero irain egiten baitzaie beste aldeko biktimei.

Horixe baita kontua: Estatuaren zapalkuntzaren biktimak ere ugari direla gure artean. GALek edo poliziak hildakoak ez ezik, hor dira urteotan torturaturiko milaka lagunak, demokraziaren kuarteletan oinazearen eta umiliazioaren behazuna dastatu dutenak. Diskrezioa maite dugu euskaldunok, ez da inoren gustuko izaten bere minak eta penak erakusten ibiltzea. Hala ere, gainera datorkigun zaparrada propagandistikoan oreka apur bat lortzeko, onuragarria litzateke alde honetako biktimek ere beren ahotsa izatea.

Adibidez, Gasteizko Legebiltzarrean edo Iruñekoan biktimentzako batzordea sortuz gero, Estatuaren eskuetan suplizioa jasan dutenek bertan egon behar lukete eta banan-banan hitz egin; ez luke ondorio penalik izango, desagerraraziak baitaude proba guztiak, baina jasota gera dadila beren lekukotasuna, Argentinan Ernesto Sabatoren “Nunca más” batzordeak edo Hegoafrikar Errepublikan Desmond Tuturen Adiskidantza eta Egiaren aldeko Batzordeak egin zuten bezala.

Ulertzekoa da geure zauriak erakutsi nahi ez izatea, baina orain ezkutatuz gero bihar again lotsarazi egin gaitzakete, geronen zaurien errudun bihurturik.

(Oharra: artikulu hau 1999ko urtarrilean idatzi eta kaleratu nuen. Ia zazpi urte eta erdi igaro dira, baina esango nuke gauzak ez direla sobera aldatu).

Xabier Mendiguren 2006/05/12

Re: Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

Gaztelako bat — 2006/05/12 12:46

Ez nago adoz. Gauzak asko aldatu dira 1999tik honera. Aldatutakoen artean, ETAren ahulezia eta jendeak ETAri dion mespretxua areagotu egin direla, eta, bide batez, ETAri miresmen arrasto bat oraindik dioten horiekiko mespretxua ere bai. Oso esanguratsua zu ez konturatzea. Eta zer esateko torturatuak "milaka" izan direla esateaz, edo estatuari (denok osatzen dugun estatuari) GALek hildakoak leporatzeaz, edo trantsizio garaian poliziak hil zituen bizpahiru atxilotu haiek eta ETAk hildako 800tik gora horiek parean jartzeaz, eta abar, eta abar, eta abarrez. Baina lasai, euskaldun pilo bati honezkero gertatu zaion bezala, zuri ere denborak irekiko dizkizu begiak. Hori bai, espabilatu zaitez, majete, zeharo barregarria gelditzeko arrisku haundian zaude eta.



Re: Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

D. Sastre — 2006/05/12 18:04

Dena den, Xabierri inoiz begiak irekitzen ez bazaizkio, bere lagunekin bildu eta Anoetako estadioan, adibidez, atxilotu, ostiatu eta akatu egin dezakezu. Gero, istorio bat asmatu eta zure izena kale bati jarri. Espainia, adibidez, halako kale izen eta eraikin publikoen izen andana dago. Baita ohorezko plaka ere: Cruzadoei, Martinez Anidori, Francori, Brigada urdinari,...
Halere, ea aklaratzen zareten, nik uste bainuen etak 200.000 mila errefuxiatu sortarazi eta milaka hildako ekoiztu dituela.
Bestela, gaztelako horrek ukatzen dituen gertakarien artean, badago bat beti ahantzi dagoena. Estatuko indar polizialek Batallon Vasco Español izenpean eginiko bortzaketak. Umea nintzen arren, gutxienez bi nire oroimean gelditu ziren iltzatuak. Gogoratzen al dituzue?



Re: Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

Gaztelako bat — 2006/05/12 19:04

Anda D.Sastre jauna, zuri Xabierri baino gehiago komeni zaizula espabilatzea, honezkero jada berregarria gelditzen ari zara eta: Hain oinarri gutxi dauka zuen lelo horrek (hobe, lelokeria), alegia, estatuak zapaltzen zaituztela (zaituztegula?) esaten duena, gaitz guztiaren errua bota behar diozuela estatuari. Batallón Vasco Español poliziaz osaturiko izateak ez du esan nahi gure segurtasun indarren menpean aritu zenik, are gutxiago denok osatzen dugun estatuaren onespena zeukanik. Gauza bera edo antzekoa izango zen estea nola ETAkideak Euskal Herrikoak diren, ETAk hainbeste hildako uztearen errua Euskadiko biztanle guztiena dela. Esandakoa, espabilatu zaitez.



Re: Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

Gaztelako beste bat — 2006/05/12 21:44

Herrikide hori:


Sinesten dozu garaiturik eta garailerik gabeko bakean?


PD Neuk bai.



Re: Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

Gaztelako bat — 2006/05/14 13:03

Noski sinisten detela. Baina ez det uste komenigarria izango zenik ETAren kasuan. Nahiago det garaileak izatea eta hauetako bat izatea ni, halako hiltzaileak nere parekotzat jotzea baino. Zuk ez?



Re: Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

patxi lurra — 2006/05/15 17:27

Mantxut?



Re: Zauriak miazkatzen ala zauriak erakusten

d.sastre — 2006/05/16 09:44

Ufa! zure morroi batengatik espabila nadin entzutea mehatxu bezala hartu beharko dut, ezta?
Oso trebea zara bure ahotan esan ez duguna asmatzen, irainak banatzen eta sermoiak botatzen. Baina inoiz ez diozu mamiari heltzen. BVE ala GAL poliziek osatu baino polizi buren menpekoa ez zela esatea, zuk esaten duzu, doain. Zure diskurtsoa, adibidez, maria antonia iglesiasen antzekoa da: martxeko otamendi, xabier alegria eta abar ez zituen inork torturatu eta torturatu bazuten ere, ez zituen estatuak torturatu. Zergatik ez duzue tortura demokratikoki aldarrikatzen, israeldarrek egin bezala?
Oso zilegi deritzot zuk gu barregarritzat hartzea. Zu aldiz ez zara barregarria niretzat. Menpekotasun egoera finkatzen duen tipo zitala baizik. Demokrata osoa, nahiz eta gehiengoaren borondatea neurtzearen aurkakoa izan. Ciudadanos catalanes moduan, zergatik ez duzu ciudadanos vascongados foroa antolatzen?
Ta, nola eramaten duzu Andorra eta Portugal estatu burujabe izatea, espainolak izan gabe?



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema