Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2006 Maiatza 03 Loti Ederraren ondoan
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Loti Ederraren ondoan

Iritsi da zalduna basoaren bihotzera, eta, sasiz inguraturiko soilgunean, arrosa-petalozko ohatzean etzanda, hor ikusi du neskatorik ederrena, lotan.

Bere ezpainak neskarenetan jartzera doa, hura esnatzeko. Badaki hala egin behar duela, eta neska esnatu egingo dela orduan, eta berari begiratuko diola, eta...

Bere buruari begiratu dio orduan: bideko hautsa dakar bere jantzian, bidearen nekea bere aurpegian. Hautsa kentzen saiatu da, bere soinekoa nola-hala atontzen. Alabaina, zalantza erne da bere barruan.

Neska lokartuari begiratu dio ostera. Hain da ederra haren begitartea, hain leuna haren azala... Itxuraren pareko goxotasuna balu izaeran, ezin zoriontsuagoa litzateke haren ondoan; baina, bestelakoa balitz?

Eta bera? Badaki gizon saiatu eta prestua dena; hala ikusiko ote du lotiak ordea? Ala zaldun trauskil, bidetako ibiltari ajatu, printzesa sorginduen bilatzaile purtzila irudituko zaio?

Zer egin ez dakiela, petalo arrosen ohean egin du txokoa, eta loti ederraren ondoan etzan da. Haren esku hotzari bere esku beroaz helduta, begiak itxi ditu, eta amets egin du, esna, hantxe geratzen dela bera ere, betiko lo.

Xabier Mendiguren 2006/05/03

Re: Loti Ederraren ondoan

Kepa Ele — 2006/05/03 14:16

Betiko lotan? Agian ez.
Noizbait iritsiko da Printzesa Zaldun bat arrosa-petaloen inguruetara Zaldun Loti Ederra esnatzera...



Re: Loti Ederraren ondoan

matxalde — 2006/05/03 15:16

Einstein zena joan omen zen ekitaldi xarmant horietako batetara. Ezagutu du emakume eder bat,eta hizketan ari direla esan dio honek: "Bikote ederra egingo genuke biok. Eta nolako umeak izango genituzkeen zure jakinduriarekin eta nire edertasunarekin". Hala erantzun omen zion Einsteinek: "Ez dakit ba! Eta nire edertasunarekin eta zure jakinduriarekin egingo bagenitu?" Lotan harrapatzea ez da komeni, denik dela ere.



Re: Loti Ederraren ondoan

Loti itsusia — 2006/05/03 15:23

zorionak, Xabier! Gizon bat zara dagoeneko!



Re: Loti Ederraren ondoan

Elena — 2006/05/03 16:38

Txikitan, loti ederraren ipuina ikusten nuenean, inbidia ematen zidan printzesak: ile luze hori ederrarekin agertzen zen, hain guapa, hain fina...
Baina printzearen itxura beti xelebrea iruditzen zitzaidan. Leotardo erridikulo harekin, melenatxo hura, bigote xixtrin hura...
Printzesa izan nahi genuen, baina beste modu bateko printzipeek esnatzeko!



Re: Loti Ederraren ondoan

joxepa — 2006/05/04 15:02

Noizko ederrak ez diren printzesak, eta hautsez beteriko "zaldun" xumeak? Egunen baten aldatu beharko ditugu ipuinen bertsioak, ezta? Edo hilkorrok ezin al dugu izan gure ondoan lotan geratuko den "printzearen" esperantzarik?



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema