Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2006 Urtarrila 30 Ekarpen xume bat nazioarteari
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Ekarpen xume bat nazioarteari

Joan den astean zientzia fikziozko film eder bat ikusi nuen gure herriko zine-klubean: "Code 46", Michael Winterbottom beti harrigarri eta ia beti jenialarena; haren pelikula pare baten kritikak egin ditut lehen ere (hemen eta hemen ); gaurkoan, baina, oso bidenabar baizik ez naiz zinemaz mintzatuko.

Zientzia fikziozkoa dela esan dut, eta nabarmena da Ridley Scott-en "Blade Runner"i egiten dion omenaldia, baina genero horretako filmen aldean oso bestelakoa da hau: jantziak, dekoratuak, atrezzo guztia gaur egungoa da, inongo futurismo ahaleginik egin gabe (ezinbesteko tresna koxkorren batzuk salbu). Hartara, giroarekin horditu beharrean istorioan bertan kontzentrarazten gaitu zuzendariak, eta balizko gizarte hori guregandik zein hurbil dagoen iradokitzen.

Xehetasun futurista bat du, hala ere, hemen aipatu nahi dudana: pertsonaiek ingelesez hitz egiten dute, baina euren hizkuntza hori beste hainbat hizkuntzatako hitz eta esalditxoz zipriztinduta dago. Nolabait ere sujeritu nahiko balu bezala etorkizunean halako pidgin nahastu baterantz goazela denok. Gaztelaniazko berbei antzeman nien ("chico o chica"), italierazkoei, frantsesezkoei, arabierazko agurrari ("salam"); izango ziren ezagutu ez nituen beste hainbat hizkuntza ere (txinera, errusiera, alemana?), baina halako batean "agur" esan zioten elkarri bi pertsonaia nagusiek. Ustekabean harrapatu ninduen gure hitzak, eta poztu ere bai, Winterbottom herri txiki honekin gogoratu zelako, eta mintzairen nahaste-borrastean lekutxo bat opa diolako. Despedidarako besterik ez bada ere.

Xabier Mendiguren 2006/01/30

Re: Ekarpen xume bat nazioarteari

Luistxo — 2006/01/30 17:13

Loturak, hiper-estekak zure blogean! uauuuu!


baina oker, mendigreen, helbideek behar dute hasierako http:// kode osoarekin.


Horrez gain, ez zen izango bada abur madrileño castizoa zeuk entzundakoa?



Re: Ekarpen xume bat nazioarteari

xme — 2006/01/30 17:19

Ez, ez: "agur" zen, eta gaztelaniazko azpitituluetan ere "agur" jarri zuten. Filma 2003ko hasieran egina da, eta urte horretako udazkenean atzera begirakoa eskaini zioten Donostiako Zinemaldian. Ez dakit gure zinemaldiko arduradunei ikasi zien edo bestela zeukan gure hizkuntzaren berri.



Re: Ekarpen xume bat nazioarteari

Josu Jon — 2006/01/31 15:00

Nik duela hilabete batzuk ikusi nuen filma eta Agur! horrek harritu ninduen. Gainera, iparraldean bezala erabiltzen zuten, hau da, Kaixo! esateko.


Espainiarrak ere harritu ziren horrekin. Sartu code 64 + Agur Googlen eta espainiarrek horren inguruan izaniko eztabaida batzuk agertzen dira.


Gero pentsatzen ibili naiz horren inguruan, xmek aipatu duen ildoan.


Eta honako ondorio gaizto batera heldu naiz: Ez al da litekeena, Winterbottomek Donostiako zinemaldiari begira eginiko keinua izatea Agur! hori? Behintzat ikusleen saria jasotzeko ahalegina edo?


gaiztoa al naiz?



Re: Ekarpen xume bat nazioarteari

xme — 2006/01/31 15:03

Ez dut uste.


Winterbottom etengabe dabil film berriak egiten. Film hori Veneziako sariketara eraman zuen, eta hurrengo urte bietan Donostian izan da.



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema