Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2006 Urtarrila 24 Hau ez duk Pagasarri
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Hau ez duk Pagasarri

Sarrionandiak noizbait esana da, liburu bat ahazturako zulora eramateko bi bide daudela: bata, aspaldikoa, liburu horren kontrako boikota; bestea, berriagoa, etengabeko liburu uholdearen barruko tanta izaten utzita, lan horrek berez duen balioa azpimarratu gabe. Hori dela-eta, literatura maite dugunon ardura behar luke aparteko liburuek aparteko tratamendua izatea. Bere obrari emandako erantzunaz eta tratuaz ezin galdetuko diogu idazleari berari, denei iruditu ohi baitzaie ez dutela jasotzen justiziaz merezi hainbateko lorerik, laudoriorik, aupamenik. Hala ere, badira objektiboki aparte jarri beharreko sorkariak. Eta iaz bat, aparta, “Sua nahi, Mr. Churchill?” Koldo Izagirrerena.

Ipuin-liburu bat da “Sua nahi”, portu giroko 17 istorioz osatua. Imajinario edo iruditeriaren aldetik lotura du zortzi urte lehenagoko “Non dago Basques’ Harbour” poema-bilduma liluragarri harekin, horrexeagatik ipiniko zioten azpititulua: “eta Basques’ Harbour-eko beste kontu asko”.

Ipuinak printzipioz harrera errazagoko generoa dirudi, baina liburu honetaz mamu antzeko bat dabil bazterretan, behiala komunismoa Europan barrena bezala: zaila dela. “Zaila al da benetan?”, galdetzen didazu. Bada, bai: zaila da, eta esijentea, eta ederra. Lanak hartu ditu idazleak nahi zuen huraxe ahalik eta modurik ederrenean, bihurrienean, gaiztoenean adierazteko, eta lanak eskatzen dizkio irakurleari, idazleak sujeritutakoa jasotzen, erdizka esandakoa osatzen, metafora burtzoragarrietan esandakoa dezifratzen.

“Horrelako literatura behar al dugu?”, esango didazu orain. Ez dakit horrelakoa behar dugun, modu askotakoa behar dugula esango nuke nik, baina hau goi mailako literatura da. Konparazio txotxolo bat egiten utziz gero, hau ez da igande goizean zapatilak jantzita Pagasarrira igotzea, hau Himalaia da. Eta, ez dut esango sistema metrikoari men egin behar zaionik baina, Himalaia beste maila batean jartzen dugu denok.

Denok? Ulertzekoa da errazera jarritako irakurleak bestelakoak nahi izatea; liburua euskalduntzeko tresnatzat hartzearen poderioz literaturako zikiraturik geratu den irakaslea kexatzea; materiala euskaltegietan sartu nahi duen editoreak narrazio domestikoa hobestea. Oraindik ere badira, hala ere, eta zorionez, literatura plazer eta ezagupen iturritzat hartzen duten irakurleak. Zailduak. Konplizeak. Horiek guztiek zain dituzte “Sua nahi”ko solidaritate eta elkartasun istorioak, beren pertsonaia ameslari berritsu eta galtzaile etsigaitzak.

Eta nahi duenak hitzordua du idazlearekin: bihar arratsaldean Santutxuko Irakurleen Txokoan, Julen Gabiriak gidatuta, eta datorren astelehenean Donostiako Liburutegiko sotoan, Harkaitz Cano zeremonia-maisu dela.

Xabier Mendiguren 2006/01/24

Re: Hau ez duk Pagasarri

Asapala — 2006/01/24 10:38

Santutuxuko "Irakurlearen Tartea"ren berri hemen.



Re: Hau ez duk Pagasarri

Luistxo — 2006/01/24 10:43

Liburu honen inguruan ez zen polemikaren bat egon bazterretan? Uste dut Jose Luis Otamendik Izagirreren defentsan karta bat bidali zuela Berriara, baina zertatik defendatzen zuen ezin igarri.



Re: Hau ez duk Pagasarri

arrekikili euskara elkatea — 2006/01/24 13:26

eta larrabetzura apirilaren 6an etorriko da



Re: Hau ez duk Pagasarri

Apostata — 2006/01/24 19:57

Artikulu honi jarraipena eman diote Karrajua blogean.



Re: Hau ez duk Pagasarri

ptx — 2006/01/25 10:16

Aupa Luistxo.


Jose Luis Otamendiren gutuna askok irakurri genuen, eta azken finean bezperan edo, Maider Ziaurriz BERRIAko literatur liburuen kritikariak egindako baieztapen batzuk salatzera zetorren.


Literaturaz eta kulturaz orohar, inposatu gura diren "kanon" berri batzuk agerian utzi gura zituela ulertu nuen nik Otamendiren artikulu horretan.


Jose Luis Otamendiren "Sua nahi?" iritzi artikulua: http://tinyurl.com/auckj
Madier Ziaurrizen "Itsaso gorria" liburu kritika: http://www.susa-literatura.com/kritikak/izagirre.htm



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema