Nire uste harroan
Bloga, bloga, marinela
Horra modako hitza: bloga. Ez hitza bakarrik: sarearen barruko txoko pertsonal horiek gorakada dexentekoa izan zuten 2004an, eta 2005a egundokoa izan da. Bai munduan eta baita Euskal Herrian ere. Euskarak atzerapenik gabe harrapatu duen lehenengo iraultza komunikatibo eta teknologikoa dela esaten dute.
Modatik harago begiratuta, ordea, zer eskaintzen dute blogek? Funtsean komunikatzeko tresna dira, telefonoa, irratia edo aldizkari bat diren bezala. Horiek gero edukiz bete behar dira, eta edukiak izan litezke lerdokeriak edo perla zoragarriak. Komunikazio-bide honek baditu bere berezitasunak, hala ere, eta horietako batzuk aipatu nahi nituzke.
Bat: hitz idatziaren produkzioa izugarri handitu du. Sekula ez du hainbeste jendek idatzi euskaraz; ugaritasunak, noski, zabarkeria franko ekarriko du berarekin, baina baita non bilatua, aniztasuna, kolore eta zapore aukera zabala, esperimentuak egiteko askatasuna
Bi: harreman horizontalagoak sortzen dira, hierarkiarik gabeak. Anjel Lertxundi bezalako idazle handi baten parekoa da sarean gaxte hasiberri bixarguri edo titittentte bat: batengana bezain erraz iritsiko zara besteagana, eta norbere idazlanen interesaren indarrez bereganatuko ditu bakoitzak bere irakurle apurrak. Ez dut esan nahi demokrazia perfektuaren eredua denik, baina bai itxurakeriak eta estatusak eragin txikiagoa dutela mezuaren kalitateak baino.
Hiru: onerako eta txarrerako, gorabehera ekonomikoetatik ia guztiz aparte gertatzen da blogen kontua: idazleak ez du txakur txikirik kobratzen; publikatzeak ez du gasturik; irakurtzea debalde da (konexio eta argindarraren gastuak alde batera utzita). Horrek bitartekaritzak eta morrontzak saihestea dakar, gutxieneko teknologikoak (tresna nahiz prestakuntza) edonoren esku baitaude gure gizartean.
Lau (Post Data): hau idazten ari nintzela (azaroaren 23a), Anjel Lertxundik azaldu ditu bere blogean fenomeno honi ikusten dizkion abantailak, nik baino egokiago eta zabalago.
Re: Bloga, bloga, marinela
Eta ze gozamena aizu! Aurki.com-en sartu eta etengabe eduki berriak euskaraz, mila gai desberdin, eta testuez gain irudiak eta irrati bi ere bai (irratia.com eta teketen). Oraindik lantzeko asko badago ere, kioskoan ez bezala Interneten euskaldun izan gaitezke normaltasun osoz
Re: Bloga, bloga, marinela
Barkatu, euskara ikasten ari naiz eta ez dut ondo ulertzen titittentte hitzaren esanahia. Argituko didazu, Xabier?
Re: Bloga, bloga, marinela
Bloga, bloga, marinela
Re: Bloga, bloga, marinela
Nire urtebetetze egunean ekin zenion artikulu hau idazteari, ta jada, 22ekin zeharo ohitua nago!
Halere, mesedetxo bat, mezuko linkean klikatuz "error" bistaratzen zait. Zein da Anjel Lertxundiren txoko prohibitu hori ba?
Re: Bloga, bloga, marinela
Anjel Lertxundiren helbidea: http://www.berria.info/blogak/lertxundi/
Re: Bloga, bloga, marinela
Ematen du noizean behin blog batek baduela beste helburu bat: paper gainean plazaratuta izatea.
Eta liburua denean aipatutako berezitasun batzuk desagertzen dira:
Editatuko liburuan badago gorabehera ekonomikoak, eta haien orrialdeetan ez da jadanik horizontasunalik sumatzen ezta eztabaida demokratikoaren aztarnarik ere.