Batzuen eta besteen utopiak
Zientzi fizkiozko film bat komentatu behar nuela-eta, burura etorri zitzaidan nolakoak diren etorkizunerako egiten ditugun aurreikuspenak. Hobeto esanda, zein diferenteak diren geroan imajinatzen ditugun gizarteak.
Badira prospektiba lan-arlo seriotzat hartzen dutenak (horien artean dago Eneko Astigarraga ). Hortik aparte, baina, bi jende klase aritu eta aritzen dira iragarpenak egiten: politikariak eta artistak.
Politikariak hemendik 10, 20, 30 urtera begira jarri eta txostenak egiten hasten direnean, arrosa kolorez margotzen digute gure herria, probintzia, Euskal Herria, mundua. Berdin dio gainera ze alderditakoak diren: agintean egonez gero, dena hobera doala sinetsarazi nahi digute, eta haiek boterean jarraituz gero hobekuntza etengabe bezain iraunkorra izango dela: ingurumena zainduko dugu, ongizatea inoiz ez bezalakoa izango da, osasuna, kultura, garraioa... dena!
Literaturak eta zinemak proposatu dizkiguten mundu birtualez oroitu orain: "Bai mundu berria", Huxleyrena, "1984" Orwellena, "Androideek ardi elektrikoekin egiten ote dute amets?" Philip K. Dick-ena (zineman "Blade Runner" bihurtua, Scott-en eskutik). Ezagunenak aipatzearren, zerrenda nahi adina luza daiteke baina. Zer dugu hor? Gizarte totalitarioak; natura ia guztiz txikituta; askatasun pertsonala hutsera murriztua; klase diferentzia nabarmenak; alienazio erabatekoa eta tirania ahalguztidunak...
Egiatik hurbilen nor dabilen epaitu behar izanez gero zer esango zenuke? Asmatzea edo ez asmatzea baino inportanteagoa iruditzen zait, ordea, intentzioaren gaia: zertarako sortzen dituzten batzuek eta besteek utopia horiek. Politikoek, gure hobe beharrez eta bide zuzenetik ari direla sinetsarazteko; artistek, gizarte honek dituen izurriez ohartarazteko, okerretik okerragora egin baino lehen.
Ekarpen xume bat nazioarteari
Joan den astean zientzia fikziozko film eder bat ikusi nuen gure herriko zine-klubean: "Code 46", Michael Winterbottom beti harrigarri eta ia beti jenialarena; haren pelikula pare baten kritikak egin ditut lehen ere (hemen eta hemen ); gaurkoan, baina, oso bidenabar baizik ez naiz zinemaz mintzatuko.
Zientzia fikziozkoa dela esan dut, eta nabarmena da Ridley Scott-en "Blade Runner"i egiten dion omenaldia, baina genero horretako filmen aldean oso bestelakoa da hau: jantziak, dekoratuak, atrezzo guztia gaur egungoa da, inongo futurismo ahaleginik egin gabe (ezinbesteko tresna koxkorren batzuk salbu). Hartara, giroarekin horditu beharrean istorioan bertan kontzentrarazten gaitu zuzendariak, eta balizko gizarte hori guregandik zein hurbil dagoen iradokitzen.
Xehetasun futurista bat du, hala ere, hemen aipatu nahi dudana: pertsonaiek ingelesez hitz egiten dute, baina euren hizkuntza hori beste hainbat hizkuntzatako hitz eta esalditxoz zipriztinduta dago. Nolabait ere sujeritu nahiko balu bezala etorkizunean halako pidgin nahastu baterantz goazela denok. Gaztelaniazko berbei antzeman nien ("chico o chica"), italierazkoei, frantsesezkoei, arabierazko agurrari ("salam"); izango ziren ezagutu ez nituen beste hainbat hizkuntza ere (txinera, errusiera, alemana?), baina halako batean "agur" esan zioten elkarri bi pertsonaia nagusiek. Ustekabean harrapatu ninduen gure hitzak, eta poztu ere bai, Winterbottom herri txiki honekin gogoratu zelako, eta mintzairen nahaste-borrastean lekutxo bat opa diolako. Despedidarako besterik ez bada ere.
Kopa bat hartuko dut gaur Alkainekin (ala ez?)
Gaur, elurteak galarazten ez badu, Argia sariak banatuko dira Txitxardin-Beltxa jatetxean, euskal glamour koxkorraren jai maitagarria. Iaz "Egunen harian" sariak bota nituen hemen, kiniela, proposamen edo alternatiba moduan. Aurten ez dut halakorik egingo, baina bai saritugaietako bat aipatuko.
Prentsa, irrati, publizitate, teknologia berri eta gainerako ataletan zer egingo duten ez dakit baina, telebistako saria nori eman pentsatzean, hautagai bakarra bururatzen zait: Wazemank. ETBko panorama oro har grisean distira, kolorea eta umorea ekarri ditu pantailara azken urte honetan.
Loreak botatzen hasteko asmoa nuen, esketx hau eta beste komentatzekoa, baina nik bezain ondo ezagutuko duzue saioa. Eta ezagutzen ez duenak gaur iluntzean bertan du ikusteko aukera. Fan sutsuentzat, erreportaje zabal eta polita dakar gaur Berria-ko Tarteak.
Beraz, bazkalondoan kopa bat hartzea espero dut Alkainekin, eta Pagadi, Lasa, Iraola, Tolosa (Ainere!), Elordi, Zuazua, Irastortzarekin... Bueno, gera nadin, bestela mozkor-mozkor eginda iritsiko naiz etxera eta.
Eta saria beste batentzat balitz, kontsolamendu kaxkarra izango da baina, bego hemen nire omena eta aitortza, beste askorena ere badelakoan.
Lagun zaharraren gorazarrez
Plentziako institutuan izan nintzen atzo hizlari, eta bertan irakasle dagoen lagun zahar batekin joan nintzen bazkaltzera gero. Gorlizko batzokian ondo ematen zutela-eta, hara abiatu ginen, Sabinoren itzala gure mihietatik irtengo ziren antidoto egokia izango zelakoan.
Jon Baltza da lagun honen izena, batxilergoko nire ikaskidea, aspaldidanik Sopelan bizi den tolosarra (sorterri kuttuntzat Intza duena), filosofiako irakaslea, euskarari buruzko tesi harrigarrienetako baten egilea ("Un escorpión en su madriguera" liburuan irakur litekeena).
Euskal literaturaren historian sartzeko ohorea, berriz, beste ipuin bati esker lortuko du, "Celosamente gordea" izeneko testu horixe izango baita, seguruenik, euskañol antzeko batez idatzitako lehenengo istorioa. Hona hasiera: "Ninchen un niño etorri senean la Nueva Era, eta todo asi sen a isan diferente".
Ipuin hori asko erabili zuten garai batean AEK-ko euskaltegi batzuetan, eta BAP musika-taldeak ere bertsio bat egin zuen. Hala ere, iruditzen zait narrazio labur hori gaizki ulertu eta interpretatu dela beti: euskararen heriotzaz ari delakoan eta... Irakurri arretaz amaiera, eta konturatuko zara barruan duen ironia leherkariaz.
Eta okerragoa da erremedioa
Aspaldi ez dut igerilekuaz hitz egin, baina segitzen dut herriko pistinara joaten, larunbat-igandeetan, hogei minutuko saio parea egiteko astean. Zer kontatu handirik ez daukan eginkizuna da berez igeri egitea, baina aurrekoan halako gogoeta baikor-ezkor sorta bat etorri zitzaidan gogora, eta hemen botako dizkizuet.
Tarteka ikusten dituzu igerilekuan gorputz gazte, eder, gustagarriak. Beste askotan, berriz, zaharren gorputz erori, zabartu, itsusituak. Bizitza bera bezala, noski, baina arropa gutxiago daramagunean bistakoago.
Gorputz batzuen eta besteen arteko aldeez eta denboraren igarotze geldigabeaz pentsatzen ari nintzela, "Hik oraindik hurbilago dauzkak gazteak" etorri zitzaidan burura, gogoeta kontsolagarri antzekoa 41 urte dituen honentzat.
Geroxeago, baina, barneko ahots ilun batek eman zidan arrapostua: "Ez horixe! Gazteen gorputzak utzi hituen atzera, eta sekula ez haiz horretara itzuliko. Bestea duk hire etorkizuna, eta horra hoa ezinbestean".
Ze parte txarrekoak diren batzuetan gure gogoetak. Bakarrik falta zitzaion eranstea, zahartzea gustukoa ez duenak, okerragoa duela erremedioa...
Hau ez duk Pagasarri
Sarrionandiak noizbait esana da, liburu bat ahazturako zulora eramateko bi bide daudela: bata, aspaldikoa, liburu horren kontrako boikota; bestea, berriagoa, etengabeko liburu uholdearen barruko tanta izaten utzita, lan horrek berez duen balioa azpimarratu gabe. Hori dela-eta, literatura maite dugunon ardura behar luke aparteko liburuek aparteko tratamendua izatea. Bere obrari emandako erantzunaz eta tratuaz ezin galdetuko diogu idazleari berari, denei iruditu ohi baitzaie ez dutela jasotzen justiziaz merezi hainbateko lorerik, laudoriorik, aupamenik. Hala ere, badira objektiboki aparte jarri beharreko sorkariak. Eta iaz bat, aparta, Sua nahi, Mr. Churchill? Koldo Izagirrerena.
Ipuin-liburu bat da Sua nahi, portu giroko 17 istorioz osatua. Imajinario edo iruditeriaren aldetik lotura du zortzi urte lehenagoko Non dago Basques Harbour poema-bilduma liluragarri harekin, horrexeagatik ipiniko zioten azpititulua: eta Basques Harbour-eko beste kontu asko.
Ipuinak printzipioz harrera errazagoko generoa dirudi, baina liburu honetaz mamu antzeko bat dabil bazterretan, behiala komunismoa Europan barrena bezala: zaila dela. Zaila al da benetan?, galdetzen didazu. Bada, bai: zaila da, eta esijentea, eta ederra. Lanak hartu ditu idazleak nahi zuen huraxe ahalik eta modurik ederrenean, bihurrienean, gaiztoenean adierazteko, eta lanak eskatzen dizkio irakurleari, idazleak sujeritutakoa jasotzen, erdizka esandakoa osatzen, metafora burtzoragarrietan esandakoa dezifratzen.
Horrelako literatura behar al dugu?, esango didazu orain. Ez dakit horrelakoa behar dugun, modu askotakoa behar dugula esango nuke nik, baina hau goi mailako literatura da. Konparazio txotxolo bat egiten utziz gero, hau ez da igande goizean zapatilak jantzita Pagasarrira igotzea, hau Himalaia da. Eta, ez dut esango sistema metrikoari men egin behar zaionik baina, Himalaia beste maila batean jartzen dugu denok.
Denok? Ulertzekoa da errazera jarritako irakurleak bestelakoak nahi izatea; liburua euskalduntzeko tresnatzat hartzearen poderioz literaturako zikiraturik geratu den irakaslea kexatzea; materiala euskaltegietan sartu nahi duen editoreak narrazio domestikoa hobestea. Oraindik ere badira, hala ere, eta zorionez, literatura plazer eta ezagupen iturritzat hartzen duten irakurleak. Zailduak. Konplizeak. Horiek guztiek zain dituzte Sua nahiko solidaritate eta elkartasun istorioak, beren pertsonaia ameslari berritsu eta galtzaile etsigaitzak.
Eta nahi duenak hitzordua du idazlearekin: bihar arratsaldean Santutxuko Irakurleen Txokoan, Julen Gabiriak gidatuta, eta datorren astelehenean Donostiako Liburutegiko sotoan, Harkaitz Cano zeremonia-maisu dela.
EAEren kontra
"Gora legea! Heil!" izeneko artikulua sartu nuen hemen joan den ostegunean, Berria-n argitaratu zidaten egun berean, eta abisua utzi nuen txoko honetan zentsura linguistikorik gabe zihoala testua. Zentsuraturikoa zer den galdetu dit irakurle batek, eta, amua bota nuenez, erantzuna ere zor dudala iruditzen zait. Beste norbaitentzat ere interesekoa izan litekeelakoan, mezu berri batean.
"EKAn (Euskal Komunitate Autonomoan)" idatzi nuen artikuluan, eta Berria-n beste hau argitaratu: "EAEn (Euskal Autonomi Erkidegoan)". Horixe da, labur esanda, aldaketa. Zentsura deitzea gehitxo izango da seguru asko, edukia ez baitu ukitzen, eta Euskaltzaindiaren araua betearazi besterik ez baitu egiten, nik "hibai" idatzi eta haiek "ibai" zuzendu balidate bezala.
Alde txiki batzuk badaude ordea. Inportanteena, nik badakidala EAE dela izendapen ofiziala eta nahita erabili dudala bestelakoa. Eta Berriakoek ere badakite (jakingo ahal dute!) nik badakidala. Denok izan ditzakegu geure temak eta egoskorkeriak, eta hizkuntza batuaren kontu honetan ia guztiok dugu ohituraren bat, arauekin bat ez datorrena: batek ez du marratxorik erabili nahi, bestea txorabiatu egiten da "hazka egin / azkura" tankerakoekin, hurrengoak ezin du eraman "nora ezean" aparte idatzi beharra... Araua eman duenak bere arrazoia izango du, kontra dagoenak ere berea, eta alferrik izaten da eztabaidan sartzea.
Gaurkoan, baina, neure desadostasunaren berri emango dut, eta arrazoituta gainera. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten zerari "Comunidad Autónomo Vasca" deitzen zaio; hori euskaraz esateko, zuzen edo oker, "Euskal Autonomi Elkartea" asmatu zuen norbaitek, eta izendapen hori erabili zen urtetan euskal komunikabideetan.
Izendapen horrekin batzuk ez zeuden konforme. Jose Luis Lizundiak, adibidez, behin eta berriz esan zuen "Elkarte" ez zela izen zehatza, eta argudioa indartzeko sarritan aipatu zuen hori zerabilenak ez zekiela alemanezko "Gesellschaft/Gemeinschaft" bereizketaren berri.
(Parentesi artean: euskaraz ondo egiteko alemanez jakin beharra ote dagoen zalantzazkoa izan liteke, eta bestalde, zorrotz jartzen bagara, lotsagarria da alemanek "gesellschaft" bakarrez deitzea guk bi errealitate eta izen diferentez bereizten ditugunak: "elkarte" eta "gizarte"; beraz, has daitezela berehala Alemaniako hizkuntza-arduradunak izen berri bat asmatzen, bestela lotsagarri geldituko dira-eta munduaren aurrean).
Lizundiak "elkargo" hitza proposatzen zuen gure gemmeinschaft edo dena delako honentzat; bitartean, gure auzoan "Nafarroako Foru Komunitatea" zen euskarazko izen ofiziala; halako batean Euskaltzaindia hasi zen lanean, eta erabaki zuen izaki administratibo honi, ez elkarte, ez elkargo, ez komunitate: erkidego deitu behar zitzaiola. Eta izen osoz esanda: "Euskal Autonomi Erkidegoa" edo "Euskal Autonomia Erkidegoa".
Erkidego bezalako hitz ilun eta tradizio gutxikoa berpizteak zentzurik baduen luze eztabaida daiteke; arrazoi estetiko eta soziologikoak emango nituzke nik horren kontra, baina ez naiz sesioan hasiko. Kontu horretan okerrena da zalantzazko hauts pikor bat trabatik kentzen jarri zirela indar eta ahalegin guztiak, eta dudarik gabeko kaka-mokordoa bere horretan utzi zutela: "autonomi(a)".
Zer demontre da "autonomi(a)" hori? Hitz elkarketa baten lehen osagaia, esango didazue. Arazo psikologiko edo psikologi(a) arazoa bezala. Bai, ulertu dut. Baina hor nahasketa itsusi eta zabar bat egin da. Zeren, gauza bat baita autonomiari dagokiona edo autonomikoa, eta beste bat autonomoa edo bere kasakoa. Adibide pare bat jarrita ulertuko duzue:
Autonomiari buruzko gauzei buruz hitz egiteko legelariak biltzen direnean, "autonomi zuzenbideaz" dihardutela esan genezake. Aldiz, psikologo bat ari bada nerabeak pixkanaka hartu behar dituen askatasun eta erantzukizunez hizketan, gaztetxoak "pertsona autonomo" bihurtu behar duela esan lezake, baina ez "autonomi pertsona" (ez eta "pertsona autonomiko" ere).
Hortaz, gure auzira itzulita, erkidegoa giza talde bat baldin bada, Estatu baten barruan ezaugarri komun eta berezi batzuk dituelako bere burua gobernatzeko legeak eta instituzioak izan ditzakeena, erkidego hori autonomoa dela ondorioztatuko dugu, hor duela zentzua hitzak, eta bestea parlantzu akademiko-politikotik sortutako berbakondo sasiko bat besterik ez dela.
Beraz, hemendik aurrera insumiso izango natzaio "autonomi erkidego" orori, nahiz bateko eta besteko zentsore eta polizia linguistikoekin borrokan jardun beharko dudan.
Txistu nori jo
Ostiral honetan jai eman digute Donostian lan egiten dugunoi, baina nik ezin huts egin zuekin dudan hitzordu honi, eta gaur ere txorakeriaren bat asmatuko dut. Donostiaren eta San Sebastianen ohoretan, hori bai.
Danborradako ikurrinaren igoeran emakumeek ere parte hartuko dutela-eta, baten batek gogora ekarri du nola Gaztelubidekoek Etxezarreta "persona non grata" izendatu zuten duela zenbait urte. Donostiako kontuak gehiegi ezagutzen ez dituztenentzako argibideak: Gaztelubide Donostiako elkarte gastronomiko tradizional horietako bat da, jauntxo jendea ibiltzearen fama daukana, igoerako ekitaldi hori burutzen duena, eta emakumerik onartzen ez duena; Ramon Etxezarreta, Partidu Sozialistako zinegotzia (sortzez urrestillarra, euskal idazlea, garai batean Euskadiko Ezkerran ibilitakoa). Aurten alkatetzak presioa egin omen dio Gaztelubideri danborradan emakumeak sar ditzan, bestela igoerako ekitaldi horretan beste konpainia bat sartzeko mehatxuarekin-edo, eta soziedadekoek azkenean amore eman.
Argibideak aski? Segi dezadan ba aurrera. Etxezarretaren kontra egundokoak bota zituzten Gaztelubidekoek orain dela urte mordoxka, baina, oroimenak huts egiten ez badit, esango nuke istilu hark ez zuela zerikusirik danborradarekin. Konta dezadan gogoratzen dudan bezala.
Ramon Saizarbitoria, euskal idazlerik onenetakoa eta dudarik gabe dotoreena, maisua da, halaber, gazteak eta xaharrak epatatzen, inor baino guayago eta iraultzaileago agertzen, tarteka. Egun batean elkarrizketa egin zioten, euskaraz, bertako kazetaren batean (eman dezagun, Argian); eta Donostiako kontuez ari zirela, galdetu zioten, esaterako, Salbeko istiluez (hemen ere argibideak eman behar gazte jendeari: Abuztuko Ama Birjinaren bezperako elizkizuna, Donostiako Aste Nagusian egun handia, eta egitarau ofizialaren barruan agintarien desfilea, Udaletxetik Santa Mariara, Kale Nagusian zehar; urte batzuetan egitarau alternatiboaren muina zen desfile horretan zihoazenei -Ardantzari batez ere- txanponak, txistua eta irainak botatzea). Salbeko istiluez galdetu zioten beraz Saizarbitoriari, eta honek erantzun oso erraza zela Ardantzari-eta txistu egitea; baina benetako karkak, herriko bunkerra, esentzien gordailua eta aginte faktikoa Gaztelubiden zegoela, eta egiazko errebeldia-ekintza izango zela, ez Salbeko desfileari txanponak botatzea, baizik eta Gaztelubidekoek "Festara" abesten zutenean hara joan eta haiei aurre egitea. Horrelako zeozer esan zuen Saizarbitoriak, baina gure idazleak badaki non zer esan ondo gelditzeko, eta boutade hori euskaraz bota zuen. Irakurri genuenok irri txiki bat egin genuen, eta aurrera.
Handik pixka batera edo puska batera, Ramon Etxezarreta (Saizarbitoriaren laguna, izenkidea, eta gutxi gorabehera gogaidea) artikulu bat idazten jarri zen (gaztelaniaz seguru, eta seguru asko El Diario Vasco-n). Ezker abertzaleko jendea nahiko zuen zirikatu, ohi zuen moduan, eta, Saizarbitoriaren burutazio hura gogoratuta, halaxe bota zien: hain erradikalak baldin baziren, Salbeko desfilea izorratu ordez joan zitezela Gaztelubidekoengana, eta abar eta abar. Gaztelaniaz. El Diario Vascon. Eta egundoko zaparrada etorri zitzaion, "persona non grata" izendatzeraino.
Aspaldiko pasadizo hau etorri zitzaidan BECeko bertsolarien finalean, baina loturak eta zergatiak hurrengoan azalduko ditut, dagoeneko asko luzatu naiz eta. Asteburu ona pasa, bai danborreroek bai beste larru batzuk nahiago dituzuenok.
Gora legea! Heil!
(Gaur Berria-n ateratako iritzia, baina hemen zentsura linguistikorik gabe)
Leninek txiste hau kontatzen omen zuen alemanen gainean:
Erabaki dute langile aleman sozialista batzuek protesta antolatzea, behar bezalako greba, manifestazio eta guzti. Hiri inguruko fabriketako beharginek geldiarazi dituzte beren lantegiak, eta, trena hartuta, hiriburura datoz denak, burgesak izutuko dituen agerraldi jendetsua egitera. Geltokiko nasa batean utzi zituen trenak, baina, nasatik irteerara pasatzeko seinalea emango zuen enplegatua falta zenez (hura ere grebalaria nonbait), hantxe gelditu omen ziren sindikalista beldurgarri haiek, geltokitik atera gabe.
Kautskyren alderdi sozialdemokrata txukun eta ordenatu hura iraultza egiteko gauza ote zen zalantza izango zuen Vladimir Ilitxek, noski, baina ez nator hona ezkerreko mugimenduen historia berregitera. Tovaritx zaharraren adarjotze horrekin gogoratu naiz egunotan, Espainian tabakoaren lege berria ezarri denetik, eta horretaz hitz egin nahi nuen.
Berriz ere erretzearen edo ez erretzearen matraka? Ez, ez: zaudete lasai, nahikoa kalaka izaten dugu bestela ere eta. Legeaz jardun nahi nuke: legearen edukiaz ez baizik eta goitik etortzen diren agindu, dekretu, debeku eta bestelako arauei ematen diegun tokiaz eta garrantziaz.
Batzuek esaten dutenari sinestera, munduko bazterrik iraultzaileenean bizi gara. Estatuei aurre egiten diegu, instituzio herrikoi paraleloak sortzen ditugu, auzolanerako eta autojestiorako tradizio sendoak ditugu, nazioarteko kooperazioan puntaren puntan gabiltza, erakunde arrotz eta bidegabeen aurrean insumisioa praktikatzen dugu Ba ote?
Espainiako gorteek joan den urteko abenduaren 26an onartu zuten 28/2005 Legea, tabakismoaren kontrako osasun neurriak ematekoa eta tabakoaren salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzekoa, eta Urteberritik aurrera indarrean da Hego Euskal Herrian. Harrezkeroztik asko hitz egin da lantokian erretzearen debekuaz, tabernetan erretzeko baimenaz edo mugaz, batzuk alde, besteak kontra, estuegia ote den, oraindik murriztaileago jokatu behar ote zuen, tolerantziaren kontra doala, guztien hobe beharrez egiten dela, erretzaileak gutxituko direla, ez direla, batzuen eskubideez, besteen betebeharrez Hau da, etengabeko solasa eta kalapita izan da legearen alde eta kontra, baina badirudi inork ez duela zalantzan jartzen Legeak (letra larriz idatzita) geure bizitza arautzea bera.
Eta horretara nindoan. Ez da bakarrik Espainiak gure gainean duen agintea legitimoa den edo ez den, EKAn (Euskal Komunitate Autonomoan) zein Nafarroan horretarako eskumenik izan beharko genukeen edo ez genukeen (ez al ziren ba osasuna, lan-segurtasuna eta ostalaritza gure erakundeen eskuduntza?). Horretaz ere jardun gintezke, baina beste batentzat utziko dut. Madrilekiko menpekotasunetik haraxeago joanez, beste kontu hau ikusarazi nahi nuke: hain ardi otxanduak ote gara, geure bizitza gobernatzeko eta gizarteko bizikidetza antolatzeko ahala Estatuari emateko itsu-itsu?
Berriro diot azaltzen ari naizen arazoa ez dela erretzen uzten diguten edo ez. Nik neuk ez dut sekula erre, eta aukeran nahiago dut ingurukoek ere erretzen ez badute, baina egia esanda ez naiz gehiegi kezkatu izan horretaz; hala ere, izututa geratu nintzen norbaitek, lege honen harira, zera bota zidanean: Orain lantokian norbait erretzen ikusiz gero salatu egin beharko duzu, ezta?. Ardi otzan ez ezik gainerakoen txakur eta zelatari bihurtu behar ote dugu? Poetak esan zuen bezala, izaitetik hek bezala Ortzi jaunak zaint gaitzala.
Itxura kristau zintzoaren azpian, sakonean herri indibidualista eta kasik akrata bat garela esan izan du hainbat pentsalarik. Ispiluan bere burua berez den baino ederrago ikusten duenaren irudikeriak izango dira horiek denak. Onartzen dut, bai, badela gure artean osagai errebelde bat baina, tamalez, gero eta konbentzituago nago gure auzo estatuak etsaitzat hartzearen poderioz, Estatua bera idolatratzera iritsi garela. Inposaturiko nortasun agiria harrika bota ez baina geuk sortzen dugu beste bat. Beste legeria bat nahi genukeelako Legeari gurtza eta erreberentzia erakusten diogu, eta herri-identitateari zuzenean erasotzen ez badio inork ez du txintik esaten. Non geratu da, ordea, gizartearen burugaintasuna? Ez dakit nazio askerik eraikiko dugun baina jendarte libre eta bere kasakoa moldatzeko ezgauza garela erakutsi dugu behintzat. Ez naiz ni lantuka hasiko baina aitor dezagun paradero triste samarra dela halako askapen eta emantzipazio ametsak izan ondoren.
Leninen iraultzak ez zuen askoz atarramentu hobea izan baina.
Zer da hau?
Aurrena neskari ile guztia moztu zioten. Polita eta luzea zeukan, eta baldar-baldar moztu zioten, zeroan leku batzuetan, xerlo batzuk utzita han-hemen, besteek barre egiten zuten bitartean.
Gero titiak bistan utzi eta esnegaina bota zioten titietan, eta tipo nazkagarri batek miazka jan zion esnegain hura, ingurukoen txalo eta algaren artean.
-Tortura-saio bat, komisarian! -esan nion asmakizuna bota zidan lankideari.
-Hotz, hotz.
Eta jarraitu zuen:
Ondoren, titiak jan zizkion tipoa eta neska, biak biluzik, hulla-hop dantzatzen jarri zituzten, aro baten barruan.
-Film porno bat! Film gore bat! -bota nuen, asmatzeko irrikaz.
-Epelxeago, baina oraindik hotz.
Eta igartzen ez nuela ikusita, begi bistako aztarna:
Eta gero tatuaje handi bat egin behar izan zuen, berak nahi zuen tokian, baina nabarmen jarriz "Basetxea gori-gori", bere logo, kolore eta guzti.
Ez dakit non dauden duintasun ezaren mugak eta nahiago dut ez jakin, baina bide txarretik goaz; edo oso bide onetik, muga horietaraino iristeko.
