Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Spielberg, ekologismoaren bultzagile

xme 2005/11/09 09:04

Aurten betetzen ditu hogeita hamar urte Steven Spielberg-en "Jaws" filmak, Tiburoi mitikoak. Zinemaren historian izan duen garrantziaz mintzatuko dira beste nonbait; nik hemen film horrek ekologismo modernoaren garapenean izandako garrantzia aipatu nahi dut.

"Jaws" film ekologista?, galdetuko du baten batek harrituta. Berez ez, baina segi irakurtzen eta ulertuko duzue nire arrazoibidea. Film horretan niri batez ere lehenengo partea gustatzen zait. Bigarrenean marrazoarekiko borroka erakusten zaigu, hiru gizon urontzian eta eskualoa uretan, nork nor akabatuko, "Moby Dick" berri baten antzera. Lehen parte, osoan, baina, itsasoko piztia ez da inoiz ageri; hark ikusten duena ikusten dugu (kamera subjektiboaren erabilera zoragarriaz), eta haren zauskadaren ondoren ur gainean geratutako puspuiluak, beste aztarnarik ez.

Amity izeneko uhartean gertatzen dira erasoak, turismo-garaia hasteko zorian dago eta herriko alkateak ez du nahi, inondik ere, negozioak erreka jotzea. Zoragarria da alkatearen rola, bigarren mailakoa izan arren benetako funtsa ematen diona pelikulari, jendea lasaitu nahian une oro: marrazoa ez baizik helize bat izango zela gorpu hau txikitu duena esango du aurrena, gero marrajotxu bat harrapatu dutenean munstroa ehizatu dutela, hurrena prest egongo da bera eta bere etxekoak uretan inor baino lehenago sar daitezen, mamuarekiko beldurra uxatzearren.

Eta jakina, ikusleak badaki mamua agertu agertuko dela, eta bere azioak egingo dituela. Eta tragediako pertsonaia abaildua ikusten dugu orduan alkatearengan: ahal zuen guztia egin du berak, bere borondate on guztiarekin, baina alferrik.

Harrez geroztik, osasun publikoari dagokion edozein arazoren aurrean agintariren bat lasaitasun eske mintzatzen denean, ezin burutik kendu "Jaws" hartako alkatea. Zentral nuklearreko arduradun bati aditzen diozu esanez ez dagoela inolako arriskurik eta barrutik pentsatzen duzu: "Zer esango duzu ba zuk?".

Berdin da gainera arrazoia non dagoen: Gipuzkoako erraustegien eta Boroako zentralaren kasuetan nik ez daukat iritzi garbirik, baina instituzioetako karguen hitzak, nahi ezta ere, komenientziazkoak eta gezurtiak begitantzen zaizkit beti, Spielberg-en erruz edo merituz.

Gaur, erdaraz

xme 2005/11/08 08:45

Txoko honetan idazten jartzen da bat eta pentsatzen du, nahiz eta mundu osoko pantailetara zabalik egon, lagunarte txiki batentzat ari dela, nolabaiteko intimitatean. Baina azken aldian Berria-n hasi dira "blogteka" izeneko atal batekin eta, gutxien uste duzunean, zuk internauta euskaldunen komunitaterako idatzitakoa, periodikoan ikusten duzu, inprimaturik. Horrek, noski, halako pox bat ematen dizu, ezin ukatu ohore moduko bat dela, baina urduritu ere bai aldi berean, lagun batentzako gutuna hedabideetan zabal argitaratuko balute bezala.

Gaurkoa ez didate Berria-n sartuko: gaur, gaztelaniaz ez baina gaztelaniaren gainean idatziko dut: filologia hispanikoa ere ikasi nuela gogoratuz-edo, arlo horretako ikerketa txiki bat; mikro-ikerketa, hobeto esanda.

Har dezagun droga legalen kontsumoa: alkohola, kafea, zigarroa... Horiek izendatzeko modu asko dago; besteak beste, baita diminutiboak ere; baina, horra bitxikeria: sustantzia horien txikigarriak erabiltzen ditu, normalki, haietarako izugarrizko joera duenak. "Voy a fumar un cigarrito" esaten duenak, gehienetan, ez du egunean bizpahiru erretzen, mordoa baizik. "¿Un cafelito?" galdetzen dizunak (ze hitz gorrotagarria), seinale ez duela hori eguneko lehen kafea, ezta azkena ere. "Nos tomamos unas cervecitas" kontatzen duenak ezingo luke zenbatu zenbat garagardo edan zuen gau horretan.

Ez dakit zuek ere erreparatu diozuen ohitura honi ala nire irudipen hutsa den. Ez dakit beste hizkuntzetan gertatzen den (euskaraz behintzat ez, kalko hutsez ez bada). Ez dakit droga ilegalekin halakorik esaten den. Ez dakit zergatia zein den ere: beharbada, txikigarriaren bitartez garrantzia kendu nahi zaio, inkontzienteki, menpekotasuna sortzen duen gai horri.

Nolanahi dela, espero dut inoiz ez esatea "voy a escribir unos mensajitos por Internet".

Maitasuna, hitzez ala gorputzez adierazi?

xme 2005/11/07 10:06

Adiskide emakumezko batek aurreko batean kontatu zigun nola, bera joan ohi den taberna batean, zerbitzari gizonezkoak, bueltak ematean, kili-kili egin zion atzamarrekin esku-ahurrean. Hotz geratu nintzen ni, gertaera ulertu gabe, baina lagunak argitu zigun keinu hori, besteren ezkutuan kili-kili txiki bat egitea eskuan, amodiozko proposamena egiteko modu bat zela, garai batean behintzat.

Kode bat da hizkuntza, funtzionatuko badu hartzailearen nahiz emailearen ulerpena eskatzen duena. Ahoz nahiz idatziz erabili ohi dugun mintzaira izango da, seguru asko, inon, inoiz asmatu den eta asmatuko den lengoaiarik konplexu eta perfektuena, eta horretan (perfekzioan zein konplexutasunean) berdinak dira giza hizkuntza natural guztiak, gaurkoak eta orain dela bi mila urtekoak, herrialde garatu nahiz primitiboetakoak.

Giza hizkuntza naturalak baditu bere mugak ordea, eta horren ordezkoak asmatu ohi dira. Batzuetan hitz egiteko eta mezu idatziak bidaltzeko debekuak gertatzen dira, eta hori gainditzeko sortu omen zen Txinako emakumeen artean loreen hizkuntza zeritzana; painueluena ere entzun dut aipatzen, edo Andaluziako neskatxek leiho burdindunen atzetik erabiltzen zuten mezu-trukea. Konturatuko zinetenez, andrazkoak beti, gizonen larderiari ihes egin beharrez, eta maitasun-adierazpenak eskuarki, isiltasun debekuari handik edo hemendik ihes egiteko bideak bilatzen dituena.

Maitasun-adierazpenak giza hizkuntzaz jakinarazten ditugunean, berriz, ahoz ez ezik gorputzez mintzatu ohi gara; hitzak bezain garrantzitsuak izan litezke bozaren dardara, tonua, gorputzaren jarrera, eskuen mugimendua... Eta aurrekoaren erreakzioari erreparatu behar gainera, eta horren arabera erantzun... Gauza gehiegi, beharbada, kontuan hartu beharrekoak.

Horregatik izan liteke ulergarri lengoaia sinple bat hautatzea, eskuen kili-kilia adibidez, zabar samarra izan arren. Eta horregatik gertatzen da, halaber, hizkuntzaz kanpoko faktoreak alde batera utzi nahi izatea, amodio-aitortza bat aurrez aurre egin beharrean idatziz egiten denean adibidez; dela lotsaz, dela koldarkeriaz, dela delikadeziaz.

Nolanahi dela, zenbat korapilo hizkuntzak, eta zenbat bihurgune gizakien bihotzak!

Koldo Zuazo: “Arazoa arauak gizartzeratzeko moduan ikusten dut”

xme 2005/11/04 08:00

“Euskara batua: ezina ekinez egina” liburua plazaratu berri du Koldo Zuazok (Eibar, 1956): hizkuntzaren batasunera iristeko mendeetan izan den bide zaila kontatuz, batetik, baina egungo arazoak eta etorkizuneko ikuspegia ere ahaztu gabe.

Euskara batuaren historia idatzi duzu; oraindik liburu batean dena bilduta ez zegoelako, ala gaurko gazteentzat ezezagunak diren kontuak jakinarazteko?

1988an argitaratu nuen lehenengoz liburu bat gai honekin. Euskararen batasuna izan zen nire doktoretza tesiaren gaia, eta huraxe ekarri nuen plazara. Kontua da oso xehea zela, xeheegia, eta unibertsitate giroko jendeari begira egina. Oraingoa laburragoa eta "goxoagoa" egiten ahalegindu naiz. Horretaz gainera, euskara batua hobeto neurtzeko aukera ere badugu orain, eta baita etorkizunari begira proposamen berriak egiteko ere. Gehienbat, horrexegatik egin dut liburu berri hau.

XVI. mendeko gure lehen idazleengandik abiatzen zara, batasunaren beharra aspalditik sentitu dela erakusteko. Hala ere, zenbateraino ote zen ordukoentzat arazo larria, ala zenbateraino ez ote da gure gaurko ikuspegiaren ondorioa?

Ez, euskararen batasuna orduko idazleendako ere bazen arazoa. Leizarragak, esate baterako, argiro esan zuen euskalkiak zirela bere buruhausterik larrienetakoa, eta XVII. mendeko idazle askoren hitzaurreetan agertzen da kezka bera. Azken batean, mundua mundua denetik dialektoak beti izan dira idazleendako arazoa.

Axularren euskara, adibidez, Euskal Herri osorako eredu batu gisa erabil zitekeela aipatu izan da; zerk huts egin zuen: idazleen borondateak, irakurleen ohiturak, instituzioen faltak (eliza, administrazioa, eskola...)?

Dirudienez, Lapurdiko kostaldearen eta, oro har, Ipar Euskal Herriaren gainbehera izan zen arrazoia. Euskararen beraren prestigioa ere behera etorri zela ematen du. XVIII. mendeaz gero ez zen izan aurreko garaiko idazlerik eta idazlanik. XVIII. mendearen erditik aurrera, gainera, Gipuzkoak hartu zuen euskara kontuetan nagusitasuna, eta gipuzkoarrei urrunegi gelditzen zitzaien XVII. mendeko euskara lapurtarra. Ez dakit nire ikuspegia zuzena ote den, baina horixe da, behinik behin, ikusten dudan azalpena.

Larramendik gipuzkera finkatzen lagundu zuen XVIII. mendean; Mogel eta Añibarrok bizkaiera XIX.ean (ñabardura eta desberdintasunekin). Ze neurritan izan ziren sakabanatzaileak, eta ze neurritan batasunaren bideratzaile, aurrez zeukaten anabasa eta ezereza kontuan hartuz?

Arrazoia duzu, alde batetik batasunaren bideratzaile izan ziren eta, aldi berean, sakabanatzaile. Euren euskalkia batzea batasunerako urratsa izan zen; aurretik zegoen anabasa asko konpondu zen. Baina, zalantzarik gabe, urrats handiagoa egingo zen euskaldunen buruan herriaren eta hizkuntzaren ikuspegi osoa txertatzen ahalegindu balira. Azken batean, horixe da euskararen batasuna hain berandu iritsi izanaren arrazoietako bat: gutariko bakoitzak geure herrialdea eta geure euskalkia izan dugula ikusmiran, eta ez Euskal Herria eta euskara bere osotasunean.

Harrigarria, hain gauza zuzena eta orekatua egin izana

XX. mendean sartuz, batasun-premia larriago sentitzen da; Euskaltzaindia ere helburu horrekin sortu zen, baina luzaroan ez dago ia aurrerapausorik. Zein dira erantzule nagusiak?

Hasteko, oso kontuan eduki behar da Sabino Arana euskara batuaren aurkakoa izan zela, eta hark esandakoari jarraitzen zioten alderdikide gehienek. Batasuna beharrezkotzat jotzen zutenen artean, berriz, bide eta proposamen gehiegi zegoen. Dena dela, horiek biok azaleko arrazoiak ziren. Sakonean baziren beste batzuk. Batetik, eroso bizi zirela erdarekin eta, bestetik, lehen esan dudana: euskaldun gehienen buruan herriaren eta hizkuntzaren osotasuna ez zegoela behar bezain argi sartuta.

Gaurko talaiatik, onartu zen batasunaren ereduak logikoa eta ezinbestekoa ematen du, baina eztabaida handiak piztu zituen. Ereduak berak zuen errua, ala zenbaiten buruak, ala...?

Eredua zuzena zen eta zuzena da. Niri neuri harrigarri egiten zait noiz eta 1960ko hamarkadan, Francoren diktadurapean bete-betean geundela, hain gauza zuzena eta orekatua egin izana. Duda egiten dut, gaur egun bertan ere, Unibertsitateetan filologia sailak ditugunean eta hainbeste jende prestatu daukagunean, hain eredu egokirik egiteko gauza izango ote ginatekeenik. Egiari zor, H letra sartzeak eta bustidurak kentzeak begiak mindu egin zizkien askori, eta ulertzekoa da horrek zalapartak sortzea, baina ez zen hori sakoneko arrazoia. 1960ko hamarkada hartan erabateko iraultza gertatu zen gizartean: erakunde politiko berriak sortu ziren, sindikatu berriak... Gizarte nekazari batetik gizarte hiritar eta industrial baterako jauzia egin zen eta, jakina, horrek haustura asko sortu zituen. Hizkuntza ere, azken batean, haustura horien lekuko gertatu zen.

Orain esanda erraza da baina, zer uste duzu egin zitekeela hobeto bere garaian?

Esango nuke batua oker aurkeztu zitzaiola gizarteari. Ematen zuen batua eta herri hizkerak bata bestearen etsai zirela, eta bata nagusitzeko besteak baztertu egin behar zirela. Bestalde, euskara batua euskara "ona" balitz bezala aurkeztu zen, eta hori ez da zuzena. Herri hizkerak nahiz batua biak dira onak. Kontua da bakoitzari bere esparrua dagokiola. Eginkizun batzuetarako herri hizkerak dira onak eta, besteetarako, batua. Hori ez zen ondo azaldu, eta gaur egun ere asko dira horretaz jabetzen ez direnak. Adibide bat aipatzeko, denbora asko ez dela, euskaltzain batek zioen euskalkian mintzo zirenak euskaldun "asilbestratuak" zirela. Eta ozen zioen, deitura jenialen bat aurkitu izan balu bezala. Hizkuntzaren ikuspegitik begiratuta, sekulako astakeria da, eta euskaltzain batek esateko, onartezina.

Euskaltzaindiak arreta gutxiegi besteei

Batasuna itxi gabeko prozesua da: zure ustez, indartu egin beharko litzateke araugintza, ala ez da komeni erabateko estandarizaziora jotzea?

Hara, hizkuntza araututa egotea ona da. Ona da denok jakitea nondik nora ibili behar dugun. Baina behin hori esanda, arazoa arauak gizartzeratzeko moduan ikusten dut. Ez dut uste gauzak egun batetik bestera egin behar direnik, eta ezta lehen epean gizarte osora zabaldu behar direnik ere. Hizkuntza lan tresna dutenek ezagutu eta bete beharko dituzte lehenik, eta ez euskara ikasten ari direnek edo euskaldun arruntek. Zure galderaren bigarren zatia ere oso aintzakotzat hartu beharrekoa da: arauak ematea ondo dago, baina euskara batua hizkuntzaren zati bat besterik ez da, hizkuntzaren hizkera bat, eta hizkera hori arautzeak ez du esan nahi hizkuntza osoa estu eta zehatz arautu behar denik. Hiztunari arauak saihesteko eta hizkuntza askatasunean erabiltzeko aukera eman behar zaio, muga estuegiak jarri gabe. Euskaldunak euskararekin eroso eta gustura egotea da helburua, arauen zamak ez dezala euskaratik ihes egiterik ekarri. Eta egia esan, bada arrisku hori.

Ardurak oro Euskaltzaindiaren bizkar uzteko joera dugu. Zer egin lezake Euskaltzaindiak gaur egiten ez duena, eta zer egin behar genuke / lukete beste askok, Euskaltzaindiaren zain egon gabe?

Ez dakit geuk uzten ditugun ardurak Euskaltzaindiaren bizkarrean ala Euskaltzaindiak berak behartzen gaituen horretara. Iruditzen zait Euskaltzaindiak gutxiegi kontatzen duela beste esparru batzuetako lagunekin: gutxiegi Unibertsitatearekin, gutxiegi idazleekin, gutxiegi Berria egunkariarekin, gutxiegi irrati eta telebistekin, gutxiegi argitaletxe eta hizkuntzarekin lanean diharduten beste talde batzuekin, eta gutxiegi, edo batere ez, euskara suspertu nahian dabiltzan elkarteekin. Euskaltzaindiaren pisua, berriz, gehiegizkoa iruditzen zait. Zalantzarik gabe, Euskal Herriak bizi duen egoeragatik da hori, baina herri normaletan akademien eragina hutsaren hurrengoa izan ohi da, eta herri gehienetan egon ere ez dago akademiarik. Guk ere, beraz, normaltasunera iritsi nahi badugu, geure erantzukizuna hartu beharko dugu, eta geure ahalegina egin euskara indartu eta egokitu dadin.

Etorkizunean batuak eta euskalkiek segituko dutela iruditzen zaizu?

Euskarak bizirik dirauen bitartean izango da nola edo halako batua eta nola edo halako euskalkiak. Berezko dituzte hizkuntzek.

Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

xme 2005/11/03 09:50

Duela 20-25 urte izan zen eztabaida: 80a baino lehen, inori ez zitzaion bururatzen soldaduzka EZ egitea posible zenik. Kontzientzi Eragozpenaren Mugimendua hasi zen lan horretan gure artean, objetoreak (insumisioarena geroago etorriko zen). Eta lelo erraz bezain sendo bat asmatu zuten: "Soldaduskarik ez" (z ala s, beste eztabaida luze bat: soldadutza hitza izan zen nolabaiteko irtenbidea).

Aldi berean, Jarraikoek ezin zuten begi onez ikusi bakezaletasun usain gehiegizkoa zeukan saltsa hura. Eta gainera ETA militarrarekin txoratuta zeuden, gerra irabaztea posible ikusten zuten batzuek. Lagun arteko eslogana "la mili con los milis" zen, baina kanpora begira beste bat erakutsi zuten: "Soldaduska honi ez".

Gauzen martxak erakutsi zuen Jarraikoen diskurtsoa lekuz kanpo zegoela, edo ez zeukala gazteen artean arrakasta lortzeko gutxieneko aukerarik. 85erako nahiko garbi ikusten zen hori. Garaitsu hartan onartu zuen PSOEko gobernuak objezioaren legea, ordura arteko eragozleak amnistiatzen zituena (tartean ni, iufi!) eta handik aurrerakoei ordezko zerbitzu soziala ezartzen. Orduan planteatu zen insumisioaren borroka, eta orduantxe aldatu zuten beren estrategia ezker abertzaleko gazteek.

Kontu zahar horiez gogoratu nintzen bart gauean, afaldu ondoren telebistaren aurrean eseri eta Kataluniako estatutu proposamenaren inguruko eztabaidaren hondarrak ikusten ari nintzela. Josep Lluis Carod Rovirari entzun nion esaten bazela Espainia itxi, inperial, harro bat, zeinarekin ezinezkoa den konpontzea, eta badela beste Espainia bat, irekia, elkarrizketazalea, dibertsitatea onartzen duena, eta horrekin badagoela hitz egiterik eta batera lan egiterik.

Banaketa hori PP-PSOE lerroarekin bateratzea zein faltsua den badaki nik bezain ongi Carod Rovira jaunak, baina une horretan halaxe formulatzea komeni zitzaion, beren apustu taktikoak aurrera egin zezan. Taktikak taktika, eztabaida sakon eta guztiz interesgarria dago hor abertzaleentzat: Espainiarik ez, ala Espainia honi ez? Aznarren garaian estrategia biak batera joan zitezkeen, aurpegirik beltzena erakusten baitzuen Espainia horrek. Beste zerbaiten zantzuak ageri direnean, berriz, posibilismoa, pragmatismoa, errealismoa indarra hartuz doaz.

Soldadutzaren kontrako borrokan ez bezala, kasu honetan zailagoa dela ematen du Espainiatik guztiz alde egitea Espainia bestelakoa imajinatzea baino. Ikusi egin beharko, zenbateraino urardotzen dieten proiektua, eta zenbateraino katalandu litezkeen euskal sozialistak.

Batzuetan txorakeriak lekurik ez

xme 2005/11/02 09:58

Aurreko batean Jozulin delako baten blogean Arestiren poema bat gogorarazten ziguten, Bilboko kale bati bere izena ematerik nahi ez zuela zioen hura, azaroaren 1arekin bat zetorren aliterazio eder baten harira: "Done santuru oro lore koroa batekin"...

Aliterazioez pentsatzen hasi nintzen, baina ez baliabide poetikoa den aldetik, literaturatik kanpo ere ale politak aurkitzen baitira. Klasikoa da "I like Ike" publizitateko eslogan amerikarra; beste produktu baten propaganda aliterazioaren adibide perfektutzat zeukan nire lankide obsexu batek; "Vanessa Visa sí".

Horrelako txorakeriak nerabiltzan buruan; horiekin artikulutxo bat osatuko nuen edo ez zalantzan. Eta bat-batean Kotto Altzugurenen heriotzaren berria, telebista batzuetan Javi Clemente eta beste batzuetan Leonor Borboikoa beste hizpiderik ez zutela.

Batzuetan txorakeriak ez du lekurik. Baina hitz egokirik ez ahora. Gogora etorri zait Mikel Lopetegi, Tolosaldeko preso politikoa (Belauntza, Leaburu, Gaztelu...?), orain dela 18 bat urte urkaturik agertu zena. Lehenengoa izan zen, eta halako zarrasta bat egin zidala oroitzen naiz. Geroztik gehiago izan dira, zoritxarrrez, eta halako ikaraldirik ez dagoeneko. Denera ohitzen baita pertsona, baina gauza batzuekin ez ohitzea hobe. Ohitu beharrik ez izatea hobe, hobeto esanda.

Mikel Lopetegi izango zuen seguru asko buruan Koldo Izagirrek, 1989an kaleratutako "Balizko erroten erresuma" poema-bildumako olerki izugarri hau idatzi zuenean:

"Punching-ball bat izana zen baina / Orain ez da zaku bat zeldaren pareta / Zuri erahileak duintasunez lehertzen dituen / Lanpararik argitsuena sapaitik zintzilikatua // Punching-ball bat izana zen baina / Orain ez du oihurik egiten ahal / Esku guantedunak ezin eragin diezaioke minik / Urkabetik delikateziaz jaisten du orain / Esku guantedunak // Haizeak laztantzen ez duen minik / Gabeko kanpai-mihina da orain 3x2ko bihotzean / Eta bere mutuak iratzarri / Egiten gaitu taupaka heldu den hotsean // Bere burua urkatu du / Baina ez du bere burua ukatu // Hilik nahi ez genuelakoz da hil // Gorroto zehatzez bete guante / 3x2ko bihotzak"

Hiri barnean, hiri bazterrean

xme 2005/10/28 09:59

"La ville est tranquile" zuen izena Robert Guédiguian marseillarraren film eder batek. Trankila iruditu izan zait niri Iruñea ere, Europako eskuin muturreko sekta indartsuena eta jairik basatienak dituen hiria. Hala ere, oraingo Iruñean gauzak aldatzen ari direla ematen du.

Egunotan pare bat aldiz izan naiz bertan, aurkezpen, mahai-inguru, hitzaldi eta horrelako kultur saltsetara joanda. Erdi Aroan Nabarreria izenekoa zen baskoien auzoa, eta orain ere inguru horretan ibili naiz, euskaldunoi uzten dizkiguten ghetto-etan: Zabaldi, Zaldiko eta abar. Gustura hala ere, eta konpainia onean.

Aldaketak aipatu nahi nituen ordea. Leizarragak Euskaldunen Hiri Buruzagia deitu zuen hura Barcinopolis bataiatu du Zaldi Eroak, ez alferrik: hirigunean, adibidez, aste honetan bertan zabaldu da El Corte Inglés, arau urbanistiko guztiak hankapetik pasatuz, dendari txikien haserrea piztuz eta ezinezkoa zirudien miraria lortuz: Baluarte baino eraikin are itsusiagoa egitea.

Horretan Hegoaldeko gainerako hiriburuekin berdintzera jo dutela esan liteke: Corte Inglesak badira Gasteiz eta Bilbon, Fnac-Zara erraldoia Donostian. Merkataritzaren lege berriak, Yolandaren eskutik etorriak. Aldirietan berezitasun bat deskubritu nuen ordea, euskal hiriburuetan ikusi gabe nengoena, eta Iruñeari buruzko inongo gida ofizial nahiz panfleto alternatibotan aipatzen ez dena:

Afaldu eta gero etxerako bidea hartu eta, hiriaren ipar-mendebaldeko urbanizazio berri batean, Berriozarrekiko mugan ia, neska beltxaranak kamino bazterrean, autoei gelditzeko keinuak eginez. Merkataritzako tratu zaharrenetako bat eskainiz.

Atxurra

xme 2005/10/27 08:42

(Gaurko Berrian plazaratua)

Atxurraz hitz egingo dizuet gaur. Ez baratzea lantzeko tresnaz, ez. Parrandan ibilita harrapatzen den horretaz ere ez. Atxurra esaten dudanean, gizonezkoek bizarra mozteko erabiltzen dugun trepeta hau esan nahi dut. Ikusten? Hona hemen atxurra. Gauza txikia, sinplea, funtzionala Eta hala ere, zenbat teknologia dagoen atxurraren atzean! Teknologia bakarrik ez: zenbat filosofia dagoen atxur soil baten atzean! Harritu egiten al zarete? Gure bizitza modernoa esplikatzen digu atxurrak. Bera da, gizartearen aurrerapenaren metafora perfektua. Oraintxe ikusiko duzue.

Garai batean bizarra nola mozten zuten ez dakit nik. Ezpatarekin igual. Labanarekin gero. Baina gure sasoian bizar xaflak asmatu ziren. Filomatic. Zenbait aldiz erabili, eta gero botatzeko. Konsumismoaren sinboloa. Baina xafla bakarrik botatzen zen, ez atxur osoa. Atxurra gorde egiten zen, beste xafla bat sartzeko.

Gizakiak etengabe asmatzen ditu gauzak ordea. Halako batean, xafla eta atxurra dena bat eginda saldu ziguten: plastikozkoa, diseinuzkoa eta merkea. Bolada batean erabili eta gero lasai botatzekoa. Bic boligrafoaren antzera. Horiekin trebatu nintzen ni lau bixar ateratzen hasi zitzaizkidanean, eta ez zitzaidan bururatzen hoberik behar nuenik.

Hobeak ikustekoak ginen hala ere. Bai horixe! Doble hobeak: xafla baten partez bi: "la primera hoja corta, la segunda apura". Buruan geratu zait publizitatea, pentsa zenbat aldiz entzunarazi ziguten. Nik betiko xafla bakarrekoarekin segitzeko asmoa neukan, halakoxe egoskorrak gara-eta. Baina ezin: dendetatik desagertuz joan zen, eta, handik pixka batera, bi xaflakoak erostea beste erremediorik ez nuen izan, bizarra luzatzen utzi nahi ez banuen.

Ez dakit zein den aldaketaren arrazoia, baina pentsatzekoa da, bi xafla jarrita, bi aldiz metal gehiago gastatzen dela, eta, beraz, handiagoa dela negozioa eta diru-mugimendua. Atxurra bezalako gauza xinple batekin.

Eskema horrekin, erraza zen asmatzen zer etorriko zen gero: hiru xaflako atxurra! Propagandarako, ez ziren nekatu lelo borobil bat asmatzen. Oraingoan, David Beckham jarri ziguten aurrean, esanez bezala: Moztu honekin bizarra, eta izan zaitez metrosexuala!

Bikoarekin segitzen dut nik oraindik, baina susmoa dut gutxirako izango dela. Izan ere, orain dela gutxi lau xaflakoak ikusi ditut iragartzen: LAU.

Barre egiten duzue batzuek, eta hala ematen du, bai. Baina ez da horren barregarria, konturatzen bagara sistema desarrollista berdin-berdina daukagula gure herri honetan: autobideak egiteko, superportuak eraikitzeko, Abiadura Handiko Trena ahal den lekutik sartzeko Gero eta azkarrago, gero eta handiago, eta eta zabalago

Total, bizarrak lehengo martxan segitzen du ateratzen. Eta, pentsatzen jarrita, ez al dit ondo ematen bizar pixka batek? Ez?

Txillardegi: "ETAkoak asto hutsak direlako klixe hori salatu nahi izan dut"

xme 2005/10/26 11:04

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Donostia, 1929) literaturara itzuli da Labartzari agur eleberriarekin. Beregana jo dugu beraz, “huntaz eta hartaz” galdezka.

Zure biografia aberatsean alderdi ugari landu dituzu, sarritan kontrajarriak diruditenak: ekintzaile eta pentsalaria, zeintziak eta letrak, pianoa eta ingeniaritza, eleberria eta hizkuntzalaritza... Jakin-min unibertsal batek eraginda, ala alor bakarrean aspertu egingo zinatekeelako ala...?

Aspertze konturik ez dago. Errealitatearen alor askok eta askok berebiziko erakarmena dute; egiaren gose bizi garenontzat bederen. Baina, hain zuzen, errealitatea garrantzitsuagoa da fikzioa baino. Eta honek markatu nau, uste dut; eta markatzen. Zientzia gorago ikusten dut Literatura baino; batez ere Literatura-mota iheslari xeru batzuk baino.

"Peru Leartzako"tik aurrera, hamar urtean behin egina zenuen nobela bana. Orain, berriz, epeak estutu egin dituzu. Asti gehiagorekin zabiltzalako, ala zer esana sentitzen zenuelako?

Ez nintzen konturatu ere egin! Baliteke. Irakasle izan direnek ongi dakite kurtso bat eman beharrak nolako loturak dakartzan. Are mentalak ere.

Labartzari agur duzu orain arteko azkena, kartzelan urte franko emandako gizonaren itzulera. Zu ez zara espetxean luzaroan egon baina, zein neurritan da Antton Ihartzegarai, iritzi eta zaletasunetan, zure buruaren isla?

Luzaroan ez baina hiru aldiz bai: 1950ean Martutene estreinatu berrian sartu ninduten hilabetez, 1960 berriro hiru hilabetez, eta 1980an Telesforo, Castells eta HBko beste hainbat Langraizen eduki gintuzten pare bat astez. Ez dira neuk ezagutu ditudan euskal preso askoren egonaldi luzeak, ezta hurrik eman ere, baina ezagutu, ezagutu dut espetxea, eta Ihartzegarairen gorabeherak sumatzea ez zait, horrenbestez, guztiz zail gertatu. Protagonistarekiko identifikazioari dagokionez, gauza bat azpimarratu nahi nuke, eta ez da lehenengo aldia: Ekin Bilboko Ingeniari Eskolan eta Deustuan sortu zen, eta ekintza-gizon intelektual franko egon da hor. Bat-batean bururatzen zaizkidan batzuk: Mikel Albisu, Txelis Alvarez Santacristina, Sarrionandi. Hitz batez: klixe hori (ETAkoa = asto hutsa) faltsua da eta salatu egin nahi dut.

Eleberriak gai eta giro anitz azaltzen du. Banaka aipatuko dizkizut batzuk, nahi baduzu iruzkin bat egin dezazun. Hasteko, badira maitasun-istorioak, ez inola ere idealizatuak baina bai goxoak.

Azaldutako kontuak klasikoak dira amodioetan. Hautatutako gertalekuak, bestalde, ongi ezagutzen ditudan lekuak dira: Baiona, Arcachon... Baina autobiografian bilatzea, alferrik, alfer-lana. Asmamen azkarrekoa ez izanik ere, tira...

Mugimendua eta ekintza ere sartu duzu, hitzaren adiera guztietan, Exkixu-ren antzera...

Hori ere erraza gure herrian, giro abertzalean mugitzen garenontzat behintzat. Seguru asko bere zapatillak behin ere kendu ez dituenarentzat, oso zailak. Baina borroka abertzalearen ondorioak oso hurbildik ezagutu ditugunoi, “eguneroko ogia” zaigu ia-ia.

Giza patuaren aldaezintasuna

Alderdi fisolofiko bat ere badu, bizitzaren aurreko jarrera... ez dakit nola definitu: etsia? ezkorra?

Existentzialismoa moda gisa joana da aspaldi. Baina giza patua ez da aldatu. Eta etsipen hori sentitzea normala da. Eta ETAko batek areago. Harrigarria da: Unamunoren kezka metafisiko nagusia (ikus El sentimiento trágico de la vida) ez da batere berria. Neanderthalgo gizonak ere bazeukan; eta zer esanik ez Cro-Magnon-darrok betidanik. Eta zer nabarmenagorik antzinako egiptoarren baltsamaketa teknikak berak baino?

Eztabaida politiko apur bat ere ageri da: zure egungo ikuspegi kritikoaren ildotik edo...

Filosofiatan ez sartzen saiatu naiz. Baina denok gara filosofo, hein batean behintzat.

Idazkera nabarmentzekoa da: esaldi laburrak, paragrafoak ere bai. Arintasun hori zer da: azkar eta aise irakur dadin, aukera estilistiko bat, protagonistaren barren urduriarekin ondoen ezkontzen den ezaugarria...?

Ez dut berariaz egin. Horrela bada, konturatu gabe gertatu da.

Bestalde, deigarria da pertsonaietako batzuek beren artean bizkaieraz egitea, ahozko jardunera hurbiltzen den idazkeran emana gainera...

Nobela, batuaz idatzia da, noski. Baina Labartza hori (mapan ez dagoena) Bizkaiko itsasertzean dagoenez, gisa da Ihartzegaraitarrek eta Labartzarrek bizkaieraz egitea. Bizkaieraz idatzi nituen elkarrizketa horiek. Baina Iñaki Gaminde eta Markos Zapiainen zuzenketak eta aldaketak ontzat eman ditut. Ez zen besterik falta!

Amaitzeko, saio-sorta batekin ere ari zinen, zientziaz, erlijioaz eta abar. Aurki amaitzekotan, ala itxaron egin beharko dugu oraindik?

Bidean dator, bai. Baina itxaron egin beharko da oraingoz! Sei saiakera izango dira: biga Astronomiaz eta Kosmologiaz, beste bat Erlatibitateaz (aurten izan baita Einsteinen “urte miresgarria”ren mendeurrena ), beste bat Eboluzioaz eta antrpoideez, bosgarrena Erlijioaz eta Antropozentrismoaz, eta seigarrena eta azkena Sartreri buruz, filosofo famatua 1905an jaio baitzen.

The times they are a-changin'

xme 2005/10/25 08:57

Fournier-en naipeen ondoren arrakasta handiena lortu zuten kartak izango ziren familien sorta hartakoak, gogoaren txokoren batean gordeta izango duzue zuek ere, seguru: aitona eskimala, amona bantua, aita indioa, ama txinatarra, alaba arabiarra, seme tirolesa... Irudi ederren bitartez munduaren aniztasunaren berri erakusten ziguten, batetik, eta itxuren ugaritasun horren azpiko batasuna ere bai: denetan ziren antzekoak familiak, haien arteko maitasun-lokarriak.

Egunotan familien karta-sorta berria kaleratu da Euskal Herrian, Pirritx eta Porrotx pailazoen etiketaz. Sei familia ageri dira hemen ere, askotarikoak hauek ere, baina batzuen eta besteen aldea ez da geografikoa, ez da azalaren kolorea soilik. Familia-eredu berriak, eredu desberdinak nahi dira plazaratu; edo, hobeto esanda, dagoeneko egon badauden familia-modu diferente horiek begien bistan erakutsi, karta-jokoaren bitartez.

Guraso homosexualak dituen umearen familia da bat, adibidez; urrundik adoptatutako haurra dutenak beste bat; egiazko gurasoak arduratu ezin diren bitartean harrerako aita-amak dituen umearena beste kasu bat; edo gurasoak dibortziatu eta gero aitak eta amak adiskide berriak dituztenekoa; edo arraza eta kultura bitako aita-amak dituen haurrarena. Eta abar.

Anormaltasunaren barruan sartuko lituzkete askok horrelako kasuak. Zer da anormaltasuna baina? Gehiengo estatistikoarekin bat ez etortzea? Jazza gustatzen zaienak ere anormalak dira hortaz. Edo euskarazko literatura irakurtzen dugunak.

Ez dut ezkutatuko irriño bat sortzen zaidala, jendea joko horretan imajinatzean: "Ea, ama lesbiana bat daukat, beraz honi eskatuko diot... beste ama lesbiana". Edo: "Aitaren andregaia ala amaren senargaia izango du horrek?".

Irriñoak irriño, errealitate bat dira horrelako familiak; gero eta "normalagoak" izango dira gainera, eta espero dezagun, hortaz, gero eta onartuagoak izatea. Aniztasunaren azpian dagoen batasuna adierazten baitu publizitaterako asmatu duten leloak: "Elkar maite dute, familiak osatzen dituzte". Egia sinple bezain eztabaidaezina.

Familiatik kanpoko bizitza-ereduak hasi beharko dugu orain bindikatzen eta praktikan jartzen...

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.