Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2005 Abendua 20 Jatorria dela-eta
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Jatorria dela-eta

Garai honetan irakurri gabeko liburuak pilatzen zaizkit ohe ondoan. Aurten, kasualitatea, bi, izenburu bera dutenak: "Orígenes". Titulu bera, baina eduki guztiz diferentea.

Bata Xabier Peñalver arkeologoak idatzi duena, Euskal Herriaren historiaurreaz, ia bostehun orritan, eta Txalapartak argitaratu berri duena. Peñalver Aranzadi zientzia-elkartean aritu da urtetan, mila indusketatan zaildua da, eta ikerketa guztiz interesgarriak kaleratu ditu, antzinako ehorzketa-moduez eta abar.

Peñalverrekin izan dudan topaketa bakarra ez daukat ahazteko, berak erakutsi baitzigun, taldetxo bati, Ekaingo kobazuloa: hago zaldia, hartza eta bere kumea... Gogoan daukat leizean sartu aurretik emandako azalpen eta oharretan bota zigun mehatxua: inork estropezu egiten bazuen, jo zezala lurra muturrez aurrera, baina inola ere ez zezala paretarik ukitu bere eskuekin. Espeziearen bizi-senaren kontrakoa da agindu hori, noski, baina hori aditu eta gero kontu gehiago izango genuen ezer ez ukitzeko.

Egia aitortuko dut: liburua irakurtzeko baino gogo handiagoa neukan argitaletxearen oparia eskuratzeko: Praile Haitz leizean berriki aurkitu duten eskulturatxoaren kopia eskalazko bat, orain dela 15.000 urte emakume itxuraz harri beltzean egina, soka eta guzti lepotik zintzilik erabiltzekoa. Halaxe erabili dut aste pare batean, baina aurreko batean, igerilekuan-edo, galdu egin zitzaidan. Liburua irakurri beharko dut orain...

"Orígenes" izeneko bigarrena Amin Maalouf idazlearena da. Aspaldian Frantzian bizi eta frantsesez idazten duen sortzaile libanoar honek milioika irakurle xarmatu eta xaramelatu ditu bere eleberri historikoekin: "Leon afrikarra", "Samarkanda", "Taniosko haitza"... Hizkuntzaren erabilera egokia, tramaren eraikuntza zaindua, gogoetagai mamitsuen planteamendua eta beste dohain batzuk aipa daitezke, baina nik azpimarratuko nuke, goxotasunari uko egin gabe, irakurlea ez duela ergeltzat hartzen eta literaturaren duintasunari ez diola uko egiten (nobela historikoa lantzen duten askok eta askok esan ezin dutena).

Maalouf-en ezaugarri nagusia, baina, ekialdearen eta mendebaldearen arteko elkarrizketa lantzea da, bera ere zibilizazio bien harremanaren emaitza den aldetik. Obra honetan, berriz, fikzioa alde batera utzi eta bere familiaren erroetan murgildu da; Libano, Kuba, Frantzia... Ezin dizuet gauza handirik aurreratu, oraintxe hasi naizelako irakurtzen. Ea Gabonetako oporretan...

Xabier Mendiguren 2005/12/20
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema