Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2005 Azaroa 30 Nolakoa da jende solidarioa?
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Nolakoa da jende solidarioa?

Santutxuko Gaztetxea itxi zutela-eta, horren kontrako protesta eta ekintzen artean liburu bat egitea bururatu zitzaien bertako gazte-asanbladakoei, eta Josu Martinezek deitu zidan kolaborazioa eskatzeko. Oraintsu atera du liburua Elea argitaletxeak, "Ametsen baratza" du izena eta berrogeitaka idazle eta artistak hartu dute parte. Orain ez daukat esku artean, nire ale bakarra neska bizkor baten poltsan geratu baitzen (ba ote da leku hoberik?). Besteenak irakurri bitartean, hona nire ekarpena; enkarguzko lan gehienen antzera ez da egundokoa, baina irribarre bat behinik aterako ahal dizue.

Nolakoa da jende solidarioa?

Gogaikarria da jende solidarioa
inork deitu gabe bazterrak nahasten hasten denean
mundua konpondu nahian.

Maitagarria da jende solidarioa
zanpatuta dagoenari altxatzen laguntzen dionean
trukean inongo fedetara apuntatzeko eskatu barik.

Nazkagarria da jende solidarioa
egiten duen mesede bakoitzaren kontaduria daramanean
egunen batean Historiaren altxorretik kobratzeko asmoz edo.

Zoragarria da jende solidarioa
bizipozaren txinpartak kutsatzen dizkionean
zapaldurik edo sufritzen ari denari.

Tristea da jende solidarioa
elkartasuna betebehar bihurtzen duenean
eta bera bihotz onaren edo iraultzaren funtzionario.

Barregarria da jende solidarioa
sekula gaztetxe batera sartu barik haren defentsan hasten denean
ni neu orain ari naizen bezala.

Xabier Mendiguren 2005/11/30

Re: Nolakoa da jende solidarioa?

neska bizkor bat — 2005/11/30 10:30

Uste nuen solidarioki oparitzen zenidala liburua. baina ikusten da haren esperoan zaudela oraindik.


Bueltatuko dizut laster batean.


By the way...
Azkeneko orrialdean e-mail helbide bat dago. Agian beharrezkoa zaizu.


Musu bat, kanape-jale konpultsibo hori.



Re: Nolakoa da jende solidarioa?

matxalde — 2005/11/30 20:59

Poltsan geratu? Poltsan utzi? Ni ez naiz inor etxe honetan sartzeko, baina emaidazue kanape bat (utzi al du ba bateren bat?) eta asetuko naiz.
A! Liburua irakurriko dugu, orriz orri, ...eta eutsi horri!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema