Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2005 Azaroa 24 Prentsa abertzalearen herrenak
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Prentsa abertzalearen herrenak

"Euskadik abertzale ematen du botoa, baina prentsa espainola erosten du; etorkizunean, prentsa espainola erosten segituko du, eta botoa ere espainola emango du".

Goiko esaldi hori Vocento taldeko arduradunetako batek esan omen zion, orain dela urte dexente, Joseba Egibarri, elkarrizketa erdipubliko batean. Iragarpena osorik bete denik ezin esan, botoari dagokionez, baina prentsaren joerak halaxe jarraitzen du, dudarik gabe.

Orain dela 28 urte Deia eta Egin plazaratu zirenean, apostu eta lehia gogorrak sortu ziren: bat, prentsa abertzale eta espainolistaren artekoa, azken honek irabazi zuena, traineru askoren aldeaz gainera; bestea, egunkari abertzale bien artean, instituzionalista eta hausturazaleen artean bestela esanda, eta prentsari dagokionez enpate amaitu zutela esan liteke; eta hirugarren bat, normalean aipatzen ez dena, elebidun izango omen zen prentsa abertzalearen eta euskal prentsaren artekoa, euskal prentsa guztiz zokoratua utzi zuena (azken auzi honen xehetasunetarako, ikus, adibidez, Aitor Zuberogoitiaren "Bidegorriak hizkuntzentzat" liburua).

El Correo, El Diario Vasco, Diario de Navarra-ri tokia kentzeko saiakera ugari izan da urte hauetan, baina ustel atera dira orain artean, beren nagusitasun osoari eusten baitiote egunkari horiek. Ahalegin berri bat ikusi dugu gaur: Noticias de Gipuzkoa egunkari jaio berria, Juanito Zelaiaren kapitalaz Iruñean sorturiko Diario de Noticias-en umea (lehenago Arabara ere zabaldu zutena). Publizitate-kanpaina gogorra egin dute (Donostian batik bat, probintzian ez da ia sumatu ere egin): "Gela itxi usaina dago Gipuzkoan. Haize freskoa ekartzera gatoz", zioten afixetan. Diario Vascokoak ere ez dira lo egon, eta publizitate-kanpaina erakargarria egin dute, beren gipuzkoartasuna azpimarratuz.

Geroak zer ekarriko duen? Ezin jakin. Gipuzkoarren soziologiaren eta Vocento taldearen ideologiaren artean dagoen ustezko arrakala aprobetxatu nahiko lukete egunkari berrikoek, DVri erosleak kentzeko, baina ez daukate erraza, arlo honetan tradizioak duen indarra ezagututa. Lehen alea ikusmiratzen aritu naiz eta produktu txukuna iruditu zait. Hala ere, euskarari eskaintzen dioten lekua, hutsaren hurrengoa eta iraingarria da. Ikusiko dugu, aurrerantzean nondik nora jotzen duen.

Xabier Mendiguren 2005/11/24

Re: Prentsa abertzalearen herrenak

ptx — 2005/11/24 11:46

Baina Xabier.
Abertzaleei, euskaltzaleei, botere ekonomiko askorik ez, eta egunkariak itxi ere egiten dizkiete. Ez dira oso urruti egongo handi hoien bulego, aholkulari eta ekonomilari-abokatuak, eta itxierak agintzen dituztenen bulego, aholkulari eta txakurrak.


Kontua da, abertzaleak egunkari bat egiten duenerako, besteek, bosgarrena edo seigarrena maketatzen ari direla.


Asko, asko kostatzen da egunkari bat egitea. Eta zeinen errez itxi dizkiguten azken hamarkadetan bi guri... oso oso hurbilekoak.


Eta gero berba egingo dugu prentsa abertzalearen mugetaz, herrenetaz eta ....



Re: Prentsa abertzalearen herrenak

Xabito — 2005/11/24 12:43

Dena dela, azalpenak azalpen, niri harrigarria egiten zait oraindik Gipuzkoan gertatzen dena DV-rekin (eta neurri txikiagoan Bizkaian El Correo-rekin). Tradizio kontua baino ez da? Edukien kontua?



Re: Prentsa abertzalearen herrenak

Aritz — 2005/11/26 01:29

Agian argigarri izaten ahal da Nafarroan Diario de Navarrarekin gertatzen dena. Abertzale askok ere erosten dute. Etxe askotan tradizio kontua da eta zaila izaten da hori aldatzea.


Bestetik, Diario de Navarrak badu oso erakargarria den zerbait, Orozen komiki tirak. Apustu eginen nuke, Orozek periodiko hori utzi eta salmentak jaitsiko liratekela.


Bukatzeko. Diario de Navarrak beste edozein egunkarik baino eskela gehiago karrikaratzen du. Bada adineko jendea periodikoa horregatik bakarrik erosten duena.


Ez dakit DV eta El Correorekin antzeko zeozer gertatuko ote den.



Re: Prentsa abertzalearen herrenak

Juanito — 2005/11/26 19:59

Jakina da euskal probintzietan ematen den eskizofrenia sozial hori, pertzepzio politiko-ideolojiko handiak eta egunero erosten dugun egunkarien mezuen artekoa alegia.


Entzuna da ere, sarri, hemen Aritzek aipatu dituen arrazoi egiazkoak eta ustez inportanteak: eskelak, komiki-tira xalauak eta abar (argumentazio berbera erabiltzen da Bizkaian Correogaz eta Gipuzkoan DVrekin). Jakin badakit tradizioa haustea zaila dela baina eskela ta tira kontu horiek entzuten ditudanean, zera galdetzen diot neure buruari: edo benetako arrazoia beste bat da edo gure herriaren zati handi bat tentela, inozoa eta babua da. Errespetu osoz diot, e? Eta galdera bezala planteatzen dut, ez afirmazio legez. Kontuz.



Re: Prentsa abertzalearen herrenak

Aritz — 2005/11/27 13:12

Ados Juanitorekin. Ikusi beharko genuke, gainera, jende horrek guztiak zertarako erabiltzen duen egunkaria. Lagun batek aipatu dit ere DVren kasuan errealaren informazio asko ematen dutela, baita informazio lokala ere. Hori garrantzistua da. Diario de Navarrak ere hori asko zaindu du. Agian ideologiaren gainetik jartzen ditugu kontu horiek. Babu puntu hori baztertu gabe!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema