Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Nolakoa da jende solidarioa?

xme 2005/11/30 10:16

Santutxuko Gaztetxea itxi zutela-eta, horren kontrako protesta eta ekintzen artean liburu bat egitea bururatu zitzaien bertako gazte-asanbladakoei, eta Josu Martinezek deitu zidan kolaborazioa eskatzeko. Oraintsu atera du liburua Elea argitaletxeak, "Ametsen baratza" du izena eta berrogeitaka idazle eta artistak hartu dute parte. Orain ez daukat esku artean, nire ale bakarra neska bizkor baten poltsan geratu baitzen (ba ote da leku hoberik?). Besteenak irakurri bitartean, hona nire ekarpena; enkarguzko lan gehienen antzera ez da egundokoa, baina irribarre bat behinik aterako ahal dizue.

Nolakoa da jende solidarioa?

Gogaikarria da jende solidarioa
inork deitu gabe bazterrak nahasten hasten denean
mundua konpondu nahian.

Maitagarria da jende solidarioa
zanpatuta dagoenari altxatzen laguntzen dionean
trukean inongo fedetara apuntatzeko eskatu barik.

Nazkagarria da jende solidarioa
egiten duen mesede bakoitzaren kontaduria daramanean
egunen batean Historiaren altxorretik kobratzeko asmoz edo.

Zoragarria da jende solidarioa
bizipozaren txinpartak kutsatzen dizkionean
zapaldurik edo sufritzen ari denari.

Tristea da jende solidarioa
elkartasuna betebehar bihurtzen duenean
eta bera bihotz onaren edo iraultzaren funtzionario.

Barregarria da jende solidarioa
sekula gaztetxe batera sartu barik haren defentsan hasten denean
ni neu orain ari naizen bezala.

Etxe barruko munstroak

xme 2005/11/29 08:00

Ipuin-liburu eta nobela mordoa ari dira aurkezten egunotan gure artean, Durangoko Azokaren bezperetan urtero gertatu ohi den legez. Barkatuko didazue, ordea, urrutiko idazle baten aipamena egiten badut.

Udako nire irakurketa deslai eta gozagarri horietan, "Blue River" izeneko nobela bat hartu nuen herriko liburutegian. Idazlea, Ethan Canin, ezagutzen ez nuena, baina, oroimenaren lanbro artean, Iñaki Irasizabalek noizbait gomendatu ote zidan susmoa neukana. Irakurri nuen, eta ondo. Jeniala ere ez, baina ondo. Bazuen zerbait idazkeran, hala ere, nobelista baino ipuingile hobea ote zen pentsarazi zidana.

Lanera itzuli eta gero, ezagutzen dudan irakurle finenetako batekin ari nintzen telefonoz (Xabier Montoia, gure Salinger partikularra), eta udako irakurketa probetxugarrien artean aipatu nion Canin-ena. Berak ziurtatu zidan baietz, hobea zela ipuinetan, eta batez ere bere lehenengo liburua: "Emperor of the Air" (ez da oso izenburu polita baina).

Joan den larunbatean Donostiako Udal Liburutegira joan nintzen Babel-en "Caballería roja"ren bila; ez zegoen, baina Btik Cra tarte txikia dagoela-eta, Canin-ekin oroitu eta hantxe ikusi nuen: "El emperador celeste" (gaztelaniaz mortal itsusia titulua).

Tituluak titulu, txundituta utzi ninduen liburuak, eta di-da batean irentsi nuen. Best Seller-zaleei ez diet gomendatuko baina, ipuinak dastatzen dakitenentzat, egiazko "delicatessen"a dira bertako istorioak, Ipar Amerikako XX. mendeko bigarren erdiko ipuingile handienen tradizioan: Cheever, Carver, Ford... Tradizio horretan ohi den bezala, pertsonen arteko harremanen arrakalak, komunikazioaren zaila, izakiaren bakardadea dira gai nagusietako batzuk. Hala ere, Canin-en berezitasunetako bat izango litzateke ez dela zentratzen bikote-erlazioetan, ezpada gurasoen eta seme-alaben arteko gorabeheretan, familia barruko konponezin, esanezin eta misterioetan.

Ez dut ipuinen laburpenik edo exegesirik egiteko gogorik, eta, hau ez denez Berria-rako kritika bat, ez dut egingo. Bitxikeria bat kontatuko dut: liburu honetako istorio bat ("American Beauty") luzatuta atera zuen egileak bere lehenengo nobela (lehen aipatu dudan "Blue River"). Eta, hau ere esan dut lehenago, hobea da laburrean luzean baino. Zerk eraman dezake idazlea ipuinetan ederki kontaturikoa eleberri bihurtzera? Erantzunak bi izan litezke: gizartearen (editoreen, kritikarien, irakurleen) presioa nobelak idazteko, edo idazlearen obsesioa kontakizun horretako pertsonaia, gertakari eta abarrekin. Ez dut Canin ezagutzen baina kasu honetan bien konbinazioa izan litekeela iruditzen zait.

Gure artean, nahiago nuke ipuin nahiz eleberri, denetik izatea, norberari barrenak eskatzen diona, ipuingile orok kazetari eta abarrengandik jasan behar izaten duten presiorik gabe: eta noizko nobela?

Unai Elorriaga: "Inor ez da pertsona osoa gauzak kontatzen ez baditu"

xme 2005/11/28 12:46

(Argia-n kaleratutako elkarrizketa; aldizkarian toki faltaz sartzen ez zirenak eranskin moduan emango ditut hemen)

Bere hirugarren liburua kaleratu berri du Unai Elorriagak: "Vredaman", lau istorio uztartzen dituen eleberria, errugbia eta libelulak nahasten dituena, ebanistak eta arkitektoak, haurrak eta zaharrak. Ahots eta kolore ñabardura ugari eskaintzea da bere ezaugarri nabarmena baina, itxura polifoniko horren azpian, bere betiko zaletasun eta obsesioak aurki ditzakegu autobiografiazko oinarri aitortua daukan testu honetan.

Zure hirugarren liburua da "Vredaman". Lehenengoak uste gabeko arrakasta ekarri zizun; bigarrenak era guztietako iritziak; hirugarren honekin zer espero duzu, edo zer espero behar du irakurleak?

Sekula ez da jakiten liburu batekin. Idazten hasi aurretik, asmo bat izan dezakezu; idazten ari zarenean, beste bat, eta idazten amaitu eta errepasoan ari zarenean, beste bat beharbada. Eta horren ostean, guztiz arrotza den irakurle batengana heltzen denean, idazleak aurreikusi gabeko sentsazio bat sortu dezake. Dena dela, apur bat desberdina izan da liburu honen prozesua. Aurreko biak idatzi nituenean, argitaratu egingo ziren ere ez nekien ia-ia. Honetan, ostera, aurreko bien eskarmentuarekin ibili naiz idazten: badakit noraino helduko den (gutxi gorabehera) eta zeri egin beharko dion aurre. Eskarmentu gehiagorekin idatzi dut, beraz. Bestetik, irakurleak gozamena topatuko duela uste dut. Ahots diferenteak, istorio diferenteak. Edonor gozatzeko liburua dela uste dut. Kolore handikoa.

Izenburu berezia oraingoan ere. Nondik sortu da "Vredaman"?

"VanŽt Hoffen ilea" eleberrian, nik asmatutako idazle bat agertzen da: E. H. Beregor, eta haren hirugarren nobela zen Vredaman. Beregor nobela hori idazten ari zela zati bat lapurtu zion baten batek, eta hutsune batekin publikatu zuen eleberria: ez zuen berriro idatzi nahi, lapurtutako zati hari perfektu irizten zion eta. Modu berean, nire hirugarren nobela da Vredaman. Eta hutsune bat dago kapitulu batean Izen bi nahastu ditut Vredaman izena osatzeko: “Vardaman” Faulknerren pertsonaia, "As I lay dying" nobelakoa; eta “Vredeman de Brie” izeneko pintore nederlandarra. Egia esan, pintoreak bi ziren, aita-semeak. Nik semeari begira hartu dut izena; izan ere, semeak ez zuen koadro orijinalik egin, aitak eginikoak kopiatzen eman zuen bizitza osoa.

Esan ote liteke, "Van't Hoff-en ilea"n bezala hizkuntzarekiko jolasa bilatu duzula, baina narrazioaren garapenari kasu gehiago eginez?

Hori da. "Van’t Hoffen ilea" liburuan biekin jolastu nuen: hizkuntzarekin eta argumentuarekin. Batzuek ez zuten ulertu bigarren jolas hori. Izan ere, adarra jotzeko makina zen argumentua, inora ez zeramana (heriotzara ez bada). Irakurle batzuek estiloaren jolasa ulertu zuten, baina argumentuarenak ernegarazi zituen. Arthur Conan Doyleren estiloko bilakaera bat espero zuten, antza. Vredaman honetan, aldiz, askozaz modu gozoagoan garatzen da argumentua (edo argumentuak: lau istorio baitira). Irakurlea eskutik eraman nahi izan dut eleberri honetan, galeria batetik, azken argiraino, eltxoak balira bezala.

Narratzaile ugari daude liburu honen barruan: haurrak, zaharrak eta abar, nor bere hizkerarekin, hitz egiteko eta kontatzeko moduarekin...

Bai, hori da nire ustez literaturaren aberastasunetako bat. Nobela honen irakurlea jendez inguratuko da, konpainia noblean. Istorio bakoitza ahots diferentez kontatuko da, ikuspegi diferentez, izaera diferentez. Hala ere, guztiek daukate antzeko helburua: istorioa kontatzea. Kontatzearen plazera dago hor. Inor ez da pertsona osoa gauzak kontatzen ez baditu. Eta istorioak ere ez dira istorio osoak angelu desberdinetatik kontatzen ez badira.

Lau istorio txirikordatu dituzu: gauza asko kontatu nahi zenituelako, ala istorio bakarrak joko gutxi ematen zuelako ala...?

Ume baten ikusteko modua kontatu nahi nuen. Eta ume baten bizitzan ezinbestekoa da familia; familiak eraikitzen du umea. Umeak eraman ninduen, beraz, familiakoengana. Bide horretatik lau istorio sortu ziren: aita ospitalean dagoen bitartean osaba-izekoenean dagoen Tomas haurrarena, Gur lagunarekin gauez golf-zelai batean sartu den osaba Simonena, aitona ebanistaren historia ikertzen dabilen lehengusu Mateorena, eta izeko jostunen lagun batena, Piedadena. Azken batean umearen unibertsoa kontatzen da, familiaren laguntzaz. Horrek ez du esan nahi beste hiru istorioek nortasunik ez dutenik. Irakurleren batek aipatu dit aparteko ipuinak balira bezala irakurri daitezkeela.

Liburu hasieran zuhaitz genealogikoa eta hegalean zure txikitako argazki bat ipini duzula-eta: badu esanahiren bat, keinuren bat...?

Julen Gabiriak esan zidan moduan, zuhaitza baino gehiago bonsai genealogikoa. Berez erraza da jakitea nor den Tomas, umea. Inork ez dezala pentsatu, alabaina, nire biografia idatzi dudanik. Ezta hurrik eman ere. Asko dira, bai, datu biografikoak, baina askozaz gehiago asmatutakoak. Nire bizitzak ez dauka aparteko interesik, Euskal Herriko edo, beharbada, munduko edozein umek kontatu dezakeena da. Nik haurtzaroko eta familiako datu batzuk hartu, nahastu, irabiatu, elementu fantasiatsuekin elkartu eta gauza askori buruz hitz egiten duen eleberria idatzi dut.

Bestalde, zure liburu guztietan bezala geografia zehaztugabe bat ageri da, baina hemen inoiz baino nabarmenago ezagutu liteke Algorta. Bertako tokiak eta jendeak. Eta baita inguruko batzuk ere, hala nola Neguri.

Aurreko nobeletan ez nuen lekuei buruzko datu zehatzik eman nahi. Izan ere, Algorta, Getxo, Neguri eta ingurukoei buruz irakurleek izan zitzaketen aurreiritziak saihestu nahi nituen. Arreta pertsonaiengan nahi nuen, ez euren jatorrian. Zama hori kendu nahi nien pertsonaiei. Modu horretan, irakurleek euren herrietan imajinatu zitzaketen pertsonaiak eta etxekotzat hartu. Irakurle argentinar batek esan zidan "SPrako tranbia"ko herria Banfield-en imajinatzen zuela, bere txikitako herrian, Buenos Aireseko aldirietan. Beste batek Polonian kokatu zuen herria. Ni ez naiz ez Argentinan ez Polonian egon. Vredaman eleberrian, ostera, lotsagabeago aritu naiz. Honezkero hamaika aldiz esan dut eleberriak Algortan gertatzen direla eta jendeak gehiago begiratzen dio nobelari berari herriari baino. Horregatik ez dut erreparorik eduki izenak eta lekuak agerian uzteko.

Baten batek kritikatu izan dizu munduaren ikuspegi eztiegia ote duzun. Berriki hitzaldi batean komentatu duzu Hobbes, guztiz bestelako pentsaera duen autorea. Zer duzu esateko, gizakiaren on-gaiztasun kontu horietaz?

Niretzat tamalgarriena honakoa da: literatur kritikari batzuk gaur egun, XXI. mendean, oraindik ere parametro horietan mugitzea; hau da, mundua (literatura, beraz) on eta gaiztoetan banatzea, manikeismo xalo horretatik ez irtetea. Munduan ez dago pertsona on edo txarrik. Jendeak bizi nahi du, eta bizitzeko ahalegin horretan pertsona batzuk, une jakin batzuetan, egoistagoak dira, eta beste batzuk inuzenteagoak, beste momentu batzuetan. Beste batzuetan pertsona jakin bat zapaldu egingo dute batzuek, aldagai jakin batzuk direla tarteko, baina beste batzuetan horren alde egingo dute. Batzuetan Jekyll doktorea izango dira; beste batzuetan Hyde. Baina beste askotan Robert Louis Stevenson ere badira. Edo Rudyard Kipling. Edo Franz Kafka bera. Esan nahi dut gizakia hori baino askozaz konplikatuagoa dela. Nire pertsonaiak ere, batzuek ulertu ez dituzten arren, askozaz konplikatuagoak dira. Ez dira ez onak ez gaiztoak. Nire pertsonaiek, bizitzeko ahaleginean, aukera bat egin dute, eta aukera horren bitartez bizi dira: bidea egokia edo okerra izan daiteke, baina, Cortázarren dioen moduan, euren bizitza pentsatu dute eta euren bizitza ulertu. Hortik gorakoa neurologia da. Eta ez dago jakiterik zergatik entzun ditzakeen pertsona batek bere Italiako herriko kanpaiak Londresen bizi bada Thomas Hobbes, bestalde, lotsabako bat zen.

Aurreko nobela biak zerorrek ipini dituzu gaztelaniaz; honekin ari zara?

Horretan ari naiz, bai. Alfaguara argitaletxean apirilean entregatu behar dut eta kalera, Jainkoa lagun, ekainean aterako da.

Idazle profesionalen taldetxoan zaudela esan liteke, liburuekin eta hitzaldiekin-eta. Pribilegioa da hori, ala ardura berezia eskatzen du, ala...?

Ardura berezirik ez, inondik inora; ez behintzat publikatzen hasi aurretik neukana baino bereziagoa. Esan nahi dut kalean libururik ez neukanean ere, asko eskatzen niola neure buruari. Eskatu daitekeen guztia eskatzen nion neure buruari. Pentsatzen nuen: munduko testurik onena argitaratuko dut, bestela tiraderan geldituko da. Beti eduki dut neurri hori buruan. Gero, gertatu liteke buruan daukazun neurritik %5 baino ez lortzea, baina ardura beti dago hor, buru barruan, lehen eta orain. Literaturarekiko errespetua ez dut aldatu, beraz. Dudarik gabe, pribilegioa da. Eta bestela lortu ezin den giltzarri bat ematen dizu gainera: denbora.

Hurrengo liburua gogoan duzu dagoeneko, ala atsedena hartu behar duzu oraingoz?

Hurrengo liburua, laugarrena, buruan daukat "Vredaman" idazten hasi baino lehenago. Baina paperera eraman aurretik, lehen esan dudan bezala, honen itzulpena egin behar dut. Apirilean amaituko dut, dena ondo badoa, eta ondoren beste asmo txiki bat daukat: "Vredaman"en agertzen den lau istorioetako bat, Tomasena, umearena, liburutik atera, apur bat moldatu, marrazkiak ipini eta umeentzat argitaratu nahiko nuke. Azken batean, umeentzako literatura horixe baino ez da: umeei ERE gustatzen zaien literatura. Hori guztia uda parterako amaitu nahi nuke. Gauzak horrela, irailean hasiko naiz hurrengo liburuarekin. Idazten hasterako goitik behera pentsatuta eduki nahiko nuke. Orain Psikiatria eta Neurologiari buruzko testu asko irakurri behar ditut, ia osorik teilatu batean gertatzen den liburu hori idatziko badut.

Lau ildo edo hari aipatu dituzu. Ikus ditzagun banan-banan. Lehenengo istorioa haur batena da: Tomas. Osaba-izekoen etxean dago, aita ospitalean dagoen bitartean. Zer da haur hori?

Haur hori pentsatzen ikasten ari den pertsona bat da, inteligentziaren atzetik dabilen umea. Osaba Abelek esan dio halako batean: “Mundu guztiak izan nahi du inteligente, hori ez da nobedadea.” Eta hori da umearekin ikasten dugun gauzetako bat: mundu guztiak ez du inteligente izan nahi, teorian hala bada ere. Jende askok uko egiten dio inteligentziari, aitortu ez arren. Baina hori ez da berez txarra, inteligentzia eta zoriona sarritan ez baitatoz bat. Tomasek, ordea, inteligentziaren alde egin du aukera. Inteligentziari buruzko nobela bat da hau, hein handi batean.

Tomasen historian berealdiko inportantzia du intsektu baten bilaketak, horrek gaitasun bereziak emango dizkiolakoan harrapatzen duenari...

Tomasek itzelezko lilura agertzen du intsektuekiko, biologia karrera ikasten ari den Iñes lehengusinarekin ibiltzen baita zomorroak hartzen eta matxinsalto, kakarraldo edo armiarmei buruzko istorioak aditzen. Halako batean, Iñesek kondaira moduko bat kontatu dio Tomasi: “Libelula urdina harrapatzen duena munduko pertsonarik inteligenteena bihurtzen da.” Besterik ez zaio Tomasi falta. Obsesionatuta biziko da hortik aurrera libelula urdinarekin.

Beste hari batean errugbia aurkitzen dugu: zure gustuko kirola, ezta?

Jakina. Inteligentziari buruzko eleberri batean ezin zen munduko kirolik inteligenteena falta. Errugbia izango da txartoen ulertu den kirola, beharbada. Kanpotik, kolpeka ikusten ditu jendeak jokalariak eta asto-koadrila handi bat dela pentsatu. Inondik inora ere. Errugbia kirol konplikatua da eta burua behar den lekuan ez daukanak egingo du errugbian bai, baina sekula ez da errugbi jokalari bikaina izango. Xakean bezala.

Eta errugbiarekin batera pertsonaia xelebre eta maitagarriak: gezurtiak, apur bat fantasiosoak.

Bai. Gur izeneko pertsonaia agertzen da istorio horretan. Tomasek, umeak, honela deskribatzen du Gur: “Gur da beti kaletik ibiltzen den gizon bat. Gauzak kontatzen egoten da beti Gur. Batzuetan gertatu diren gauzak kontatzen ditu eta beste batzuetan gertatu ez direnak. Eta inork ez du jakiten zer gertatu den benetan eta zer ez, Gurrek kontatzen duenean. () Eta batzuetan hiru seme dauzka eta beste batzuetan bat ere ez eta beste batzuetan alaba bi.” Gezurrak bizi duen pertsonaia da Gur. Gauzak asmatu eta asmatutakoak kontatzen bizi da. Baina pertsonaia honen gauzarik ederrena da benetan existitzen dela: Algortako lagun bat da Gur. Herrian “Guzur” esaten diote, atera kontuak hortik. Errealitatetik kopiatu baino ez dut egin, baina seguru nago baten batek esango duela ez dela pertsonaia sinesgarria.

Hirugarren haria: aitona ospetsua izan zuela deskubritzen du gazte batek, eta haren gaineko informazio bila hasten da. Ebanista zen aitite hori, altzariak egiten zituen arotza. Nondik nora ogibide horrekiko interesa?

Hori ere familiatik hartu dut: aitite Adolfo nuen nik ebanista (gerra ostean tailerra kendu zioten arte). Umea nintzenean hil zen aitite eta ez nuen ia ezagutu, baina familian egon zen beste ebanista bat. Familiaren beste adarrean osaba Julian izan zen ebanista kotizatua. Biak nahastu ditut eta liburuan “aitite Julian” da ebanista handi hori. Istorio horretan hari bi daude. Bat benetan gertatu zen, aitite Adolfori gertatu zitzaion. Bestea goitik behera asmatu dut. Irakurleak bilatu beharko du zer den egia eta zer gezurra.

Bide batez, polita da nola, datu bilatze eta biltze horretan, herriko zahar zaharrenak ezagutu eta elkarrizketatuko dituen.

Jakina: duela 70 urte gertatutakoaren lekuko ezin baita beste inor izan. Edadeko hiru gizon agertzen dira aitite Julianen istorioa kontatzen. Euren ahotsekin ahalegin handia egin dut. Izan ere, hirurek eduki behar dituzte elementu komunak (hirurak direlako adin bertsukoak, herri berekoak, giro berekoak), baina, aldi berean, bakoitzak bere nortasuna behar zuen, bere izaera, bere idiolektoa. Uste dut kolore handia ematen diotela nobelari.

Zaharrekiko zure jaiera eta joera, SPn bezala?

Gauzak kontatzen dakiten pertsonaiak maite ditut nik. Zaharrek gazteek baino pazientzia handiagoa daukate kontatzen egoteko. Batzuetan pazientzia larregi ere izan dezakete, astun gertatzeraino, hori ez du inork ukatuko. Baina neurriari eusten dakien edadeko pertsona munduko kontalaririk finena izan daiteke. Hortik edan behar dugu guk.

Laugarren kontakizuna, arkitekto baten ingurukoa. Arkitekto jakin bat edo arkitektura-mota zehatz bat izan duzu gogoan hau idaztean?

Eleberria idazten hasi nintzenean, Manuel María Smith arkitektoa neukan buruan. Urte askoan Getxon bizi izan zen Smith, eta liburuan kontatzen diren kontu asko berari gertatutakoak dira. Eleberrian aurrera egin ahala, ordea, arkitekturari buruzkoak zabaldu nahi izan nituen eta arkitekto handi askoren biografiak irakurri eta zenbaiten ideiak sartu nituen liburuan: Walter Gropius, Antoni Gaudí, Le Corbusier, Frank Lloyd Wright

Hari honetan oso deigarria eta gustagarria iruditu zait emakume jostunen mundu hori: etxekoa eta publikoa aldi berean, lan etengabea eta berriketa lotzen dituena.

Hor ere familiatik edan dut. Izeko bi nituen nik jostun. Eta hara joaten ginen askotan ama eta biok, tailerrera, josteko gelara. Eta han egoten ziren tertuliara bildutako andre batzuk. Eta nik lurrera jausten ziren orratzak hartzen nituen iman-harri batekin, eta munduan gehien gustatzen zitzaidana zen orratzak iman-harri horrekin hartzea. Eta andreen solasaldiak aditzen egoten nintzen. Eta gaixotasunez hitz egiten zuten batez ere. Eta zahar-zaharrak ziren guztiak (gaur egun hilda daude gehienak). Eta lantzean behin soinekoen fakturak egiten nituen nik, kaligrafia negargarri batez. Eta hori giro hori deskribatu nahi izan dut. Berriro ere presa barik kontatzen egotearen gozamena.

Istorioen atsegintasunetik harago, zer nahiko zenuke jasotzea edo ulertzea irakurleak?

Hori da, beharbada, irakurlearentzat garrantzitsuena: istorioak eurak eta kontatzeko plazera gozatzea. Baina beste gauza askori buruz hitz egiten da liburu honetan. Hitz egiten da familiaz, erabakiez, gaixotasunaz, inteligentziaz, heriotzaz Izan ere, inteligentzia eta heriotza elkarri oso estu lotuta dauden elementuak dira. Eta horretaz hitz egiten da, batez ere, eleberri honetan: heriotza eta inteligentziaren arteko hartu-emanaz

Karakolaren barruan (VIII)

xme 2005/11/25 16:55

(Hemen amaitzen da ipuina. Irudi eta guzti nahi duenak, liburua eskuratu behar)

Zortzigarren atala: Oparien trukea

Oso ondo pasatu genituen opor haiek. Aita, ama eta hirurok ibili ginen leku batean eta bestean, eta askotan aitatxoren lagun haiek ere bai: Patxi eta Josune.

Gauza pila bat egin genituen eta toki mordo bat ikusi, baina gehienak ahaztu zaizkit dagoeneko. Hala ere, askotan aitak ingurura begiratu eta esaten zuen:

"Hemen ez da giro. Goazen etxera.

Txanogorritxoren ipuineko otsoak ibiliko ziren han, ni ere susmoa hartuta nengoen. Orduan Patxi eta Josuneren etxera itzultzen ginen. Etxe handia zen hura, lorategia eta guzti zeukana, txirrista eta zabuarekin.

Eta ni ordurako handia nintzen arren, gustura ibiltzen nintzen txirristan eta zabuan, amonaren etxe ondoko parkean bezala. Pena bakarra, han ez zegoela kioskorik goxokiak erosteko. Baina Patxi amona bezain sukaldari ona zen ia-ia, eta egundoko postreak prestatzen zituen: sagar-pastela, natazko bizkotxoa, marrubi-budina, arroz-esnea

"Arroz-esneari kanela asko edo gutxi botako diot, Iker? "galdetzen zidan Patxik.

"Asko-asko "erantzuten nion nik beti.

Opor haiek ere amaitu ziren. Nik ez neukan oraindik eskolara joan beharrik, baina amak dendako lanera itzuli behar zuen. Hortaz, aitari agur esan eta etxerako bidea hartu genuen amatxok eta biok.

"Laster konponduko dira gure arazoak eta itzuliko naiz etxera, ikusiko duzue "esan zigun aitak agurtzerakoan.

Lehen bezalaxe hartu genituen auto, tren, autobus eta hegazkinak, baina oraingoan ez nintzen mareatu, ezagutzen nituelako, eta ez nintzen beldurtu, nahiz eta amak berriro errepikatu isilik joan behar nuela, eta aitatxoren berri inori aipatu gabe.

"Badakit, ama, Txanogorritxoren otsoek ez aditzeko.

Motxilan aitatxok eskuz egindako jostailu bat neraman: egurrezko txotxongilo bat, hariak mugituz gero dantza egiten duena.

Nire marrazkia eta karakola aitatxoren gelan geratu dira. Marrazkia paretan josita, txintxetekin, eta karakola mesanotxe gainean, gauero belarrian jarri eta haren barruko hotsak aditzeko.

Horrela entzungo ditu itsasoaren barreneko hots misteriotsuak, amonaren etxeko hots isilak, eta baita gure etxeko hots guztiak ere: ama afaria prestatzen erdi kantari ari denean, ni hortzak garbitzen nagoenean, amatxo eta biok igande goizetan oheko burukoekin borrokan hasten garenean

Orain badakit, amonaren karakola magikoari esker, aitatxo ez dela horren bakarrik egongo. Eta ni ere kontentuago egongo naiz hortaz.

Jon Arretxe: “Umore delirantea erabili dut”

xme 2005/11/25 09:21

Jon Arretxek (Basauri, 1963) irakurlea harritu eta dibertitu egin nahi duela dio bere detektibe-nobela umoretsuekin. Horietakoa bigarrena du Kleopatra, komikietako mundu gordin, ilun, zoro eta absurdoa dakarrena, Basauri night club baten inguruan girotutako misterioan.

Bi urteren ondoren, nobela beltz umoretsura itzuli zara, "Manila konexioa" liburuarekin hasi zenuen ildora. Gustura genero honetan?

Oso gustura. Jolas baten modukoa da niretzat horrelakoak idaztea, dibertitu egiten naiz, eta irakurlea dibertitzea ere nahi nuke, dibertitzea eta harritzea, ustekabean harrapatzea gertakizunekin. "Manila konexioa"k zelako harrera zeukan ikusi nahi nuen bigarren nobela beltzari ekin aurretik, eta emaitza onak animatu egin nau antzeko istorio bat eratzen, lehengo pertsonaia nagusiak aprobetxatuz.

Zer da funtsezkoena bertan: misterioaren alderdia, ala barre eragitea?

Batez ere misterioarena, baina egoera umoretsuak bilatuz, gertaera zoroak, harrigarriak, parodia eginez eta absurdoa landuz.

Eta nola definituko zenuke hemen darabilzun umore-mota?

Liburuak argitaratu aurretik kritikatzen dizkidan adiskide aditu baten arabera, umore "delirantea" erabili dut. Nahiko adjetibo egokia izan daitekeela uste dut.

Liburuko protagonistak, noski, Simon Artabe eta bere laguntzaile Etxebe dira. Nolako ikerlariak dira hauek?

Antiheroiak dira, pertsonaia karikatureskoak, ohiko detektibe adimentsu, indartsu eta galanten guztiz kontrakoa. Etxeberi, dena dela, halako sinpatia puntu bat dariola uste dut.

Nobela honetan bada beste pertsonaia nabarmen bat: Putz edo Perales...

Agian berau da pertsonaiarik deliranteena. Bere aita ere hilko luke odol hotzez herentzia eskuratzearren, tren azpira botata, jakina. Izan ere, Peralesek halako obsesioa dauka trenekin. Trenbide zaratatsutik bi metrora bizi da, etxe-zulo baten; igel-tokazalea da, apustuzalea, ama night-club baten (Kleopatran) dauka lanean bien mantenua lortzeko...

Gasteiztik atera zara oraingoan, ondo ezagutzen duzun beste inguru batera joateko...

Zorretan sentitzen nintzen neure herriarekin, liburu batzuk asko estimatzen dudan Gasteiz aldean kokatu ondoren. Hori dela eta, Kleopatra-ko istorio nagusia Basauri-Galdakao-Arrigorriaga aldera eraman dut.

Erregistro desberdinak, freskotasun bila

Aipagarria da pertsonaien itxura deskribatzeaz gainera, bakoitzaren hizkera ere berezia dela.

Nik uste euskal literatura berrian dugun arazo handienetakoa erregistro desberdinen erabilera eskasa dela. Ahalegin berezia egin dut alde horretatik Kleopatra-n, Manila Konexioa-n egin nuen bezala, ze pertsonaia guztiek euskara batu estandarrean hitz eginez gero liburuek freskotasuna eta sinesgarritasuna galtzen dituzte.

Liburuan komikizkoak dira orri batzuk, baina obra osoan nabari da halako komiki-estetika bat, ezta?

Komiki-estetika oso nabaria dela uste dut, eta irakurleak hasiera-hasieratik zer topatuko duen jakiteari funtsezkoa deritzot kasu honetan. Horregatik ipini ditugu Cristina Fernandezek egindako komikiak hasieran (eta amaieran), irakurleak "kontxo!" esan, txipa aldatu eta beste logika batez har dezan etorriko zaiona.

Estetika horrek egiten ditu zilegi liburuko gordinkeria eta krudelkeria zenbait?

Bai, duda barik, ze ohikoagoa da mundu gordin, ilun, zoro eta absurdoa komikietan nobeletan baino, eta irakurleak irudien laguntzaz askoz hobeto asimilatzen ditu halako istorioak. Nik esango nuke komiki nobelatu gisa ulertu behar dela Kleopatra.

Eta hurrena, beste nobela beltz bat, bidaia-liburu bat ala zer...?

Beste nobela beltzen bat idatziko dut noizbait, irakurleek harrera ona egiten badiote Kleopatra-ri. Nire asmoa da gero eta tarte handiagoa ematea ilustrazioei, komiki nobelatutik "nobela komikitu"ra heldu arte ia. Dena dela, hurrengo liburua bestelakoa izango da, ziurrenik, zerbait serioagoa, emozioak edo hunkidurak bilatzen dituena; agian bidaia-liburua, agian ez. Aspaldi honetan txandakatu egiten ditut era bietako lanak eta oso gustura nabil horrela.

Karakolaren barruan (VII)

xme 2005/11/24 18:08

(Hasitakoak noizbait amaitu behar du, eta honi gutxi falta zaio. Hona azken aurreko kapitulua)

Zazpigarren atala: Bizardun ezezaguna

Ordura arte argazkietan bakarrik neukan ikusita aitatxo. Argazki batzuetan bera bakarrik zegoen eta beste batzuetan amatxorekin, amatxo gazteagoa zenean eta ni oraindik jaio ez nintzenean.

Horregatik geratu nintzen harrituta biharamunean, bizardun bat sartu eta amari besarkada handi bat eman zionean. Gero niregana etorri eta besoetan altxatu ninduen.

"Aupa, Iker! "esan zuen.

Ama konturatu zen nire izu-aurpegiaz.

"Eman muxu, Iker: aitatxo da.

Aitatxo? Gizon hura? Argazkietan ez zeukan bizarrik! Baina, noski, bizarra kendu edo utzi egiten da, eta aitatxok itxura aldatuta zeukan. Hala ere, azkar ohitu nintzen itxura berri hartara, baina ez hainbeste bizarrera, muxu ematean azkura ematen baitzuen. Ez dakit nola ematen zion amatxok hainbeste muxu.

Muxu eta besarkaden ondoren asko hitz egin genuen, eta aitak dena jakin nahi zuen gutaz: amak lan egiten zuen dendaz, nire eskolaz, nire lagunez

Nik dena kontatu nion, eta azkenean ez nekien zer gehiago kontatu, eta orduan motxilaz oroitu nintzen, eta han barrukoak atera nituen.

"Tori, zuretzako opariak dira "esan nion.

Aurrena, marrazkia gordetzen zuen karpeta zabaldu zuen.

"Ze polita! "esan zuen aitak marrazkia ikustean.

Eskolakoek egindako txango bat ikusten zen, eta bertan mendia ageri zen, eta animaliak, eta nire lagunak, kolore askorekin margotuta.

"Eta hau? "galdetu zuen gero aitatxok.

"Karakola bat da, amonaren etxean zegoen, eta itsasoaren barruko hotsak entzuten dira.

Orduan amatxok azaldu zion nola izan zen amonaren gaixotasuna, eta operazioaren ez dakit zer istorio, eta kontu haiekin triste jarri zen, baina berehala pasatu zitzaion eta alai jarri zen berriro.

Prentsa abertzalearen herrenak

xme 2005/11/24 09:49

"Euskadik abertzale ematen du botoa, baina prentsa espainola erosten du; etorkizunean, prentsa espainola erosten segituko du, eta botoa ere espainola emango du".

Goiko esaldi hori Vocento taldeko arduradunetako batek esan omen zion, orain dela urte dexente, Joseba Egibarri, elkarrizketa erdipubliko batean. Iragarpena osorik bete denik ezin esan, botoari dagokionez, baina prentsaren joerak halaxe jarraitzen du, dudarik gabe.

Orain dela 28 urte Deia eta Egin plazaratu zirenean, apostu eta lehia gogorrak sortu ziren: bat, prentsa abertzale eta espainolistaren artekoa, azken honek irabazi zuena, traineru askoren aldeaz gainera; bestea, egunkari abertzale bien artean, instituzionalista eta hausturazaleen artean bestela esanda, eta prentsari dagokionez enpate amaitu zutela esan liteke; eta hirugarren bat, normalean aipatzen ez dena, elebidun izango omen zen prentsa abertzalearen eta euskal prentsaren artekoa, euskal prentsa guztiz zokoratua utzi zuena (azken auzi honen xehetasunetarako, ikus, adibidez, Aitor Zuberogoitiaren "Bidegorriak hizkuntzentzat" liburua).

El Correo, El Diario Vasco, Diario de Navarra-ri tokia kentzeko saiakera ugari izan da urte hauetan, baina ustel atera dira orain artean, beren nagusitasun osoari eusten baitiote egunkari horiek. Ahalegin berri bat ikusi dugu gaur: Noticias de Gipuzkoa egunkari jaio berria, Juanito Zelaiaren kapitalaz Iruñean sorturiko Diario de Noticias-en umea (lehenago Arabara ere zabaldu zutena). Publizitate-kanpaina gogorra egin dute (Donostian batik bat, probintzian ez da ia sumatu ere egin): "Gela itxi usaina dago Gipuzkoan. Haize freskoa ekartzera gatoz", zioten afixetan. Diario Vascokoak ere ez dira lo egon, eta publizitate-kanpaina erakargarria egin dute, beren gipuzkoartasuna azpimarratuz.

Geroak zer ekarriko duen? Ezin jakin. Gipuzkoarren soziologiaren eta Vocento taldearen ideologiaren artean dagoen ustezko arrakala aprobetxatu nahiko lukete egunkari berrikoek, DVri erosleak kentzeko, baina ez daukate erraza, arlo honetan tradizioak duen indarra ezagututa. Lehen alea ikusmiratzen aritu naiz eta produktu txukuna iruditu zait. Hala ere, euskarari eskaintzen dioten lekua, hutsaren hurrengoa eta iraingarria da. Ikusiko dugu, aurrerantzean nondik nora jotzen duen.

Eman ta zabalduko al dugu?

xme 2005/11/23 09:58

(Orain dela hilabete bat edo deituko zidaten, Altsasutik, bertako euskara-taldekoek, ea hitzaldi bat emango nuen. Nola esan ezetz? Gaia ere eman zidaten: "Esportagarria al da euskal literatura?" Labur erantzunda, "Bai" batekin buka zitekeen saioa. Pixka bat luzatuz gero, hona bigarren galdera: "Esportatzen al da euskal literatura?" Erantzun posibleak: "Ez", "Gutxi", "Gaizki". Hitzaldia laburregia da hala ere, hirugarren galdera bat erantsiko dugu: "Zer egin liteke gehiago edo hobeto esportatzeko?". Erantzuna: "Uff".

Hitzaldirik ematekotan, "uff" hori luzatu eta zehaztu behar nuen. Eta orduan oroitu nintzen gai horretaz artikulu bat eskatu zidatela aspaldi. Bila hasi, eta ordenagailuan topatu dut, suiet horren inguruan duela lau urte egindako lana, Gara-ren Mugalari gehigarriaren enkargua. Ez naiz ni hitzaldi, artikulu, ipuin eta poemak birziklatzearen oso zalea, baina asmatzen jarrita ere ez nituen oso gauza desberdinak esango. Hona bada, artikulu zahar-berritua)

Eman ta zabalduko al dugu?

Ana Karenina ez da errusiarren aberastasuna soilik; Gergor Samsa irakurle alemanek bakarrik irakurri balute denok ginateke pobreago. Horregatik diot —aldeak alde eta baieztapenari beroarena kenduta— Sarriren lagun izoztua edo Izagirreren Agirre zaharra literatura unibertsalaren ondare bihurtzen ez badira, kultura europar osoa ateratzen dela hor galtzaile.

Harrokeri usaina hartuko dio baten batek aurrekoari, ez naiz ukatzen hasiko, baina ez dut boutade moduan bota. Halakoetan maisuen aipuak lagungarriak izan ohi direnez gero, gogora ekarriko dut nola Koldo Mitxelenak halako zerbait esan ohi zuen, gutxi gorabehera: kultura egiazko bat, bere buruarentzat sortzen ari denean, mundu osoarentzat ari dela sortzen. Orain arte esan liteke idazle bakar baten obra oparitu diogula mundu zabalari, Atxagarena hain zuzen, eta munduratze horrek onura hirukoitza eman duela: lehenik eta behin egileari berari, bistan den bezala; ondotik Euskal Herri osoari, prestigioa, itzala, ezagunago eta maitatuago izatea ekarri dionez gero; eta azkenik dozenaka hizkuntzatan irakurri eta Obabako istorioekin hunkituko ziren guztiei, Belgradon, Tokion edo Toronton. Atxagaren aurretik ez da beste euskal idazlerik ibili bide horietan barrena, eta ikusteko dago ondotik beste inork lortuko ote duen ala gizona bere bakardadean geratuko ote den.

Euskal literatura beste hizkuntzetara itzultzearen inguruan idazteko eskatu didate, eta, hari askotako mataza denez, gaia hiru ataletan sailkatuko dut: egitekoaren zailtasunak, hartu litezkeen bideak, eta promozioaren egile posibleak. Goazen banan-banan.

Lantegiaren zaila

Lehenik eta behin gogoan izan behar dugu munduan idazle asko dagoela, eta apur batzuek baizik ez dutela lortzen beren lanak itzuliak izatea. Obraren hartzaile naturala —eta gehienetan bakarra— norbere hizkuntzako irakurleak izaten dira. Horrez gain, itzulia izateko aukera ez da beti kalitate literarioari loturik joaten, gehienetan zerikusi gehiago dute bestelako faktoreek, eta horren erakusgarri da ingelesezko idazleak izatea gaur egun errazkien eta ugarien itzultzen direnak; oso onak batzuk eta erdipurdikoak beste hainbat, baina zinema, musika edo museoak esportatzen dituzten bezala, literatura esportatzeko gaitasun berezia du inperio amerikarrak.

Zaila da, beraz, merkatuaren inertziari kontra egitea, eta ez guretzat bakarrik. Mila milioi txinatar bada zerbait, eta hala ere ez dugu bertako idazlerik ezagutzen, Frantzian erbesteraturik bizi den azkenaurreko nobel sariduna kenduta. Hura urruti dagoela? Hartu Holanda, ia bertan duguna: nederlanderaz idazten duten bi idazle aipatzeko lanak izango genituzke. Herrialde txikiaren desabantaila areagotu egiten da administrazio indartsu baten babesa eduki ezean. Estatua ez da ezeren garantia, eta hura gabe ere egin liteke zer edo zer, baina estaturik gabeko hizkuntzek beti izango dute gaitzago.

Hemen, berriz, oztopo horiei guztiei beste bat erantsi behar zaie: gure zorioneko euskara, alegia. Alde batetik baino gehiagotatik da oztopo gainera: batetik, nola hemendik kanpo ia inork ez dakien eta beste inongo hizkuntzaren antzik ez duen, kanpoko argitaletxeek ezin dute euskarazko lan bat irakurri eta epaitu, interesatzen zaien edo ez jakiteko. Bestetik, tipologiaz, hiztegiz eta formaz hain hizkuntza diferentea izanda, ez da samurra euskaratik beste hizkuntzetara literatur testuak txukun antzean itzultzea.

Azken aitzakia horri kontra egitea badago, noski, esanez ingelesetik (edo frantsesetik edo alemanetik) euskarara bezainbesteko tartea eta zailtasuna egongo dela euskaratik hizkuntza horietara, eta handik honako bidaia etengabe eta aski aise egiten badugu zergatik ez hemendik harakoa? Ados. Hala ere, ezin gara geure buruekin gezurretan ibili: estilistika guztiz desberdina da euskaraz sortzen duguna eta inguruko hizkuntzetakoa, eta, beraz, euskaratik hitzez hitz eta modu automatiko samarrean itzuliz gero testu lehor, motz, gatzik gabeak sor litezke beste hizkuntza horietan, erakargarritasun gutxikoak. Hortaz, itzulpen lan hori zuzen eta artez egiten jakingo duten itzultzaileak prestatu beharra daukagu, ez baitira berez eta perretxikoak bezala sortuko. Kanpoko literatura geureganatzeko bidean lan polita egin zen 80ko hamarkadan, eta 90ekoan are salto handiagoa egin da testuen kopuru, kalitate eta malgutasunean, irakurleen aldetiko normaltasunean oraindik ere aurrerapausoak behar diren arren. Antzeko talde-lana beharko dugu euskaratik besteetara itzultzeko estilo bat finkatzeko: jarraitua, lagundua eta elkarren aberasgarria; hastapenetan gaude gaztelaniarekin, eta hasi ere ez gara egin bestelako hizkuntzekin. Bide luzea dugu aurretik, baina hori ezin da izan bertan goxo egiteko aitzakia, ezpada ja martxan jartzeko akuilua. Itzultzaile Elkarteak, Idazleenak, Editoreenak... denok daukagu hor galtza bete lan elkarrekin egiteko.

Zein bide hartu

Lantegi zabal horretan, bi norabide aipatu ohi dira, kontrajarriak ez badaude ere lehentasun edo estrategia diferenteak markatzen dituztenak: bata izango litzateke euskal literaturako lanak oraingoz espainolera itzuliz joatea, gero hortik bestelako hizkuntzetarako jauzia egiteko, ahal denean eta ahal bada; bestea, berriz, zuzenean ahalegintzea euskal liburuak Europako hizkuntza nagusietako batean ager daitezen. Ingelesa aipatu ohi dute batzuek, dudarik gabe hizkuntzarik inportanteena eta zabalduena, alemana beste batzuek, liburugintza sendoa izateaz gainera beste hizkuntzetako emaitzak bereganatzeko jarrera zabalagoa duten aldetik.

Lehenengo aukera da orain arte erabili dena, begibistako arrazoi batengatik: bai kontaktu pertsonalak, bai itzultzaile prestatuak topatzeko erraztasun handiagoa. Bere alde makurrak ere baditu bide horrek: batetik, Espainiarekiko gatazka politikoa dela-eta, nolabaiteko galbahe ideologikoa ezartzen dute hango argitaletxeek deserosoak izan dakizkieekeen autore edo gaientzat; bestetik, arriskua dago gurea Espainiako literaturaren adar exotiko edo folkloriko gisa agertzeko. Hau dena onarturik ere, ezin ukatu bigarren aukerak zailtasun nabarmenak dituela, gaur-gaurkoz.

Dena dela, esana dugu lehen ere bide biak ez daudela elkarren kontra jarriak; beraz, batean zein bestean saiatu beharko dugu aurrera egiten.

Nor jarri gurdiaren gidari

Talde-lana eskatzen duen eginkizuna dela esan dugu behin eta berriz. Hala ere, baten batek izan behar du bultzagile, nolabaiteko motorra. Nor?

Idazlea beste inor baino interesatuago dago bere obra kanporatzeko, noski, baina gogoa eta denbora behar dira promozio-lanerako, eta denek ez dute balio harremanak landu, hara eta hona bidaiatu eta gisako zereginetarako. Kontu horiek agente baten eskuetan utzita dena konponduta dagoela uste izan du zenbaitek, baina lehendik bideratuta dagoen karrera literario batean hainbat jestio errazteko balio du agenteak, ez ordea berak karrera hori martxan jartzeko.

Euskal argitaletxeak ere ahulegiak dira egituraz, eta beraiek zuzenean jaso lezaketen irabazia txikiegia, beren denbora, jendea eta energia honetan inbertitzeko. Antzeko zerbait esan liteke itzultzaileez: beren zeregina itzultze-lana albait txukunen burutzea da, ez liburu edo egile batentzako merkatu bila ibiltzea. Hala ere, batzuek zein besteek gaur egiten duten baino gehixeago egin lezakete agian.

Gobernuari esan behar ote diogu eltzetik babak ateratzeko? Nire ustez, Euskal Komunitate Autonomoko gobernuari diruz laguntzeko eskatu behar genioke (gaur-gaurkoz jai daukagu Nafarroako, Espainiako zein Frantziako gobernuekin, agian bihar?); ez eskale moduan, baizik eta bere literatura esportatzea herri baten nortasuna kanpoan erakusteko modu eraginkorrenetakoa delako, munduko gobernu askok eta askok sistematikoki landu eta lagundu ohi dutena. Hala ere, administrazioaren funtzionamendua zurrunegia eta geldoegia da, ezinbestean, hemen aipatzen den bezalako lan dinamiko baterako. Esate baterako, itsusia litzateke guztien gobernuak idazle bat hautatzea promozionatzeko, besteak baztertuta (asepsia-arazo bera izan ohi du Idazle Elkarteak, edo Editoreenak).

Formula egokiagoa iruditzen zait, niri behintzat, Fundazio bat edo antzeko zerbait sortzea, diru-laguntza publikoz hornitua batik bat baina bestelako diru-hornitzeak ere bila ditzakeena; Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren antzera edo. Administrazioak kontrataziorako-eta berezkoak dituen muga esturik gabe jardun ahal izango luke, eta sorreratik bertatik politizaziotik kanpo utzi beharko litzateke, hauteskunde batetik besterako dantzatik libre aritu ahal izateko, epe ertain eta luzera begira.

Egin daiteke, egin behar da. Has gaitezen lanean.

Karakolaren barruan (VI)

xme 2005/11/22 18:30

(Iker protagonista ari da bere helmugara iristen, eta gu ere ari gara ipuinaren amaierara hurbiltzen)

Seigarren atala: Otsoen beldurrez

Bidaia oso luzea izan zen. Hartu genituen autobusak, abioiak, trenak, taxiak Uf! Hasieran poz-pozik nindoan, aita ikusteko pozarekin eta abenturaren ilusioarekin, baina pixkanaka nekatu egin nintzen, eta aspertu, eta momentu batean mareatu ere bai. Baina han zegoen amatxo beti, eskutik fuerte heltzeko eta laguntzeko.

"Lasai, Iker, laster iritsiko gara eta.

Bidean jende asko topatu genuen, hizkuntza diferenteak hitz egiten zituztenak. Gizon bibotedunak, emakume ileluzeak Batzuk atseginak ziren, beste batzuk zakarrak, baina ni beti gogoratzen nintzen amak esandakoarekin: isilik joateko eta ez fidatzeko, aitaren etsaiak izan zitezkeelako. Hortaz nik, neure motxilari heltzen nion esku batekin, amatxori bestearekin, eta ez nuen hitz egiten inorekin.

"Qué niño tan callado "esan zioten amari aduana izeneko toki batean, eta uste dut hizkuntza gehiagotan ere esan ziotela antzeko zerbait.

Azkenean etxe batera iritsi ginen. Han bikote bat zegoen, andre-gizonak, eta andreak galdetu zidan:

"Zu Iker txikia izango zara, ezta?

Nik, hitzik ere ez.

"Bai, noski, Imanolen semea "esan zuen gizonak.

Imanol da nire aitaren izena, eta nik baietz esan nahi nuen, baina ez nekien haiek ote ziren ipuineko otso gaiztoak.

"Lasai, Iker, hauek aitatxoren lagunak dira-eta "esan zuen amak.

Eta orduan nik baietz esan nuen, batetik barrez, pozik nengoelako, baina bestetik negarrez, beldur handia pasa nuelako.

Amatxok estu-estu besarkatu ninduen:

"Pasatu da dena, maitea. Bihar bertan ikusiko dugu aitatxo.

"Benetan?

"Bene-benetan.

Hitzaldi inexistenteen antolatzaileak

xme 2005/11/22 11:20

Zuetako edonork daki zenbat paper jasotzen duen egunean etxeko buzoian: hipermerkatuetako publizitatea, aurrezki-kutxetako kontuak... eta, nire kasuan, hainbat kultur elkarte eta erakundetako berriemaile, berripaper, inprimaki eta bestelako propagandak, banan-banan eta arretaz irakurri gabe erreziklajearen bidea hartzen dutenak gehienak.

Hitzaldi baterako deia jaso nuen orain dela aste batzuk. Halako tokitan, halako ordutan, halako eta halako mintzatuko omen ziren dena delako gaiari buruz. Ohi ez bezala, apuntatu egin nuen, joateko asmotan, hizlari biak ezagutzen eta estimatzen baititut.

Gaia, berriz, nola esango nuke inor iraindu gabe...? Emakumezko bat idazten hasten denean, luze gabe galdetuko diote hitzaldia emateko edo artikulua idazteko "Emakumea eta literatura" gaiari buruz. Emakumezko idazleak bere iritzia emango du, ahal bezain xuxen. Handik hilabete gutxira, mahai-inguru batera deituko dute, gai berberaz mintzatzeko; ongi pentsatua bada, aurreko artikulu harengatik deitu diotela usteko du, gajoak. Handik beste pixka batera, gai berorri buruzko hitz batzuk eskatuko dizkiote komunikabideren batetik, eta gaizki pentsatzen hasiko da, inork ez duela aditu orain arte esan duena eta inori ez zaiola axola.

Apuntatua nuen hitzorduko mahai-inguru horren gaia ere, nola ez, "Emakumea eta literatura" zen. Hizlariak, emakumezko idazleak, gai horri buruz dagoeneko hamaika aldiz idatzi eta mintzatu direnak. Ezer berririk entzuteko gogoz baino gehiago aspaldian ikusi gabeko lagunak agurtzeko asmotan joan behar nuen beraz. Baina, hora: hitzaldi hori ez zen existitzen.

Bertan behera gelditu ote zen? Ezta hori ere: ez hizlari batek ez besteak ez zekiten deus ere; inork ez zien deitu, ez abisatu, ez ezer eskatu. Nik amestu ote nuen deialdiarena? Ezta ere, idazleetako batek konfirmatu baitzidan beste pare bat lagunek ere deitu ziotela hartaz galdezka.

Horra, beraz, markaren marka: hartu gai topiko eta gastatu bat, hartu modakoak izan litezkeen hizlariak, antolatu hitzaldia, eta egin horren propaganda, hizlariei ezerto ere esan gabe. Diru-laguntzaren bat ere jasoko zuten, akaso.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.