Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2005 Azaroa 03 Espainiarik ez ala Espainia honi ez?
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

Duela 20-25 urte izan zen eztabaida: 80a baino lehen, inori ez zitzaion bururatzen soldaduzka EZ egitea posible zenik. Kontzientzi Eragozpenaren Mugimendua hasi zen lan horretan gure artean, objetoreak (insumisioarena geroago etorriko zen). Eta lelo erraz bezain sendo bat asmatu zuten: "Soldaduskarik ez" (z ala s, beste eztabaida luze bat: soldadutza hitza izan zen nolabaiteko irtenbidea).

Aldi berean, Jarraikoek ezin zuten begi onez ikusi bakezaletasun usain gehiegizkoa zeukan saltsa hura. Eta gainera ETA militarrarekin txoratuta zeuden, gerra irabaztea posible ikusten zuten batzuek. Lagun arteko eslogana "la mili con los milis" zen, baina kanpora begira beste bat erakutsi zuten: "Soldaduska honi ez".

Gauzen martxak erakutsi zuen Jarraikoen diskurtsoa lekuz kanpo zegoela, edo ez zeukala gazteen artean arrakasta lortzeko gutxieneko aukerarik. 85erako nahiko garbi ikusten zen hori. Garaitsu hartan onartu zuen PSOEko gobernuak objezioaren legea, ordura arteko eragozleak amnistiatzen zituena (tartean ni, iufi!) eta handik aurrerakoei ordezko zerbitzu soziala ezartzen. Orduan planteatu zen insumisioaren borroka, eta orduantxe aldatu zuten beren estrategia ezker abertzaleko gazteek.

Kontu zahar horiez gogoratu nintzen bart gauean, afaldu ondoren telebistaren aurrean eseri eta Kataluniako estatutu proposamenaren inguruko eztabaidaren hondarrak ikusten ari nintzela. Josep Lluis Carod Rovirari entzun nion esaten bazela Espainia itxi, inperial, harro bat, zeinarekin ezinezkoa den konpontzea, eta badela beste Espainia bat, irekia, elkarrizketazalea, dibertsitatea onartzen duena, eta horrekin badagoela hitz egiterik eta batera lan egiterik.

Banaketa hori PP-PSOE lerroarekin bateratzea zein faltsua den badaki nik bezain ongi Carod Rovira jaunak, baina une horretan halaxe formulatzea komeni zitzaion, beren apustu taktikoak aurrera egin zezan. Taktikak taktika, eztabaida sakon eta guztiz interesgarria dago hor abertzaleentzat: Espainiarik ez, ala Espainia honi ez? Aznarren garaian estrategia biak batera joan zitezkeen, aurpegirik beltzena erakusten baitzuen Espainia horrek. Beste zerbaiten zantzuak ageri direnean, berriz, posibilismoa, pragmatismoa, errealismoa indarra hartuz doaz.

Soldadutzaren kontrako borrokan ez bezala, kasu honetan zailagoa dela ematen du Espainiatik guztiz alde egitea Espainia bestelakoa imajinatzea baino. Ikusi egin beharko, zenbateraino urardotzen dieten proiektua, eta zenbateraino katalandu litezkeen euskal sozialistak.

Xabier Mendiguren 2005/11/03

Re: Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

Patxi — 2005/11/03 10:28

Neu ere intsumiso izan nintzen, eta gogoan daukat lagun batekin izan nuen eztabaida: berak, Jarrai-en orduan, soldadutza egin egin behar zala zioen, barrenetik burrukatzeko, eta neri teoria hori hain egiten zitzaidan ulertezina, ikuspuntu iraultzaile batetik begiratuta ere!


Gure burua Espainian eroso sentitu? Hori ere ulertezina egiten zait. Batez ere, Espainia horretan hartuko liratekeen erabaki inportanteenak binkulanteak izango liratekeelako. Txikiak gera, eta tragatu egin behar beti.


Neri ez zait ahazten adibidez, OTANen barruan gaudela, eta gerra eroren bat Marokorekin adibidez, Zergaitik ez? Gogoratzen Perejil? bete betean eragingo ligukeela. Intsumisooi ere bai.


Nere aukera? Monarkia. Mendiguren errege. Ni sekitoan protokolo arduradun, eta kortea emakumez beteta.



Re: Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

markos zapiain — 2005/11/03 11:01

hori zori ona zuena, soldadutza egin nahi ez eta lortu


nik berriz sekulako ilusioa nuen soldadutza egiteko, oso istorio liluragarriak kontatzen zizkiguten Lazkao Txikik eta bestek, pistola bat zelan dabilen ikasi, zulotik begiratu, etsai ankerrarengandik babestu, maniobrak, gorputza zaildu, soldadutzan ikasirikoa gero eguneroko bizitzan aplikatu...


baina ene nortasun bikoitzagatik eta orain kontura ez datozen hainbat inperfekzio fisikorengatik inutiltzat jo eta ez ninduten onartu



Re: Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

Jozulin — 2005/11/03 13:24

Badaezpada, biharamunean bertan eragozle aurkezteko paperak eskuan nituen. Baina prorroga guztiak agortuta eta 10etik 3 libratzen zireneko zozketan libratu nintzen, igande batez, 1986ko azaroaren 17an. Hura mozkorra! Eta hura astelehena!


Orduko kontzientzia eragozleen mugimenduko zenbaitek ez zuten batzuek egin genuena onartu. Zozketan ez genuela parte hartu behar leporatzen ziguten...



Re: Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

asel — 2005/11/04 12:57

Zailagoa iruditu arren, hobe Espainiarik ez. Eta Frantziarik ere ez, hau benetan amets oso urruna izanda ere. Espainia barruan, modu batekoa zein bestekoa izanda, beti eukiko du Espainia horrek azken hitza, eta gaur onartzen diguna bihar ukatzeko gaitasuna. Independentzia osorik gabe beti mendeko... Horretarako, lasterketa handietan lez, etapaz etapa joan behar dela? Zalantzarik ez, baina zenbat eta etapa gutxiago hobe, ostantzean lasterketa inoiz ez bukatzeko arrisku handiagoa...
Nire erantzuna, beraz, berbera soldadutza zein Espainiarentzat. Nik beti esan nien soldadutza GUZTIEI eta armada GUZTIEI ez...



Re: Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

matxalde — 2005/11/04 12:58

-Hi soldatua haiz?
-Ez, ni pieza batekoa!


Egin genuen, egin. Zenbat berunezko soldadutxo! Eta kaskoa jantzita, ez balak eragozteko, ez, kanpotik zetozen ideiak eragozteko baizik.



Re: Espainiarik ez ala Espainia honi ez?

Aritz — 2005/11/04 14:27

Ni ez nintzen intsumiso izan, soldaduska egitea egokitu zitzaidanerako ez baiztegoen jada soldaduskarik. Hala ere, Iruñean instumisioaren alde egiten ziren manifestaldi gogoangarriak gogoratzen ditut. Haietan abesten genuen lelo polit bat ere bai: La mili no mola ni vasca ni española!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema