Hemen zaude: Hasiera Blogak Nire uste harroan Artxiboa 2005 Iraila 16 Kaos jeniala
Dokumentu Akzioak

Nire uste harroan

Kaos jeniala

"Obaba"rekin zabaldu ondoren, Winterbottom britainiarraren "A cock an bull story" (Zakilaren eta zezenaren istorioa) eskaini digu Zinemaldiak, literaturazko obra batean oinarritua hau ere, Laurence Sterneren "Tristram Shandy" nobelatik abiatzen baita, oso modu berezian hala ere.

Michael Winterbottomek ondo erakutsia du, bere orain arteko filmografian, gauza guztiz diferenteak egiteko gai dela, aldaketa eta ustekabea maite dituela, eta egundoko trebezia duela produktu horiek guztiak gauzatzeko. Komedia urbano zoragarria zen "Wonderland", erdi-dokumental zirraragarria "In this world", ganberrokeria arraroa "Nine songs".

Ikonoklastia horrekin heldu dio Laurence Sterneren "Tristram Shandy"ri, literatura ingelesaren klasiko handienetakoa izan arren, bere izaera lokabeagatik filmatzeko guztiz gaitza suertatzen zen nobelari. Eta emaitza, pelikula dibertigarri eta bikaina.

Moldaketa bere kasakoa asmatu du zuzendariak, liburuaren edukitik pasadizo bakan batzuk hartuta, baina bai haren doinu jostalari eta ironikoa. Zinemaren barruko zinema formula ezaguna aukeratu du horretarako, alegia, pelikula egiten ari direneko gorabeherak, eztabaidak, azpikeriak, parrandak, zalantzak eta abar erakutsiz (Felliniren "Zortzi eta erdi", Truffaut-en "La nuit americaine" eta beste adibide ezagunen antzera).

Itxura kaotikoa du guztiak, errodajeak eurak izaten omen diren moduan, baina azpian, bizitza bera erakusten digu Winterbottomek, epika eta dramatik urrun baina, hala ere, bere poz eta miseriak iradokiz, emozio eta adimenez. Stanley Kubrick baten maisutasun teknikoarekin (haren "Barry Lindon"i egindako keinuak badira hemen)baina alaitasun bizizale eta gustagarri batekin. Iazko "Nine songs" porno-rockero hark halako gustu gazi-gozoa utzi bazigun, aurten bete-betean asmatu du. Zorionak!

Xabier Mendiguren 2005/09/16
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.

Azken erantzunak
herri hizkera egoitz, 2009/10/28
liburua julen, 2008/11/29
Emakumeen eragina Amatiño, 2008/03/08
sketxa xipri, 2008/03/07
Etiketa lainoa
Alberto Barandiaran Amezketa Antzerkia Arte plastikoak Artikulu kulturalak Editore lanak Liburu kritikak Philip Roth Politika Saski Naski Sorkuntza Tene Mujika beka sexua literaturan tortura zinema