Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Isilak eta berritsuak

xme 2005/03/31 09:40

Elgoibarko astekaria da "Barren", herri prentsan egiten direnetan onentsuena, eta berriki Susana Mujikari egindako elkarrizketa irakurri dut bertan. Susana Mujika kazetari handia da; beste komunikabide-mota batean ere ez litzateke seguru asko gaizki moldatuko baina irratian egundokoa da, mikroa eta ahotsa bata bestearentzat eginak direla pentsarazten dizutenetakoa.

Ez nabil ez Barren ez Mujika aparrez eta abarrez igurzten ordea. Xehetasun txiki bat komentatu nahi nuen. Galdetzen diote Mujikari nor elkarrizketatuko lukeen gustura, eta berehala erantzuten du Susanak: "Mikel Laboa eta Xabier Lete".

Laboak eta Letek gauza asko dituzte elkarren pareko egiten dituztenak: inguru berean jaioak dira, denboran ez oso urrun; biak ere kanpoan ikasten ibilitakoak, 1960tik aurrera euskal kultura berpizten eta berritzen lan handia egindakoak, biak ere "Ez dok amairu" mugimenduko kideak, euskal kantari ezagunak, nortasun bereziko ahotsen jabeak, gu denon oroimenean dauden abesti hilezkorren egileak.

Pixka bat ezagutuz gero, ordea, antagonikoak dira. Izaera kontuetan gehiegi sakondu gabe, Susana Mujikari gehien axola zaion arloari dagokionez, Xabier Lete dela, esango nuke, euskaraz ezagutzen dudan komunikatzailerik onena: hiztun oparoa, ideien kateatzaile bikaina, ahots sendo eta esateko modu zoragarria duena... Leteren kantaldi batean (aspaldian halakorik ikusteko zorterik ez) gozamen hutsa izaten da kantu bakoitzari egiten dion sarreratxoa ere.

Laboa, berriz, guztiz kontrakoa. Esan nahi baita, hiztun txarra, txarrik bada. Hau ez da kritika bat, konstatazio hutsa baizik, eta Mikelek ondo asko daki zein diren bere dohainak eta bere mugak. Norbait harengana baldin badoa bere kantuek isurtzen duten sentiberatasunaren pareko argitasuna aurkituko duelakoan, zapuztuta geratuko da, gizon horrek aura hori nondik nora daukan galdezka. Eta hala ere, magikoa da Laboak bere abestiei ematen dien ukitua...

Susana Mujikarentzako erronka...

Etorriko da zure soaz heriotza...

xme 2005/03/30 08:00

Paveseren poeman edo harekin Letek egin zuen abestian bakarrik izan liteke heriotza ederra. Errealitatean, askoz gauza xaxtarragoa da, arruntagoa, tristeagoa. Hurbil tokatzen zaigunean, ez zaigu etortzen burura ideia liriko ederrik; pena handi bat soilik, hutsune moduko bat; hori betetzeko asmatu omen zuten erlijioa...

Orain dela aste batzuk Zorroagako beilatokiko 8. gelan izan nintzen, hantxe baitzegoen nire lankide baten emaztea, urtetan pairatu zuen gaitz endekapenezko baten ondorioz hila.

Gela berean egokitu nintzen atzo, bat-batean bihotzekoak emanda hil zen lagun baten gorpua ikusten eta haren etxekoei besarkada bat ematen.

Bereak eta bi sufritu zituenaren pena batean; ez oinazerik ez abisurik gabe joan zen bestea, baina despeditu ezinaren mina geratu zaie familiako eta lagunei, zenbat maite zuten esan gabe geratu direla...

Eta poetak halakoetan ez daki zer esan. Eta hobe du isilik geratu.

Aberri Eguna pasa eta gero

xme 2005/03/29 11:50

Orson Wellesek 1955ean film dokumental bat egin zuen Euskal Herriari buruz, "The Basque Country" izenekoa. Orain dela urte batzuk ikusi nuen ETBn, eta berriki aipatua ikusi dut Argia-n. Buruak huts egiten ez badit, foklore kutsuko irudi xarmagarriz osatua zegoen, Larruquert, Medem eta abarren tradizioaren aitzindari moduan edo. Deigarriena, baina, beste zerbait egin zitzaidan, eta xehetasun hau argi asko daukat oroimenean iltzatua.

Filmaren hasieran, Orson Welles bera ageri da, Nafarroa Garaia eta Lapurdi arteko mendi-gain batean (Ibardin, Lizuniaga edo halakoren bat), alde bietara paisaia zabala ikusten dela. Eta, eskuaz kamerari erakutsiz hartu beharreko bidea, hala dio: "Hau Espainia da; beste hau, berriz, Frantzia da. Baina alde honetako bizilagunak ez dira espainolak, eta alde honetakoak ez dira frantziarrak".

Definizio polita da, dudarik gabe, zuzentasun politiko gutxikoa izan liteke baina. Gaur egun, berriz, beste formula bat erabili ohi dugu, antzekoa baina ez igualekoa. "Hau ez da Espainia, ezta Frantzia ere", esaten da. Eta, egia osoa aitortzen hasiz gero, beste hau erantsi beharko genuke: "Baina alde honetako bizilagunak gero eta espainolagoak gara, eta alde honetakoak gero eta frantsesagoak".

Zer falta da?

xme 2005/03/23 11:12

Orain aste batzuk pelikula bat aipatu nuen hemen, "Um filme falado" Manoel de Oliveirarena; ikusi berria nuen eta hartaz zerbait komentatu nahi nuen, baina, orduko hartan esateko gauza askotxo, nonbait, eta hurrengorako utzi nuen. Gauzak beti geroko uzteak zer dakarren badakigunez, heldu diezaiodan behingoz agindutakoari.

Oliveira portugaldarra sormenaren iraunkortasunaren kasu harrigarri bezain ederra da: 95 urte beteta, zinema egiten jarraitzen du, oso modu pertsonal eta fresko batez, eta Europako kritikaren txaloak jasoz. Nik, hala ere, ezin epairik eman, hauxe baita ikusi diodan lehenengoa.

"Un filme falado" hau pelikula bitxia da berez, bidaia baten kontaketa izan arren film estatikoa, ia narraziorik gabea; ekintzarik ezean, hitza da protagonista nagusi, baita seguru asko sakoneko gaia ere. Argumentua erraza da laburtzen: ama gazte bat, Rosa Maria, historia-irakaslea unibertsitatean, bere alabarekin batera doa bidaian, senarra zain duten lekurantz; presarik gabeko bidaldia da, Mediterraneoan zehar itsasontziz egina, eta geldialdi ugari egingo dute tartean, tokian tokiko berezitasunak ikusteko eta jendearekin hitz egiteko baliatuko dituztenak: Marseillan, Ponpeian, Atenasen, Istanbulen...

Solasaldi horietan gure mendebalde honetako historia laburbiltzen da, antzinatik gaur egun arte, eta zibilizazio honen erroez hausnartzen da, nolabait. Filmaren bigarren erdia are estatikoagoa da, eta lehen parteko proposamen eta gaietan sakontzen du: solasaldi luzean arituko dira itsasontziko kapitaina (John Malkovich, jatorri poloniarreko anglosaxoiarena egiten duena, Joseph Conrad berri bat balitz bezala) eta eskaletan barrena bertara igo diren hiru bidaiari, hiru dama handi, beste hainbat herrialderen ordezkari: Catherine Deneuve frantziarra, Stefania Sandrelli italiarra eta Irene Papas greziarra.

Hizkuntz nahasketa xelebrea daukagu filmean, nor bere hizkuntzaz mintzo baita: portugesez, ingelesez, frantsesez, italieraz, grezieraz... Rosa Maria pertsona jantzia eta poliglota da, eta naturaltasunez jasotzen dugu hizkuntzen anabasa hori (grezierarena geratuko litzateke errealismotik aparte samar). Berriketa bera, nire ustez, ez da bereziki interesgarria, eta amaieran helarazi nahi zaigun mezua hitzaren eta basakeriaren arteko kontrastea izan liteke. Deigarriena, baina, ez da pelikulan dagoena, ez dagoena baino. Ez al zarete ohartu? Tokietan, pertsonaietan, hizkuntzetan... Mediterraneoaren alderdi europarreko herri nagusi guztiak aipatu ditugu, salbu eta... espainiarrak.

Eslaviarrak eta albaniarrak ere falta dira, egia esanda, baina kasu honetan ezezagun samarrak zaizkigula aitortu behar. Espainolen kasuan, ordea, ezin esan Oliveirak Espainia ezagutzen ez duenik. Zergatik ahaztu ote ditu hortaz penintsulako bizilagunak? Erantzuna Oliveirak berak eman beharko luke. Nik, besterik gabe, euskal literaturaren historia txikiko pasadizo bat agintzen dizuet, honekin loturaren bat eduki dezakeena, eta ea ez naizen aurrekoan bezainbat berandutzen agindutakoa betetzen.

Panfletoak direla-eta

xme 2005/03/22 08:00

Joxe Azurmendik 1968an idatzi zuen bere "Manifestu atzeratua" ospetsua, hitz hauekintxe hasten zena: "Gure herriak ez dauka kondairarik. / Pobrea da. Ez dauka / pirata koxkor pare bat / langile sofritu batzuk, / muga zentzugabe asko, / mila zorigaizto / besterik. Ez da gutxi." Hitz horien atarian, baina, ohar bat ipini zuen: "Panfleto bat idatzi nizun / kondenatu nahi banauzu / injustiziarik kometa ez dezazun."

"Manifestu atzeratua" euskal literaturako testurik inportanteenetako bat iruditzen zait: kalitatez, indarrez, eraginez... Eta ez naiz ni hori dioen bakarra. Sarreratxo horrek, berriz (eta oraintxe ohartu naiz horretaz), Joxe Azurmendi gure arteko lehenengo idazle postmodernoa bihurtzen duela esango nuke, nolabait (nolabait hori azpimarratu behar, badaezpada).

Intelektualen tradizio modernoak edozein kausaren aldezle kualifikatu bihurtua zuen idazlea, gutxienez Emile Zola-ren "J'acusse" ezagunaz geroztik. Idazlea libre izango zen bere gogoko kausa hautatzeko, eta baita isiltzeko ere, baina denek hartuko zuten aintzat haren hitza, sinesgarritasunezko plus bat balu bezala, eta gizartearen gainean eragin zalantzarik gabea. Azurmendiren jarrera postmodernoa da, kontzepzio horren kontrakarrean ironia sartzen duelako: ez du konpromisoa ukatzen, baina ez du fede handirik bere hitzen ahalmen konbentzigarrian, aldez aurretik ematen baitie "panfleto" izena.

Niri ere egokitu izan zait inoiz edo behin panfletoren bat idatzi beharra. Azkena, atzo bertan, AHT Gelditu Elkarlanekoek eskatuta. Agintariren batek esan omen du, AHTren kontrakoek ez dakitela zer nahi duten, ez dutela logikarik eta ea astoz ibiltzera itzuli nahi ote duten. Lemoiz egin ezean azak jan beharko genituela esan zutenean bezala, gutxi gorabehera. Ba, hari erantzuteko testu ironikoren bat idatziko ote nuen edo.

Ezetz esaten baneki... "Ella siempre dice sí" filmaren bertsio maskulinoa naiz ordea. Eta egin nien testua. Panfleto hutsa, baina Azurmendirenaren kalitaterik gabea: demagogikoa, jeneralidadez betea... Nahiago nuke nire sinadurarik gabe geratu balitz, baina AHTren kontrakoek fedea dute nonbait idazlearen sinesgarritasun-plusean, eta umiltasunak, batzuetan, zintzilikatu nahi dizkiguten berunezko dominak onartzea eskatzen du.

Horra, beraz, delako testua, literaturaren inongo historiara pasatuko ez dena, eta hala hobe:

ASTAKILO BATEK JAUN ZALDUNARI

Jaun zaldun horrek dioenez,
ez omen dakigu zer nahi dugun
Abiadura Handiko Trenaren kontra egiten dugunean.
Arrazoi izango du berorrek: ez dugu jakingo zer nahi dugun
baina ondo asko dakigu zer nahi ez dugun:
lurraldea txikitzea, basoak porlanez betetzea, natura ezpataz akabatzea.

Jaun zaldun horrek dioenez,
ez omen daukagu logikarik
Abiadura Handiko Trenaren kontra jartzen garenean.
Gurea ez baizik berorrena bai logika ederra:
Datozela bulldozerrak eta bulldog txakurrak, motozerrak eta eskabadorak,
has daitezela denak martxan eta lanean,
haien burrunbak txin-txin soinua ekarriko baitu,
eta diruaren txin-txinak botoaren hotsa.

Jaun zaldun horrek dioenez,
astoz ibili nahi omen dugu
Abiadura Handiko Trenaren kontra ari garenok.
Berriz ere zuzen egongo da berori:
astakilook zer esango dugu ba astakeriak besterik?
Jaun zaldunak, ordea, bai ederki zaldi gainean, bai dotore bere limusinan,
bai azkarra bere abioian, bai bizkorra bere tren berrian...
Eta bai pozik gaudela astakiloak berorren zaldi, limusina, abioi eta trenak
ordaintzen dizkiogunean.

Berekoikeriaren laudorioz

xme 2005/03/21 10:14

Aurreko batean lagun batek mezu bat bidali zidan eta, bertan, nik lehenago azaldutako kezka baten inguruan, neurekoiago jokatzeko aholkatzen zidan; ez dakit lagunak arrazoi zuen edo ez, kontu hark ez du garrantzirik gainera hemen agertzeko, baina lagunaren hitzek gogora ekarri zidaten aspaldi samar ikusitako film bat.

"Uranus" du izena pelikulak, eta Claude Berri zuzendari frantsesak egina da, Marcel Aymé-ren izen bereko nobelan oinarrituta. Kasualitate hutsez ikusi nuen, telebistan ordu txikietan, eta txundituta utzi ninduen. Berri-k joera eta sentiberatasun bereziak ditu lan literarioak zinemara egokitzeko, hala erakutsi zuen "Manon des Sources" eder hartan ere, baina "Uranus"ek bazuen beste interesgune bat ere, historikoa deituko nukeena.

Bigarren Mundu-Gerraren amaiera-garaian Frantziako herri koxkor batean dago kokatua filma. Hitler ez da oraindik errenditu, baina Frantzia aldetik uxatua dute dagoeneko. Herrian etxeen erdiak puskaila bihurtu dituzte aliatuen bonbardaketek, eta zutik geratu diren etxebizitzetan sartu behar izan dira, nola edo hala, eraikin hondatuetako biztanleak. Hala eta guztiz, halako bor-bor batean bizi da herri osoa, garai berri baten irakinaldian.

Hamaika filmetan ikusi dugu Bigarren Mundu-Gerrako Frantzia, eta denetan herri osoak egiten du Erresistentziarekin bat, Nazi malapartatuen kontra. Hori da bertsio ofiziala, eta ez hori bakarrik: herri oso batek bere buruari kontatu dion gezurra. Errealitatean hamarretik bat baldin bazen erresistentziaren aldeko eta beste bederatziak alemanekin lasai asko bizi izan zirenak, alderantzizko ipuina asmatu da gero: hamarretik bederatzi erresistente, eta bat kolaboa. Oso jakingarria da kontu hauetaz hitz egitea garai hura ezagutu izan zuen Iparraldeko jendearekin. Gaiak, hala ere, kasik tabu izaten jarraitzen du Frantzian, eta horregatik harritu ninduen horrenbeste Berriren filmak.

"Uranus"en ez da gerrarik ageri; gerraostea estreinatu berri dute, eta bere historia berrinterpretatuko duen mitoaren sorrera-prozesua ageri da. Ederki asko erretratatzen ditu filmak garaileen gurdira igo direnak: komunista sutsu bihurtu den moxkortzioa, alemanekin negozio oparoak egin ondoren agintari berriei eskupeko ederrak banatzen dizkien estraperlista...

Hala ere, eta hauxe zen nire gogoeten iturria, bada pertsonaia bat, filmean Philippe Noiret-ek gorpuztua, miseria moralezko ikuskizun horren aurrean halako jarrera kontenplaziozko eta gupidatsu bat hartzen duena. Haren lagun bat sinetsi ezinik dago, hainbesteko hipokrisia eta zurikerien aurrean, eta Noiret-ek esaten dio: "Zergatik asaldatu? Begira iezaiozu kattagorriari udazkenean: hurrak eta intxaurrak nondik inguratuko dabil heriosuhar, bere zuloa nola bete beste kezkarik gabe, eta berekoikeria hori hunkigarria iruditzen zaigu. Zer besterik egiten dugu ba gizakiok, taloa beste aldetik erretzen hasi denean?"

Horra egoismoaren ikuspegi errukitsua, zer pentsatua eman dezakeena; benetako egoistek ez dute halako aitzakien beharrik ordea.

Munduko argazkirik onena

xme 2005/03/18 08:00

Robert Caparen biografia bat prestatzen nabil egunotan. Hobeto esanda, eta gaizki-ulerturik egon ez dadin: Edorta Jimenezek idatzi du Robert Caparen biografia hori, eta ni editore-lanak egiten nabil, inprimategira bidaltzeko.

Capa fotoperiodismoaren aitatzat jotzen dute askok. Bereak dira XX. mendeko argazki ezagunenetako batzuk, batez ere Espainiako Gerra Zibilean egindakoak: milizianoa tiroak jota erortzen denekoa, Bilboko Arenalean ama-alabak korrika eta zerura begira hegazkinen beldurrez, nazioarteko brigadisten agurra ukabilak estututa eta begiak malkotan...

Capak esana omen da, gerrako argazkiei buruz: "Ez dela nahi bezain ona? Seinale ez zarela aski hurbildu".

Dena dela, ez da hau Capaz hitz egiteko ordua. Itzuliko naiz liburua ateratzen dugunean. Kontua da, Caparekin bueltaka nenbilelarik, eta Donostian egingo den DFoto azokaz pentsatuz, inoiz ikusi dudan argazkirik onena etorri zaidala burura. Argazki hori ez duzue ikusiko inongo erakusketatan, ez ezein liburutan. Eta ez nik gordeta daukadalako, ez: argazki hori ez da existitzen, inoiz atera ez zelako.

Adarra jotzen edo arte kontzeptualaren filosofokerietan nabilenik pentsatu baino lehen, kontatuko dizuet zein den niretzat argazkirik onena, eta zergatik.

Bi mila eta bateko abuztuan izan zen. Donostiako Aldamar kalean. Bat-batean egundoko zartatekoa. Kotxe bat geldirik. Kea, sua, garrasiak. Lehergailu txiki batek egin zuen eztanda auto barruan, eta han geratu zen hilda Maritxu Erauntzetamurgil, 62 urteko emakumea, eta besotan zeraman haurra, 16 hilabeteko Jokin Galarraga, begi biak eta burmuin zati bat galduta.

Hantxe parean egokitu zen Donostiako egunkari batean lan egiten duen argazkilari ezagun bat. Autoaren ondo-ondoan. Lepotik zintzilik argazki-makina, eta aldean beste zakuto bat, beharrezko zoom, flash eta abarreko guztiekin. Bere bizitzako argazkia egiteko aukera hantxe bertan: bihar lehenengo orrian zabal-zabal, etzi Europako egunkari guztietan, etzidamu ez dakit zer sari...

Argazkilariak hartu zuen umea, hartu zuen bere motorra, han ondoan zeukana, eta ziztu batean eraman zuen Erresidentziara. Bere bizitzako argazkiari uko eginda. Munduko argazkirik onena eginda.

Post datak:

  • Lehergailu haren jatorria ez da inoiz argitu, baina Estatuaren estolderietako usain guztia dauka (Muskizko hondartzakoak bezalaxe).
  • Argazkilariari demanda egin omen zioten bere egunkarian, esanez aurrena argazkia egin eta gero lagundu behar ziola umeari. Non demostratzen den, batzuetan behintzat, hobeak garela pertsonak egiturak baino
  • Argazkilari hori ez dut inon ikusi bere buruari dominak jartzen, beraz isilpean gordeko dut nik ere haren izena. Nahikoa izan beza bere barreneko harrotasuna, eta beste askoren mirespen isila.

Manhattango party batean

xme 2005/03/17 09:25

Berria-rentzat egindako artikulua, Dorothy Parker-en Narrativa completa komentatuz (Debolsillo argitaletxea, 2004 urtea, 640 orri).

Dorothy Parker-en istorioak irakurtzean, lehenengo aldia izanda ere, mundu ezagun batean mugitzen zarela irudituko zaizu. Izan ere, New Yorken, 1920ko eta 30eko hamarkadetan, alkoholaren debeku-aldian festarik festa dabiltzan gizon eta emakume horiek eta beren arteko sesio merkeak aspaldidanik bizi dira gure imajinarioan, zinema amerikarrari eskerrak.

Hau ez da zinema ordea. Dorothy Parker XX. mendeko lehen erdiko idazle handi bat izan zen, ipuingintzaren "maisua", baldin eta hitz hau emakume bati egokitzerik badago (ipuingintzaren "maistra" deitzeak iraingarria eta guzti irudi lezake). Emakumezkotasuna datu inportantea da egile hau aztertzean: badirudi andrazkoa izateak, kritikari gizonezkoen begietan, gutxietsiarazi egin zuela haren literaturaren balioa, kostunbrismo urbano eta sentimentalera mugatuz edo; gaur egun, berriz, goraka dator haren estimazioa, eta emakumeei ukatu zaien lekua aitortu beharrak ere izango du horretan zerikusia.

Arrazoia zeinahi dela ere, eta generoak genero, poztekoa da kanonean sartze hau. Gizon-emakumeez hitz egiten digute Parker-en istorioek, gizon-emakumeen arteko harremanez, harreman horien korapilo ugariez: sedukzioa, jelosia, bakardadea, ulertu-ezinak, asperdura... Pertsonen arteko harremanen irudi ezkor samarra marrazten da orri hauetan (ala ezkorra ondo informaturiko baikorra dela esan behar ote dugu guk ere?): sexuen artean ohikoagoa da gerra maitasuna baino; norbait amultsu eta eskuzabala denean, besteak zapaldu eta zukutzeko aprobetxatzen du; ergelak eta harroak dabiltza nonahi jaun eta jabe...

Doroty Parker bera, bere pertsonaien antzera, New Yorken bizi izan zen (New Jersey-n jaio zen 1893an eta Sagar Handian hil 1967an), hotel eta party artean mugitu zen, hainbat ezkontza eta dibortzio izan zituen, eta festak alaitzen dakiten mihizorrotz horietakoa omen zen. Dena dela, bere pertsonaien antza emango lioketen ezaugarri horiez gainera eta harago, idazlea izan zen, obra oparoaren egilea: poesia, literatur kritika, Hollywoodeko gidoiak eta, batez ere, ipuinak, bere garaiko aldizkari inportanteenetan argitaratu ohi zituenak (batez ere The New Yorker eta Harper's Bazaar).

Parker-en ipuinetan arina da idazkera, azkarra izan dadin irakurketa, eta zehatza da pertsonen erretratua; elkarrizketa darabil sarritan teknika narratibo nagusi gisa, giza jokaeren erakusgarri (edo estalgarri), baita bakarrizketa ere, arima biluzien adierazgarri. Bere ezaugarri nabarmenenetakoa aipatu gabe daukagu oraindik ordea: umorea. Gaiak arinak eta txoroak ditu batzuetan, besteetan (itxura friboloaren azpian izanik ere) larriagoak, serioak baitira azken batean bihotz bakartiaren desanparoa, sufritzen ari denak harri berean estropezu egiteko daukan joera (patua?), klase, heziketa edo arraza-diferentziek harremanetarako sortzen dituzten eragozpenak Baina ia beti aurkitzen du egileak umorerako zirrikitua. Umore newyorktarraren sortzaileetakoa dela esan izan da, eta baliteke hala izatea, gaur egun eredu hau nonahikoa badugu ere: ironian oinarritzen da, ez du bilatzen algara baizik eta etengabeko irria, hartzaile inteligentearekiko konplizitatean ari da, ia ezer salbatzen ez duen ikonoklastia praktikatzen du, zinismoan ere eroso mugitzen da

Ia ezer ez duela salbatzen esan dut, baina komeni da muga non duen aipatzea: umore krudela darabil handiusteko, boteretsu eta harroputzekin, eta errukia sortzen diote koitaduek, galtzaileek, bere bizimodua nola zuzendu ez dakitenek. Ez dakit hori newyorktarra edo parkertarra den, baina ez da ahaztekoa. Nik uste.

Aitor Zuberogoitia: "Prentsa elebiduna aho biko ezpata da euskararentzat"

xme 2005/03/16 08:00

"Bidegorriak hizkuntzentzat (Euskarazko komunikazio-esparrua trinkotzeari buruzko burutazioak)" liburu mardula kaleratu berri du Aitor Zuberogoitiak (Etxebarria, 1972). Gaur EHUn kazetaritzako irakaslea da Zuberogoitia, baina urtetan komunikabide askotan lan egina da (Argia, Egunkaria, Bilbo Hiria, Topagunean herri-aldizkarietako koordinatzaile moduan...). Edukiz ez ezik proposamenez ere aberatsa den obraz bi hitz eskatu dizkiogu egileari.

"Bidegorriak hizkuntzentzat", orain argitara ateratzen den liburua, urtetako ikerketa baten emaitza da oker ez banago, eta lan luzeago baten laburpena. Argituko diguzu zer edo zer liburuaren sorreraz?

Hilabete honetan beteko dira urte bi liburu honen oinarrian dagoen doktorego-tesia EHUn irakurri nuela. Ikerketari, dena den, askoz lehenago ekin nion: egin kontu 1997an amaitu nituela doktorego ikastaroak eta orduan ekin niola euskarak prentsa abertzale elebidunean zeukan presentzia aztertzeari. Kontua da, ordea, gisa honetako ikerketak egiteko denbora behar dela, eta garai hartan nik zerbait ez baneukan horixe zela. Hala ere, gaiari buruzko informazioa biltzen eta liburuak irakurtzen aritu nintzen, harik eta Andoaingo Udalaren eta EHUren Rikardo Arregi euskarazko kazetaritza ikerketarako beka eskuratu izanari esker lanari bete-betean heldu ahal izan nion arte (2000ko irailetik 2002ko irailera bitartean).

Tesia egiteko dauden milaka gairen artean hauxe aukeratu zenuen. Zein izan zen arrazoi nagusia?

Egia esan, doktorego ikastaroak egiten niharduela literatur aldizkarien inguruan zerbait osatu guran ibili nintzen, lardaskan (Ustela eta bertatik sorturiko adar biak "Pott Bilbon eta Oh! Euzkadi Donostian- ikertu nituen batik bat), baina Txema Ramirez de la Piscina zuzendariarengana joaten nintzen bakoitzean hark berehala itauntzen zidan ea zein zen nire hipotesia, eta azkenean argi ikusi nuen literatur aldizkariekin ez neukala hipotesi garbirik, neuk ere ez nekiela zehatz zer defenditu behar nuen epaimahaiaren aurrean. Horretan nenbilela kazeta elebidunen gaia jorratzen hastea bururatu zitzaidan, eta han bai, eremu hartan defendatzeko moduko hipotesi argia ikusi nuen: alegia, kazeta elebidunak aho biko ezpata direla euskararentzat, haren gutxieneko presentzia duten arren, beronen garapen kuantitatibo zein kualitatiboa eragozten dutelako.

Kontzeptu-nahasketa argitzen laguntzeko

Zure ondorioari erreparatuta, baten batek esan lezake hori bistakoa zela, ez zela horrenbesteko ikerketarik behar; baina badira oraindik eredu elebidunaren alde egiten dutenak ere.

Neuk ere hori uste nuen, hori begi-bistakoa zela, baina hara non gerora entzun izan dudan unibertsitate-errektore abertzale bat euskaran oinarrituriko unibertsitate-egitasmoa kritikatzen (zera zioen zehazki gizonak: berak ez zuela unibertsitate linguistikorik gura); entzuna naiz, halaber (eta, zerrenda dezentez luzeagoa den arren, beste adibide bat baino ez dut aipatuko), Jaurlaritzako zenbait sailburu elebakartasunaren aurka eta elebitasunaren alde ahoak eman ahala, baina elebakartasun eta elebitasun sozialaz ala indibidualaz ari ote ziren zehaztu barik beti... Eliteen artean kontzeptu-nahasketa tamaina horretarainokoa bada, hortik atera kontuak... Iraganeko esperientzietatik ikasteko eta kontzeptuon inguruko gogoeta berritzeko baino ez bazen ere, merezi zuen saioak. Horrez gain, eta itaunaren bigarren atalari helduta, baiki, dezente dira oraindik eredu elebidunaren aldeko hautua egiten dutenak.

Lan akademikoa da neurri batean zure liburukoa, baina polemikoa ere bai. Nola uste duzu erreakzionatuko dutela hedabide elebidunetan dabiltzanek?

Ez dakit, baina ez naiz haiei ate-joka eta agiraka ibili zale (abilak baikara gu inorengana kontu-eske joaten). Gainera, liburuko tesi nagusiak ez daude haiei zuzenduta, (batez ere) euskaraz mintzo den komunitateari baizik. Liburuko pasarte bat ekarriko dut hona, kontua azaltzeko baliagarria izan daitekeelakoan: “Hedabide diglosikoek zer egin behar duten eurek erabaki beharko dute, baina, bistan denez, euskaraz mintzo den hizkuntza-komunitateak ezin ditu bere beharrizanak haien premietara makurtu; hedabideok eurok bilatu beharko dituzte euren eguneroko kontuentzako eta etorkizuneko desafioei zuzendutako aterabideak; euskaraz mintzo den hizkuntza komunitateari, aldiz, bere soluzio propioak bilatzen hastea dagokio, haien [hedabide diglosikoen] pentzudan geratu beharrean.”

Abertzale / euskaltzale: ikuspegi aldaketa

Beste alde batetik, erdaraz bizi den gizarteak ere behar ditu bere komunikabideak. Abertzaleek uko egin behar ote liokete haientzat erdaraz jarduteari, edo ze hizkuntz eredu erabili behar lukete, zure ustez?

Kontua abertzale / ez abertzale parametroetatik planteatuz gero, eztabaida horrek zentzua dauka, dudarik ez. Auziari euskararen ikuspegitik erreparatuz gero, ordea, ikusmira guztiz bestelakoa da. Iraganeko kazeta elebidun abertzaleen esperientzia aztertuta, behintzat, ondorioak garbiak dira:

-Urteak joan, urteak etorri, euretariko bakar batean ere ez da euskara-kopurua hazi (are: kasu gehienetan jaitsi egin da).

-Euskara, ñabardurak ñabardura (eta kasu, gauza jakina baita ñabardurak garrantzitsuak direla), leku periferiko, anekdotikoetara kondenaturik egon da kazeta horietan.

-Euskarari betelan hutsa ematen bazaio, gauza funtsezkoak erdaraz esaten badira, irakurlearen inkontzientean euskararekiko sendotuz doan ustea hori izango da: larre motzean ibiltzeko hizkuntza dela, balio sinboliko handia baina praktikotasun urria duen ikonoa dela; hots, beste hizkuntza dela zinez ezinbestekoa.

-Kontu anekdotiko-periferikoak lantzera kondenatuta egonik, bistan denez, ezin da hizkuntza horretan oinarrituriko komunikazio-esparru taxuzkorik eratu, ezin da iman-efektua eragingo duen komunikazio-esparrurik trinkotu, eta, ondorioz, ezin da auzokidearen jakin-minik ernarazi, ezin da irakurle hori norbere hizkuntzara erakarri.

-Conclusio: euskararen nagusitasunean oinarrituriko hedabideak sendotuta, ausaz (eta nahiko lan orduan ere) euskararik ez dakitenen arreta erakarriko dugu. Beste moduz jokatuta, ordea (ohartuki zein oharkabean), euskararen egoera diglosikoa betikotzen lagunduko genuke.

Ia hogeita hamar urteko bidaia egin duzu zure ikerketan, 1976tik hona, eta antzeko paradigmak errepikatu dira askotan. Lehen bezalatsu gaudela deritzozu, ala aurrera egin dugula?

Hogeita hamar urte baino gehiagokoa ere bada bidaia (Enbata dezente lehenagokoa da)... Edozelan ere, Amatiñok aipatutako hiru anekdota ekarriko ditut hona, bilakaera ondo ilustratzen dutelakoan:

  1. Deiaren bi erredaktore-buruetako batek, guztiz kazetari ona eta Unibertsitateko irakasle, benetan uste zuen (eta jendaurrean esaten zuen) euskara ez zela komunikazio-hizkuntza (el euskara no es lengua de comunicación), eta, ondorioz, alferrik ari ginela, euskara ez baitzen sekula komunikabideetan zabalduko eta normalduko. Hau 1977an esaten zuen, ETB sortu baino bost urte lehenago.
  2. ETB 1983an hasi zenean, ez genuen uste egunero albistegi bat euskaraz egiteko gauza izango ginenik eta, hortaz, ETBren lehen programazioa telebista elebidun bezala prestatu zen. Gero, azkenengo momentuan, Eusko Jaurlaritzak hartu zuen euskaraz bakarrik egitearen erabakia, irrati zein prentsa elebidunaren porrota aztertu ondoren.
  3. Euskaltzaindiak Real Academiaren titulua jaso zuenean (1975 inguruan), Euskaltzaindiak berak prentsaurrekoa eskaini zuen Durangon eta den-dena gaztelaniaz izan zen. Prentsaurrea amaitzear zela, galdera gehiago ez zegoela-eta, nik euskaraz galdetu nuen ea euskaraz galderarik egiterik ote zegoen. Inguruan nituen kazetariek irain edo probokaziotzat hartu zuten nire ausardia hura.

Horiek irakurrita, argi dago aurrera egin dugula, baina besteek ere aurrera egin dute. Interneti esker, adibidez, sekula baino errazago eta merkeago da euskarazko hedabideak plazaratzea, baina Interneti esker baita, hizkuntza handienek euren nagusitasuna are gehiago zabaltzeko tresna ederra daukate... Betiko moduan, beraz, aukerak eta arriskuak eskutik helduta datoz bizi dugun garaian ere.

Hizkuntza-komunitatearen sendotzea

Euskaraz egitea aski ote da, ala zerbait gehiago behar da? Autozentratzearen kontzeptua dela-eta galdetzen dizut.

Nik argi daukat euskaraz egiten duen edozein komunikabide euskal komunikabidea dela (aitzitik, oso abertzalea izanagatik erdararen baten nagusitasunean oinarritzen den hedabidea Euskal Herriko hedabidea izango da "edo EHko hedabide abertzalea, asko jota", baina ez euskal hedabidea). Hala ere, begitantzen zait euskaraz ari diren hedabideentzat premia estrategikoa dela barrurantz begiratzea, kanpokoaren halamoduzko kopiak egiten ibili ordez (kopiek originalek baino kalitate eskasagoa izan ohi baitute ia beti), eta uste horren ondorio da autozentramenduarena: hots, mundura zabalik izanda, norbere hizkuntza-komunitatearen kultur ondarean eta hari dagokion erreferentzia-sortan oinarritzea eta horren araberako komunikazio-esparrua prestatzen saiatzea, bertako kideak asebeteko dituzten komunikabideak eskaintzeko, horretarako albo erdaren erreferentzia-sistemez ahaztu eta norbere hizkuntza-komunitatearen kohesioa sendotuko duen erreferentzia-sistema propioa eraikita.

Zure azterketan ez da ageri enpresa berak hizkuntza desberdinetan jardungo duten hedabide bat baino gehiago dituen kasuak. Esaterako, EITB. Ba al duzu hipotesirik, bizikidetza horrek euskarari ze ondorio on edo txar ekar diezaiokeen?

Ez dut EITB barrutik ezagutzen eta ez dut gustuko ezagutzen ez dudanari buruz jardutea. Haatik, lagunez fidatzen naiz, eta telebistan ari diren edo aritu izan diren lagun gehienek diote oro har gaur egungo irizpideekin ETB1 ETB2ren parent pauvre izatera kondenaturik dagoela. Dena den, eta hau erantsita adierazi gura dizut ez daukadala erantzun biribilik, Euskadi Irratia ere EITB da eta gustura entzuten ditut bertako kirol saioak zein albistegiak (baina Euskadi Irratiko kazetaria ez dago kronika euskaraz eta gaztelaniaz egitera behartuta...).

Euskarazko hedabideen panorama izugarri zabaldu da azken urteotan. Sinergiak bilatu beharraz hitz egiten dute batzuek, baina egia da enpresa-talde bakoitzak bere estrategia daukala, eta batzuetan talka egiten dutela. Ba al da denentzako lekurik? Eta elkarlanerako biderik?

Izendatzen den oro posible ei da, izendatzen den mementotik, baina, ai, berba asko egin dut jada eta kontu sakonak dira horiek... Edozelan ere, gutxieneko elkarlan-esparru batzuk eratu ezean, akabo. Eta, egia esan, ibili badabiltza: irratiak saiatu ziren Arrosan, tokiko telebistek egitura bateratua lortu dute Tokiko-rekin, Topagunean bertan hainbat eragile desberdin daude federatuta, baita EKTn ere... Hala ere, begitantzen zait oraindik asko sakon daitekeela elkarlan horretan.

Zer egin arbitroa erosia dagoenean?

xme 2005/03/15 10:09

(LAB sindikatuaren "Iraultzen" aldizkariaren eskariz idatzitako artikulua, Aukera Guztiak taldea dela-eta)

Umeari sortzen zaion dilema etiko eta politiko goiztiarrenetako bat da. Futbolean ari da, edo beste edozein kiroletan; beharbada oso ona da, edo erdipurdikoa bakarrik, berdin dio. Halako batean konturatzen da arbitroa bestearen alde dagoela, nabarmen gainera, eta berak ahalegin guztiak eginda ere beste horrek "auzoko matoiak" irabaziko duela partida, nahi adina tranpa egiteko borondatea eta ahalmena dituelako.

Zer egin? Protesta izaten da lehenengo erreakzioa, alferrikakoa. Negarra eta kasketa etor litezke gero (neurriz gain arituz gero, patetikoa). Jolasteari uko egin eta etxera joatea bururatuko zaigu hurrena, guztiz naturala. Baina haurrak jolastu egin nahi du, jolastu beharra du, baloia auzoko matoiarena baldin bada ere.

Antzeko zerbait gertatzen da gure egoera politikoan. Legeak kanpoan eginak dira kanpokoak irabazteko; lege hori aski ez dutenean aldatu egiten dute, partidaren erdian behar izanez gero; eta, halaz guztiz estutzen baditugu, beraiena dute arbitroa ere, arauak komeni zaien moduan interpretatzeko. Horrela ez dago futbolean ibiltzerik, ez politikan aritzerik. Baina hala ere segitu beharra dago, jokatu beharra dago, bizirik gaudela erakusteko, eta, mila aldiz galdu arren, hurrengoan irabazteko esperantzari eusten diogulako.

Testuinguru horretan jaio da Aukera Guztiak: ekimen herritar bat, eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematiko eta bidegabearen aurrean, salaketarekin batera konponbidean lagunduko duen tresna praktikoa ere izan nahi duena, ahots guztiak entzun daitezen eztabaidagune guztietan. Baita Gasteizko Parlamentuan ere.

Asko dira horretara bultzatzen gaituzten arrazoiak: aspalditik arrastaka daramagun gatazkaren irtenbidea hurbilago egon litekeela sumatzen den garaian, denen partehartzea beharko da egiazko bake bat eraikiko badugu; herriaren borondatearen ispilu izan nahi duen erakundea ere hankamotz geratuko litzateke herri horren zati handi eta esanguratsua bertatik kanpo utziz gero; eta, azken batean, demokrazia batek nekez eutsi diezaioke izen horri herritar guztiek parte hartzeko eskubiderik ez badute, hautagai nahiz hautatzaile moduan.

Begi-bistako argudioak dira, edozein ideologiatako jendeak onartzeko modukoak. Horregatik hurbildu zaizkigu horrenbeste gizon eta emakume, beren animoak eta zorionak ematera, beren sinadura eskaintzera hautes zerrendak aurkeztu ditzagun legearen arabera.

Eta, hala eta guztiz, legez kanpo utzi nahi gaituela esaten dabil Estatuko Fiskal Nagusia, guztion eskubideak bermatzeko ardura izan behar lukeen gizona. Ez dut esango ulertzen ez dudanik, edo harritzen naizenik. Aspaldi gainditu genituen herri honetan harriduraren edo ulermenaren marka guztiak. Baina idazteko ohitura dugunok gauza bakoitza bere izenez izendatu behar dugunez, astakeria eta bidegabekeria dira Fiskal nagusiaren asmoari dagozkion hitzak. Bidegabekeria, justiziaren kontrakoa delako; eta astakeria, bakera eraman gaitzakeen bidearen kontra doalako.

Futbolaren analogiara itzulita, zinemazaleek gogoan izango dute "Evasión o victoria" (Escape to victory) izeneko filma: II. Mundu Gerran, naziek partida bat antolatu dute beren armadako futbolari onenen eta preso dauzkaten etsaien selekzioaren artean. Baldintzak ez dira inola ere berdinak: aliatuak presondegietan goseak ahuldurik daude, ez daukate entrenatzerik, eta arbitroa ere alemaniarretako bat da, bere nagusiaren morroi zintzo eta esanekoa. Partidaren helburua Hitlerren propaganda egitea da, normaltasun-itxura emateaz gainera bere herriaren nagusitasuna erakusteko. Hala eta guztiz, futbolari presoek jokatzea erabakitzen dute, irabazteko esperantzaz baino gehiago beste zer edo zer lortzeko itxaropenez.

Ez da konparazio biribila, noski. Gu ez gaude kontzentrazio-zelaietan, eta gure aurrean ez daukagu nazien Alemania. Besterik gabe esan nahi nuen jokatzen jarraitzeko asmo sendoa daukagula, jokoan dagoena ez baita, umetan bezala, baloiarekin dibertitzea, baizik eta gure herriaren etorkizuna.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.