Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan

Enpatiaren bila

xme 2005/01/13 07:51

(Igor Estankonaren "Ehiza eta nekea" poema-liburuaren iruzkina, joan den larunbatean Berria-n kaleratua)

Urte-amaieran, modu klandestino samarrean eman ditu Kutxak argitara Irun Hiria literatur saria irabazitako lanak, tartean Igor Estankonaren liburua, poesia alorreko sariduna. Egilea ezagutzen genuen, ordea, eta guretzat ez zuen promozio behar handirik. Zain geunden noiz aterako, eta gogoa asebeterik utzi digu.

Hirugarren poema-liburua du dagoeneko arratiarrak. “Anemometroa” zoragarri harekin estreinatu zen 98an, eta “Tundra” eskaini zigun 2002an, aurrekoaren nortasunari idazkera umotu bat eransten ziona, esanahiaren aldetik ilunagoa izan arren.

“Ehiza eta nekea” izenburu harrigarria duen hau bere ibilbide horretako jarraipen edo aurrerapausotzat ikusi behar dugu. Aurrekoaren estilo landu eder hori bera du: prosazkoa dirudien idazketa natural eta gardena, baina hitz bakoitzaren pisua eta zehaztasuna zaintzen dituena; poesia hausnartzailea egin du gehienbat, pentsamenduari lotua, eta, gogoetan garatuagoa delako-edo, irakurleari hobeto eta zuzenago iristen zaiola esango nuke.

Hiru parte ditu liburuak; ez elkarrekin kontrajarriak baina bai nolabaiteko bilakaera erakusten dutenak, zati bakoitzean, aurrekoaren tonuak eta gaiak erabat utzi gabe, kolore berriak eransten baitzaizkio oihalari. Lehenengo partean baikortasun pausatu bat erakusten digu egileak, asko bizitakoarena dirudien serenitate antzeko bat, hogeita zazpi urterekin baten bati posezkoa begitandu dakiokeena idazle artearra ezagutu ezean.

Bizitzaren behatzaile dihardu poetak (“Balkoitik kale jendetsura begira / jendea ikusten dut jaiotzen”), gauzei diren bezala erreparatuz (sentimenduak, tokiak, historia...), ulermen errukibera batez. Aldi berean, badu amets-osagai bat ere, ez horren errealista, baina esango nuke ametsa ere ulermen-bide ez-razional gisa darabilela egileak. Dena dela, ez dago kontrajartzerik: ametsen eta gauzen arteko mugak lanbrotu egiten dira, pentsamenduen eta egintzen artekoak lausotu, bat-egite bat dago idazlearen kontzientzian.

Bigarren partean toki handiagoa hartzen du denboraren joanak, esaterako, ageriago daude arrangurak, edo komunikazioaren zaila; era berean, formalki ugariago dira irudi surrealistak aurreko zatian baino.

Hirugarren partean, azkenik, gizarte-kezka agertzen da, lehengo “ni” eta “zu” pertsonez gain bada “gu” sozial bat bere tokia eskatzen duena; eszeptizismo etsi moduko batez, egia esanda, bana amultsu hala ere.

Heldutasun une batean idatzitako poemategia dugu, beraz, Estankonaren hirugarrena, jarrera kontenplatibo nabarmenekoa (“ez jaio ez bizi ezpada ogiaren zaporeko / ziztada sor bat, eta bukatzen ez den herrialde baten mugaldean / harri bihurtutako galsoroak”). Mundua gurtu ez baina harekin bat egin nahi du poetak, orobat maitearekin; ulertu, bat sentitu (“Hainbeste gauza senti nezake / nire gorputz pisutsuarekin!”), baina bat etortze horretan erabat urtzera iritsi gabe.

Era berean, bilaketa estetiko bat ere badago: edertasun erabateko baten atzetik dabil (“ehiza”); absolutua lortu ezin eta nekatuta gelditu beharra dago, baina porrotik gabe, bidea bera ere ederra delako, baita geldi-lekutik ikusten dena ere.

Zer da autobiografikoa nire istorioetan

xme 2005/01/12 08:00

Zer da autobiografikoa eta zer asmatua nire istorioetan?

Dena da autobiografikoa: noizbait maitasun-istorio bat idatziko banu Arnaldo Otegiren eta Marilyn Monroeren artekoa, hori ere autobiiografikoa litzateke, nahiz eta ez izan aitorpen pertsonala. Idatzi ditudan kontakizun guztiak dira autobiografikoak, baina ez aitorpenak. Irakurle txarrak beti jakin nahi du, berehala gainera, "zer gertatu zen benetan". Zein den ipuinaren atzean dagoen historia, zer ari den gertatzen, nor dagoen norekin etsaituta, nork egin zuen norekin txortan. "Nabokov jauna "galdetu omen zion behin kazetari amerikar batek telebistan zuzenean", esaiguzu mesedez, horren harrapatuta al zauzkate benetan nexka gazteek?" (are you really so hooked on little girls?

Niri ere galdetu izan didate behin edo beste kazetari kuxkuxeroek, irakurleak "jakiteko eskubidea" daukala-eta, Irakasle alu bat-eko gertakariak egiazkoak al diren, Obsexuen klub-ean bezala taldean biltzen ginen masturbatzeko, Bekatuaren itzala-ko apaizaren obsesioen atzean zer dagoen. Edo esaten didate: praktikatzen al duzu 16 ipuin amodiozko-etan agertzen den bezalako perbertsiorik? Izan al duzu inoiz Berriro igo nauzu-ko presoaren moduko ustekabeko felaziorik? Zer adierazi nahi izan duzu zehazki Arbelaren gainean liburuan?

Pentsatzen jarrita, zer nahi dute Nabokov handiarengana bezala ni bezalako idazle kaxkar batengana ere etortzen diren kazetari jakin-gose horiek? Zer nahi du irakurle txarrak, irakurle alfer, soziologista, txutxumutxuzale eta muturluzeak?

Txarrenean, plastikozko eskuburdinak hartu eta zugana datoz "mezua" atzematera, bizirik edo hilda. Azken hitza nahi dute, "Idazleak zer esan nahi zuen", horixe harrapatu nahi dute. Eskuetan jartzea, "neure hitzetan", idazlanaren irakaspena, subertsiozko mezua, ondare politikoa, jatorri etikoa, "ideologia". Nobelaren ordez, izan zaitez atsegina eta emaiguzu, arren, zerbait konkretuagoa, ukitu eta pisatu daitekeena, jendearentzat ulergarria, adibidez: "borroka armatua herri honen ustelkeria morala da" edo "PNVkoak aldeano ezjakin eta akonplejatu batzuk dira" edo "larrua gehiago jotzen ez dugun bitartean ez dugu lortuko herri normala izatea". Laburtuta: emaizkiguzu, pilula bihurturik, zuk liburua idaztean erabili duzun ideia eta sentimenduen zurrukutun lodia. Eskerrik asko.

(Aurreko testu guztia ez da nirea. Amos Oz idazle israeldarraren "Maitasun eta iluntasunezko istorio bat" oroitzapen liburutik hartu eta neure kasa moldatu dut, jolas polita delakoan)

Maitasun-istorioak, borroka-paisaiarekin

xme 2005/01/11 08:00

(Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur (2004, Susa-Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa) eta Lander Garroren Orain galdera berriak ditut (2004, Txalaparta- Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa) liburuen iruzkina, Idazleen Elkarteko "Hegats" aldizkarian atera berria)

Azken hamarkadetako euskal literaturaren historia sozial bat egiten hasiz gero, kapitulu koxkor bat bederen eskaini beharko litzaioke “gatazkaren” tratamenduari (Espainiarekiko "eta Frantziarekiko?" borroka politikoaz ari naiz, talkaren bat ia ezinbesteko baitu beti edozein literatur lanek). 80ko hamarraldian asko aipatu zen gaia, gatazka hori agertzen ez zela nabarmentzeko, edo salatzeko. Tiro-hotsa oparo zebilen garai hartan Euskal Herriko kaleetan, baina literaturan, berriz, nahiago genituen istorio intimistak, edo ipuin esperimentalak, edo baserri giroko abenturak. Eskapismoa? Ez dut uste. Urruntasun falta izango zen gehiago, tarte bat utzita gauzak hobeto ikusten direlako, eta historia horretako irabazle-galtzaileak agerian geratuz gero errazago delako nork bere jarrera hartzea, bataren nahiz bestearen alde edo kontra. Halaxe esan zuen Bernardo Atxagak ere garai hartako adierazpen batean: Joxe Arregi (Irazuren txikitako ikaskide zizurkildarra, 81eko otsailean poliziak Madrilen atxilotu eta hamar egunez torturatu ondoren hil zena) hurbilegi geneukala, baina historia horrek hainbat liburutarako gaia emango zuela; Obabakoak-en eskaini zion aiputxo bat Atxagak berak, eta Soinujolearen semea-n zati luzeagoa, Endarlatsan ito zuten Mikel Zabaltzaren kasuarekin nahastua.

Beharrezko distantzia hori lortua zelako-edo, 90eko hamarkada osoan ugari izan ziren borroka horren agerpideak gure literaturan; oraindik ere indar handia du joera horrek, eta aurreikus liteke geroan ere berdintsu iraungo duela, baita gatazkaren izaera militarra desagertuko balitz ere, zauri zaharretatik elikatzen baita maiz idazlea. Egunen batean norbaitek xeheago aztertuko du gure gerratxo honek sorrarazitako literatura; nik orain atariko bat besterik ez dut egin, ondoren aipatu nahi ditudan liburu bien berrikuntza hobeto ulertzeko. ETA dela eta ez dela azken 10-15 urteotan argitara eman den produkzioan badira obra onak, hainbestekoak eta kaxkarrak, eta jarrera politikoaren aldetik ere denetik aurki liteke, nahi adina ñabardurarekin; ezaugarri komun bat aipatzekotan, idazleen jarrera morala aipatuko nuke nik: bakoitzak bere posizionamenduaren berri eman nahi izan du, batzuetan argiago besteetan lausoago, zenbaitetan arrazoietan oinarrituta eta gehienetan sentimenduetan, neurri batean irakurleen baitan eragina sortzeko baina batez ere nork bere planteamendu etikoa (politikoa edo estetikoa baino gehiago) agerian uzteko. Hemen esan dudana frogatzeko ez dut daturik emango: intuizio bat da, hipotesia baino gehiago, egunen batean azterketa serioagoek baztertuko edo baieztatuko dutena.

Gatozen orain dagokigun gaira. Maitasunari buruzko liburu bat aipatzeko eskatu zidaten, nigan eragina izan duena edo. Bat aipatzea beti da zail eta bidegabeko. Eta ni oroimen txarreko. Bestalde, esku artean ditudan obrek hartzen didate gogoa aspaldi irakurritakoek baino gehiago; plazaratu berri diren idazleek kilikatzenago bere tokia ongi finkatua dutenek baino. Idazle Elkartetik eskabidea egin zidatenean irakurri berri nituen bi ipuin-bilduma, argitara berriak eta egile bien estreinaldikoak zirenak: Eta handik gutxira gaur, Eider Rodriguezena eta Orain galdera berriak ditut, Lander Garrorena; eta, nola bietan maitasuna den, bat bereiztekotan, gai nagusia, beroriek komentatzea pentsatu nuen. Jabetzen naiz bidegabekeria pare bat egiten ari naizela: bata, gatazkaren prismapean begiratzea izatez oso poliedrikoak diren obrak (Rodriguezena batik bat); bestea, bi liburuak batera epaitzea, egileen artean egon litezkeen kointzidentzia eta loturek ez baitute baimentzen zaku berean sartzea berez azterketa bana behar luketen lanak. Egileen onginahiak barkagarri egin ditzala nire akats horiek eta ikusi ez ditudan bestelakoak.

Hasteko gatazkaren kontua aipatu dudanez, argitu dezadan behingoz zein den liburuon berezitasuna. Orain arte gai hori tratatu izan denean, horixe zen liburuaren gaia, eta gai horrekiko egilearen ikuspegia zen, nik uste, obraren eragile nagusia. Kartzelako istorio bat kontatzen zenean, kartzela bera zen axola zitzaiguna, eta horren inguruan egileak era bateko edo besteko uste-musteak eta sentiberatasuna erakutsiko zituen. Hemen, berriz (eta horretan bat datoz Garroren eta Rodriguezen kontakizunak), bestelako gaiak dira ipuinaren muina (bikote-kontuak askotan, edo komunikazio-arazoak), baina pertsonaien inguruabarra gatazkak zipriztindua dago. Kartzela ager liteke (eta kartzela agertzen da, ipuin batean baino gehiagotan gainera, bien istorioetan), baina asmoa ez da kartzela agertzea, istorioaren funtsa ez da kartzelako bizitza, eta idazlearen helburua ez da kartzelari buruz pentsatzen duena agertzea: bikote baten gorabeherak izango dira seguruenera narrazioaren muina, hirugarren baten presentzia eta horrek sortzen dituen zalapartak, esaterako; pertsona horietako bat giltzapean egongo da, ordea; hortaz, paisaia da kasu honetan kartzela, koadroaren fondoa, bestela esanda.

Horrek, besterik gabe, indartsuago eta sinesgarriago egiten ditu istorioak, galdu egiten baita lehengo egileek ohartuki edo oharkabean erabili ohi zuten (genuen) pedagogismoa, moralismoa, konbentzitu nahia. Ez dakit zenbateraino den hau jakinaren gainean eta pentsatu ondoren erabakitako jarrera literario baten emaitza, edo halabeharraren ondorioa; esan nahi baita, norberaren bizitzan horrelako zirkunstantziak egokituz gero, normala ere badela zertzelada horiek gero zure literatur lanetan agertzea, naturaltasunez, horren bila ibili beharrik gabe. Dena dela, literatur lanak egilearen biografiaren arabera azaltzea errazkeria da, eta inporta duena testua bera da: kasu honetan, ipuin bilduma eder eta sujerikor parea.

Gatazkaren kontu hori argitu eta gero gisakoa izango da liburu bakoitzaz bi hitz esatea, labur bada ere. Eider Rodriguez kontalari trebe ageri zaigu bere lehen liburu honetan: ipuinaren erritmoa, egitura, tonua eta hitzen doinua izugarri ongi menderatzen eta zaintzen ditu. Bai estiloan bai gaietan bariazioa bilatzen du, eta esperimentazioa ere bai: azken hori izan liteke egile berri eta esijentearen bilaketaren ondorio naturala, edo esperimentazioaren beraren aldarrikapena ere bai (azken aldian denok ere oso klasiko eta burgesturik gaude geure gustuetan, eta harrigarriak gertatu zaizkigu hemengo zenbait ariketa ausart). Giza harremanak dira ia beti istorioen gaia, harreman zailak (noiz izan dira errazak?, galdegin lezake baten batek; edo: zailak ez balira non legoke istorioa?); pertsonaien izaera osatzen, berriz, egiazko lana egin du, arazotsu eta konplexuak baitira (batzuk erotasunaren mugan edo haren menpean), baina denenganako hurbiltasuna ageri du Eiderrek, zinezko idazleari dagokion legez. Kokaleku postmoderno samar eta kosmopolitak bilatu ditu ipuin batzuetan; beste batzuk, aldiz, Euskal Herrian gertatzen dira, eta horietan agertu ohi da lehen aipatu dugun paisaia.

Lander Garroren kasuan, testuetan agerrarazten duen jendearekiko sentipen hurbila aipatuko nuke, enpatiazko eta ia maitasunezkoa, egileak berak bai pertsonaiekin bai sortzen dituen hitzekin ere bat egiten duela sentiarazten baitizu. Hizkera berri bat bilatzen du Garrok, kontzeptu erabili eta gastatuetan ez erortzeko (sexuari buruz hitz egitean, adibidez). Bere saiatze horren partaide egiten du irakurlea ere: gauzak sarritan erdizka kontatzen dizkigu, beste erdia geuk osatzeko; pentsatzera ere eraman nahi gaitu irakurleak, ez lerroen gainean irristatze soilera. Argigarria da, jarrera horren ikuspegitik, aitorpen gisako sarrera, errazkerian eta topikoan ez erortzeko aldarrikapen zintzoa. Horren emaitza, batzuetan eder eta hunkigarria egiten da, eta beste batzuetan irregular antxa, apur bat zail eta ulergaitza. Militantziaren inguruko istorioak dira gehienak (ezin aipatu gabe utzi halere familia-harremanen garrantzia), eta ikusmolde asko erabili arren, konstante moduan ikus liteke (lehen aipatu dugun naturaltasunaz gainera) inoiz ez dela militantzia horren arrazoiez hitz egiten: izan liteke beharrezkoa ez delako, komeni ez delako, edo inefablea delako, esanezinezkoa. Arrazoiak-eta aipatuz gero istorio ideologikoegiak gerta zitezkeen agian, baina deigarria egin zait nolanahi ere.

Aipamen labur bana egin dut. Dozena pare batetik gora istorio dira guztira, eta hainbat gogoeta pizten dizkizu bakoitzak, ezin hemen zehatz-mehatz komentatu baina. Irakurlearen esku uzten ditut, bada, merezi dute-eta.

Kulpa, familiarena

xme 2005/01/10 09:16

Bukatu dira pixka baterako oturuntzak eta tripa-festak, baina ondo asko igarriko diozue gehienok egunotako gehiegikeriari. Baskula daukanak, orratzak kilo bat edo bi gehiago markatzen duela ikusiko du; besteak, sisak tira egiten diola nabarituko du, harakoak txulo bat gehiago behar duela gerrikoa lotzeko. Bueno, ez nabil dieten eta gimnasioen propaganda egiten; norberak ikusiko du mejora horrek hobekuntza ekarri dion, edo zer egin lehengora etortzeko. Egunotako sabelkeriaz berbetan ari ginela, lagun artean izandako solasa ekarri nahi dut hona:

"Nire koinatu petral hori "hasi zen bat". Batario zibilak direla eta ez direla hasi ez zait ba, bai, zuek ateoak... Zer uste ote du horrek...?"

"Holakoetan onena -beste batek- ahoa beteta edukitzea. Jan, eta ixo".

"Bai, eta besteari ere kopa goraino bete, badaezpada".

Horra bada: eztabaidaren kontra, jan-edana. Errua familiari eransten zitzaion, oro har, baina hor ere bereizkuntza egin behar etxekoen eta erantsitakoen artean, koinatu-koinata eta aitaginarrebek baitute sesiante txapeldunaren erramu-boneta.

"Bueno -erantsi zuen batek-, norbere etxean ere izaten dira inpresentableak".

"Bai baina, Kennedyk Somozari buruz esan zuen bezala, horiek zure inpresentableak dira".

Sasianalistarena

xme 2005/01/05 08:28

Egin dezagun analista politikoarena.

Epe motz, erdi eta luzera zer gerta daitekeen zaila da igartzen. Izan ere, mahai honetan lau jokalari ari dira, eta bikoteak erabaki gabe (barka dezatela bigarren mailako aktoreek: EA, EB, Aralar...). PP, PSOE, PNV eta Ezker Abertzalea. Dei diezaiegun 1, 2, 3 eta 4.

Bat eta 2 ados datoz funtsezko kontuetan, nahiz lehiakide erabatekoak izan eguneroko martxan. 3k akordioa bila dezake 2rekin eta baita 4rekin ere. Baina bakoitzaren baldintza da bestea baztertzea. 3k ordea badaki bien onespena behar duela jokaldia biribiltzeko: bakearen giltza 4k dauka, baina estatutu berriarena 2k. 2k ordea beldurra dio 3rekin hitzartzeari 1ek emango liokeen egurragatik.

Nondik hautsi korapiloa? Une honetan 2k dauka jokatzeko erraztasun handiena, 3rekin eta baita 4rekin zuzenean ere, nahi balu. Baina ez du nahi, oragingoz behintzat, 4k gaur ematen ez dizkion garantia batzuk eman artean. Iniziatibarik hartuko al dute 2koek? Ez du ematen.

3ri ekidistantziara jokatzen jarraitzea komeni zaio, hauteskundeak egin arte behintzat. Ondoren, aukera bikoitza izan dezake: 2rekin egiten saiatu akordio bat eta gero 4ri eskaini, esanez: hau dago, hartu edo laga; edo 4rekin bilatu itun bat, gero 2ri eskaintzeko, esanez: hau da konponbidea. Nondik joko du 3k? Hori berak daki, baina nik uste nahiago izango dutela lehen formula.

Lau ere mugi daiteke, baina su-etena da horretarako baldintza, eta berak ere badaki. Su-eten horren truke lor dezakeena da gakoa. Badirudi 2 hitz-erdiz "normalizazio" demokratikoa ari zaiola eskaintzen: legalizazioa eta presoena pixkana konponduz joatea. 3rekin nolabaiteko konfrontazio demokratikoa hitzartu lezake, baina gidaritza eta erritmoa 3k izango luke, ez 4k.

Bat ez dut aztertu. Izan ere, 1ek gauzek bere horretan segitzea nahi du. Ez aztertzeak ez du esan nahi ordea operatiboa ez denik, gauzak izorratzeko ahalmen handia baitu.

Estrategia-joko bat ematen du, baina jolasa baino gehiago da hau dena, jende asko baitago gaizki pasatzen ari dena.

Brooklyngo Xerazade

xme 2005/01/04 09:03

(Paul Auster-en "Oracle Night" edo "La noche del Oráculo" eleberriaren iruzkina, Berria-ko "Idazleak irakurle" atalean argitaratua)

Autore bat baldin badago, azken hamabost urteetan, gure Europa Mendebaldeko honetan irakurleen estimazioa, kritikarien onespena eta idazleen mirespena jaso dituena, Paul Auster dugu hori. Egia da azken aldian betegarri itxurako liburuak atera dituela, baina horrek ez du ahuldu bere nobelenganako lilura, eta holako berri bat atera zela entzunda berehalakoa izan zen gure jakin-mina.

“Oracle Night” Auster puru-purua dela esan liteke, berezkoak dituen ezaugarriez jantzia: argumentu korapilatsu baina erakargarria, gertakari harrigarriz zipriztindua, idazkera soil baina dotorea, keinu kultista batzuk tarteka, ukitu magiko antzekoren bat, eta irakurlearen arreta bereganatzeko gaitasuna duen estilo berezi hori, prosaren intentsitateaz eta kontagaiaren erritmo biziaz oratua.

Besteetan baino metaliteratura gehixeago dago hemen: protagonista idazle bat da, Sidney Orr, gaixoaldi baten ondoren nobela bat idazten hasten dena, non protagonista editore bat den Istorio baten barruan beste bat, modu errekurtsiboan gainera, eta han-hemen beste argumentu-txatal batzuk, kapelutik untxiak ateratzen dituen magoak bezala nolanahi utziak, nahiz eta egiazki dena guztiz neurtua eta lotua egon, polizi nobela baten tankera hartzen duen amaieran konturatuko garen moduan. Argumentua ez dugu hemen argituko ez larrutuko: fikzioaren eta egiaren arteko jokoak leku handia hartzen du, baina pixkanaka iragan ezkutuaren gaiak eta gizon-emakumeen arteko harreman beti zailek hartzen diote gaina.

Auster-en balorazio orokorrago batean sartu nahi nuke orain. Esana dugu Frantzian eta Espainian egundoko arrakasta duela, literaturako Woody Allen baten antzera, baina badirudi AEBetako literatur giro serioetan ez dutela aintzat hartzen, alderdi komertzialari kontzesio gehiegi egiten dion egiletzat hartuta. Ulertzekoa ere izan liteke; izan ere, bere nobelek indar magnetiko antzeko bat daukate, baina bestetik, irakurtzen bukatu eta zer gogoeta eragin dizun pentsatzen hasten bazara, halakorik ez dagoela konturatzen zara. Beharrezkoa ote da ordea? 1001 gauetako Xerazade haren antzera, herioaren ezpata atzentzeko kontu-kontari ari zaigu Brooklingo aztia, narrazioaren festa etengabeko batean.

Liburu honetaz berbetan jardun dut lagun zenbaitekin, Austerrik onena dagoen hemen edo ez; oso kritika onak jaso dituen arren, gehienon ustea zen ez dela iristen bere produkzio bikainenaren mailara (New Yorkeko trilogia, The Moon Palace, Leviatan). Baina ez zaigu axola: hain dira istorioak ederrak, hitzak juxtuak segi dezala nobelak asmatzen, gauak irauten duen bitartean.

Beste lau urte jolasten eta enredando

xme 2005/01/03 09:27

(Joan den astean, Ibarretxe planaren eztabaida baino lehen Berria-n ateratako iritzi-artikulua)

Maite ditut pintada zaharrak, garai bateko lekuko lotsagabe bihurturik gelditu direnak: "Independentzia eta sozialismoa. EIA-KAS" eta tankera horretakoak. Antzuolan bada bat, hain xelebrea izan gabe ere, Deskargatik pasatzen naizen aldiko begia harrapatzen didana: "600.000 boto zertarako?". Ez da zaharregia ere, boto horiexek lortu baitzituen Ibarretxek 2001eko maiatzeko hauteskundeetan. Mayor Oreja lehendakari bihurtuko zen beldurrak eraginda, indar abertzale batek inoiz lorturiko boz-kopuru handiena.

Zertarako horrek erantzun jakina zeukan: Espainiarekiko marko berri bat planteatuko zuela agindu zuen EAJ-EA koalizioak, eta erreferenduma deituko zuela, herriak bere iritzia emateko. Hiru urte eta erdi baino gehiago igaro dira, eta Estatutu Berrirako Proposamena bozkatuko da hilaren 30ean Gasteizko Legebiltzarrean. Bere hitza bete duela esateko moduan da, beraz, gobernua. Niri, aldiz, adarra jotzen ari zaizkigula iruditzen zait, eta ez naiz Ibarretxe planaren edukiaz ari, orain arte eraman duen erritmoaz baizik.

Zerbait egin nahi duenak, egin egiten du, behar den astia hartuz baina denborarik galdu gabe. Egitekoak geroko utzi nahi dituenak, berriz, batzorde bat antolatzen omen du. Ibarretxeren plan honek, esaterako, batzorditisaren marka guztiak hautsi ditu. Gobernua osatzeko negoziazioen eta udako oporren ostean, 2001eko irailean aurkeztu zen Ibarretxe Parlamentuaren aurrean, eta Autogobernuari buruzko batzorde berezi bat eratzea erabaki zuten bertan. Batzorde horretan, urtebetean jardun zuten huntaz eta hartaz berriketan, hainbat gonbidaturen iritziak entzutearekin batera. Hortik atera zen ondorioa, gobernukideek aldez aurretik hartua zeukatena: gobernuari estatutu berri baten testua eskatzea. Horretan jardun zuen lehendakariak 2002-2003 urtealdian, horretarako hainbat "gizarte-eragilerekin" bilerak eginez, nonbait. 2003ko udazkenean aurkeztu zen proposamena, Ibarretxe plana deritzana, eta beste urtebete eman dute parlamentuan horren gaineko eztabaida eta negoziazioetan, tartean Autogobernu batzordearen aurrean agertu zen zenbait hizlariren ekarpenak bigarren aldiz entzunez. Modu bikaina denbora galtzeko, edo denbora irabazteko, nondik begiratzen zaion.

Mekanika parlamentarioa horrelakoxea dela esango dit baten batek, eta denbora "kudeatzen" jakitea hogeita hamaika eskutik daukan politikariaren dohaina dela. Baliteke. Onartzen dut. Baina niretzat jokabide horrek argi erakusten du denbora pasatzen uztea bera izan dela gakoa, bitartean gero eta egoera erosoagoa lortuz joateko, hauteskundez hauteskunde (udaletakoak, Europakoak, Espainiako gorteetakoak), aldi bakoitzean Ibarretxeren balizko erreferendumaren banderapean botoak pilatzen eta pilatzen segitzeko. Ezin hobeto adierazi zuen Asisko Urmenetak Argia-n ateratako txiste hartan: "Esaera baten bilakaera. 0 urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen. 1000. urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen, ez eta apaiz hori ez da ene aita. 2000. urtea: ez ezazu esan ez dut ur horretatik edanen, ez apaiz hori ez da ene aita, ez eta ez diot inoiz botoa EAJri emanen". Hitzez gaitzetsitako alderdi politikoen lege berriari ere probetxu ederra atera diete EAk nahiz jeltzaleek, inoizko aginterik zabalena eskuratzeraino.

Eta orain iritsi da delako plana Legebiltzarrean bozkatzeko eguna. Bidearen amaiera? Ez du ematen. Oposizioak atzera botatzen badu, horixe izango da EAJ-EA koalizioaren programaren ardatza datozen udaberriko hauteskundeetan, lau urteren buruan atzera hasierako puntura itzultzeko. Hori gertatzea ez litzateke izango politika baten porrota, ezpada garaipena. Egibarrek berak ere onartu du, bere alderdian eta talde parlamentarioan asko direla (gehienak, esango nuke nik) estatutu berrirako proposamena aurrera ateratzea nahi ez dutenak. Beren "plan" hori zapuzteko modu bakarra, Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkideek aldeko botoa ematea litzateke, baina horrek badu bere koxka eta kostua ezker abertzalearentzat: gustuko ez duten proposamen bat onartzea, batetik, eta hurrengo hauteskundeetan, Batasunak legez kanpo segitzen badu, Ibarretxek haren jarraitzaleei botoa eskatzeko sinesgarritasun handiagoa izatea, bestetik.

Joan den legegintzaldiko unerik gorena Iturgaitzek Mayor Orejaren besaulkiko botoia sakatu zuenekoa izan zen, Zaldi Eroaren marrazkiek hilezkor bihurtua. Iturgaitzek berak, bere jokabidea zuritzeko agerraldian, modu zoragarrian definitu zuen: "nengoen jolasten eta enredando" esan zuen. Erraza da Iturgaitzen lepotik barre egitea, errazegia, eta gustura sentitzen gara gainera halakoetan. Hala ere, irudipena daukat, Ibarretxek eta jeltzaleek beste lau urte pasa nahiko dituztela, Iturgaitzen moduan, "jolasten eta enredando". Mayor Orejaren botoiarekin ez baizik eta gurekin ordea. Euskal Komunitate Autonomoko hiritarrekin eta euskal herritar guztien itxaropenekin oro har.

Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.