Artxiboa Urtarrila 2005
Oteiza dantza librean
Joan den asteburuan "Otehitzari biraka" ikuskizuna estreinatu zuten, Donostian, Kukai dantza-taldeak eta Tanttaka antzerki-ekoiztetxeak; Jorge Oteizaren hitz, pentsamendu eta irudien aitzakiaz eta laguntzaz osaturiko dantza eta antzerki nahasketa antzekoa.
Lehenago ere "1937" ikuskizun ederra eskaini ziguten partaide berberek, urteko ustekabe politenetakoa, eta Oteizaren nortasun poliedriko bezain polemikoa ezagututa ikusmina zegoen obra berri honen aurrean. Emaitzaz, berriz, ez naiz gauza sentitzen epai bat emateko, duda handiak baititut osagaiak behar bezala ezkontzen ziren. Noan puntuz puntu.
Dantza eta musika berez uztartzen dira; lehena ez litzateke ezer bigarrena gabe. Ikuskizun honi dagokionez, Urdangarin, Mendizabal, Rueda eta Krutzaga arduratu dira doinuak jartzeaz, eta Jon Maiak egin du koreografia: euskal dantza tradizionaletako urrats eta mugimenduetan oinarrituta baina libreago jokatuz.
Aldi berean, Fernando Bernuesek asmatutako eszenografia; profesional gutxi izango dira inguru honetan Bernuesen mailakoak agertokiak girotzen eta iruditeria berezi batez janzten. Oraingoan, Oteiza zenez gaia, haren arbel eta klarionek eman zioten haria, txuri-beltzezko estetika baterako.
Eta horren gainean Jurgi: jeinu handia pantailan, etengabe hizketan eta mugitzen, eta haren hitzak paretetan idatzita. Esaldi sujerikor eta kilikagarriz beterik dago Oteizaren produkzioa, eta haren indarra hitzok esatean hurbilago dago Itun Zaharreko profetetatik gaurko mitinlarietatik baino.
Hala ere, nola josten da hori dena? Alegia, argiztapen egokia eta dantzarien jantziak atmosfera oteitzar horretaz blaiturik egon arren, nola lotu dantza eta doinu horiek, Oteizaren hitzontzikeria sasitranszendentalarekin? (Barka nazatela oteizamano itsuek baina gauza batzuk dagozkien hitzez izendatzen hasi beharra dago).
"1937" hartan bazen hari narratibo bat, eta horrek errazago egiten zuen dantza berez den hizkuntza abstraktuari balio sinboliko bat ematea. Hemen, ordea, lanbrotsuago bihurtzen zen dena, eta ni tarteka errege biluziaren ipuinean bezala sentitzen nintzen: inork ez ote du esango zenbateraino den hau dena mitifikazio eta mistifikazioa?
Beharbada nirea da errua: Argia sarietako bazkaritik nentorren, jan-edanean bapo eta aserik, eta zentzumenak, halakoetan, ez dira egoten nahi bezain erne.
Zumarraga maite
(Igandean, Goierriko Hitza-n ateratzeko artikulua)
Egunkaritxo honek eman didan pozetako bat da, Zumarraga-Urretxu-Legazpi aldeko jendea gainerako goierritarrekin elkartu duela, berriz ere. Urte batzuk eman ditugu, ez haiek ez inork ez zekitela zer ziren. Batean Goierri Garaia, hurrena Urola Garaia, gero berriz ez zerurako ez lurrerako... Ez dut uste kontu horiek gehiegi inporta dutenik ere baina, direna direla, asko pozten naiz paper hauetan topo egiteaz.
Izan ere, maite dut nik Zumarraga alde hori, aspalditik gainera. Mutikotan pintura-ikaslea izan nintzen Bakerizaren etxeko akademian, hamabi-hamalau urte nituela; gaztetan, berriz, hemeretzi-hogeita hiru urte bitartean, euskarazko irakasle ibili nintzen Urretxuko Udal Euskaltegian, baliteke orrion irakurleen artean nirekin ikasitakoren bat izatea.
Barka nazatela bertakoek baina esango nuke inoiz ez dela izan eskualde txukun, polit, dotore horietakoa; izatekotan kontrakoa: herri xaxtar xamarrak, gaurko hizkeran kutrea deituko genukeena. Nirea den bezalaxe, bestalde. Errazegia bailitzateke txoko xarmagarriz beteriko jaioterria estimatzea: dena bista eder, jauregi bikain, lorategi zaindu... Ze meritu du ba Zarautz batean, Oñati batean, Hondarribia batean jaio denarentzat sorterria goratzeak?
Edertasuna begi bistan ez dagoenean, gehiago saiatzen da jendea aztarrika bilatzen, begien bidez ezin bada bihotzaren bitartez. Beharbada horregatik eman dute herri hauek azken aldian hainbat sortzaile interesgarri, artista-zirkulu ospetsuetan mugitu ez arren bere inguruan sentsibilitatea eta emozioa zabaltzen dabiltzanak. Zerrenda labur batean burura datozkidan batzuk: Jose Luis Padron, Antxiñe Mendizabal, Iñaki Baztarrika, Andoni Salamero edo Patxitrapero. Ez duzula ezagutzen Patxitrapero? Sartu Interneten eta idatzi izen hori bilatzaile batean. Ikusiko duzu...
Ezkirol bat pistinan
Idazle baten ametsen artean egon liteke hitzen bat asmatzea. Asmatzea berez erraza da, baina zailagoa da gero hitz hori hiztunek edo beste idazle batzuek hartu eta hizkuntzaren ondarera pasatzea. Euskararen kasuan makina bat asmatzaile izan genituen XX. mendearen lehen erdian, garbizalekeria edo tasuna zela eta ez zela, baina haien asmakizun gehienak bazterturik geratu ziren, zorionez. Gaurko idazleen artean, sormen eta transgresio-seinale izan liteke hitz-asmaketa, hala nola Koldo Izagirrek Agirre zaharraren kartzelaldikoan egin zuena. Asmatzea baino ohikoagoa izaten da, ordea, norberaren inguruko hitz ahaztu samarrak gaurkotzea eta zabaltzea; horretan zerikusi handia du idazlearen oihartzunak, baita talentuak ere, eta adibide mordoxka utzi digute, esate baterako, Anjel Lertxundik edo Bernardo Atxagak.
Nik ez dut halako asmakizunik egin, baina nire harroan esan dezaket hitz berri baten protagonista sentitzen naizela. "Ezkirol" deitu zigun behin lankide batek beste biri, eta hitz horrek egin du dagoeneko bere bidetxoa. Nik neuk liburu bat idatzi nuen "Joxeme ezkirol" izenburukoa. Ezkirola izateko baldintza bi bete behar dira: kirolik ez egitea da bat, baina ez nahikoa: horrez gainera, kirola osasungarria delako tesiaren kontra egon behar da; nik neuk zalantza handiak ditut kirolaren balizko onuren gainean, eta nire ezkirol-kideak, berriz, argi defendatzen du kirolak kaltea besterik ez duela egiten.
Ezkirol titulua kentzeko arriskuan jartzen naizela badakit baina, aitortu beharra daukat pistinara joaten hasi naizela. Urteberrirako asmo on eta agintzen kontra egon arren, urtearekin batera hasi nintzen gainera. Abenduan tendinitis antzeko bat izan nuen; ez kirol faltaz, ezpada gehiegizko lanaren erruz (ikus "Mundu erreala" artikulua, iazko abenduaren 9an). Batek baino gehiagok komentatu zidan igeri egiteak on egingo zidala eta, nola printzipioekin oso zurrun jokatzea ez den komeni, proba egitea erabaki nuen.
Igerilekura joateko beharrezko trasteez hornitzea izan zen lehen urratsa, eta ez dira gutxi, kirola egiten ohitutakoentzat normal-normalak iruditu arren: toaila, bainujantzia, kapelatxoa, betaurrekoak begiak ez gorritzeko, belarrietako tapoiak urik ez sartzeko, txankletak onddorik ez harrapatzeko, poltsa bat hori dena sartzeko... Horiek denak eskuratu behar hutsak aurrera segitzeko gogoak kentzen dizkizu baina, zintzoa izan eta hurrengo pausoa eman nuen: herriko kiroldegiko bazkide egitea. Horretarako ere, argazki parea, kontu korrontea eta abarrak. Prest nengoen beraz.
Hasierako nire plana egunero joatea izan arren, laster ohartu nintzen martxa hura gehitxo zela niretzat. Bi arazo daude: batetik, igerilekura joan, erantzi, pistinara sartu, atera, dutxatu, lehortu, berriz jantzi... horrek denak izugarrizko alferkeria ematen dit niri, eta ez dut uste ezkirola izan beharra dagoenik ulertzeko; igerian ordu laurden ibiltzeko gainera. Eta zergatik ez zara gehiago ibiltzen?, galdetuko dit baten batek. Bada, eta hauxe da bigarren arazoa, aspertu egiten naizelako. Hobeto esanda, nekatu eta aspertu, biak. Bi horietako bakoitza erraz eraman dezaket. Adibidez, txikitan futbolean, nekatu arren jo eta su segituko nuen, entreteniturik nengoelako; eta nekerik gabeko eginkizun aspergarrietan ondo ohitua dago editore bat. Baina igeria (edo korrika, edo bizikleta), aspergarri eta nekagarri iruditzen zait, biak batera, eta ordu laurdenetik gora egiteko gogorik ez.
Beraz, astean pare bat egunez joaten naiz orain, baina ez dakit zenbat iraungo dudan. Pilotaren batekin jolasten den kirolen batera pasatu beharko nuke agian, baina horretarako laguna behar. Inork paliza bat eman nahi badit, proposamenak onartzeko gertu ni.
Ez da "el del bombo"
Santurtziko Serantes antzerki saria irabazi zuen iaz Teresa Calo aktore eta idazle donostiarrak "¡Ay Manolo!" deritzan obra honekin, eta testutik antzeztokirako jauzia ikusteko aukera zorionekoa izan dugu, Santurtzin eta Madrilen estreinatu ostean Donostiako Lugaritzen eman baitute joan den asteburuan. Aukera zorionekoa esan dut gutxitan gertatzen delako, eta emaitza pozgarria izan delako.
Titulua ezagutua eta antzezlanaren hasiera ikusita (bi igeltsero adreiluak jartzen, etxe barruko obra batean tabike bat altxatzen, bat doinu anduliarrez gainera), aurrekari horiekin, diot, kostunbrismo espainiar gordin hori espero duzu, umore merkez eta topikoz osatua. Baina ez. Zorionez. Lehen eszena horrek hizpidea ematen du elkarrekin kateatzen diren zenbait istorio kontatzeko, gizon-emakumeen arteko harremanen inguruan; gustu onez eta zorroztasunez idatzitako elkarrizketak, gero taula gainean abileziaz jokatuak.
Eneko Olasagastik zuzendu du lana, eta talde teknikoan Donostiako antzerki-munduko izen ezagunak ezagutu ditugu, baina obra ikusi ahala nabari da ez dutela barne-kontsumorako pentsatu, ezpada Ebrotik behera ere oparo emateko: aktoreetan hemengoak eta hangoak dabiltza, eta ekoizpenean hemengo Tentazioarekin batean Madrilgo produkzio-etxe bat aritu da. Zorte on.
"Egunen harian" sariak
Ostiral honetan dira banatzekoak Argia Sariak, euskal komunikabideetako Oscarrak. Urtero bezala, gonbidatu mordoxka bilduko da Lasarteko Txitxardin-Beltxa jatetxera, giro onean, eta postreen garaian jakinaraziko dituzte saridunen izenak.
Oscarretan-eta normalak izaten dira kinielak, inkestak eta antzekoak. Gure herri txiki honetan ez gara horrenbestera iristen, baina jakin-mina suma daiteke. Horren adierazgarria da, adibidez, Gaztelumendi blogean Sareko Argia atalerako egiten zen sari-proposamena.
Nik ez dut berez sarietarako hautagairik, ez kiniela egiteko ohiturarik. Hala ere, euskal komunikabideetako irakurle-entzule-ikusle naizen aldetik, neure sari partikularrak bana ditzakedala pentsatu dut, sarituei ez dirurik ez prestigiorik emango ez dien arren.
Has gaitezen bada. Prentsa idatzian, nire saria Patxi Huarte Zaldieroarentzat da, Berria-ko Tartea gehigarrian egunero-egunero erakusten duen umore fin eta zoragarriagatik (Aizu eta Nabarra-n egiten dituenak ahaztu gabe). Nola nire sari hau oso demokratikoa den, jende gehiagori banatzea pentsatu dut. Adibidez, inoiz ez zioten saririk emango eta Imanol Murua Uria da nik euskal prentsan ezagutu dudan kazetari kabalena: kronikari doi, analista zehatz, elkarrizketatzaile sakon... dohain guztiak dituena. Eskuzabal hasi naizenez, Fermin Etxegoienek astean bost egunez telebista komentatzea bezalako lantegi erregarrian goi maila horri eusteko ez du meritu makala.
Irratian ez daukat hainbeste sarigai. Edo bai, zergatik ez. Fermin Etxegoien berak, prentsakoaz gain irratsaio bat egiten du egunero Euskadi Gaztean, emisore horren basamortu desolaziozkoan kalitatezko oasi bat osatzen duena: "Ekaitz perfektua"; musika-hautaketan gustu ona eta komentarioetan entzulea mongolotzat ez hartzea, biak dira eskertzeko. Eskertzekoa eta saritzekoa da, halaber Mikel Aramendi orojakilearen lana, tertulietan nahiz nazioarteko iruzkinetan. Eta, Iparraldeko nahiz Nafarroako euskal irratiak behin baino gehiagotan saritu dituztenez gero, aipamen berezi bat merezi luke Gasteizko Hala Bedik, irrati libreetan beteranoenak.
Telebistan zailagoa egiten zait aukera. Nazioarteko berriemaileak nabarmenduko nituzke, eta bat hautatzekotan Vanessa Sanchez, aurten, Parisko ohiko lanaz gain, Ukrainako hauteskundeak eta Hego Asiako triskantzak kontatu dizkiguna. Horrez gain, Postdatakoen lan txukuna ere ezin ahaztuta utzi.
Publizitatearen arloan ere eman ohi da sari bat, eta egongo da bere euskarazko publizitateagatik garaikurra merezi duenik, baina niri ez zait bururatzen.
Eta sarean zer? Blogak izan omen dira urteko nobedade. Hori dela-eta, Joxe Aranzabal proposatzen zuen Argia Sarirako Gaztelumendik, Sustatun bere gaixotasuna kontatuz eta orain Faroan egindako lanengatik. Ez da ideia txarra. Gaztelumendi bera ere ez litzateke saritu kaxkarragoa: gogoan eduki bere blog bikaina, armiarman eta emailuetan egindako lana, irratia.com berritzailea, edo Jakin eta Euskadi Irratian sareko berrien berri emanez egiten dituen kolaborazioak... Kazetaritza diren ez dakit baina badira beste blog miresgarri batzuk ere: adibidez etiam, pertsonaren hurbiltasuna sentiarazten dizuna, edo patxitrapero, egunerokotasunaren poesia eta emozioak transmititzen mundiala. Denentzat nire sariak, nire muxuak, nire eskerrak.
Korrikaren bekatua
Atzo, igandea, hilak 23, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zen "Euskararen 7 bekatu nagusiak" antzezlana, II. Korrika-AEK bekari esker Aizpea Goenagak idatzi eta Olatz Beobide-Edi Naudok zuzendua. Donostian estreinatu baina, 14. Korrikarekin batera, Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dute datozen asteetan.
Obra gustagarria da Pok produkzio-etxeak taularatu duen hau: soila, baina atseginez ikusten dena. Taula gainean hiru aktore: Lierni Fresnedo, Mikel Laskurain eta Niko Lizeaga. Eszenografia, Edi Naudok egina, sinple baina dotore eta funtzionala, giro desberdinak iradokitzeko aproposa. Obraren mamia, berriz, esketx sorta bat, zazpi bekatu nagusien ingurukoa, euskararerekin loturik betiere.
Haragikeria, inbidia, harrokeria, tripazainkeria... zerikusirik ba al dute horiek denek euskararekin? Bekatuari buruzko trataturik ez dago hemen, noski, gehiago da denbora-pasa alai bat, irribarrea pizteko, geure buruaz eta auzokoaz barre apur bat egiteko.
Bergarako enpresari aprobetxategi bat ikusiko dugu, Pirinioetan Xiberolandia parke tematikoa antolatu nahi duena, euskal esentziak gordetzeko, eta artzain zuberotarrari terrenoa erosi behar; edo 6. maila egokitzen zaion arren alfabetatze taldera igaro nahi duen euskaltegiko ikaslea, hitanoak sexualki kilikatzen duela-eta; edo gizartearen axolariz ezaz erretxindutako idazlea...
Deskubrimendu bat
Arin doa antzezlana, eta sumatzen da arinago joango dela hurrengo emanaldietan, antzezleak bere rolekin eta jokalekuarekin ohitu ahala. Aktoreen lanari dagokionez, Mikel Laskurain bere ohiko estilo lau eta freskoan ari da; Niko Lizeaga, beti profesional, estilo desberdinetara azkar egokituz; baina benetako ustekabea, niretzat behintzat, Lierni Fresnedo izan zen: ezagutzen ez nuen aktorea "Ur taldean aritu omen da urtetan, erdaraz beraz" eta egundoko talentua erakutsi zuena.
Gainerakoan, ofizioa frogatua duen jendea arduratu da atrezzoaz, jantziez, musikaz eta abarrez; aitzakiaren bat jartzekotan, esketxen artean ematen dituzten bideo irudiek ez dut uste bere funtzioa betetzen dutenik, esandakoa ez baitzen batere ongi entzuten. Bestalde, esketxen pilaketaz gain guztia bilduko zuen egitura bat eskertzekoa izango zen, baina ezin ba dena eskatu.
Beraz, Korrika kulturalaren ekitaldien barruan baleko eskaintza bat, tarte on bat pasatzeko.
Urtearen balantzea-edo
(Jakin aldizkariak udazkenero eskatzen dio euskal kulturan dabilen jende mordoxka bati urteko balantzea egiteko, nork bere arloari edo gustuko gaiei erreparatuta, sistematikoa izan beharrik gabe. Hona, atera berri den alerako idatzi nuena)
Gurasoei gorazarre
Izugarri gustatzen zaigu herri honetan katea eten ez dela esatea. Kontrakoaren beldur garen seinale, seguru asko. Baina niri, aurten behintzat, errementari lana tokatu zait, kateak egin eta egin, belaunaldien arteko lokarriak sendotzeko edo. Hainbat artikulu, hitzaldi, mahai-inguru eta edizio-lan egin ditut joan den mendeko idazle handienetako batzuen omenez eta oroimenez. Adinaren arabera sailkatuta: Telesforo Monzon (1904-1981), aurten jaiotzaren mendeurrena zuena; Salbatore Mitxelena (1919-1965), urteurren jakinik ez izan arren gogora ekartzea komeni izaten dena; Martin Ugalde (1921-2004), aurten joan zaiguna; Bitoriano Gandiaga (1928-2001), argitara gabe utzitako lanak ateratzen aurten hasi zaizkiona; eta Txillardegi (1929), 75 urte bete berria, sasoian dagoela omendua eta lanean segitzeko asmoz dabilena.
Ez dira omendu bakarrak, ezta laudorio eta esker ona zor zaien bakarrak ere. Urrutira gabe, gogora datorkit Andolin Eguzkitza, askoz gazteago zela utzi gaituena. Bego hemen gure aitortza.
Gazteei ohore
Jarraipenaren ondareak alde biko txanpona eskatzen du, dena dela, transmisiorik egongo bada: batetik, lehengoen lanaren ezagutza, eta, bestetik, berrien sorrera. (Eta tartean, tarteka, zahar eta gazteen arteko kalapita, hemen halakorik ia ez dugun arren, edo gutxiegi garelako edo zibilizatuegi edo auskalo).
Egile berriak ere plazaratu dira aurten gure letretan, eta oso maila polita erakutsiz: narratiban, esaterako, Bertol Arrietaren "Txikira beti hordago", Iñaki Iñurrietaren "Kuskue tanden" (idazlea kulturgintzan eskarmentuduna izan arren), Lander Garroren "Orain galdera berriak ditut", Xabier Etxaberen "Lurtarra da begiratua", Mikel Zubeldiaren "Manikien galeria", Ramuntxo Etxeberriren "Skyroom" (azken hamar urtean, Eneko Bidegainez gain Ipar Euskal Herrian plazaratu den idazle ia bakarra); poesian, berriz, Luis Garderen "Oihan nabarra", Jon Aiastuiren "Biolinaren jatorria", Xabi Bordaren "Birika puskak", Gotzon Barandiaranen "Arrakalak"; saiakera eta kronikan, Fermin Etxegoienen "Neurona eta zeurona", Filipe Bidarten (hau ere beteranoa beste alor batzuetan) "Bakartasunaz bi hitz". Barka nazatela ahaztu ditudanek, buruz ari naiz eta.
Badira bi izen, hala ere, ahaztu ez baina nabarmendu egin nahi ditudanak: Eider Rodriguez eta Karmele Jaio, aurten ipuin-liburu bana kaleratu dutenak, beren estreinaldiko lana baina heldutasun-zantzu guztiak dituztenak: "Eta handik gutxira gaur" du izena Rodriguezenak, "Hamabost zauri" Jaiorenak. Esperimentalagoa lehena eta klasikoagoa bigarrena, biak ere giza harremanen gai korapilatsu bezain labainean igerian eta biak ere bikainak. Hau ez da diskriminazio positiboa, ez kuota, ez bozgorailua, ez il futuro è donna tankerako lelo leloa: literatura ezagupen eta plazer iturri gisa gozarazi didaten liburu pare baten aldarrikapena da, eta irakurtzeko gonbita.
Egolatriaren deitore
Ez dut segituko urteko literatur produkzioarekin: nire editore izaerak itsusi egingo lituzke etxekoentzako loreak, eta are itsusiago auzokoentzako arantzak, halakorik balego. Beraz, konplimendu epeletan ibiltzekotan, hobe dut isilik egon.
Hala ere, badut idazle-giroari buruzko komentario bat kolkoan. Aurreko batean, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan (cantina mariachi batean lagun artean afaltzen geundela), ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, azken hamar-hamabost urteotan euskal literaturan gertatu den aldaketa sakonena, beharbada, idazle bakoitzak bere karrera eta promozioa zaintzea izan dela, euskal komunikabideek idazlearen irudiari eman dioten bultzadarekin batean. Horrek baditu dudarik gabe bere alderdi onak, eta ezinbestekoa izango zen seguru asko, bizi garen munduan bizi garenez gero. Ez nabil inoren joera egolatrarik salatzen, garai hauen ezaugarri bat seinalatzen baizik.
Ez da beti horrela izan ordea. Eta lehengo kontuak goresten hastea zaharkeri zantzu eta gainbeheraren erakusle izaten den arren, akordatzen naiz aspaldi ez dela auzolanerako sentimendu zabaldu bat zegoela euskal letren baratze koxkorra lantzen genuenon artean (sektarismo gehiago ere bai, egia osoa esan behar bada). Akordatzen naiz, baita ere, horrelakoak idatzi zituela poetak, kritika konplizea proposatuz:
"() Gure herrian gehien ematen den kritika mota lagunkoia da. Onespenezkoa, azalezkoa, ondo dago eta ea hurrengorako hobetzen den formula litekeena. Kritika konplizea ez da hori.
Konplizitatea honela formulatzen da: euskal literatura delitua da; euskal nazioa eta euskal literatura eraikitzearen delituan partaideak garenez gero asumitu behar dugu gure errealitate politiko-kultural berezia, dramatikoa, gure marginazioa, gure arteko elkartasun derrigorrezkoa.
Guk ezin dugu pentsamendu unibertsaleko metodo eta sistemak moda legez asumitzen dituen kritika mota proposatu, gure errealitate estuaren baldintza objektiboak aintzat hartzen ez dituelako. Gure hizkuntza minorizaturik dagoelarik, herri independentziarik ez dugularik, ezin dugu etnozentrismoan errefuxiatu, baina kritika unibertsitarioaren epigono papera hartu ere ez.
Kritika konplizea proposatzean kritikaren kontestualizazioa egiten dugu. Zein herritan, zein hizkuntzatan, zein literaturatan ematen den. Kritika eraikitze nazional eta herrikoian situatzen da, euskal proiektuaren aldeko konplizitatean, eta ernegarria eta bizigarria izatearen eginbidea du.
Konplizitatea autorearen eta kritikoaren artean ematen da. Kritikoa ez da loriak eta anatemak banatzen dituen inkisidorea, funtzionarioa, profesionala. Kritikaren helburua ez da objektu literario eman bat, kritika bera ere ofizio kreatiboa bihurturik kritikoak delitua gehitu eta osotu behar du.
Konplizitatea kritikoaren eta irakurlearen artean ematen da. Kritikaren xedea kriterio estetiko eta ideologikoak berriztatzea eta iraultzea da, gustua formatzea, adierazpen forma konplexu eta egokiagoei bidea irekitzea.
Azken batean guk ez dugu unibertsitate handietan omenduak izateko anbiziorik. Miguel de Unamuno eta Pio Parojak proposaturiko asimilazio bidea ez dugu hartuko. Unibertsalitateari egin diezaiokegun aportazioa geure hizkuntzaren bidez eginen diogu. Euskal literaturaren instituzionalizazioaren aldekoa ere ez da gure jarduna, gauzak dauden legez normalizazio faltsu bat litzatekeelako, halako eskaparate huts bat hornitzea ()"
Mila bederatziehun eta laurogeita zortzikoa da testua "Marginalia deritzan liburu batean argitaratua" baina Harri Arokoa dirudi ia-ia. Niri ez zait ahaztu ordea. Eta nahi nuke beste asko ere gogoratzea.
Nola gaude, señor doktore?
Aspaldi ikusi gabeko laguna kalean topatu eta zer moduz? galdetzen digun moduan, lerrook idazten ari naizen sasoian (Durangoko Azokaren bezperan) antzeko galdera erritual bat egiten zaigu kulturan gabiltzan profesionaloi: Zer moduz euskal literatura?, Zelan euskal musika?. Durangorik gabe, galdera bera plazara dezakegu alorrez alor: antzerkian, dantzan, pinturan, zineman, bertsolaritzan
Zer erantzun? Ondo esan beharko litzateke agian sanoena, baina galdetzaileek ez lukete txistea ulertuko; Txarto erantzungo bagenu, arraro begiratuko ligukete, eta azalpen luzeak eman behar ondotik; Primeran esatea triunfalismo barren-ustela litzateke. Geuk ere ba ote dugu diagnostiko zehatza ordea?
Adibidez, esan nezake euskal kultura sekula baino sendoago dagoela: euskal liburugintza inoiz baino aberatsago dabilela, euskal idazleen nazioarteratzea lehen ez bezalakoa dela, musika-panoraman estiloen eta belaunaldien aniztasun txalogarria ikusten dugula, teatroan publiko gero eta ohituagoa eta talde gero eta profesionalagoak dauzkagula, beren produkzioak gure mugetatik kanpo ere erakusten dituztenak; zineman ere zuzendari, aktore eta teknikari trebe mordoa, han eta hemen lanean
Esan nezake, halaber, euskal kultura guztiz pobre eta makal sumatzen dudala, euskal literatura inertziak joa, eskolako irakurketen menpeko, egiazko publiko irakurzalerik gabe; euskal musikan sormena lurraren pare eta industria beste horrenbeste; teatroan ere stand up moldeko umorismoaren minbiziak jota, denbora-pasako komedia txoroen mailatik igaro ezinik, funtzionatzeko moduan eta erreferentzietan botijoa baino espainolago; eta zineman ere negargarri, euskarazko film bat egiteko hamar urte eta Ama Birjinaren mirariak behar direla.
Aurreko bi paragrafoetan zein zen egiazkoa? Ba, nire ustez, biak. Eta, fokua non jartzen dugun, era batekoa edo bestekoa izango da ikusiko dugun panorama. Nahikoa izan daiteke norbaitek krisi hitza aipatzea denak horren inguruan dantzan hasteko; hurrena, berriz, instituziotik egundoko balantze baikorrak iritsi eta inor ez da gauza, diru-laguntzen eskari betikotik harago, ikuspegi alternatibo bat proposatzeko.
Je t'aime, moi non plus
Markeliñe antzerki-talde zornotzarra bere azken obra jokatzen aritu da joan den asteburuan Donostiako Antzoki Zaharrean, 4 de corazones, taldearen ohiko hizkuntza dramatikoa erabiliz eta gai betidaniko bezain nonahikoa hautatuz: maitasuna, gizon-emakumeen arteko harremanak.
Markeliñeren berezitasuna, inoiz ikusi ez dituenarentzat, hitzik gabeko antzerkia egitea da, edo oso hitz gutxikoa. Keinuetan eta gorputzaren adierazkortasunean oinarritzen dute beren jarduera, eta munduan barrena ibiltzea lortu dute, urteetan erakutsi duten kalitateari eta lan-modu horren unibertsaltasunari esker.
Kasu honetan, gainera, hizkuntza bezain unibertsala dute sujeta: amodioa. Lau lagun dira oholtza gainean: bi emakumezko (Soledad Carril eta Ana Martínez) eta bi gizonezko (Juanjo Otero eta Pako Revueltas), eta haien artean mila korapilo lotzen eta askatzen dira. Antzerkiak ez du berez istorio bat, hari bat, gehiago da gai nagusiaren inguruan hainbat motibo eta bariazio erakustea eta horiekin jolastea.
Zerbait azpimarratzekotan, taldekoek aukeratu duten eszenografia guztiz soila aipatuko nuke: parke bat irudikatzeko, farola (gero ilargia), eserlekua eta paperontzia; hor egingo dute topo eta estropezu maitale sufrituek, bihotz bakartiek, hor sortuko dira sedukzio istorioak, jelosiazkoak, bakardadezkoak Horretarako, gorputz espresioan oinarrituriko hainbat teknika erabiltzen dituzte aktoreek: mimoa, zinema mutua, clowna, txotxongiloa Agertoki hutsean gorputzen lagungarri, elementu bakan batzuk: globoak eta loreak batik bat, lokarri eta tutuak noizbehinka. Tonua umorezkoa da gehienbat, baina ez algara bilatzekoa, irri xumea baizik, eta lirismora jotzen du aldika. Estilo sinbolista indartzera dator koloreen hautaketa ere, zuria, gorria eta beltza baitira jantzietan nahiz atrezzoan erabiltzen diren bakarrak.
Antzezpenaren alderdi makurra da ez duela lortzen ikuslearengan emozio handirik sortzea, eta haririk ezean arreta ere jaitsi egiten dela. Ordubetekoa da obra, eta aspertzeko beta handirik ez beraz, baina hala ere errepikaren sentipena izan nuen nik behin baino gehiagotan, ikuskizunak gainerakoen beste aitzakiarik ez zeukan arren.
Larrua ala ospea, artea ala fama
("Nabarra" aldizkarian argitaratu berria)
Badut nik lankide bat palidromoak eta dilemak maite dituena. Palindromoak dira ezker-eskuin eta eskuin-ezker berdin irakurtzen direnak; dela hitz bakarra: Ana, Unanu; dela hitz-sorta: Inoreneroni, Nik enara neraman amaren aranekin; dela testu luzeagoa: berriki bidali didate George Perec frantsesak asmaturiko ipuin bat, 1.329 hitzeko palindromoa; horra hasiera eta amaiera: *Trace l'inégal palindrome () ne mord ni la plage ni l'écart*.
Dilemetan, gogoan dut Milan Kundera idazle txekiarrak bere liburu batean ("Hilezkortasuna" delakoan, oker ez banago) planteatzen zuena. Hedonismoaz ari zen: zenbat inporta zaigun plazera, zenbat itxura, eta zeri ematen diogun garrantzi handiena. Nobelaren hasieran pertsonaia bat aurkezten digu egileak, egiazko hedonista omen dena, eta hori frogatzeko dilema hau aurkezten du:
Har dezagun gizonezko bat (idazleak ez du esaten, baina heterosexuala eta ezkongabea izatea komeni da; emakumeentzako ere balio duela erants dezakegu), eta eman diezaiogun gizon horri bi aukera, bien artean bat hautatzeko: 1) munduko emakume ederren eta desiratuenarekin oheratuko zara gau batez, baina inork ez du jakingo eta inoiz ezingo duzu hitzik ere esan horretaz; 2) egiazki ez da ezer gertatuko baina jende guztiak usteko du munduko emakume ederren eta desiratuenarekin oheratu zarela. Kunderak dioenez, nahiz eta printzipioz denek kontrakoa defendatu (hobe dela egiazko plazera jendearen uste-muste eta esamesak baino), zintzo erantzunez gero, edozein gizonek bigarren aukera hartuko luke, askoz ere luzeagoa eta betegarriagoa egingo baitzaio famaren atsegina, dama haren larruaren dastatze laburra baino. Bere nobelako pertsonaia salbu, egiazko hedonista baitzen hura.
Segi dezagun jolasarekin. Har dezagun orain artista bat (musikari nahiz margolari, aktore zein idazle), eta galde diezaiogun zer duen nahiago: obra biribila sortzea ala jendearen onespena jasotzea. Gehienek obraren hautua egingo lukete, segur aski. Igurtzi dezagun ordea Aladinoren lanpara, datorrela barruko azti edo mamua, eta aurkez diezaiola artistari dilema hau: 1) aurrerantzean talentu handiagoa izango duzu eta lan ederragoak asmatuko, baina zu bakarrik jabetuko zara hobekuntza horretaz, kritika eta estimazioa orain bezalakoxeak izango baitituzu; edo 2) orain arte bezalako lanak egingo dituzu, ez hobeak ez txarragoak, baina zure fama handiagoa izango da eta zabalagoa oihartzuna.
Egiazko sedukzioa baino seduktore ospea nahiago zuen gizonezkoaren antzera, artista ia-ia guztiek bigarren aukeraren alde egingo lukete, eta ulertzekoak dira arrazoiak ere: egolatria-puntu bat izaten du beti sortzaileak, bere obrak geroan irautea nahiko luke, talentu handiaren eta eragin ezdeusaren arteko kontrasteak zoramenaren atarira eraman lezake
Hala ere, ni Kunderaren pertsonaiaren alde. Esan nahi baita, edertasunaren bila lehiatzen den artista interesatzen zaidala; etxeko bakardadean ondo biribildutako paragrafoarekin, harmonia harrigarri batekin, ezusteko argazki-enfokearekin liluratzen dena, eta bere lana gero eta hobeto egin nahi duena. Hortik aurrerakoa banitatea da: oso ezaugarri humanoa, baina artearekin harreman parasitarioa daukana.
Gidatzen ez dutenak
Prentsan azaldu da egunotan zenbateko kontsumo-maila daukagun euskal herritarrek, eta, munduko biztanle guztiek berdin jokatuz gero, gure planeta halako bi eta erdi behar genukeela bizitzeko.
Garraiok jaten du gure energia-gastuaren zati handi bat, ezaguna den moduan. Baina ez dirudi aldatzeko bidean goazenik. Egunero garraio publikoan dabilen batek esaten zidan gizarteko talde ez-produktiboen ibilgailu bihurtzen ari direla, gero eta nabarmenago, trena eta autobusa: ikasleak, pentsiodunak, etxekoandreak eta era guztietako marjinatuak: etorkinak, xelebreak, ezinduak, frikiak... Salbuespenak salbuespen, lanpostu bat daukanak bere kotxea dauka, eta autoz mugitzen da batetik bestera.
Aurrekoarekin lotu behar nukeen ez dakit baina, datu bitxi eta izugarri bat eman zidaten aurrekoan. Etxean tratu txarrak eta jipoiak jasotzen dituzten emakumeei laguntzen dien talde batean azterketa egin eta konturatu dira, emakume horiek guztiek edo ez dutela gida baimenik, edo, baldin badute, ez dutela erabiltzen eta ahaztua dutela gidatzea. Alegia, bere bizitza besteren esku uzteko joera dutela arlo guztietan, eta menpekotasun beldurgarriak sortzen dituela horrek batzuetan.
Hala ere, ez nuke aurrekoa automobilaren apologia bihurtzerik nahi; makina bat emakume ezagutzen ditut, autorik sekula erabili ez baina bere bizitza guztiz seguru gidatzen dutenak. Istorio hori kontatu zidana, esaterako.