Hemen zaude: Hasiera Blogak Etiam diseinua

Etiam

diseinua

Mila gau

Erdi lo
Gau ederraren babesean nago;
Erdi ero
Gau giroaren magalean.
Mila gau eta beste bat gehiago
gorrotoak uxatuta,
Beste hainbeste eta mila gehiago
Beldur denak ahaztuta.
Berrogei lapurrak
Ezagutu eta
Antola dezagun
Ekintza.
Patu txarraren giltzak
Ohostuta eraman,
Gordelekuan sartu
Lurpean.
Erdi lo...
Mila gau eta...
Hobe ez ibiltzea
atabalaren martxan,
Ikararen auzoan
Ez bizi.
Ez itxi ateak.
Hobe lehioa ireki
Gau giroan sartu
Lasaiturik.

(Ruper Ordorika (Mila Gau). Zati bat ipintzea pentsatu dot baina aurrera jun ahala pena eman dit mozteak eta hortxe danori.)

Gauak badaki sorpresa ederrak ematen. Bart berandu harrapatu ninduen telebista aurrian eta Eitbkultura ikusteko aukera izan naban. Ze errealizazio polita daukan programa horrek!

Bi oparikin jun nitzan ohera. Benjamin Biolay eta Iker Ayestaran. Bata musiko frantziarra eta bestea ilustratzaile donostiarra.

Um! Zelan gustatzen jata emakume horien borobiltasuna, emakume borobilak batere modan ez gauden garaiotan.

Hala ere, eta hor goian pegatu dudan Ruperren abesti horri tiratuz, domekan Ruper ikustera jun nitzan Azkoitiko Mataderora. Dotore atera zan egun berezietarako omen txaketa jantzita eta Javi Ullak oso egoki atondutako argien babesean. Angel Catarainek soinua perfektua itzuli zigun eta Rupertorioa desberdina izan zan. Mimo bereziarekin prestatu zaban Ruperrek kontzertu hau. Azkoitiar bertso-saltzaile batek egindako bertsoak batzuk kantatu zizkigun a capela. Oraingoan ere, zoragarri egon zan. Anari eta bien arteko kantutxo bat baino ez neban faltan bota baina Anarik berak esanda, bera Oñatira dixen hurrenguan egingo debela, ondo prestatu barik ezin dala. Biak ere prefekzionista hutsak dira eta norberan herria ez da inprobisazioetarako tablau aproposena. Ni zain.

Baina gehien-gehien sarrera gustatu jatan. Eskuz egindako gauzen xarma berezi hori zakan. Zenbakia banaka numeratutakoa. Gero eta gutxiago ikusten diren horietakoa. Dagoeneko nere mesillako kajoiaren kaosean toki pribilejiatua aurkitu dabana.

Ehun eta berrogeitamar sarrera saldu zituzten eta neria, kasualidadia!, 100. izan zan. Sarrera polita, zenbaki polita. Mila gau, eta beste bat gehiago, gaur goiz jutia tokatzen da.

etiam 2007/11/07

Maltzagako sorpresak

Egunian lau aldiz pasatzen naiz Maltzagako rotondatik. 720ºko giroa ematen diot egunero iaz, Asier Sarasua eta biok, Koldo Zuazoren Deba Ibarreño Euskara liburuaren portada hau egiteko erabili genduan eskultura horri.

Baina harira, atzo lanera nentorrela azkoitiko lagun bat topatu naban rotondan bertan. Justu portadako argazkia ateratzeko ipini behar zaren lekuan kontzertuetarako kartelak pegatzen dira eta bertan zegoen Pato. Bi kartel zeuzkan eta bana eman zizkidan.

Batek, datorren azaroaren 4an Ruperrek Azkoitiko mataderixan joko dabala iragartzen zaban. Kartel horri seguruenik etxean egingo diot toki bat baina bestia hemen pegatukot.

Triku Festie 2007 Azpeitin.

Ostiralean, urriak 19
19:30 Jaiaren aurkezpena. Perez Arregi plazan. RE_Mapa: Izarraitz Azpeitiko zenbait kokapenetan jasotako soinuen manipulazioa jasotzen du ikusentzuteko proiektua Ondoren: Fernalia (Azpeitia)

Urriak 25, osteguna
Gora Japon eta Bizarrak

Urriaren 26, ostirala
Audience eta PT-Bizarro

Urriak27, zapatua
T taldea, Lisabo eta Dj Ulea

Urriak28, Igandea
Tender Forever talde ipar amerikarra eta Elorrioko Logela Multimedia

Emanaldi guztiak doainik dira Azpeitiko plazan montatuko duten karpan. Lisabo iaz ikusi nituan estreinakoz Durangoko Plateruenanian eta guztiz arrituta utzi ninduten. Ezin daitezke beste inokin konparatu, hain dira desberdinak! Audiencen disko bat dakat baina hau ere oso gutxi entzun dot. Musika nahiko zaila egiten dute. Baina Jatsu nere lankide eruditoak esan dianez, zuzenekoan mordua irabazten debe. Logelak aurkeztu dezaken edozer da interesgarria eta beste taldeak ez ditut ezagutzen. Hala ere, ni behintzat, ia seguru azalduko naiz karpara egunen batean.

etiam 2007/10/18

Zine musikatua Elgetako Espaloian

Baneukan borboien argazki hori portadatik kentzeko gogoa baina aspaldian oso lanpetuta nabil eta ez dot ezertarako astirik hartzen. Idatzi barik geratu jata Magia ikuskizun bat ikustera jun eta magoak estenatokira atera ninduanian pasatu neban lotsa, idazten hasi eta gorri gorria jartzen naiz oraindik. Eta idatzi barik geratu jata baita zenbat gustatzen zaidan Oteiza eta zenbat gustatu zitzaidan "Otehitzari biraka".

Baina, berandu da hauekin bueltaka hasteko eta guazen datozenetara. Nik sekula ikusi ez dudan ikuskizun bat dago ostiral honetan Espaloian: Zine musikatua . Zinea, mutua zanian bezala, "Buster Keaton"en "El General" pelikula, zuzenenan pianoz lagunduta ikusentzuteko aukera izango da. Pianoan Medin Peiron eseriko da eta pelikularenak diren partituretaz aparte, berak konposatutako beste batzuk joko ditu.

Duela hilabete batzuk ezagutu neban Medin (zelako izan xelebrea, ezta?) Maialenen bitartez eta ez dut bere lana ezagutzen baina irrikitzen nago ostirala iristeko. Gainera Espaloikoek kriston "piano de cola" dotorea ekarriko dutela entzun dut.

------------------------------------
Buster Keaton-en "The General" , filma eta pianoa zuzenean Medin Peiron-en eskutik.
Noiz: urtarrilak 27, ostirala gaueko 22:30tan
Tokia: Elgetako Espaloia Kafe Antzokia
--------------------------------------------

Medin Peiron eta bere lanari buruz informazio gehiago pdf honetan.

etiam 2006/01/25

Zenbat parre egin dudan...

Ez dakit dakizuen Borboitarrek trukatutako argazki bat bidali debela medioetara Gabonak zoriontzeko. Hau da, photoshopekin sartu dituzte ume guztiak argazki horretan.

Hortik abiatuta jendeak kriston arte-lanak egin ditu. Hemen parre batzuk egiteko aukera.

Nik ere nere txapuzatxoa egin nahi izan dot CodeSyntaxeko kideekin. Zenbat parre egin dudan! Ez dakit Enekok hau barkatuko dian baina eske ez nakixan nun sartu!!

cODEsYNTAX

etiam 2006/01/04

Maialen Araolazaren tarjeta

Tarjeta bat diseinatzeko eskatu zidan eta bertikal bat diseinatu diot. Badakit standarra tarjeta horizontala dela baina bertikala aukeratu dugu.

Bi proposamen egin nizkion bata horizontala eta bestea bertikala eta bi aukerak erakutsi nizkionean "hau!" esan zidan segiduan segiduan "maja, gainera mordo bat identifikatzen naiz tarjetiakin!". Ez al da arrazoi nahikoa bertikalaren alde egiteko?

Egia esan horrelakoa da Maialen, luzea eta indartsua eta kolore urdina bezain gardena eta gainera fisioterapeuta oso oso ona. Bartzelonan egin ditu ikasketak eta musikarien terapian espezializatu da. Inoiz horrelako baten beharra euki ezkero ez ahaztu hona bueltatu eta telefonoa begiratzea.

etiam 2005/07/12

Diseinua ez da artea

New York-en atera naban argazki hau. Erakusketa amaituta zegoen eta ezin izan naban ikusi baina izenburuak atentzioa deitu zidan eta argazkia atera nion.

Diseinu ez da artea

Artea eta diseinuaren arteko desberditasun handiena erabilgarritasuna da. Artea ez dago zertan erabilgarria izan behar. Artea: originala eta berritzailea izan ohi da. Hartzailearekiko sorpresa sortzea da bere helburua. Eta inkognita edo misterio bat da arte lan horrek nola eragiten dion hartzaileari.

Diseinatzaileak, ordea, ez dugu zertan artistak izan beharrik, batzuk badiren arren. Eta gureak ez dira arte lanak.

Diseinuak erabilterrezak ez badira, diseinu txarrak dira. Bai webean, bai paperan eta bai edozein elementu diseinatzerakoan: kotxe bat, eraikuntza bat, kajero automatiko bat edo aspiradore bat.

Baina horrek ez du esan nahi estetika alde batera utzi behar denik. Erabilgarritasuna eta estetika ez daude zertan elkarren borrokan egon behar. Eta arte lanak egitetik urrun, diseinatzailearen lana diseinu erabilgarriak eta era berean erakargarriak eta estetikoki politak egitea da.

Zertara dotor rollo hau?

Ez jata batere gustatzen aurtengo San Ferminetako kartel irabazlea. Originala da. Eta erabilgarria ere izan leike, funtzesko datuak argi ikusten bait dira. Baina neri behintzat ez jata batere gustatzen. Zatarra da estetikoki.

etiam 2005/05/09

Bihotz gosetien klubeko fans

Pozik nago. Harro nago. CodeSyntaxen lanean hasi nintzanetik papererako lan gutxi egiten dot baina lagun batek eskatuta liburu baten azala diseinatu dut eta pozik geratu naiz emaitzarekin. Bai horixe!

Bihotz gosetien kluba. Xabierrek izenburua esan bezain pronto etorri jatan ideia burura: elkarri muxu ematen dioten bi bihotz.

Hona hemen Xabier Mendigurenen liburuari egin dioten ilustrazioa eta beste link honetan honen mesede baztertu genduan beste bertsio bat.

Luze idatzi ahal izango naban Xabierren birtuteetaz baina ez dut holakorik egingo. Laguna dot eta erderaz esaten dan bezala "se me vería el plumero". Abenduan etxian ospatu genduan party literarioan egon zan Xabier eta hemen azpian ordurako ekarri zaban testua pegatu dot.

Jakinmina daukat hain goxo idazten daban tipo batek zer esan diezagukeen bihotzetaz, eta maitasunaz, eta goseaz, eta... Eta hori gutxi balitz, Bruce Springsteen-en "Everybody's a hungry heart" abestia aipatu dau lehengo orrialdian.

Umh! Liburu honek itxura oso oso ona dauka. Nik oraindik ez dot irakurri, baina dagoeneko leku pribilegiatua dauka nere ohe onduan eta dudarik ez daukat ni ere laster naizela "Bihotz gosetien klubeko" fans.

Abestia:
Samuel Barberren "Adagio para cuerdas".

Testua:

Lagun ezezagunen aurrean poema bat errezitatzen
Ekintza artifizial bat da berez
Boza loditu egiten dugu, keinua seriotu, gorpuzkera tentetu
Baina azpian gurari natural bat dago
     Ezezagun horiek ezagun bihurtzea
     Lagun hitzak beste adiera bat hartzea

Lagun ezezagunen aurrean poema bat errezitatzen
Abstraktuak dira hitzak ere
Irrealak kasik Barber-en adagioaren gainean
Baina nik berotasun bat eman nahi nieke
     Entzule bakoitzaren belarrira zuzen joatea
     Barreneraino iristea

Lagun ezezagunen aurrean poema bat errezitatzen
Anaitasun unibertsal baten irudia izan liteke
Atomoen fusioa, partikulen bategitea
Baina nik ez dut besarkada kosmiko batean urtu nahi
     Entzule bat bilatzen du nire ahotsak
     Esku bat nire bihotzak

Lagun ezezagunen aurrean poema bat errezitatzen
Oraintxe amaituko dut poema
Eta utziko diot errezitatzeari
Baina berriro esertzen naizenean
     Ez dakit ezezagunak ezagunxeago izango diren
     Lagun hitzak, norbaitentzat, bere esanahi betea hartuko duen.

X.M.E.
Beasain, 2004-12-11

etiam 2005/05/05

Header berria dauka Etiamek

Oporretan ariketa bat jarri nion nere buruari. Aspalditik neukan headerra aldatzeko gogoa eta apropos ibili nintzen “Etiam” osatzen duten hizkiei argazkiak ateratzen. Hona hemen zer dan bakoitza:

E: Gugemmheim. Museoaren fatxadari aterata.

T: Lehen dorre bikiak zeuden "Zona 0" deritzon tokian dagoen gurutzea.

I: Times Square-eko informazio bulegoa.

A: MOMAko fatxadan dagoen rotuloari atera nion baina rotatu egin dut han bertikalean idatzita bait dago.

M: Metroa adierazten duen txirinboloa.

Gero letra guztiak photosophen sartu, zenbait filtro aplikatu eta horra hor emaitza.

etiam 2005/04/04

Zer egin nahi dut New York-en

Ideala bertan bizi den eta limousina bat daukan lagun bat eukitzea litzateke, baina horrelakorik ezean turistentzako autobus gorri horietako batera igoko gera gure lehen kontakturako. Gero, metroan.

Isadora Duncan izeneko dantza eskola bat ere omen dago New York-en bertan. Berari buruzko liburu eta bideoak saltzen omen dituzte bertan. Eta eskolako dantzariek ikuskizunak ematen omen dituzte. Aspaldi irakurri nuen bere biografia eta izugarri gustatu zitdzaidan. Harrezkero triste xamar nagoenean berriz irakurtzen dut eta txute bat bezala izaten da neretzako. Isadora bera dantzan agertzen den bideo bat erosi nahi nuke eta aukera balego gustura ikusiko nuke baita eskola horretako dantza ikuskizun bat. Eskola horretara hurbiltzeko ahalegina egingo dut.

Musikal bat ikustea nahi nuke. Eta gospela entzun eta, nola ez, rock kontzerturen bat ikusi beharko dugu antroren batean.

Aberri egunean bertan egongo geranez, igual euskal etxean bertan bazkaldu dezakegu bertako euskaldunekin batera.

Kaleko postu batean Hot-dog bat jateko desiatzen nago. Bestalde, lagun batek Times Square-eko Marriot hoteleko 48.solairuan, "The View", birak ematen dituen jatetxean afaltzea gomendatu dit. Garestia omen da baina behin jungo naiz New York-era. Bestela kapotik ikusi eta txino batera jungo gera.

Museo larregi ikustea aspergarria da baina Momara sartu nahi nuke. Gainera Moma-ra jun ezkero igual eukiko dot Stark-en nere erlojua erosteko aukera. Guggemheim ere ikusiko dugu, kanpotik bada ere.

Erosketak? Nik uste dena oso garesti aurkituko dugula baina egun bat behintzat dedikatuko diogu eskaparateak begiratzeari eta maiatzean Bea ezkontzen da. Imaginatzen al duzue ze pozik jungo nintzatekeen ni ezkontza horretara New York-etik ekarritako soineko batekin?

Eta pasiarak Central Park-en eta eskaparateak 5. avenidan eta elizetara sartu eta metroan galdu eta ibili eta ikusi eta begiratu eta usaindu eta sentitu eta... eta... eta...

Zu egona bazera eta zerbait gomendatu nahi badiguzu gustora entzungo zaitugu Iratxe, Bixen eta hirurok. Aurkeratuta ere ezingo nuke bidai honetarako lagun aproposagorik topatu. Ummm!

etiam 2005/03/17

Nolakoa izan behar da logotipo bat?

Kafe orduko komentario bat dakarkit oraingoan. Eibarko Udalak bere logoa aldatu du. Betiko eskudoa logotipo modernoago batengatik aldatu du.

Logotipo zaharra

Logotipo berria

Batetik, ni ez naiz hainbeste denboran funtzionatu duten markak, kasu honetan goiko selloa, holan besterik gabe aldatzearen aldekoa.

Eta bestetik, nola diseinatu leike Udaletxe batentzako logoa bat "X" gorri batekin?

Eibarko koloreak urdina eta gorria direla eta "X" hori Eibarko San Andresen gurutze famatua dela esanez defenditu dute nere lankide eibartarrek. Hori Eibarko historia dakienarentzat izango da, zeren nik "X" gorri bat baino ez dut ikusten. Eta hori ikusita, "gaizki", "borratu","kendu", "ez"... eta ez dakit zenbat termino negatibo datozkit burura.

Kontsumitzaileak marka edo logotipo ezagunetara jotzen du beti. Prezio berean errrezago erosten dugu beti marka ezaguna. Kontsumitzailea logo edo marka horiekin identifikatzen da nolabait esateko. Logo batek derrigorrez izan behar du izaera integratzaile bat. Eta "X" gorri batek nekez lortu dezake horrelakorik, nere ustez.

Logo on batek nolakoa izan behar du? galdetu dit Josuk, nere kritika saioa bukatu ostean. Nere ustez:

  • Ez da oso konplikatua izan behar. Erraz gogoratzeko modukoa.
  • Nik ez nituzke bi edo hiru kolore baino gehiago erabiliko. Inprentan asko garestitzen da koloretako inpresioa eta aparte kolore askodunak zailagoak dira buruan erretenitzen.
  • Edozein mediotan ondo funtzionatu behar du: paperean, pantallan, ... Fotokopia batean ez du identitaterik galdu behar.
  • Nolabait atzean dagoen enpresaren izaera eta helburuak isladatu behar ditu. Tipografia eta markarekin jokatuz atzean dagoen enpresa, elkarte edo produktuaren izaera isladatu behar luke.
  • Logoa ezin da modernoegia izan, zeren modak aldatu egiten dira.

Baina, egia da, ez da batere erreza logo on bat egitea.

etiam 2005/01/13

Diseinua, musika eta beste kontu batzuk

Azken erantzunak
Tuppersex Euskal Herrian Ainhoa, 2008/08/08
Krisen telefonoa Naroa, 2008/05/27
ospitaleko baten erotika Patxi, 2008/02/06
Toñito Lolo jr., 2008/02/02
zain zaitzatela Elena, 2008/02/01
Azken sarrerak
2008ari begira 2008/01/31
Maika Makovski 2008/01/11
TupperSex 2008/01/09
Sigur Rós 2007/12/13
Mila gau 2007/11/07
Etiketa lainoa
Party literarioa artea beste kontu batzuk diseinua erabilgarritasuna hor nonbait hartua musika