Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Printze baten liburutegia

Luistxo Fernandez 2004/05/25 16:56

Txaskarrilluekin segitzeko, hona Felipe eta Letizia printze-printzesen etxetxo berriko liburutegia

Kontatu, kontatu liburuak, ja ja ja...

Eskerrak gastronomia kultura den, eta Arzakengana etorri diren euskal kulturaz bustitzera.

Faisan lumak eta miseriak

moblog 2004/05/25 06:44

Rouco berriro protagonista. M-11ko hileta ofizialean esandakoak: "Nacionalismo exacerbado" delakoa salatu zuen Roucok orduan. Exarcebado hori sumindu bihurtuz euskaraz, Erlijio suminduak kritikatzea ahaztu zitzaiola aipatu zuen Amatiñok Deiako artikulu batean eta Eibartarrak zerrendan. Oraingoan, "lujo exarcebado" edo "pribilegios exacerbados" edo antzekorik ez zuen aipatu Roucok (ez dakit adiera hauetan sumindu kalifaktiboak balio duen). Eta horiek ere izango dute, munduko terrorismoetan zerikusiren bat. Harrokeria koloniala eta aristokratikoa, eta zapalduen miseria: alderaketa hori agerikoegia da. Eta hain urrutira joan gabe ere, sozialista berri hauek, benetan, irudi tristea ematen... Zapateroren oso gertuko bat bada, Trinidad Jimenez, alkatetzarako porrot egin zuen Gallardonen pare. Joan den astean ikusi nuen saltoka Gallardon besarkatzen Olinpiaden hautagaitzan oraingoz aurrera doalako Madril. Eta gero, ezkontzan ere ikusi nuen (begira egon nintzen TB-n, bai), buruan faisan lumak edo nik zer dakit zeramala... Bitartean, Eibarren zinegotzi sozialistak bizkarzainekin dabiltza ezinbestean. Batzuen faisan lumak eta hemengoen egoera, hori ere alderaketa latza, patetikoa, egiten zait, eta honetan Roucok ez dut uste zerikusi askorik daukanik. Beste norbaitek hartu beharko luke erantzukizuna. Baina Espainiak ondo funtzionatzeko, España va bien esateko, telebistatik "ondo emateko", ez da behar hemengoa konpontzerik. PP-k bazekien hori, eta PSOEk ere badaki, tamalez.

Eibartarrak zerrendaren eboluzioa Yahoo atzean utzirik

Luistxo Fernandez 2004/05/18 11:54

Interneteko euskal zerrenda beteranoetako batek, helbidez aldatu dugu. Eibartarrak zerrendak Yahoo Groups utzi du, eta software libre eta euskaldunera igaro da, Postaria.com zerbitzura. Era berean, Gmane eta Google Groups 2 zerbitzuen aukera osagarri batzuz baliatzen da zerrendaren antolakuntza berria. Duela sei urte pasa, 1998ko apirilean, sortu zen Eibartarrak zerrenda. Orduan, Makelist zeritzon sistema doako batean jaio zen euskarazko zerrenda hau. Ondoren, zerbitzu hura eGroups bihurtu zen, eta gero, Yahook eGroups erosi zuenean, Yahoo Groups bilakatu zen zerrendaren kudeaketako oinarria.

Kudeaketa hori, eta harpidedunek jasotzen zituzten mezuak, erdaraz izan dira orain arte (ingelesez edo gaztelaniaz), eta publizitatez hornituak zeuden. Orain, Postaria.com zerbitzuan, mezuak eta argibideak euskaraz dira osoki, eta ez dago publizitaterik. Postariak software euskalduna eta librea du oinarri: Mailman zerrenda-kudeaketarako sistema.

Yahoo Groups-en 8000 mezu baino gehiago trukatu ziren Eibarnauten artean. Sistema berrian ere, bizi-bizi jarraitzen du mezu trukeak. Ez bakarrik Eibarko jendea, inguruko internautek ere hartzen dute parte zerrendan. 90 bat harpidedun dira gaur egunean. Jarduna euskaraz da zerrenda honetan, eta ez da partaidetza anonimorik onartzen.

Zerrendaren oinarri aldaketarekin, artxibo berriak ere estreinatu ditu Eibartarrak-ek. Danimarkan antolatu duten Gmane zerbitzu interesgarria baliatu dugu horretarako:

Horrez gain Google Groups 2 Beta zerbitzu berriaren aukera osagarri batzuk baliatuz, Eibartarrak zerrendak orain XML feed bi ditu (Atom formatuan, RSS edo XML feed-en edo albiste-jarioen irakurgailu batekin jasotzeko berritasunen berri):

Zerrendan parte hartu nahi baduzu, hemendik duzu sarbidea.

Eibartarrak zerrendaren ardura Eibar.org Eibarko Internet eta Teknologia Berrien Erabiltzaileen Elkarteak dauka. Eibar.org webguneak ere merezi du berrikuntza bat honezkero, zerrendak izan duen bezala. Hori ere laster iritsiko dela espero dugu.

Fernando Pessoa eta Interneteko txakurra: troll bat sartu da Sustatun

moblog 2004/05/17 09:14

Troll bat sartu da Sustatura, Iban Zaldua eta Xabier Mendigurenen artean adostu/idatzitako liburu promozio baten harira, jendea molestatzera. Fernando Pessoa ezizena erabili du. Nik erantzun egin nion, honela:

Ba idatzi zuk gustuko dituzun liburuen berri, eta "Zeuk idatzi" aukeran klikatu.

Interneteko txakurrarena badakizu, ezta? fernando pessoa ezizenarekin sinatzen zuen txakur bat bazegoen, eta bere lagun txakur bati esan zion behin etxean:

  • Interneten inork ez daki txakurra naizela eta Pintto dela nire benetako izena.

Eta beste txakurrak erantzun zion:

  • Baina denek dakite tontoa zarela.

***************************

Interneteko txakurrarena ez da nik asmatua, noski. The New Yorker aldizkarian azaldu zen Interneteko prehistorian, 1993an. Mezu honekin pegatu dut irudia.

Pessoa delakoak bere kexuetan esaten den guztia kaka besterik ez da: totxoak idazten direla, Interneteko copypastearen kalitatea, anonimotasunaren inguruko filosofaldiak, errespetuaren arauena. Dena gezurra, dena kaka. Zera da asunto honen egia, benetako koxka: troll bat da hori. Troll bat da Interneteko foro edo halakoren batean "joditzeko" helburuarekin sartzen den bat. Batzuetan, sartzeko unean forma konstruktiboak erakusten ditu, baina bere asmoa suntsitzea da. Kasu honean troll-aren helburua da:

  • Sustatu bera eta han jendeak egiten dituen aportazioak zapuztea
  • edo, beharbada, Elkarren liburu promozioa eragoztea Sustatun

Baina helbururako jomuga taktikoa ez da Sustatu. Jomuga dira Iban Zaldua edo Xabier Mendiguren. Taktika da lagun horiek akojonatzea, horiek beldurtzea ez daitezen ausartu erreseina edo totxo gehiago bidaltzen. Hau ere oso teknologikoa da, oso Internetekoa: FUD taktika esaten zaio. FUD = Fear, Uncertainty, and Doubt.

Fear: Zaldua edo Mendiguren kikildu.

Uncertainty: argudio guztiak (totxoak, copypastearen kalitatea eta filosofia...) despisterako gezurrak besterik ez dira.

Doubt: anonimoarekin berriketan, nor ote? ezagutzen ote dut?

Errespetuarena, jakina, pertsonei aplikatzen ahal zaie. Fernando Pessoa ez da pertsona bat, ex-pertsona bat da, Monty Pythonen loroa baino hilago dago. Pintto txakurra da. Eta troll bat troll bat da.

Leikedogu eta Aldási

moblog 2004/05/16 06:57

Eibartarrak zerrendan jarraitu dugu euskeranto berriaren aditz-formekin jolasean. Leikedogu, leikedot... Elena Laka abokatua Bergaran bizi da eta diosku: "Leikedot" umeen artekoa da (nik Taliban lanak egiten dittut neuriarekin ikastolatik bueltan batzuetan horrelako batek ihes egiten detsanean). Eta nik Elenari: Ai, Elena, nere umiak leikedot esango baleu poztasun apur bat emongo zestan bihotzian... Donostian beste zeozer pasatzen jakue potentzialei. Lenguan esan netsan. - Bueno, amaittu dira marrazki bizidunak, afaltzera orain. - Ez aita! Aldási! - Zer? - Aldási aita, aldási berriro sintxan. Osease: Ahal da hasi. Ahal da hasi berriro Shin-chan. Gitxienez eibartarra balitz aditz trinko bat erabiliko leuke. Baina hemen Donostian, Ikastolako ume guztiak Al-kaedakuak dira. Aldá etorri, aldá egin hori... Eta andereñuak, bardin.

Euskeria hobeto zaindu leikedogu

Luistxo Fernandez 2004/05/14 10:34

Eibartarrak zerrendan izan da. Nik beste eibarnauta bati, Elizian erabili dabelako: "zaindu euskeria, Muqtada." Eta gero nik neuk: "alkatiak ezkondu ZESKUAN".

Amatiño eta Leire atento ibilli dira jokaldira. Eskerrik asko zuzenketiagaittik. Denon artian, euskeria hobeto zaindu leikedogu.

Posta-zerrendetan eboluzioa, XML feed edo jarioak eskaintzeko

Luistxo Fernandez 2004/05/14 10:33

Yahoo eta Google-ren arteko gerran beste fronte bat ireki da: posta-zerrenden kudeaketa sistemetan. Gudaldiko munizioan, mezuen XML feed edo jarioak darabiltzate orain bi aurkariek.

Oso baliabide indartsuarekin irten da kalera Google: Google Groups 2 Beta ( beta horrek esan nahi du probetan daudela oraindik). Ez bakarrik jendearentzako zerrenda eta bulletin publiko eta pribatuak (Yahook bezala), Usenet-eko artxibo osoa ere sistema berean integratzen da, hango newsgroup edo berri-talde guztiekin. Yahoo Groups sistemarentzako lehia zuzena

Gainera, gehikuntza ekarri dio Googlek sistemari. Zerrenda edo talde bakoitzaren informazioa XML-ezko feed edo informazio-jarioekin dator. Ez bat, gainera, baizik eta bi: mezuz mezukoa bata, eta bestea harien araberako ( haria esaten zaio eztabaidagune batean mezu nagusi bati eta haren harira sortzen den erantzun-kateari). Esate baterako:

Yahoo neurri batean ezustean harrapatu du honek. Onelist sistema sortu zuen Mark Fletcherrek hausnarketa interesgarria egin du gaur honetaz. Fletcherrek badaki apur bat horretaz, Onelist hura eGroups-ekin batu zelako gero, eta eGroups gero Yahoo Groups bilakatu zen. Eta zera dio: Yahook erosi zuenetik eGroups, apenas gehitu dion ezer, eta bai gauzak murriztu. Orain Bloglines gidatzen du Fletcherrek, eta ez zaio arrazoirik falta. Bilaketa funtzioa txarra eta traketsa du Yahook inon halakorik bada.

Hala ere, Yahoo Groups ere ari da mugitzen. Jakin dugunez, XML jario propioa ere badute orain bertako zerrendek, erdi ezkutuan bada ere. Hortaz, hor dago zerrenda euskaldun hauen XML feedak:

Euskarazko XML feed bilduma eguneratu dugu helbide honetan:

Telezaborra

moblog 2004/05/11 11:10

Telezaborra blog euskalduna iragarri da Sustatun. http://blogs.ya.com/telezaborra Mezu bat igorri diot haren sortzaileari: Ez dakit nor zaren, telezaborlari, baina zorionak. Uste dut interesa piztekoa modukoa dela zure blog-a. Telebista gustatu eta telebista ezagutzen duen norbaiten profila zenuela esango nuke, baina ez dakit. Edozein modutan, animo. Irakurle bat bederen badaukazu jada.

Gumball 3000 Euskal Herrian: kontrol barik

moblog 2004/05/11 10:07

Hauek ez ditu Guardia Zibilak gelditu, gure lagun Imanoltxu ez bezala.

Atzo telebistan luze... eta prentsan ere bai gaur: Gumbal 3000 rallya edo dena delakoa.

Katalunian atxilotu dituzte batzuk, makarra aberats batzuk Ferrari eta Porscheekin zihoaztelako 250 km/o abiaduran autopistatik. Jende ezaguna ere badabil idiotarena egiten, Adrien Brody oscarra duen aktorea adibidez (The Pianist)

Kontua da makarrada hau Internetetik antolatua eta iragarria dagoela, eta maiatzaren 4an eta 10aren bitartean, egin izan dela... ba, hara, joan den astean Euskal Herrritik igaro ziren. Autopistaz igaro zuten Euskal Herria... Non ote ziren Guardia Zibilaren kontrolak edo Ertzaintza?

Batzuk kontrol barik lasai asko ibiltzen dira.

Beren web flasherotik ( http://www.gumball3000.com/ ) mapa atera dut irudi gisa.

Euskal Herriko errebuelta hori nondik hartuko zuten ez dakit. Leitzarandik edo Etxegaratetik baino, Basauriraino joango zirela, ordaindutako autopistatik segitzeko Burgos aldera...

Coreblog diseinua: Movable Type-ren CSS orriekin guztiz konpatiblea

Luistxo Fernandez 2004/05/10 16:33

Blog-ak egitura bertsukoak izanda ere, diseinu personalizatuak egiteko aukerak daude. Eta Eibar.org blog-komunitate bat bihurtzen bada, bakoitzak bere estiloa ere eduki ahal izango du.

Ikusi hau

Aurreko mezu batean aipatutako Amatiñoren blog "faltsuaren" kopia eraldatu bat da. Hor ikusiko duzue dantzan menu desplegable bat (ez oso ondo kokatua, egia esan).

Handik estiloa aldatuz, ikusi ahal izango duzue itxura aldatzen dela guztiz. Sarean estiloa, adibidez, Sarean.com web-etik hartutakoa da.

Adibide honetarako, CSS estilo aldakorrera moldatzeko Jeff R. Hicks-ek sortutako Coreblog-erako CSS skin edo azala erabili dut. Era berean, Trond Lossius-en Lostblog gunetik azal-aldaketarako sistema kopiatu dut. Berak bere aldetik, beste norbaiti zor dio CSS estiloen kontua.

Movable Type-ko estiloekin guztiz konpatiblea da garapen hau.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004