Hemen zaude: Hasiera Blogak Ingelesen hilerria media

Ingelesen hilerria

media

NYTimes.com-eko batek Flash egiten erakutsi digu

"Ekoizpen multimedia eta Internet" izeneko jardunaldi batean izan naiz gaur Bilbon, Guggenheim museoko areto batean. EITBk antolatua zen eta Eitb24.com-etik gonbidatu gintuzten.

Hizlari nagusia The New York Times egunkariaren webguneko Multimedia atalaren arduraduna izan da, Geoff McGhee. Interesgarria izan da McGhee-k kontatu diguna. Flash teknologiaren erabilpen inteligente eta ondo pentsatuaren adibideak aurki daitezke beren webgunean. Hala ere, une batzuetan Macromedia produktuen salmenta saioa zirudien gehiago, kazetaritza produktu batena baino. Edonola ere, Flash aplikazioen diseinu, erabilgarritasun eta irismenaz pista interesgarriak eman ditu.

Horrez gain, zelako baliabideak dituzten... ze handiak diren. Horrek harritu gaitu. Sekulako makinaria da The New York Times, enpresa handi bat, eta Interneten ere indartsuak dira: hilean 20 milioi bisitari. Hala ere, bere Multimedia atal horrek webgunearen bisitetan milioi bat jasotzen omen ditu hilean. Hau da, trafiko horren %5. Eta berezko merituengatik aparte (metiruak, eduki baditu eta, McGheeren lanak) dagoen tokian dagoelako etorriko dira bisita horiek neurri handi batean. Orduan, ahalegin flashero multimediatiko horren ordaina benetan ote da errentagarri kontestu horretan? Horra zalantza. Eitb24.com-ek akaso hor ikusiko du etorkizuna, eta ikaragarri harro daude 90grados enpresak egiten dizkien flash aplikazio batzuekin (nik ez diet misterio handirik ikusten), baina NYTimes.com-eko %5aren alor horretan baino, beste kontu batzuetan behar du egon webgune horren arrakasta faktorea.

Gainera, McGheek erakutsi dizkigun adibide polit ugarietan, asko konplikatu samarrak iruditu zaizkit, eta aldiz, ederrenak, sinpleenak zirenak. Bereziki, argazki finkoak, soinu fitxategi batzuekin konbinatuz dituzten lantxoetan. Ondo diseinatutako txantiloi batzuk nahikoa dira hor oso produktu indartsua egiteko: argazkiak, soinu fitxategi bat, eta testu apur batzuk argazki-oin gisa.

Ikus adibide hauek:
El Mundo ere erabiltzen dituzte halako flashak, irudia eta soinuarekin, baina ez edukiz ez interfazez, ez dira hain dotoreak.

Horrez gain, mahainguru moduko bat ere egon da, kezka jada ezagun batzuekin: medioen konbergentzia, eta kazetari eta hedabide multimediatikoaren etorkizun ez beti garbiak. Idatziari Internetek eragiten dionaz gain (honetaz 10 urtean gaude gauzak entzuten), hemendik aurrera telebistak nozituko duela eragin hori esan digute.

Bestalde, ekitaldia bideo batekin hasi da. Duela pare bat urte nire lankide Eneko Astigarragak euskaratu zuen Epic 2014 bideoarekin. Bueno, Epic 2015 da eman digutena, hura baino berrixeagoa, baina hau ere atzeratua jada: Googlek ez du Google Grid sortu 2006an... eta aldiz, Youtube bezalako aktore baten esplosioa ez da iragartzen Epic fantasian.

Ebento honen beste kronika bat Josu Mendikute eibartarraren blogean aurkituko duzu. 19 urteko kazetaritza ikaslea da Josu, eta gaur arte, elektronikoki bakarrik ezagutzen nuen. Tipo majoa dirudi.

Luistxo Fernandez 2006/11/15

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz eta han euskaraz idazten dudana, Umap euskarazko batzailera filtratzen da. Blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses


Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa

Azken erantzunak
Ze ona aplikazioa! Ainhoa, 2012/02/08
Lurraldetasunaren koxka Luistxo, 2012/02/06
Estekak eta... Luistxo, 2012/02/06
Euskal Sexual Herria, nahiago Goio Arana, 2012/02/06
INDEPENDENTZIARAKO ESZENATOKIAK Karmelo Landa, 2012/02/06